93. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

BERRIOZAR

Oinarrietan agertzen diren udalen zerbitzuko euskara teknikarien ordezkapenak egiteko lan-poltsa osatzeko deialdia

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da jarraian aipatzen diren toki entitateen euskara teknikarien ordezkapenak egiteko lan-poltsa osatzea: Aezkoako Batzarre Nagusia, Aranguren Ibarreko Udala, Aurizko Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Garesko Udala, Irantzu Mankomunitatea, Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Orkoiengo Udala, Tafallako Udala, Uharte eta Esteribarko Zerbitzu Mankomunitatea, Erronkariko Ibaxaren Batzordea eta Zizur Nagusiko Udala.

1.2. Lanpostu horiek B mailako lansaria izanen dute, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen lansarien behin-behineko erregelamenduan eta hura garatzen edo aldatzen duten gainerako xedapenetan ezarri bezala. Titulazio handiagoa duen izangaia izendatuz gero, lanposturako eskatzen den titulazioari dagokiona izanen da lansaria.

1.3. Lanaldia zerbitzuko beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahal izanen du.

2.-Betebeharrak.

2.1. Toki entitaterako euskara normalizatzeko eta sustatzeko plan orokor eta sektorialak prestatzea eta kudeatzea, eta horien kontrola eta jarraipena egitea.

2.2. Toki entitateak hartzen dituen erabaki guztiak betetzea, eta horiei kontrola eta jarraipena egitea.

2.3. Toki entitateari nahiz gizarteko bertze sektoreei beren euskarazko jardunetan aholku eta laguntza teknikoa ematea.

2.4. Toki entitateko taldeei nahiz bertako gizarte eragileei soziolinguistika alorrean aholku ematea.

2.5. Toki entitateko euskara batzordean parte hartzea.

2.6. Beste udal, mankomunitate eta euskara zerbitzuekin nahiz foru erakundeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.7. Euskararen normalizazioan eta sustapenean diharduten eskualdeko nahiz kanpoko elkarte eta taldeekin harremanean jarri eta koordinatzea.

2.8. Toki entitateko organoek agindutako beste edozein eginkizun, lanpostuarekin zerikusia duena betiere.

3.-Izangaien baldintzak.

3.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek ondoren aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:

a) Espainiako hiritarra izatea, edo Europako Batasuneko bertze estatu batekoa, edo Europako Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen duen eremuko estatu batekoa; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, Europako Batasuneko herritarren ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean adinez nagusi izatea.

c) EGA titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Unibertsitateko diplomatu titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena, lanbide heziketako hirugarren maila edo titulu baliokideren baten jabe izatea, edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Abuztuaren 2ko 30/1984 legearen bosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, unibertsitateko diplomatu tituluaren baliokidetzat jotzen da lizentziaturako hiru ikasturte oso gainditu izana.

e) Dagozkion egitekoak betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta edozein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea. Espainiako herritartasuna ez duten izengaiek agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izengaiek, kontratua izenpetu aitzinetik horretarako ezartzen zaien unean.

g) Ibilgailuak gidatzeko karneta, B mailakoa bederen, eta ibilgailua izatea.

4.-Eskabideak.

4.1. Eskabideak Berriozarko Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira, deialdi hau argitaratu eta 30 egun naturaleko epean.

4.2. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotu behar zaizkio, eta horrekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honen 3.1 atalean eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak.

c) Lehiaketan baloratzen ahal diren merezimenduen fotokopia konpultsatuak.

5.-Izangaien onarpena eta prozedura.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondotik, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta argitara emango du.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondotik, Berriozarko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpena emanen du, eta argitara emanen du.

6.-Epaimahai Kalifikatzailea.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Berriozarko Udaleko alkatea

-Ordezkoa: Berriozarko alkateak izendatzen duen udal ordezkaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

-Ordezkoa: Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak izendatutako euskara teknikaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Euskarabideak izendatutako euskara teknikaria.

-Ordezkoa: Euskararen Nafar Institutuak izendatutako euskara teknikaria.

-Idazkaria: Berriozarko Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Berriozarko Udaleko idazkariak izendatutakoa.

6.2. Probei hasiera eman baino lehen epaimahaia eratu beharko da, eta mahaiburuak horretarako deia eginen die gainerako kideei.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen ez bada biltzen.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin ahal diote eta halaxe jakinaraziko diote deialdia egin duen organoari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak abstenitzeko aipatzen dituen arrazoiak direla medio. Halaber, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, arrazoi horiek izanez gero.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal izanen ditu proba guztietarako edo batzuetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta horietan baino ez diote laguntzarik emanen epaimahaiari.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketak gehienez ere 25 puntuko balorazioa izanen du, eta gisa honetan banatuko da:

a) Toki entitate baten zerbitzuan euskara teknikari lanpostuan aritu izatea. Urte bakoitzeko 3 puntu eta gehienez ere 9 puntu. Denbora zatientzat proportzioan dagokiena.

b) Bestelako administrazio publiko batean euskara teknikari lanpostuan aritu izatea. Urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 3 puntu. Denbora zatientzat proportzioan dagokiena.

c) Elkarte edo entitate pribatuetan euskararen normalizazioan dinamizatzaile, koordinatzaile edo teknikari lanetan aritu izatea. Urte bakoitzeko puntu 1 eta gehienez ere 3 puntu. Denbora zatientzat proportzioan dagokiena.

d) Titulazio akademiko hauek izatea:

-Hizkuntza plangintzarekin zerikusia duten graduondokoak: 4 puntu.

-Euskal Filologian lizentziatura: puntu 1.

-Soziologian lizentziatura: puntu 1.

e) Epaimahaiaren iritziz deialdiko lanpostuarekin zerikusia izan eta 15 ordutik goitiko iraupena duten ikastaroetan parte hartu izatea. Gehienez ere 2 puntu.

Soziolinguistika-ikastaroak eta euskara maila hobetzeko ikastaroak (EGA maila baino altuagoak) kontuan hartuko dira. Atal honetan ez dira baloratuko hizkuntzalaritza arloko ikastaroak. Puntuak honela banatuko dira:

-10-30 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,20 puntu.

-31-50 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.

-51-100 ordu bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,60 puntu.

-101 ordutik aurrerako ikastaroak: 0,80 puntu.

f) Epaimahaiaren iritziz deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten gaiei buruzko argitalpenak, komunikazioak eta ikerketak (epaimahaiak baloratuko du lanaren kalitate nahikoa). Gehienez ere 2 puntu.

-Liburu argitaratu bakoitzeko: puntu 1.

-Artikulu argitaratu bakoitzeko: 0,25 puntu.

-Argitaratu gabeko komunikazio, hitzaldi, ikastaro edo ikerketa bakoitzeko: 0,15 puntu.

7.2. Lehiaketarako aurkezten diren agiri guztiak jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak izanen dira.

7.3. Izangaiek lehiaketan lortutako puntuazioa Berriozarko Udaletxeko iragarki oholean paratuko da, probak hasiko diren egun berean.

8.-Probak.

8.1. Proba guztien gehieneko balorazioa 75 puntukoa izanen da. Proba eta ariketa bakoitzean jarritako puntuazioaren erdia lortu beharko dute izangaiek. Hori lortzen ez duena baztertua geratuko da.

8.2. Hiru proba egonen dira: lehenengoan lanpostuan beharrezkoa den euskara gaitasun espezifikoa neurtuko da; bigarrenean ezagutza teorikoak eta, hirugarrenean, lanpostuko jarduera praktikoarekin lotutako gaitasunak. Proba bakoitzean honako ariketa hauek eginen dira:

Lehenengo proba.-Lanpostuan beharrezkoa den euskara gaitasun espezifikoa egiaztatzeko proba. Gehienez ere 15 puntu (hurrengo ariketara pasatzeko, izangaiak, gutxienez, 7,5 puntu lortu beharko ditu). Hiru ariketa eginen dira:

-Lehenengo ariketa. Ahozko gaitasuna. Izangai bakoitzari banaka eginen zaio, eta hamar minutuko iraupena izanen du. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu (hurrengo ariketara pasatzeko, izangaiak, gutxienez, 2,5 puntu lortu beharko ditu).

-Bigarren ariketa. Idatzizko gaitasuna: euskarazko testu baten zuzenketa. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu (hurrengo ariketara pasatzeko, izangaiak, gutxienez, 2,5 puntu lortu beharko ditu).

-Hirugarren ariketa. Idatzizko gaitasuna: gaztelaniazko testu bat euskarara itzultzea. Gehieneko puntuazioa: 5 puntu (hurrengo ariketara pasatzeko, izangaiak, gutxienez, 2,5 puntu lortu beharko ditu).

Bigarren eta hirugarren ariketa batera eginen dira, eta guztira ordu eta erdi iraunen dute.

Bigarren proba.-Ezagutza teorikoak neurtuko ditu. Gehienez ere 30 puntu. Hurrengo probara pasatzeko, izangaiak, gutxienez 15 puntu lortu beharko ditu.

Ariketa bakarra eginen da: II. eranskineko gaiei buruzko testa, 100 galdera ordu eta erdiz erantzuteko. Gaizki erantzundako galdera bakoitzarengatik 0,05 puntu kenduko dira.

Hirugarren proba.-Lanpostuko jarduera praktikoarekin lotutako gaitasunak neurtuko ditu. Gehienez ere 30 puntu. Proba gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 15 puntu lortzea. Ariketa bakarra eginen da:

Izangaiak ondoren aipatzen diren toki entitateetako bat aukeratu beharko du eta entitate horretan "Euskara Normalizatzeko Plan Orokorra" izeneko txostenaren irakurketa eta defentsa egin beharko du. Aipatu txostena bigarren proba egiten den egunean aurkeztu beharko zaio epaimahaiari (hori egiten ez duen izangaia baztertua geldituko da). Epaimahaiak bai txostena, bai horren azalpena baloratuko ditu.

Txostenean atal hauek azaldu beharko dira, gutxienez: euskararen egoeraren diagnostikoa, helburuak, lehentasunak erabakitzeko irizpideak, eskualdeko eragileak eta baliabideak, jarduera zehatzak eta ebaluaziorako tresnak.

Izangaiak toki entitate hauen artean bat aukeratu beharko du txostena prestatzeko:

1.-Agoitz eta Aezkoa.

2.-Aranguren Ibarra.

3.-Auritz-Burguete, Erroibar, Luzaide-Valcarlos eta Orreaga-Roncesvalles.

4.-Barañain.

5.-Baztan.

6.-Berriobeiti.

7.-Berriozar.

8.-Bortzirietako Euskara Mankomunitatea.

9.-Gares.

10.-Irantzu Mankomunitatea.

11.-Iparraldeko Euskara Mankomunitatea.

12.-Lizarra.

13.-Malerrekako Mankomunitatea.

14.-Orkoien, Oltzako Zendea, Etxauri eta Bidaurreta.

15.-Tafalla.

16.-Uharte eta Esteribarko Zerbitzu Mankomunitatea.

17.-Erronkari eta Zaraitzu.

18.-Zizur Nagusia.

8.3. Ariketa idatziak plika sistemaren bidez eginen dira.

8.4. Ariketa guztiak euskaraz eginen dira.

8.5. Galarazia dago ariketetara kontsultarako materiala eramatea

8.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Iragarritako egun, ordu eta tokietara, edozein arrazoi dela bide, agertzen ez diren izangaiak baztertuta geldituko dira.

9.-Probak baloratzea.

9.1. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du ariketa bakoitzaren kalifikazioa, eta kalifikazio guztien banaz besteko aritmetikoa izanen da ariketa horren puntuazioa. Epaimahaikideek emandako puntuaziorik handienaren eta txikienaren arteko aldea ariketa horretarako baldintzetan aurreikusitako puntuazioaren ehuneko 30 baino handiagoa bada, muturreko bi puntuazio horiek ez dira kontuan hartuko, eta banaz besteko aritmetikoa lortzeko gainerako puntuazioak baino ez dira erabiliko.

9.2. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda eta erdietsitako kalifikazioa jarriko ditu Berriozarko Udaletxeko iragarki oholean eta probak egin diren lokalean. Han zehaztuko da hurrengo ariketa non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

10.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda jarriko Berriozarko Udaletxeko iragarki oholean. Zerrenda hori erdietsitako puntuazioaren arabera eginen da, puntuazio gehien lortu duen izangaitik hasita, eta izangai bakoitzak ariketa bakoitzean lortu duen kalifikazioa batuta emanen da.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarri eta aplikazio agintzen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion sailari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, eta, aukeran, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hilabete bateko epearen barrenean.

Berriozarren, 2008ko ekainaren 18an.-Berriozarko Udaleko alkatea, Xabier Lasa Gorraiz.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskatzaileari buruzko datuak:

Izen-abizenak

Jaiotze-data

NAN zenbakia

Helbidea

Herria ...................................., Posta kodea

Telefono fijoa ........................................ Eskuko telefonoa

Posta elektronikoa

AZALPENAK:

-Berriozarko Udalak Euskara teknikarien ordezkapenak egiteko lan-poltsa osatzeko deialdia argitaratu du.

-Eskatzaile honek deialdi horretan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu.

-Honekin batera deialdian eskatzen diren dokumentuen fotokopia konpultsatuak aurkezten ditu, baita lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduei dagozkienak ere.

ESKAERA:

Eskabide hau onartzea eta deialdiko probetan parte hartu ahal izatea.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

BERRIOZARKO UDALEKO ALKATE JAUNA.

II. ERANSKINA

Gaiak

1.-Kontaktuan dauden hizkuntzei buruzko oinarrizko kontzeptuak: hizkuntza komunitatea, hizkuntza gutxietsiak, gizartearen eta norberaren hizkuntza aniztasuna, diglosia, hizkuntzen arteko gatazka, hizkuntza normalizazioa, hizkuntza politika, hizkuntza plangintza, hizkuntza eskubideak eta ofizialtasuna.

2.-Euskararen legezko estatusa: konstituzioak, autonomia estatutuak eta lege organikoak. Euskarari buruzko Foru Legea. Euskarari buruzko Foru Legea garatzen duten xedapen nagusiak eta Euskararen udal ordenantzak Nafarroan.

3.- Euskararen egoera demolinguistikoa Euskal Herrian. Informazio iturriak. Hizkuntza gaitasuna, euskararen transmisioa eta euskararen erabileraren inguruko datuak eta estatistikak.

4.-Euskararen egoera funtzionala: euskararen erabilera gizartearen esparruetan

5.-Euskararen historia soziolinguistikoa. Urrats erabakigarriak euskararen historian eta euskal komunitate linguistikoan, informazioa dagoenetik gaur egun arte, galera eta berreskuratze prozesuak, soziolinguistikaren irizpideak kontuan hartuta.

6.-Hizkuntza aniztasunari eta euskarari lotutako itun, hitzarmen eta deklarazioak.

7.-Hizkuntza errepertorioa: hizkuntzaren aldagaiak eta eremuak. Euskararen errepertorioa: batua, aldaera geografikoak, aldaera sozialak, aldaera formal eta ez-formalak, argotak.

8- Nazioarteko soziolinguistikaren ekarpen teorikoak: Fishman, Mackey, "Bizi indar etnolinguistikoaren eskola" (Giles, Bourhis, Taylor ...), Aracil ...

9.-Euskal Herriko soziolinguistikaren ekarpen teorikoa: Txepetx, Txillardegi ...

10.-Ikerketa soziolinguistikoaren metodologiak. Metodo kualitatiboak (eztabaida taldea, elkarrizketa irekia ...) eta metodo kuantitatiboak (inkestak, zentsuak ...). Euskararen kaleko erabileraren neurketa eta beste metodologia berezi batzuk.

11.-Hizkuntza gutxiagotuak nazioartean normalizatzeko erabiltzen diren hizkuntza politika ereduak. Eredu horien helburuak eta metodoak. Lurraldetasunaren eta eskubide pertsonalaren kontzeptuak.

12.-Euskararen normalizaziorako azpiegitura Euskal Herrian: erakunde publikoak eta gizarte erakundeak.

Iragarkiaren kodea: L0810222