94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

376/2008 FORU AGINDUA, uztailaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen Erregelamendua onesten duena.

1975eko ekainaren 26ko ministerio aginduaren bidez, EAOan 1975eko irailaren 5ean argitaratu zena, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta bere Kontseilu Arau-emailearen Erregelamendua onetsi ziren.

Mahastiei eta Ardoari buruzko 24/2003 Legeak, uztailaren 10ekoak, azken xedapenetako bigarreneko 2. atalean aipatzen diren zatietan oinarrizko aplikaziokoak, 25/1970 Legea indargabetu zuen. Lege horren bidez ardoen jatorrizko deituren Kontseilu Arau-emaileak erregulatzen ziren. Erregelamenduak xedapen berriei egokitzea ere exijitu zuen.

Estatuko oinarrizko legeriaren barruan, Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legeak "Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoak arautzen ditu. 2. atalean adierazten du deituraren kudeaketa Kontseilu Arau-emaileari aginduta dagoela. Kontseilu horretan ekoizleak eta merkaturatzaileak ordezkatuta egonen dira. Kontseiluak zuzenbide publikoko korporazio izaera izanen du. Jatorrizko deituraren kudeaketaren erantzukizuna izanen du. Nortasun juridiko propioa, autonomia ekonomikoa, gaitasun juridiko osoa eta bere funtzioak betetzeko gaitasuna ditu. Zuzenbide publikoaren pean dago, bere osaerari, antolaketari eta hautespen prozedurari dagokienean, eta funtzio edo ahalmen publikoak betetzea dakarten jarduketetan.

Azkenik, abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuan, Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legea garatu baitzuen, V. Tituluko II. kapitulua Nafarroa jatorrizko deitura duten ardoei buruzkoa da.

16/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluaren arabera, Kontseilu Arau-emailearen helburuak babestutako ardoen eta jatorrizko izendapenaren ordezkaritza, defentsa, bermea, merkatuen ikerketa eta garapena, eta sustapena dira. Hain zuzen ere, eman zaizkion helburuen berezitasunak exijitzen du bere helburuak betetze aldera jatorrizko deituraren eta gerora sortzen diren aldaeren erregelamendua proposatzeko funtzioa bete dezala, besteak beste, 56/2006 Foru Dekretuaren 23. artikuluko a) atalean jaso denez.

Era berean, 16/2005 Foru Legearen lehenengo xedapen iragankorrean adierazten denez, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileak bere erregelamendua lege foru horren aurreikuspenei moldatu behar die, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onesteko.

Hori dela bide, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorriz eta Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen bidez eman zaizkidan eskurantzak erabiliz, honakoa

AGINDU DUT:

"Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen arauak onestea.

"Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta bere Kontseilu Arau-emailearen Erregelamendua onetsiko da. Erregelamendua foru agindu honen eranskinean ageri da.

Azken xedapen bakarra.-Indar hartzea.

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko uztailaren 15ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

"Nafarroa" Jatorrizko Deituraren eta Bere Kontseilu Arau-Emailearen Erregelamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Babesaren legezko oinarria.

Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legean, Foru Lege hori garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuan, Mahastiei eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legean, eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren merkatuaren antolaketa bateratua ezarri zuen maiatzaren 17ko 1493/1999 Erregelamenduan xedatutakoaren bidez, "Nafarroa" jatorrizko deituraren pean babestuta geratuko dira tradizionalki izendapen geografiko hau eman zaien ardoak, baldin eta, erregelamendu honetan definitutako ezaugarriak badituzte, eta beren ekoizpenean, elaborazioan, ontzean, zahartzean eta merkaturatzean erregelamenduan eta indarreko legerian ezarritako betekizun guztiak betetzen badituzte.

2. artikulua. Babesaren hedapena.

Emandako babesa Mahastiei eta Ardoari uztailaren 10eko buruzko 24/2003 Legearen 18. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ageri dena da. Jatorrizko deituraren izenera, eta ekoizpen eta zahartze eremua osatzen duten udal mugapeen, udalerrien eta azpi-eremuen izenetara hedatuko da babesa.

3. artikulua. Organo eskudunak.

"Nafarroa" jatorrizko deituraren defentsa, erregelamendu honen aplikazioa eta babestutako ardoen sustapena ondoko erakunde hauen ardurapean geratuko dira: Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emailea eta Kontrol Organoa, Nafarroako Mahastilan eta Enologia Zentroa erakunde autonomoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, eta Europar Batasuna, zein bere eskumenen esparruan.

II. KAPITULUA

Ekoizpena

4. artikulua. Ekoizpen eremua.

1. "Nafarroa" jatorrizko deituran sartzen diren ardoen ekoizpen- eremua hurrengo atalean aipatuko diren udalerriek eta azpi-eremuek osatzen dute. Mahastizaintzarako (5. artikuluan aipatzen diren aldaerak) egokitzat jotzen dira, izendapenak babesten dituen ardoen ezaugarri bereziak dituzten ardoak ekoizteko behar den kalitatearekin.

2. Ekoizpen-eremua osatzen duten udal mugapeak eta azpi-eremuak hauexek dira:

-Erriberabarrena: Ablitas, Arguedas, Barillas, Cascante, Castejón, Cintruenigo, Corella, Fitero, Monteagudo, Murchante, Tutera, Tulebras eta Valtierra.

-Erriberagoiena: Artaxoa, Beire, Berbintzana, Cadreita, Caparroso, Carcar, Zarrakaztelu, Faltzes, Funes, Larraga, Lerin, Lodosa, Martzilla, Mélida, Milagro, Miranda-Arga, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Erriberri, Azkoien, Pitillas, Sansoain, Santakara, Sesma, Tafalla eta Villafranca.

-Estellerria: Aberin, Allo, Arellano, Armañantzas, Arroitz, Aiegi, Barbarin, Deikaztelu, Desojo, Busto, Esprontzeda, Lizarra, Iguzkitza, Elizagorria, Los Arcos, Lukin, Mendaza, Morentin, Murieta, Oteitza, Santsol, Torralba del Río, Torres del Río, Deierri, Villamayor de Monjardín eta Villatuerta. Baita Piedramillerako katastroko 3. poligonoa eta 30, 31 eta 32. fazeriak.

-Izarbeibar: Adios, Añorbe, Artazu, Barasoain, Biurrun, Zirauki, Eneritz, Garinoain, Girgillao, Legarda, Leotz, Mañeru, Mendigorria, Muruzabal, Obanos, Oloritz, Orisoain, Puiu, Gares, Tiebas-Muru Artederreta, Tirapu, Ukar, Untzue, Uterga.

-Mendialde Beherea: Oibar, Kaseda, Eslaba, Ezporogi, Galipentzu, Xabier, Leatxe, Lerga, Ledea, Irunberri, Zare, Zangoza, San Martin Unx, Uxue, eta Arbontze eta Domeñu kontzejuak Erromantzatua haranean, eta Arripodas, San Vicente eta Tabar kontzejuak Urraulbeitia haranean.

Baita Etxauri udal mugapea eta Zizur udal mugarteko 13. katastro poligonoa ere.

Era berean, irauten duten bitartean, Allin, Azuelo, Gesalatz, Lapoblación, Metauten, Mirafuentes, Mues, Nazar, Oko eta Sorlada udalerrietako mahastiak (Estellerria azpi-eremuan), Longida eta Esa udalerrietakoak (Mendialde Behereko azpi-eremuan), eta Bidaurreta eta Zabaltzakoak ekoizpen-eremuan egonen dira, erregelamendu hau indarrean sartzen denean Kontseilu Arau-emailearen Mahasti Erregistroan izena emanda badaude.

3. Organo eskudunak lurrak kalifikatzeko (ekoizpen-eremuan sartzeko ondorioetarako), ezinbestekoa izanen da Kontseilu Arau-emailearen nahitaezko txostena horren aldekoa izatea. Mahastizaintzako eta Ardogintzako Katastroaren planoetan mugatuta geratu behar da.

5. artikulua. Baimendutako mahats motak.

1. Babestutako ardoak ondoko mahats mota hauek soilik erabiliz eginen dira: Tempranillo, Garnacha beltza, Graciano, Mazuelo, Merlot, Cabernet Sauvignon, Syrah eta Pinot Noir, beltzen artean, eta Garnacha zuria, Viura, Malvasía, ale xeheko Moskatel, Chardonnay eta Sauvignon Blanc, zurien artean

2. Kontseilu Arau-emaileak Nafarroako Foru Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari proposatu ahal dio mahats mota berriak baimendu ditzala, baldin eta modu esperimentalean frogatu bada egokiak direla kalitatezko muztioak egiteko, babestutako ardoak egiteko balioko dutenak. Kasu bakoitzean baimendutako mota gisa kontuan izanen dira mota berri horiek.

3. Kontseilu Arau-emaileak, ekoizleekin eta egileekin itunduta, beste mahats mota batzuk landatzeko baimena eman dezake, foru komunitatean baimenduta baldin badaude. Landaketa horien azalera 1 eta 5 hektarea artekoa izan behar da, mota eta titular bakoitzeko. Ezin daiteke gainditu Kontseilu Arau-emailearen Mahastien Erregistroan inskribatutako azalera osoaren %5a. Landaketaren titularra, ardoa egiten duen ardandegia eta Kontseilu Arau-emaileak jarraipen txostena eginen dute urtean behin gutxienez.

6. artikulua. Laborantzako praktikak.

1. Laborantzako praktikak, oro har, mahatsaren eta ardoaren kalitate ona helburu dutenak izan behar dira.

2. Landaketaren markoa lursail, mota eta inausketa sistema bakoitzerako egokia izanen da. Landaketaren dentsitatea ezin da inola ere izan 2.400 mahatsondo baino txikia hektarea bakoitzeko.

3. Laborantzako praktikek mahatsaren osasun egoera ona bermatu behar dute. Kontseilu Arau-emaileak ematen dituen arau berezien arabera kalitate-maila egokia ez duen mahatsa ez da "Nafarroa" jatorrizko deiturak babestutako ardoa egiteko gai izanen.

4. Mahastia ureztatu daiteke, sistema lokalizatuekin, une eta kopuru egokietan, landareak bere ziklo begetatiboan oreka egokia izan dezan eta kalitatezko mahatsak behar bezala heltzeko. Ureztapenaren muga onartzen den gehienezko mahats ekoizpena izanen da (7. artikulua).

Ingurumenaren ikuspegitik oso gomendagarriak ez diren arren, lokalizatu gabeko ureztapenak (uholdeka ureztatzea, aspertsio ureztapena, ...) baimenduko dira urteroko abuztuaren 8ra arte.

7. artikulua. Ekoizpenaren gehienezko etekinak.

Inskribatutako mahastientzat onartuko den mahats ekoizpena, gehienez, 8.000 kilokoa izanen da hektarea bakoitzeko.

Kontseilu Arau-emaileak muga hori alda dezake, bere ekimenez, hala aholkatzen duten salbuespeneko inguruabar bereziak gertatzen diren kanpainetan eta mahats motetan. Aldaketa horrek ezin izanen du inola ere gainditu %10 mota beltzetan eta %25 mota zurietan.

8. artikulua. Landaketak.

"Nafarroa" jatorrizko izendapenak babestutako ardoak egiteko erabiltzen diren mahatsak ekoiztuko dituzten landaketa berriak baimentzeko, ezinbestekoa izanen da Kontseilu Arau-emaileak txostena egitea. Txosten horretan adieraziko da erregistroan izena sar daitekeen edo ez.

9. artikulua. Ardo motak eta ezaugarri analitikoak.

1. Nafarroa jatorrizko deiturak babestutako ardo motak ondoko hauek dira: beltzak, gorriak, zuriak eta Moskatel likore-ardoa.

2. Jatorrizko deiturak babestutako ardoen ezaugarri analitikoak hauek izanen dira:

1) Ardo beltzak. Ardo lehorrak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienezko alkohol graduazioa: %10,5, bolumenean adierazita.

b) Intentsitate kolorantea (DO420 + DO520 + DO620): Gutxienez absorbantziako 5 unitate izanen ditu zentimetro bakoitzeko hartzidura malolaktikoa egin gabe dagoenean, eta 4,5 eginda dagoenean. Hartzidura malolaktikoa egintzat joko da azido malikoaren kopurua litroko 0,5 gramokoa denean gehienez.

c) Azidotasun lurrunkorra: Ezin daiteke izan 0,75 gramo baino gehiago litro bakoitzeko, azido azetikoan adierazita, salbu eta ardoak zahartze prozesuren bat bete badu. Kasu horretan, ezin du gainditu gramo 1 litro bakoitzeko.

d) Sufre anhidridoa: Kontsumorako ardoetan ezin da egon 140 miligramo baino gehiago litro bakoitzean.

2) Ardo gorriak. Ardo lehorrak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienezko alkohol graduazioa: %11 bolumenean adierazita.

b) Azidotasun lurrunkorra: Ezin daiteke izan 0,75 gramo baino gehiago litro bakoitzeko, azido azetikoan adierazita, salbu eta ardoak zahartze prozesuren bat bete badu. Kasu horretan, ezin du gainditu gramo 0,9 litro bakoitzeko.

c) Sufre anhidridoa: Kontsumorako ardoetan ezin da egon 190 miligramo baino gehiago litro bakoitzean.

3) Ardo zuriak. Baldintza hauek bete beharko dituzten ardoak dira:

a) Gutxienezko alkohol graduazioa: %10,5 bolumenean adierazita.

b) Azidotasun lurrunkorra: Ezin daiteke izan 0,75 gramo baino gehiago litro bakoitzeko, azido azetikoan adierazita, salbu eta ardoak zahartze prozesuren bat bete badu. Kasu horretan, ezin du gainditu gramo 0,9 litro bakoitzeko. Ardo zuri gozoak direnean, mahats-bilketa berantiarreko botritizatutako mahatsez egiten badira, azidotasun lurrunkorraren edukia, azido azetikoan adierazita, ezin izanen da 0,78 gramo baino gehiago izan litro bakoitzeko, gehi 0,66 gramo litro bakoitzeko, bolumenean %10 gainditzen duen alkohol-gradu natural bakoitzeko.

c) Sufre anhidridoa: Kontsumorako ardoetan, ez da 190 miligramo baino gehiago izanen litro bakoitzeko, hondar-azukreen edukia gehienez 5 gramo denean litro bakoitzeko; ez da 240 miligramo baino gehiago izanen litro bakoitzeko, hondar-azukreen edukia 5 gramo baino gehiago denean litro bakoitzeko.

4) Moskatel likore-ardoa. Baldintza hauek bete beharko dituzten ardoak dira:

a) Gradu Alkoholikoa: Gutxienezko graduazio alkoholikoa, guztira, bolumenean emana, eskuratutakoa baino handiagoa izan behar da (gutxienez %4 handiagoa).

b) Sufre anhidridoa: Kontsumorako ardoetan ezin da egon 190 miligramo baino gehiago litro bakoitzean.

"Ardo gozo naturalaren" aipamen tradizionala erabil daiteke ardo hauentzat, baldin eta jatorrizko muztioek hasieran litro bakoitzeko 212 gramoko azukre-aberastasun naturala badute gutxienez, eta alkohola, destilatua edo pattarra erantsiz lortzen badira; alkohol-gradu naturala ezin izanen da beste modu artifizial batez gehitu.

3. Izendapena duten ardo guztietan, eta merkaturatzeko fasean, ez da onartuko endogenoa ez den anhidrido karbonikoa egotea, hartziduratik datorrena, baldin eta litro bakoitzeko 500 miligramoko edukia gainditzen ez badu.

10. artikulua. Ardoen ezaugarri organoleptikoak.

1. "Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoek ondoko ezaugarri organoleptikoak izan behar dituzte:

a) Ardo beltzak. Upelean ondu diren edo ez gorabehera, itxura bikaina izan behar dute beti, tonalitate onarekin eta kolore bizitasunarekin. Usaimenerako, benetakotasuna eta usaimen-indarra nabaritu behar dira, inolako akats edo desbideraketa aromatikorik gabe. Dastamenerako, ardo orekatuak, zaporetsuak eta kalitate oneko taninodunak izanen dira. Dastatu ondoren garbiak, harmoniotsuak eta iraunkorrak izan behar dira.

b) Ardo gorriak. Garnacha motatik etorriko dira, ahal dela. Ikusmenerako arrosa distiratsuak izan behar dira, bioleta-ñabardurekin, herdoiltzerik gabeak eta intentsitate tipikoarekin. Usaimenerako, garbiak izan behar dira, fruta-osagai garrantzitsuarekin. Ahoan, oreka izan behar dute azidotasunaren eta odolusteko ardo gorrien ohiko nota gozoen artean. Oroimena luzea, garbia eta freskoa izan behar da.

c) Ardo zuriak. Ikusmenerako garbiak eta distiratsuak izan behar dira. Hori-berde zurbil kolorekoak izan behar dira gazteenak, eta hori biziak, urre-distirekin, upelean hartzitu diren eta ontze prozesu egokia izan duten ardoenak. Garbiak eta aroma aldetik intentsuak izan behar dira, ardo gazteenen aroma fresko eta atseginetatik ardo helduek dituzten tertziario konplexuenetaraino eboluzionatuko dena. Ardoak edozein adin izanik ere, dastamenerako orekatuak, zaporedunak eta iraunkortasun atseginekoak izan behar dira.

d) Moskatel likore-ardoa. Kolore erakargarria izanen dute. Gazteenen hori kolore urreztatutik, onduagoen kaoba tonuetara, isla iododunekin, joanen dira. Usaimenerako betiere benetakotasuna izanen du, mahats oso helduko nota biziekin, batzuetan mahaspasa bihurtuta ere. Dastamenerako alkoholaren, gozotasunaren eta azidotasunaren arteko oreka nabarmendu behar ditugu.

2. Egindako ardo guztiek, "Nafarroa" jatorrizko deitura jasotzeko, kalifikazio prozesua bete eta gainditu behar dute, kalitate kontrolaren bidez analisi fisiko-kimikoaren bidez eta zentzumenetako analisiaren bidez, Kontseilu Arau-emaileak horretarako ematen dituen arauak betez. Ardoek jasotzen dituzten kalifikazioek 18 hilabetetarako balioa izanen dute ardo beltz eta zurietan, eta 12 hilabetetarako balioa ardo gorrietan. Beraz, epe horiek bukatutakoan botilaratu ez diren ardoek berriro ere kalifikazio prozesua bete beharko dute.

Hasierako kalitate kontrola gainditu duten ardo beltzetan, upelean zahartzeko prozesua betetzen badute eta ondutako, erreserbako edo erreserba handiko ardo gisa merkaturatzekoak badira, kalifikazioaren balioak kontra-etiketatuaren eta kontsumorako jartzearen unera arte iraunen du, salbu eta interesatuak kalifikazioa ardoa upelean zahartzeko prozesua bukatutakoan eta botilan sartu aurretik kalifikazioa berrikusteko eskatzen badu.

III. KAPITULUA

Elaborazioa

11. artikulua. Ardoa egiteko jardunbidea eta eraldaketaren etekina.

1. Mahatsa, muztioa eta ardoa manipulatzeko, eta hartzidura eta kontserbazio-prozesua kontrolatzeko erabiltzen diren teknikak kalitate handiko produktuak lortzeko moduan erabiliko dira, jatorrizko deiturak babestutako ardoen ezaugarri tradizionalak mantenduz.

2. Muztioa egitean, jardunbide tradizionalak erabiliko dira, ardoen kalitatea hobetzeko teknologia modernoa aplikatuz. Muztioa edo ardoa ateratzeko eta uxualak bereizteko presio egokiak aplikatuko dira, etekina gehienez 70 litro muztio edo ardo izateko moduan, bildutako 100 kilo mahats bakoitzeko. Presio desegokiak aplikatuz lortzen den muztioa edo ardoa ezin daiteke inola ere erabili babestutako ardoa egiteko. Bildutako 100 kilo mahats bakoitzeko gehienez atera daitekeen muztio edo ardo litro kopuruaren muga kanpaina jakin batzuetan alda dezake Kontseilu Arau-emaileak, bere ekimenez edo interesa duten ardo-egileek mahats-bilketa egin aurretik eskatuta, beharrezko diren aholkuak jaso eta egiaztapenak egin ondoren.

3. Berariaz debekatuta daude, jatorrizko deitura duten ardoak egiterakoan, "segidako prentsak" izenekoak erabiltzea. Honelako prentsekin, pasten gaineko presioa Arkimedesen torlojo baten bidez egiten da, kontrapisu baten gainean.

12. artikulua. Metodologia.

Babestutako ardoak egiteko, metodologia hau erabiliko da:

1. Beltzak. Mahats beltzak guztiz edo zati batez hartzitzea, azalekin, aldez aurretik txortena kenduta edo ez.

2. Gorriak. Mahats beltzen muztioa hartzitzea, azalik gabe, ahal dela Garnacha motakoak, odolustez eskuratuak, presioa handituz ateratzea mesedetzen duten edo azalak marruskaduren ondorioz apurtzea eragiten duten bitarteko mekanikoak erabili gabe, eta azalekin beratu ondoren, harik eta kolore-intentsitate egokia lortu arte. Odolustutako muztioan gehienez onartzen den etekina 40 litrokoa da 100 kilogramo mahats bakoitzeko. Etekin hori Kontseilu Arau-emaileak alda dezake,11. artikuluan ezarritako eraldaketaren etekina aldatzen den baldintza eta termino berberetan.

3. Zuriak. Mahats zurien muztioa hartzitzea, azalik gabe. Hotzean beratzea onartzen da.

4. Moskatel likore-ardoa. Hartziduran den muztioari edo ardoari ardo-alkohola gehitzea, %96 vol edo gehiagokoa, edo alkohol horren eta muztioaren arteko nahasketa (betiere ale xeheko Moskatel mahats-motatik datozen eta %12 vol alkohol-graduazio naturala edo handiagoa duten ardo edo muztioez ari garela). Zahartze prozesuak betez gero, zuzeneko suari muztio kontzentratua erantsi ahal izanen zaio, ale xeheko Moscatel edota Garnacha motetakoak.

IV. KAPITULUA

Ontzea eta zahartzea

13. artikulua. Ontze eta zahartze eremua.

"Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoak ontzeko eta zahartzeko eremua ekoizpen-eremu bera izanen da.

14. artikulua. Ontzearen eta zahartzearen gaineko jarraibideak eta metodoak.

1. "Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoek aplikatu beharreko Nafarroako eta Espainiako araudietan ontzeari eta zahartzeari buruz azaltzen diren jarraibideak erabil ditzakete.

a) "Ondua": Gutxienez 24 hilabetez zahartzen egon diren ardo beltzak. Denbora horretatik, gutxienez 9 hilabete haritzezko upeletan, gehienez 330 litroko edukierakoak, egin behar izan dituzte. Gutxienez 18 hilabetez zahartzen egon diren ardo zuriak. Denbora horretatik, gutxienez 6 hilabete haritzezko upeletan, gehienezko edukiera berberarekin, egin behar izan dituzte.

b) "Erreserba" Gutxienez 36 hilabetez zahartzen egon diren ardo beltzak. Denbora horretatik, gutxienez 12 hilabete haritzezko upeletan, gehienez 330 litroko edukierakoak, egin behar izan dituzte. Gutxienez 24 hilabetez zahartzen egon diren ardo zuriak eta gorriak. Denbora horretatik, gutxienez 6 hilabete haritzezko upeletan, gehienezko edukiera berberarekin, egin behar izan dituzte.

c) "Erreserba handia" Gutxienez 60 hilabetez zahartzen egon diren ardo beltzak. Denbora horretatik, gutxienez 18 hilabete haritzezko upeletan, gehienez 330 litroko edukierakoak, egin behar izan dituzte. Gutxienez 48 hilabetez zahartzen egon diren ardo zuriak. Denbora horretatik, gutxienez 6 hilabete haritzezko upeletan, gehienezko edukiera berberarekin, egin behar izan dituzte.

d) "Upelean hartzitutako ardo gorriak eta zuriak": Haritzezko upeletan, gehienez 500 litroko edukierakoak, hartzitu diren ardo gorriak eta zuriak.

e) "Ardo beltza, haritzekoak": Haritzezko upeletan, gehienez 330 litroko edukierakoak, egon diren ardoak, 90 egun baino luzaroago.

2. "Haritzean zahartuta" aipamena erabiltzeko, "Moscatel" likore-ardoek zahartze prozesua egin behar dute, gutxienez hogeita lau hilabetez. Epe horretatik gutxienez hamazortzi hilabete haritzezko ontzi batean eman behar dituzte.

3. Zahartze edo ontze prozesuen hasiera ezin da zenbatu inola ere uztaren urteko urriaren 1a baino lehenago.

V. KAPITULUA

Erregistroak

15. artikulua. Kontseilu Arau-emailearen erregistroak eta inskripzioak.

1. Kontseilu Arau-emaileak erregistro hauek eraman beharko ditu:

a) Mahastien erregistroa.

b) Ardoa egiteko ardandegien erregistroa.

c) Ardoa biltegiratzeko ardandegien erregistroa.

d) Ardoa ontzeko eta zahartzeko ardandegien erregistroa.

e) Ardoa botilaratzeko ardandegien erregistroa.

2. Inskripzio eskaerak Kontseilu Arau-emaileari eginen zaizkio. Kasu bakoitzean indarrean dauden xedapen eta arauek eskatzen dituzten datuak, dokumentuak eta egiaztagiriak aurkeztu behar dira, Kontseilu Arau-emaileak egiten dituen inprimakiekin batera.

3. Kontseilu Arau-emaileak ukatu eginen ditu erregelamenduko manuak betetzen ez dituzten inskripzioak, edo mahastiek eta ardandegiek bete beharreko ezaugarri tekniko osagarriei buruz kontseiluak hartzen dituen erabakiak betetzen ez dituztenak.

4. Erregistroetan izena emateak ez du esan nahi interesatuek erregistro orokorretan izena ematek betebeharra ez dutenik.

16. artikulua. Mahastien erregistroa.

1. Ekoizpen eremuan dauden guztiak sartuko dira mahastien erregistroan, baldin eta haien mahatsa babestutako ardoa egiteko erabiltzen bada eta indarrean dagoen araudia betetzen badute.

2. Inskripzioan titularraren izena adierazi behar da. Jabea dela (edo erabiltzeko beste eskubide mota bat duela) adierazi behar da. Egotekotan, apartzeroaren, errentadunaren edo erabilera eskubidearen beste edozein titularren izena agertu behar da. Bi kasuetan ondo frogatu behar dira ondoko datuak: parajea, udal mugapea, poligono zenbakia eta lur-zatiaren zenbakia, ekoizpen-azalera, mahasti motak, eta mahastia ondo identifikatzeko, sailkatzeko eta kokatzeko behar diren bestelako datuak.

3. Izena emateko eskabidearekin batera, lur-zatien erreferentzia geografikoak dituen deskribapen geografikoa aurkeztu behar da, Kontseilu Arau-emaileak agintzen duenaren arabera.

17. artikulua. Ardoa egiteko ardandegien erregistroa.

1. Ardoa egiteko ardandegien erregistroan, izena emandako mahastietako mahatsak ardo bihurtzen diren ekoizpen-eremuko ardandegiak inskribatuko dira, baldin eta haietan egiten dituzten ardoek jatorrizko deitura eskatu ahal badute.

2. Inskripzioan titularraren izena, sozietatearen izena, udalerria eta kokalekua, ezaugarriak, ontzien eta makinen kopurua eta gaitasuna, ardoa egiteko sistema, eta ardandegia ondo identifikatzeko eta katalogatzeko behar diren datu guztiak adierazi behar dira. Ardoa egiten duen enpresa ez bada lokalen jabea, inguruabar hori eta jabearen nortasuna agerrarazi behar dira, behar bezala frogatuta. Eskalako planoa edo krokisa aurkeztu behar da, eraikuntzaren eta instalazioen xehetasun guztiak islatuz.

3. Errentatutako ardandegien kasuetan, kontseiluak beretzat gordeko du erregistro egokian izena ematea ukatzeko ahalmena, kontratuak ez baditu ziurtatzen jarraikortasun bermeak eta erregelamenduaren betetze zehatza.

18. artikulua. Ardoa biltegiratzeko ardandegien erregistroa.

Ardoa biltegiratzeko ardandegien erregistroan, jatorrizko deitura daukaten ardoak biltegiratzen lan egiten duten eta ekoizpen-eremuan dauden ardandegi guztiak inskribatuko dira. Inskripzioan 17. artikuluan aipatzen diren datu guztiak agertuko dira.

19. artikulua. Ardoa ontzeko eta zahartzeko ardandegien erregistroa.

Ardoa ontzeko eta zahartzeko eremuan dauden, eta jatorrizko deitura duten (edo hura eskuratzeko eskubidea duten) ardoak ontzen dituzten ardandegi guztiak inskribatuko dira ardoa ontzeko eta zahartzeko ardandegien erregistroan. Inskripzioan 17. artikuluan aipatzen diren datu guztiak agertuko dira.

20. artikulua. Ardoa botilaratzeko ardandegien erregistroa.

1. Ardoa botilaratzeko ardandegien erregistroan, jatorrizko deitura daukaten ardoak botilaratzen lan egiten duten eta ekoizpen-eremuan dauden ardandegi guztiak inskribatuko dira. Inskripzioan 17. artikuluan aipatzen diren datu guztiak agertuko dira.

2. Kontseilu Arau-emaileak ahalmena izanen du babestutako ardoak botilaratzen dituzten ardandegiak ardoa botilaratzeko ardandegien erregistroan inskribatzeko baimena emateko, ekoizpen-eremuaren kanpoan egonik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen barruan daudenean.

21. artikulua. Babestutako eta babesik gabeko ardoen koexistentzia.

"Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoak egiteko, biltegiratzeko, ontzeko, zahartzeko eta botilaratzeko ardandegien erregistroetan izena emanda dauden ardandegietan, jatorrizko deitura duten edo hura eskura dezaketen ardoez gain, lur-eremuetako ardoak, lurraldeko ardoak eta mahaiko ardoak egon daitezke, "Nafarroa" jatorrizko deituraren mahastien erregistroan inskribatutako mahastietatik datozen mahatsez egin direnak edota, inskribaturik egon ez arren, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean daudenak eta Nafarroako Foru Komunitateko gobernuak baimendutako mahats-barietateez eratuta daudenak, "Nafarroa" jatorrizko deiturak baimendutakoen artean egon ez arren, betiere bereiztutako eta behar bezala identifikatutako biltegi, upel eta botilategietan badaude.

22. artikulua. Inskripzioen indarraldia.

1. Inskripzioak erregistro egokietan indarrean sar daitezen, ezinbestekoa izanen da kapitulu honek ezarritako betekizunak uneoro betetzea. Inskripziorako emandako datuak aldatzen badira, Kontseilu Arau-emaileari jakinarazi beharko zaio, aldaketa gertatzen den unean. Ondorioz, Kontseilu Arau-emaileak inskripzioak eten edo bertan behera utz ditzake, baldin eta titularrek ez badituzte aipatutako baldintzak betetzen.

2. Kontseilu Arau-emaileak kontrol organoari aginduko dio aldian behin ikuskapenak egin ditzala, aurreko atalean xedatutako guztia betetzen den egiaztatzeko.

VI. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

23. artikulua. Nafarroako jatorrizko deitura erabiltzeko eskubidea.

1. Mahastiak edo instalazioak 19. artikuluan aipatutako erregistroetan inskribatuta dituzten pertsona fisiko edo juridikoek soilik ekoiztu ahal dute babestutako ardoak egiteko mahatsa, edo "Nafarroa" jatorrizko deiturak babestu dituen ardoak egin edo ondu.

2. "Nafarroako" jatorrizko deitura erregistro egokietan inskribatutako ardandegietako ardoei soilik aplikatu ahal zaie, baldin eta erregelamendu honetan exijitutako arauak betez ekoiztu eta egin badira, eta izan beharreko ezaugarri enologiko eta organoleptikoak betetzen badituzte.

3. Mahastiak edo instalazioak erregistro egokian inskribatuta dauzkaten pertsona fisiko edo juridikoek bakarrik daukate jatorrizko deitura propagandan, publizitatean, dokumentazioan edo etiketetan erabiltzeko eskubidea.

24. artikulua. Botilaratzea.

"Nafarroa" jatorrizko deitura duten ardoak inskribatutako ardandegietan bakarrik zirkula eta sal daitezke, kalitate eta irudi mailak mantentzen dituzten ontzi motetan. Ontzi horiek Kontseilu Arau-emaileak onartu behar ditu.

25. artikulua. Produktuen zirkulazioa.

1. Muztioa, ardoa edo mahatsaren beste edozein produktu edo ardotarako edozein azpiproduktu, ekoizpen eremuaren barruan badabil, inskribatutako ardandegi edo instalazioen artean, baimendutako merkataritza agiri egokiarekin edo une bakoitzean indarrean dagoen dokumentuarekin joan behar da, igorleak emana. Agiri horren kopia bidali behar zaio Kontseilu Arau-emaileari, eta hark Kontrol Organoari jakinaraziko dio.

2. Aurreko atalean aipatutako produktuen salmenta jatorrizko izendapenaren kontrol organoak baimendu behar du, Kontseilu Arau- emaileak agintzen duen moduan, bete aurretik. Salmenta inskribatutako ardandegi batek inskribaturik ez dagoen ardandegi bati egiten badio, inskribatutako ardandegiak aipatu baimena eskatu beharko du.

26. artikulua. Etiketak.

1. "Nafarroa" jatorrizko deiturak babestutako ardoak merkaturatzeko etiketetako batean gutxienez, jatorrizko deituraren izena eta Kontseilu Arau-emailearen logotipoa leku ikusgarrian agertuko dira. Etiketen gaian EB-ko eta estatuko legerian jasotzen diren nahitaezko jarraibideak eta jarraibide teknikoak ere agerrarazi behar dira.

Jatorrizko Deituraren izena adierazteko erabiltzen diren karakter tipografikoak behin ere ez dira izanen 3 mm baino txikiagoak edo 9 mm baino handiagoak. Argi, irakurgarri eta ezabaezinak izan beharko dute eta haren idazketa ez da sobera lodia izanen. Ez da onartuko adierazpen horrek etiketaren zabalera osoaren erdia baino gehiago hartzea.

Jatorrizko deituraren logotipoaren diametroa gutxienez ere 8 mm-koa izanen da eta gehienez ere 11 mm-koa.

2. Edateko ardoak edozein ontzi motatan ere sartzen direla, berme-prezintuak, etiketa edo kontra-etiketa zenbakidunak eduki behar dituzte, Kontseilu Arau-emaileak eginak. Ardandegian bertan itsatsi behar dira, Kontseilu Arau-emaileak erabakitzen dituen arauak betez, eta bigarrenez erabiltzea galarazteko moduan.

27. artikulua. Mahastien eta ardandegien jabeen betebeharrak.

Mahastien eta ardandegien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoek adierazpen hauek aurkeztu behar dizkiote Kontseilu Arau-emaileari, eta hark Kontrol Organoari jakinaraziko dizkio:

a) Mahastien erregistroan izena eman duten enpresa guztiek, mahats bilketa bukatzen denean (betiere, urte bakoitzeko azaroaren 30a baino lehen), inskribatutako mahastietako bakoitzean eskuratutako uztaren aitorpena aurkeztu behar dute. Mahastiaren destinoa adierazi behar dute. Salduz gero, eroslearen izena adierazi behar dute. Mahats mota ezberdinak ekoizten badira, mota bakoitzetik egindako kopuruak adierazi behar dira.

b) Ardoa egiteko ardandegien erregistroan izena eman duten enpresa guztiek, azaroaren 30a baino lehenago, lortutako muztio eta ardo kopuruak adierazi behar dituzte. Egiten dituzten mota ezberdinak bereiztu behar dituzte. Mahatsaren jatorria adierazi behar dute, eta saltzen dituzten produktuen destinoa, eroslea eta kopurua agerrarazi. Izakinak dauzkan artean, hilero egindako salmentak aitortu behar ditu.

c) Ardoa Biltegiratzeko, Ontzeko eta Zahartzeko eta Botilaratzeko Ardandegien Erregistroetan inskribatzen diren enpresa guztiek, hilabete bakoitzaren lehenbiziko hamar egunetan, aurreko hilabetean sartu eta ateratako produktuen adierazpena eginen dute, sartutako ardoen jatorria adieraziz. Betiere ardo mota zein den adieraziko da eta Ardoa ontzeko eta zahartzeko ardandegien erregistroan izena ematen duten enpresek bereizirik aurkeztuko dituzte horrelako ardoei dagokien informazioa.

VII. KAPITULUA

Kontseilu Arau-emailea

28. artikulua. Definizioa eta eskumenen eremua.

1. Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen 20. artikuluan zehazten denaren arabera, Nafarroa jatorrizko izendapena kudeatu behar duen organoa Kontseilu Arau-emailea da.

2. Eskumenen eremua ondoko hauek arautuko dute:

a) Lurralde kontuetan, dagokion Ekoizpen eta Ontze eta Zahartze Eremuak.

b) Produktuei dagokienez, ekoizpen, elaborazio, ontze, zirkulazio eta merkaturatze faseetako edozeinetan jatorrizko deiturak babestutakoak.

c) Pertsonei dagokienez, erregistro ezberdinetan izena emanda dauden pertsona fisiko eta juridikoak.

29. artikulua. Osaera.

1. Hauek izanen dira Kontseilu Arau-emaileko kideak:

a) Lehendakaria, osoko bilkurako hautetsien bi herenek hautatua.

b) Osoko bilkura, lehendakariak eta ondoko kideek osatuko dutena:

Sei kide, sektore ekoizlearen ordez.

Sei kide, sektore merkaturatzailearen ordez.

2. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren ordezkari bat eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren beste bat osoko bilkurara joan ahalko dira. Hizpidea izanen dute baina botorik ez.

30. artikulua. Kideak hautatzea eta kide izaera galtzea.

1. Kontseiluko kideak, abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuko 24. artikuluan zehaztutako moduan hautatuko direnak, ordezkatzen dituzten sektoreei lotuta egon behar dira, zuzenean edo ordezkatu behar dituzten jarduerak lantzen dituzten sozietateetako zuzendari direlako.

2. Erregistro bat baino gehiagotan ageri diren lur-zatien edo ardandegien jabeek ezin dezakete ordezkaritza bikoitza izan kontseiluan, bata sektore ekoizlean eta bestean sektore merkaturatzailean, ez zuzenean, ezta enpresa filialen edo bazkideen bitartez. Inguruabar hori gertatuz gero, ukitutako operatzaileak erregistro bakar batean hautatuak izateko aurkeztu beharko dira.

3. Kontseilu Arau-emaileko kideen ordezko bana izendatuko da, titularra bezalaxe hautatuko dena.

4. Kideen karguak lau urtean behin aldatuko dira, baina berriro hautatzen ahalko dira.

5. Kide batek bere kargua uzten badu, edozein arrazoirengatik, haren ordezkoa izendatuko da, agindutako eran, baina kide berriaren agintaldiak batzordearen lehenbiziko aldaketa arte iraunen du bakarrik.

6. Kideek gehienez ere hilabeteko epea izanen dute beren karguaz jabetzeko, hautatzen direnetik hasita.

7. Hautatutako kideek kide izaera galduko dute kasu hauetan:

a) Haiek edo ordezkatzen duten enpresak zehazpena jasotzen dutenean, urraketa oso larria egiteagatik, erregelamendu honek arautzen dituen gaietan.

b) Segidako hiru batzarretara edo segidakoak ez diren hamar batzarretara ez etortzeagatik, arrazoia justifikatu gabe.

c) Hautatuak izatean zeuden enpresa uzteagatik, nahiz eta sektoreari lotuta jarraitu.

d) Karguaren indarraldian haien jarduerak ordezkatzen duten sektorean egoteari utzi diotenean.

e) Agintaldian ordezkaritza bakoitzeko kasuetako batean sartzen direnean.

Aurreko kasuetako edozeinetan, ordezkoek hartuko dute haien lekua.

31. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

1. Lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseilu Arau-emailea ordezkatzea. Ordezkaritza ahalmena berariaz eskuorde dezake, beharrezkoa den kasuetan.

b) Jatorrizko deiturari aplikatu beharreko legezko eta arauzko xedapenak betetzea eta betearaztea.

c) Kontseilu Arau-emailearen sarrerak eta fondoak administratzea, eta ordainketak agintzea.

d) Kontseiluaren bilkurak deitzea eta haietan buru izatea. Aztergaien zerrenda adierazi behar du, bere eskumeneko gaiak kontseiluari aurkeztu behar dizkio, eta hartutako erabakiak betearazi behar ditu.

e) Kontseiluaren barne-araubidea antolatzea.

f) Kontseilu Arau-emaileko langileei kontratua egitea, etetea edo berriztatzea.

g) Zerbitzuak antolatzea eta zuzentzea.

h) Goragoko erakundeei ekoizpenean eta merkatuan gertatzen diren gorabeheren berri ematea.

i) Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari bidaltzea kontseiluak orokorrean, erregelamendu honek ematen dizkion eskurantzak direla bide, hartzen dituen erabakiak, eta duten garrantziarengatik aipatu departamentuak ezagutu behar dituela uste duen erabakiak.

j) Kontseiluak erabakitzen dituen edo Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak agintzen dizkion bestelako funtzioak.

2. Lehendakariaren agintaldia lau urtekoa izanen da eta karguan aritutakoa berriz hautatua izan ahalko da.

3. Lehendakariak bere agintaldia bukatutakoan, berak eskatuta (dimisioa onartzen zaionean) edo osoko bilkurak hartutako erabakiz (lehendakaria izendatzeko behar den gehiengo berberarekin eta modu berberean) utziko du kargua. Osoko bilkurak kargugabetzen badu, erabakia Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari jakinarazi beharko zaio, lehendakari berria izendatzeko proposamenarekin batera.

4. Lehendakariak kargua uzten badu edo hiltzen bada, Kontseilu Arau-emaileak, hilabete bateko epean, lehendakari berria izendatuko du.

32. artikulua. Idazkaria.

Kontseiluak idazkari bat izanen du, kontseiluak berak izendatua, lehendakariak egin proposamenaren arabera. Idazkaria beraren mendekoa izanen da zuzenean. Eginkizun hauek izanen ditu berariaz:

a) Kontseiluaren lanak prestatzea eta erabakiak betearazteko izapideak egitea.

b) Batzarretara joatea, hizpidearekin baina hautespiderik gabe, deialdiak egitea, aktak jasotzea, eta kontseiluaren liburuak eta agiriak zaintzea.

c) Erakundearen barne araubideko gaiak, bai langileari buruzkoak bai administrariei buruzkoak.

d) Lehendakariak agintzen dizkion funtzioak, kontseiluaren eskumeneko gaiak prestatzeko eta gauzatzeko.

33. artikulua. Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Lehendakariak deialdia egiten duenean batzartuko da kontseilua, lehendakariaren beraren ekimenez nahiz mahaikideen erdiak eskatuta. Hiru hilean behin, gutxienez, batzarra egin behar da.

2. Kontseilu Arau-emailearen batzarrak gutxienez lau egun lehenago deituko dira. Deialdiarekin batera batzarraren aztergaien zerrenda aurkeztu beharra dago. Zerrenda horretan adierazten diren gaiak soilik aztertuko dira, salbu eta hautatutako mahaikideek aho batez besterik adosten badute. Beharrezkoa bada, eta lehendakariaren ustez gai bat premiazkoa delako beharrezkoa denean, kontseiluko kideei telegramaz dei eginen zaie, gutxienez hogeita lau ordu lehenago. Betiere, kide guztiak ageri badira eta aho batez ados badaude, kontseilua osatuta geratuko da.

3. Titular bat ezin bada etorri, Kontseilu Arau-emaileari eta jakinaraziko dio. Ordezkoari ere esanen dio, ordezka dezan.

4. Kontseilu Arau-emailearen erabakiak gehiengo sinplez hartuko dira. Balioa izan dezaten, ezinbestekoa izanen da kontseilua osatzen duten kideen erdia baino gehiago egotea.

Aitzitik, jatorrizko deituraren erregelamendua aldatzea ekartzen duten erabakiak, Kontseilu Arau-emailearen lehendakaria hautatzeari buruzko erabakiak edo aparteko aurrekontuak onesteko diren erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da Kontseilu Arau-emaileko osoko bilkurako kide hautetsien bi herenen gehiengo kualifikatua.

5. Izapide auziak ebazteko edo beharrezkotzat jotzen den kasuetan, batzorde iraunkor bat sor daiteke. Lehendakariak eta erakundeko osoko bilkurak izendatzen dituen bi kide titularrek (bata ekoizpen sektorekoa eta bestea merkataritza sektorekoa) osatuko dute batzorde hori. Era berean, kudeaketa eremu ezberdinetarako lan batzordeak sor daitezke, izapideko auzien ebazpena azkartzeko helburuarekin. Batzorde iraunkorra osatzea erabakitzen den saioan, berariaz dagozkion eginkizunak eta bete behar dituen funtzioak erabakiko dira. Batzorde Iraunkorraren ebazpen guztiak kontseiluaren osoko bilkurari jakinaraziko zaizkio, egiten duen lehenengo batzarrean.

34. artikulua. Langileak.

1. Kontseilu Arau-emaileak, bere helburuak betetzeko, langile kopuru nahikoa izanen du. Kontseiluaren aurrekontuan agertuko da.

2. Kontseiluak bete behar dituen funtzio teknikoetarako, behar dituen zerbitzu teknikoak izanen ditu. Zerbitzu horien zuzendaritza teknikari eskudunak beti behar du.

35. artikulua. Finantzaketa.

1. Kontseilu Arau-emaileak baliabide hauek izanen ditu:

a) Jatorrizko deiturak arautzen dituzten kontseiluek beren zerbitzuen truke jasotzen dituzten tasen produktuak. Tasa horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeko XI. tituluko VII. kapituluan ageri dira. Tasak ondoko hauetarako dira:

1.-Inskribatutako mahastien landaketak.

2.-Babestutako produktuak.

3.-Fakturen ziurtapenak edo ikusonespenak ematea, eta kontra-etiketak eta prezintuak ematea.

Hauek dira tasa bakoitzaren subjektu pasiboak: a) tasan: inskribatutako sail landatuen titularrak; b) tasan: merkatuan ardoa saltzen duten inskribatutako ardandegien titularrak; c) tasan: fakturen ziurtapenak edo ikusonespenak eskatzen dituzten edo prezintuak eskuratzen dituzten inskribatutako ardandegien titularrak.

b) Administrazio publikoek ezartzen ahal dituzten dirulaguntzak.

c) Bere ondarearen ondoriozko etekinak eta produktuak.

d) Eskura dezakeen beste edozein baliabide.

2. Aurrekontuetan ageri diren diru-sarreren eta gastuen kudeaketa Kontseilu Arau-emaileak egin behar du.

36. artikulua. Erabakien publizitatea.

Kontseilu Arau-emailearen erabakiak jakinarazterakoan, interesatuak jakitun geratzea bermatu behar da. Pertsona kopuru zehaztu gabe bati zuzenduta doazen erabakiak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira. Interesatuei jakinaraziko zaizkie halaber.

37. artikulua. Kontseiluaren ekintzak aurkaratzeko araubidea.

Administrazio zuzenbidearen pean dauden Kontseilu Arau-emailearen ekintzen aurka gorako errekurtsoa egin daiteke Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariaren aurrean.

VIII. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

38. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Erregelamendu honetan xedatutakoa hausten bada, Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legean ezarritakoaren araberako zehapenak ezarriko dira.

Iragarkiaren kodea: F0811333