93. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

UNTZUE

Udal ordenantza, ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Untzueko Udalak, 2008ko martxoaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ezkondu gabeko bikote egonkorren Untzueko Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamazio, kexa edo oharrik batere aurkeztu gabe, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Ekainaren 10eko bilkuran berretsi zen erabaki hori.

Ondorio juridikoak sorrarazteko, inguruabar hori argitara ematen da, ordenantzaren testuekin batean. Hona hemen:

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN UNTZUEKO UDALAREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Untzueko Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, heterosexual nahiz homosexualen artekoak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eska dezakete, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Untzuen erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen bertze erregistro batean.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Udaleko idazkariaren aitzinerat, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabe jarri gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada, edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

Ezin izanen da aldi baterako bikote egonkor osatzeko itunik egin, ezta baldintzapetu ere.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Orobat, hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. artikulua. Erregistroaren lekua Udalaren idazkaritza izanen da.

6. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da, eta liburu hori orri zenbatu eta zigilatuz osaturik egonen da. Irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira liburuaren hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak ematen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

9. artikulua. Egiten diren inskripzioak guztiz doakoak izanen dira.

10. artikulua. Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Untzueko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

Untzuen, 2008ko ekainaren 16an.-Alkatea, José Javier Javier Jaurrieta Elcano.

I. ERANSKINA

Bikote egonkorra inskribatzeko eskabidea

Untzueko Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ..........., jaioterria: ............, jaioteguna: ............ egoera zibila: ................ helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) NAN zenbakia: .....

Izena: ..........., jaioterria: ............, jaioteguna: ............ egoera zibila: ................ helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) NAN zenbakia: ...........

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, Ezkontzaz Kanpoko Elkartze Zibilen Udal Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Arauei jarraikiz, eta horretarako,

Zin egiten dugu:

Lehena: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitarazi behar zaio ........ jaun/andreari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ezta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Bosgarrena: nahi dugula/ez dugula nahi (kendu behar ez dena) gure arteko giza nahiz ondare harremanen gaineko hitzarmenak erregistroan inskribatzea.

Hala bada, honako honekin batera aurkezten dugu jasota gelditzea nahi dugun testu osoa, biek sinaturik.

Seigarrena: baimena ematen dugula Untzueko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko, honi dagokionez.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Untzueko erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Untzueko Udalaren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Untzuen, .............(e)ko ...........aren .....(e)an

Sinatua: ............................. Sinatua: ...........................

II. ERANSKINA

Bikote egonkorraren inskripziotik kentzeko eskabidea

Untzueko Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ..............................., NAN zk.: .............., jaioterria: ................., bizitokia: ...................., eta

Izena: ..............................., NAN zk.: .............., jaioterria: ................., bizitokia: ....................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horiek horrela,

Honako hauek ....................... eta ............. eskatzen dugu Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan gure arteko bikotea kentzeko inskripzioa egin dadila, elkartzearen inskripzioa bukatutzat edo iraungitzat emanez.

Untzuen, ........(e)ko ...........aren .....(e)an

Sinatua: ............................. Sinatua: ...........................

Iragarkiaren kodea: L0811372