93. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2184/2008 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana, eginak dauden eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko diru-laguntzen 2008. urteko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (EDAI), 2008ko otsailaren 26an, lankidetzarako hitzarmen-esparru bat sinatu zuten, Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiako 2008-202 urteetako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzeko 2008-2012 urteetan.

E4aren azken helburua da gure eragimena handitzea energiaren kontsumoan, gure energia sistema iraunkorragoa izateko (ingurumenean eragin txikiagoa eta klima aldaketan ondorio gutxiago), lehiakorragoa (ondasunak eta zerbitzuak sortzeko energia gutxiago behar delako) eta segurua (gehien-gehienak kanpotik ekartzen ditugun baliabideekiko mendekotasuna murrizten delako).

Testuinguru horretan, energiaren arloko jarduketak egin nahi dira energiaren kontsumoa murrizteko eta intentsitate energetikoa (energia kontsumoaren eta barne produktu gordinaren arteko erlazioa) txikitzeko. Neurrien artean diru-laguntzen deialdi hau dago besteak beste.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2008ko ekainaren 30eko Erabakiaren bidez, plan horri dagozkion diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidean ematea erabaki zuen. Halaber, erabaki horrek baimena eman zuen Enpresa zuzendari nagusiak urte anitzeko gastu konpromisoa har zezan, deialdi hori oneste aldera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko 2008. urteko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko 2.500.000 euroko gastua onestea, honela banaturik:

-255.000 euro, 2008ko gastuen aurrekontuko kontu-sail honen kontura: 810003-81140-7800-425200 "Energiaren aurrezki eta eragimenerako jarduketak".

-2.245.000 euro, 2009ko gastuen aurrekontuko kontu-sail baliokidearen kontura.

Funts horietatik 2.245.000 euro EDAIk emanen ditu 2009an, azalpen zatian aipatutako hitzarmenari jarraikiz.

Halaber, 2008ko eta 2009ko ekitaldietan, kontu-sailetan izaten ahal den dirua deialdiaren hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpenaren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzenduta, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2008ko uztailaren 2an.-Enpresa zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. ERANSKINA

Eginak dauden eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko diru-laguntzak emateko 2008ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza hauen onura publikoko xedea da etxebizitzen sektorean eta hirugarren sektorean jadanik eginak dauden eraikinetan isolamendu termikoa hobetzea helburu duten inbertsioak bultzatzea, eraikina berotzeko eta hozteko energia kontsumoa murrizteko, eta horrela Nafarroako Foru Komunitateko energiaren eragimena eta intentsitatea hobetzeko.

2. oinarria. Definizioak.

Oinarri arautzaile hauetan jaso diren eraikuntzako terminoak Etxegintzaren Kode Teknikoko definizioei dagozkie, besterik adierazi ezean.

Merkataritzarako edo zerbitzuak emateko eraikinak dira hirugarren sektorekoak, eta industria nabeetako bulegoak barne hartzen dira definizio horretan.

3. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Ondokoek hartzen ahalko dituzte diru-laguntza hauek: Nafarroan bizi diren pertsona fisikoek, pertsona juridikoek, irabazi asmorik gabeko erakundeek, toki entitateek, jabeen elkarteek eta horiekin parekatzen diren guztiek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ekintza gauzatzen den eraikin edo etxebizitzaren jabea izatea. Laguntza emateko ebazpenaren hurrengo bost urtez eutsi beharko zaio betebehar horri. Jabeen elkarteak betebehar horretatik salbuetsiak daude.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta erantzukizuneko aitorpen baten bidez ziurtatu hala dela. Aitorpen horren eredua eskabidearekin batera eskuratzen ahalko da. Entitate publikoak betebehar orokor horietatik salbuetsiak daude.

4. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Diruz laguntzekoak izanen dira oinarri honetan adierazi diren eta aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten inbertsio eta gastuak, Nafarroan egindakoak.

2. Diru-laguntza jasotzen ahal duen inbertsioa edo gastua egiteko epea 2007ko irailaren 22tik 2009ko abuztuaren 14 artekoa, biak barne, izanen da.

Obra 2009ko abuztuaren 14aren ondoren bukatzen bada, inbertsioa egiteko jarritako epetik kanpo dagoela joko da, eta hurrengo deialdietako laguntzak eskatzen ahalko dira.

3. Diru-laguntzaren xede den isolamendu termikoa hobetzeko hiru ekintza mota ezartzen dira, denak ere jadanik eginak dauden eta etxebizitzen sektorekoak eta hirugarren sektorekoak diren eraikinetan egitekoak, ingurukari termikoan.

a) Baoak aldatzea (leihoak, balkoiko ateak eta sabai-leihoak aldatzea).

Zur-lanak eta beirak aldatu beharko dira. Beira berriek kristal bikoitza behar dute izan, bi beiren lodieraren batuera 8 mm izanen da gutxienez (komeni da beiren lodierak desberdinak izatea), eta ganberaren lodiera 10 mm gutxienez. Metalezko zur-lanen kasuan, zubi termikoaren haustura izan behar dute (komeni da hausturaren lodiera 12 mm baino handiagoa izatea). Sareta eta kutxa aldatzea ere sartuko da diruz laguntzen ahal den kostuan.

Gehienez ere kostu hau izaten ahalko da diru-laguntzen xede (BEZik gabe):

-Zur-lan metalikoak: 475 euro/baoaren m².

-Beste zur-lan batzuk: 525 euro/baoaren m².

-Emisibitate txikiko beira (isolamendu handiagoa sortzen du): lehengo mugak handitu egiten dira: 50 euro gehiago/baoaren m².

b) Etxegintzaren Kode Teknikoko HE 1 Atala aplikatuko zaien zaharberritzeak: jadanik eginak dauden eraikinen aldaketak, eraberritzeak nahiz zaharberritzeak, betiere 1.000 metro koadrotik gorako azalera erabilgarria badute eta itxitura guztien %25 baino gehiago berritzen badira. Baoen aldaketak ere barne har ditzakete.

Kasu horretan, ingurukari termikoaren zaharberritutako zatiak Etxegintzaren Kode Teknikoaren HE 1 Atalak ezarritako baldintzak bete behar ditu, eta hori frogatu (aukera erraztua justifikatzen duten fitxak edo LIDER programaren ziurtagiria), eta proiektuaren ardura duen arkitekto nahiz teknikari tituludunaren adierazpena ere ekarri behar da.

c) Etxegintzaren Kode Teknikoko HE 1 Atala aplikatuko ez zaien beste eraberritze, aldaketa nahiz zaharberritze batzuk. Baoen aldaketak ere barne har ditzakete.

4. Ingurukari termikoan egiten diren eta aurreko hiru kasuetan jasotzen ez diren bestelako jarduketak ez dira diruz laguntzekoak. Zehazki, kanpoan gelditzen dira hauek:

-Sarrerako ateak.

-Balkoiak eta galeriak ixtea, edo balkoi eta galeria beiradunetako zur-lanak berritzea.

-Baoen aldaketen kasuan: kontraleiho xafladunak, eltxo-sareak eta antzekoak; ezta aldaketa horiek non bao berriak aurrekoak baino handiagoak diren.

-Forjatu horizontalaren %60 baino gehiago bota, gainjarri edo aldatzeko jarduketak, zeren, horrelakoetan, eraikin berritzat hartuko dira, zaharberritzetzat baino gehiago.

5. oinarria. Diruz laguntzen ahal den kostua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren xede izan daitezke soilik eraikinaren isolamendu termikoa hobetzearekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten elementuak edo lanak, ez, ordea, egiturazko edo estetikako xedeekin edo bestelakoekin egindakoak.

Edozein kasutan, diru-laguntzen xede diren inbertsioak eta gastuak 600 eurotik gorakoak izan beharko dute (BEZa kanpo).

BEZa diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostutzat joko da baldin eta onuradunak ezin badu berreskuratu. Horretarako, BEZa kostu kengarri gisa ez duten erakundeek hori frogatzen duten agirien kopia aurkeztuko dute. Hainbanaketa araubidean badaude, kostu hori kalkulatzeko oinarria izanen da diru-laguntza eman aurretik amaitu den azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa. Kasu horretan, haien betebehar fiskalen likidazioko azken emaitza aurkeztu beharko dute.

Ez dira behin ere diru-laguntzen xede izanen:

-Lizentzia edo baimenengatik pagatu beharreko tasak eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.

-Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

-Oro har, argi eta garbi zehazten ez diren gastuak edo inbersioaren helburu energetikoak lortzeko xede zuzena ez dutenak. Betiere Enpresa Zuzendaritza Nagusiaren irizpidea nagusituko da dudarik izanez gero.

2. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa kostuan diru-laguntzaren xede izan daitekeen ehunekoa izanen da, jarduketa mota bakoitzerako honelaxe ezarri dena:

Baoak aldatzea

Beira arrunta

%20

Emisibitate txikiko beira

%25

Etxegintzaren Kode Teknikoko HE 1 Atala aplikatzekoa zaien zaharberritzeak

%30

Etxegintzaren Kode Teknikoko HE 1 Atala aplikatuko ez zaien beste eraberritze, aldaketa nahiz zaharberritze batzuk

%25

4. oinarriko 3. puntuko b) eta c) ataletan jasotako zaharberritzeen kasuan, aldaketak jardute osoak adinako diru-laguntza portzentajea jasoko du.

Aurreko portzentajeak gorabehera, ukitutako etxebizitza bakoitzeko gehienez 10.000 euroko diru-laguntza ezarri da, etxebizitzen eraikin bloke bakoitzeko gehienez 300.000 euro eta etxebizitzatarako erabilera ez duten eraikin bakoitzeko gehienez 300.000 euro.

6. oinarria. Eskabideen aurkezpena.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2008ko urriaren 15ean bukatuko da, bi egun horiek barne direla.

Eskabideak eta bestelako agiriak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 posta kodea, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eraikinaren osagai komunak zaharberritu nahi dituzten jabeen elkarteetan, eskabidea elkartearen izenean aurkeztu beharko da, ez auzo bakoitzaren izenean.

3. Eskabideak ereduarekin bat beteko dira, deialdi honetako sektore eta neurri bakoitzaren arabera. Hona hemen non atzeman daitezkeen:

-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean).

-www.cfnavarra.es/industria/areas/energia/index.htm web orrian, "Energia aurrezteko jarduketetarako laguntzak" izeneko atalean.

-Zaharberritze bulegoetan.

Eredu horretan, eskaerarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da.

7. oinarria. Diru-laguntzaren xedea.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Eskabideak hartu ahala banatuko da diru-laguntza aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena beranduenez ere eskaera aurkezten den datatik sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da.

Epealdi horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaerak administrazio isiltasunaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

8. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onarturiko diru-laguntza kobratzeko eskubidea izateko, onuradunak frogatu beharko du diru-laguntzaren xede den jarduketa egin egin duela, 2009ko abuztuaren 31 baino lehen agiri hauek aurkeztuz:

a) Diruz lagundutako inbertsio edo gastu osoari dagozkion fakturen fotokopiak eta ordaindutakoaren frogagiriak (bankuko agiriak edo ordainagiriak).

Salbuespen gisa, diru-laguntzaren onuraduna toki entitate bat denean, ordainagiri gisa honako hauek onartuko dira: diru-laguntzaren inbertsio edo gastuaren harrera agiria, inbertsio edo gastu hori pagatzeko ebazpena edo udal edo kontzejuko alkate edo idazkariaren erantzukizuneko aitorpena, diru-laguntzaren xede den jarduketa burutu dela eta 2009ko urriaren 31 baino lehen pagatuko dela dioena. Kasu horietan, onuradunak diru-laguntzaren xede den inbertsio edo gastua osorik pagatu duela frogatzen duten agirien fotokopiak aurkeztu beharko ditu.

b) Etxegintzaren Kode Teknikoko HE 1 Atala aplikatzekoa zaien zaharberritze kasuetan eta 656 metrotik gorako altuera duten eraikinen zaharberritzeetan, baoen aldaketak barne hartzen badituzte: Udalak emandako obra lizentziaren fotokopia edo obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen Udalaren idazkariaren ziurtagiria.

c) Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, gutxienez bi eskaintza aurkeztu beharko ditu eta hautatutako eskaintzarako arrazoiak justifikatu.

Onuraduna aurrekotik salbuetsiko da, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile ez dagoenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia (jatorrizkoa) aurkeztu beharko da. Inprimakia Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

e) Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Ezarririko modu eta epean hala justifikatu ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Egiaztagiriak aztertuta, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek, jabeen elkarteak izan ezik, jarduketa burutzen den eraikin edo etxebizitzaren jabetzari eutsi beharko diote, diru-laguntza eman eta hurrengo bost urteetan.

2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzeko beharra ekarriko du.

Arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

10. oinarria. Laguntzen "de minimis" izaera.

Deialdi honetako laguntzak, toki entitateei, partikularrei edo jabe elkarteei ematen zaizkienak izan ezik, "de minimis" laguntzen barrenean sartzen dira, Europar Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan eta Batzordeak urriaren 6an emandako 1860/2004 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz; lehenbiziko erregelamendu horretan zehazten da nola aplikatu EEaren Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei, eta bigarrenean, berriz, artikulu horiek berak nekazaritza eta arrantza sektoreetako "de minimis" laguntzei aplikatzeko arauak eman ziren.

Erregelamendu horiekin bat, onuraduna enpresa bat baldin bada, diru-laguntza horren zenbatekoa, hiru zergaldiz "de minimis" kontzeptuagatik harturikoak baturik, gehienez ere 200.000 euroko izanen da, 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresendako edo 3.000 eurokoa Tratatuaren I. eranskineko zerrendan ageri diren nekazaritzako produktuak lehen mailan ekoizten diharduten enpresendako.

Horretarako, enpresak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan araubide horretan hartutako bestelako laguntzak adieraztera, eskabidearekin batera emandako ereduarekin bat.

11. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ondasun berberetarako emandako edozein diru-laguntza motarekin.

Halaber, Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduko 2.5. artikuluan xedatutakoarekin bat, "de minimis" laguntzak ezin metatu zaizkio diru-laguntzaren xede diren gastu berei dagokien laguntza publiko bati ere, baldin eta metaketa horrek kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batean edo Batzordeak hartutako erabakian ezarritako laguntzaren muga gainditzen badu.

12. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Administrazio Publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauexek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0810703