94. ALDIZKARIA - 2008ko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

84/2008 FORU DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kirurgiako Arlo Funtzionala sortu eta arautu duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak 2007ko otsailaren 28an onetsitako Nafarroako 2006-2012 Osasun Planean ezarri da gaur egungo antolamendu eredua moldagarria izan behar dela eta gizartearen etengabeko aldaketei eta eskaerei aurre egiteko moduko tresnak ezartzeko gauza. Halaber, plan horren arabera garatu beharreko helburuetako bat hauxe da: laguntza espezializatuaren arloan, kudeaketa klinikoaren antolamendua laguntza arlo, zerbitzu edo unitate bakoitzera moldatzea, jarduera klinikoa eta ezaugarri bereziak kontuan hartuz, eta Iruñeko barrutiko ospitaleetako laguntza eskaintza koordinatzea eta arrazionalizatzea giza baliabideak, finantza baliabideak eta baliabide teknologikoak ahalik eta modurik eraginkorrenean aprobetxatzeko.

Foru dekretu honen eta Kirurgiako Arlo Funtzionalaren bidez kirurgia orokorra eta digestio-aparatuko kirurgia deritzon espezialitateko osasun eskaintza hobetu nahi da. Hain zuzen ere, espezialitate horretako jarduna eraginkorragoa izatea lortu nahi da kalitatea, ekitatea eta pazienteen arreta integralaren finantza alderdiak hobetuta. Horretarako, neurriak ezarri dira baliabideen erabilpena arrazionalizatzeko eta laguntzaren arloan mailen artean eta, batik bat, Iruñeko Barrutiko zentroen artean sinergiak sortzeko. Testuan aukera ezarri da noizbait Kirurgiako Arlo Funtzionalari kirurgiako beste espezialitate batzuk atxikitzeko, baldin eta osasun-kirurgiako laguntza hobetzeko eta baliabideak hobeki kudeatzeko beharrezkotzat jotzen bada.

Hori dela eta, Nafarroako ospitale zentroetako laguntza kirurgikoaren kudeaketa harmonizatzea eta arrazionalizatzea ahalbidetuko duen antolamendu egitura ezarri da, arlo honetarako xedatutako baliabide klinikoak kontuan hartuta.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko uztailaren hamabostean egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, hauxe

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kirurgiako Arlo Funtzionala sortzea eta beraren egitura eta funtzionamendua arautzea da.

2. artikulua. Kirurgiako Arlo Funtzionala.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kirurgiako Arlo Funtzionala sortu da helburu honekin: osasun laguntzaren barruan kirurgia orokorra eta digestio-aparatuko kirurgia espezialitateko zerbitzu integral, eraginkorra eta kalitatekoa ematea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak horretako dauzkan baliabideak bildurik.

2. Kirurgiako Arlo Funtzionaleko baliabideak foru dekretu honetan ezarritako organoek kudeatuko dituzte ondoko irizpideak aintzat hartuta: autonomia edukiko dute atxikita dauden ospitale zentroetan eta baliabideak optimizatu behar dituzte.

3. artikulua. Kirurgiako Arlo Funtzionalaren eginkizunak.

Kirurgiako Arlo Funtzionalak eginkizun hauek dauzka:

1. Osasun laguntzaren arloan:

a) Iruñeko Barrutiko pazienteei laguntza mediko-kirurgikoa bermatzea.

b) Arlo honetako erreferentzia izatea, bai Nafarroako Osasun Lurraldean, bai laguntza kirurgikoari buruzko hitzarmena duten edo hemendik aurrera sinatzen duten ondoko autonomia erkidegoetan.

c) Espezialisten arteko adostasun teknikoak sustatzea eta zabaltzea, bai eta beste profesional batzuekiko harremanetan ere, oinarrizko osasun laguntzan zein laguntza espezializatuan.

d) Laguntza prozedura eta zirkuituak ezartzea eta beste toki batera bidali beharreko gaixoak ospitale itunduetara bidaltzeko baimena ematea, horren beharra dagoenean.

e) Informazio eta erregistro sistemak kalitatea zorrotz kontrolatzeko eta etengabeko autoebaluazioa egiteko moduan egituratzea.

2. Irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan:

a) Irakaskuntzarako baimena eta mediku espezialisten prestakuntza egokia bermatzea. Arlo honetako prestakuntzako plazen eskaintza ezartzea.

b) Nafarroako unibertsitateei laguntzea, osasun arloko profesionalei graduatu aurreko prestakuntza ematen.

c) Urteko prestakuntza programa garatzea Kirurgiako Arlo Funtzionaleko langile guztientzat; programa honek lurraldeko ospitaleetako espezialistak hartuko ditu.

d) Oinarrizko osasun laguntzako langileentzako etengabeko prestakuntza programetan aktiboki parte hartzea.

e) Espezialitateari lotutako arlo estrategikoen inguruko ikerketa-ildoak garatzea.

f) Zentro edo/eta arlo anitzeko azterlanak sustatzea, Kirurgiako Arlo Funtzionaleko eta beste osasun zentro batzuetako espezialistek parte har dezaten.

g) Prestazioak eta teknikak hobetu eta etengabe ebaluatzeko prozesuak sustatzea.

3. Beste eginkizun batzuk:

Kirurgiako Arlo Funtzionalak, bere eremuan, ospitaleetako langileria zuzendaritzekin eta administrazio eta zerbitzu orokorren zuzendaritzekin koordinaturik, eginkizun hauek beteko ditu ematen zaizkion baliabideen eta langileen bitartez: pazienteen kudeaketa, laguntza administratiboa, informazioa, osasun laguntzaren kontrola eta kontrol ekonomikoa.

4. artikulua. Kudeaketarako Ituna.

Kirurgiako Arlo Funtzionalak urtero kudeaketarako itun bat sinatuko du Laguntza Espezializatuaren Zuzendaritzarekin; bertan aurrekontu klinikoa eta eman beharreko zerbitzuen eta haien kalitatearen eta kostuaren inguruko konpromisoak bilduko dira.

Kudeaketarako Ituna urtero ebaluatuko da, eta ebaluazioaren emaitza kontuan hartuko da ondokoetarako, besteak beste:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aurrekontuen aurreproiektuaren zirriborroan Kirurgiako Arlo Funtzionalarentzat sartu beharreko finantzaketa publikoaren proposamena zehazteko.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurrekontuko aurreikuspenetan ezartzen diren pizgarri-sistemak aplikatzeko.

II. KAPITULUA

Kirurgiako Arlo Funtzionalaren egitura eta antolamendua

5. artikulua. Kirurgiako Arlo Funtzionalaren egitura.

Kirurgiako Arlo Funtzionala ondoren azalduko diren organoek kudeatuko dute, Laguntza Espezializatuko zuzendaria buru dela:

-Arlo Funtzionaleko zuzendaria.

-Zuzendaritza Batzordea.

6. artikulua. Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendaria.

Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariak Arlo Funtzionalaren osasunaren arloko eta arlo tekniko-asistentzialeko zerbitzu eta jarduera guztien zuzendaritza eta kudeaketa gorenaren ardura edukiko du. Laguntza Espezializatuko zuzendariaren menpean ariko da, eta Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendariekin koordinatuta.

7. artikulua. Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariaren eginkizunak.

1. Esleitzen zaizkion osasun laguntzaren arloko eginkizunez gainera, eta zuzendaritza teknikoaren arloan zerbitzuburuei esleitu zaizkien ahalmenak deusetan galarazi gabe, Arlo Funtzionaleko zuzendariak honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Arlo Funtzionaleko Zuzendaritza Batzordearen buru aritzea.

b) Arlo Funtzionalari atxikitako unitateen jarduera eta helburuak antolatu, zuzendu eta ebaluatzea, denen partaidetza bultzatuz.

c) Laguntza Espezializatuaren Zuzendaritzak ezartzen dituen gidalerroak eta arauak betetzea eta betearaztea.

d) Laguntza Espezializatuaren Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea helburuak ezartzeko eta urteroko ebaluazioa egiteko.

e) Kudeaketa klinikoaren eremuan, Arlo Funtzionalari atxikitako unitateek izan behar dituzten helburu berariazkoak finkatzea eta urteroko ebaluazioa egitea, unitateetako arduradunekin batean.

f) Arlo Funtzionalari atxikitako unitateen arduradunak ebaluatzea eta lortutako emaitzen berri ematea.

g) Laguntzaren eraginkortasuna eta kalitatea ebaluatzeko eta kontrolatzeko informazio sistema bat sortu eta mantentzea.

h) Zerbitzuaren berrikuntza, etengabeko hobekuntza eta kalitatearen ebaluazioa sustatzea eta pazienteen arreta iraunkorra izatea bermatzea.

i) Laguntza Espezializatuko zuzendariari aholku ematea etengabe, eta egoki iruditzen zaizkion hobekuntzak proposatzea.

j) Egin beharreko jarduerak koordinatzea ospitaleetako zuzendariekin eta arlo estrategikoetarako lankidetza hitzarmen berariazkoak sinatzea Arlo Funtzionalaren funtzionamendu orokorrerako.

k) Pazienteen arreta integralaren inguruko prozedura eta funtzionamendu arauak ezartzea eta administratzea.

l) Pazienteei beraiek aurretik eskatutakoaz beste espezialista bat esleitzea, abuztuaren 3ko 241/1998 Foru Dekretuak arautzen duen moduan (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako medikuek mediku espezialista aukeratzeko ahalmenari eta osasun laguntza espezializatuaren mailako atentzio eta segimendu pertsonalizatuari buruzko foru dekretua), bigarren iritzia jaso ahal izateko.

m) Pazienteak zentro itunduetara igortzeko baimena ematea, Arlo Funtzionalaren laguntzarako ahalbideak gainditzen diren kasuetan.

n) Laguntza Espezializatuko zuzendariak Arlo Funtzionalaren inguruan berariaz esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

2. Langileriaren arloan, Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariak honako eskumen hauek dauzka:

a) Arlo Funtzionalari atxikitako langile guztien buru izatea.

b) Arlo Funtzionalari atxikitako langileen jarduera, lan eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea.

c) Arlo Funtzionalerako medikuak eta osasun diplomadunak aldi baterako kontratatu behar direnean, langileak hautatzeko prozedurei buruzko informazioa jasotzea arau bidez ezarritako prozeduraren bitartez.

d) Arlo Funtzionalaren esparruan, langileen atxikipenerako proposamenak egitea, zerbitzuen beharrak eskatuta edo antolamendua hobetzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko bigarren xedapen gehigarriko 3. eta 4. ataletan xedatutakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan langileak hartzeko eta lanpostuak betetzeko modua arautzen du.

e) Arlo Funtzionalari atxikitako langileen baimenak, lizentziak, opor-egunak eta joan-etorriak baimentzeko txostenak egitea.

f) Arlo Funtzionalari atxikitako langileei produktibitatearen osagarriak ordaintzeko baimena ematea, organo eskudunak ezarritako irizpideei jarraikiz.

g) Arlo Funtzionalaren Ikerketa eta Irakaskuntza Programa prestatzea.

8. artikulua. Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariaren izendapena.

Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendaria Osasun kontseilariak izendatu eta berak kenduko du kargutik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposatuta. Honek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kirurgia orokorreko eta digestio-aparatuko kirurgiako fakultatibo espezialisten kategoriako langileetako bat hautatuko du karguan aritzeko.

9. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Kirurgiako Arlo Funtzionalaren Zuzendaritza Batzordean kide hauek ariko dira:

-Arlo Funtzionaleko zuzendaria; batzordeburua izanen da.

-Nafarroako Ospitaleko laguntza zuzendari medikoa.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko laguntza zuzendari medikoa.

-Nafarroako Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Zerbitzuko burua.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Zerbitzuko burua.

-Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Zerbitzuko burua.

-Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Zerbitzuko burua.

Aurrekoei beste laguntza zerbitzu edo arlo batzuetako buruak gehi dakizkieke Arlo Funtzionalari atxikitzen zaizkion espezialitate kirurgikoen arabera.

2. Kirurgiako Arlo Funtzionalaren Zuzendaritza Batzordeak idazkari izendatuko du batzordekideetako bat. Batzordeak, gainera, beste pertsona batzuk ere onar ditzake bere bilkuretan, hizpidearekin baina botorik gabe, aholkularitza lanetan aritzeko. Barne araubideko erregelamendua ere ezarri ahal izanen du.

3. Kirurgiako Arlo Funtzionalaren Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Arlo Funtzionalaren Ikerketa eta Irakaskuntza Programa onestea.

b) Arlo Funtzionalaren urteko helburuak prestatzen parte hartzea eta Laguntza Espezializatuaren Zuzendaritzarekin sinatu beharreko Kudeaketarako Ituna onestea.

c) Arlo Funtzionalaren Urteko Ebaluazioaren Memoria prestatzeko lanetan parte hartzea.

d) Arlo Funtzionaleko zuzendariari aholku ematea honek iritzia eskatzen dion guztietan.

10. artikulua. Kirurgiako Arlo Funtzionalari atxikitako unitateak eta Arloaren funtzionamendua.

1. Kirurgiako Arlo Funtzionalean ondoko laguntza unitate hauek daude (aurrerantzean beste batzuk atxiki dakizkioke):

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Zerbitzua.

-Nafarroako Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Zerbitzua.

-Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Zerbitzua.

-Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Kirurgia Orokorraren Atala.

2. Eginkizunei dagokienez, Kirurgiako Arlo Funtzionalaren antolamendua malgua izanen da, prozesu klinikora bideratua, eta osasun eta gizarte ingurunearen behar eta eskakizun aldakorrei egokitzeko moldaketak eginen dira uneoro. Nolanahi ere, eginkizun edo laguntza unitateak eratzeak ez du berekin ekarriko Arlo Funtzionaleko unitate organikoak sortzea ez aldatzea.

3. Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariak, Laguntza Espezializatuaren Zuzendaritzarekin bat etorrita, plaza sortu berrien atxikipen organiko eta funtzionala proposatu ahal izango du, dauden beharrizanak kontuan hartuta.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariaren ordainsariak.

Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariari 22ko indizea esleitu zaio destino osagarrian eta %73,56eko osagarri berezia.

Bigarrena.-Beste langile batzuk.

Kirurgiako Arlo Funtzionalean foru dekretu honetan ezarritako eginkizunak burutzeko behar diren teknikari eta administrari guztiak ariko dira (egungo atxikipen organiko berarekin jardun dezakete).

Hirugarrena.-Tuterako Reina Sofía ospitalea eta Lizarrako García Orcoyen ospitalea.

Tuterako Reina Sofía ospitalean eta Lizarrako García Orcoyen ospitalean jarduten duten fakultatibo espezialistek Kirurgiako Arlo Funtzionalean egiten diren irakaskuntza eta ikerketa jarduera guztietan parte hartuko dute, ezartzen diren irizpide tekniko adostuei lotuta.

Laugarrena.-Administrazioko eta zerbitzu orokorretako zuzendariak eta langileria zuzendariak.

Aipatu ospitaleetako administrazioko eta zerbitzu orokorretako zuzendariek eta langileria zuzendariek Kirurgiako Arlo Funtzionalerako sinatutako Kudeaketarako Itunean ezarritako irizpideei helduta beteko dituzte beren eginkizunak, eta Arloko zuzendariaren proposamenak aintzat hartuta eta aurrekontuan berariaz ezarritako kopuruen barruan.

Bosgarrena.-Plan Funtzionala.

Sei hileko epealdian, Arlo Funtzionaleko Zuzendaritza Batzordeak, Kirurgiako Arlo Funtzionaleko zuzendariaren proposamena jaso ondoren, hurrengo sei urteetako eginkizun eta antolamendu garapenerako plana prestatuko du. Plan honetan ukituriko unitate klinikoen mailakako ezarpena jaso behar da. Horrez gainera planean Arlo Funtzionalaren sorkuntzak eragina izan dezakeen kirurgiako unitateetako, larrialdi unitateetako eta bestelako unitate guztietako arduradunekin berariazko akordioak formalizatzeko proposamena jaso behar da. Akordio horien bitartez baterako helburuak ezarri behar dira eta funtzionalki Kirurgiako Arlo Funtzionalari atxikita egongo diren baliabide partekatuak zehaztu behar dira. Akordio hauek Laguntza Espezializatuko zuzendariak berretsi behar ditu.

Seigarrena.-Genero berdintasuna.

Foru dekretu honetan gaztelaniaz genero maskulinoko substantiboak erabili dira zenbait kargu edo lanpostu izendatzeko, esate baterako "Director del Area Funcional de Cirugía" edo "Jefe de Servicio". Laburtu beharrez egin da hori, ez beste ezergatik, eta ulertu behar da gizonezkoek zein emakumezkoek jardun dezaketela lanpostu horietan berdintasun osoarekin ondorio juridikoei dagokienez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena ematea.

Osasun kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Osasun kontseilariaren foru aginduaren bitartez beste espezialitate kirurgiko batzuk atxiki ahal izango zaizkio Kirurgiako Arlo Funtzionalari.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko uztailaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0811085