93. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2187/2008 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana, erregai alternatiboen bidez elikatzen diren auto eta motozikletak erosteko 2008. urteko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak, 2008ko otsailaren 26an, lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zuten, Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiako 2008-2012 urteetako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzeko 2008-2012 urteetan.

E4aren azken helburua da gure eragimena handitzea energiaren kontsumoan, gure energia sistema iraunkorragoa izateko (ingurumenean eragin txikiagoa eta klima aldaketan ondorio gutxiago), lehiakorragoa (ondasunak eta zerbitzuak sortzeko energia gutxiago behar delako) eta segurua (gehien-gehienak kanpotik ekartzen ditugun baliabideekiko mendekotasuna murrizten delako).

Testuinguru horretan, energiaren arloko jarduketak egin nahi dira energiaren kontsumoa eta beraz intentsitate energetikoa (energia kontsumoaren eta barne produktu gordinaren arteko erlazioa) gutxitzeko. Neurrien artean diru-laguntzen deialdi hau dago besteak beste.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2008ko ekainaren 30eko Erabakiaren bidez, plan horri dagozkion diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidean ematea erabaki zuen.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erregai alternatiboen bidez elikatzen diren auto eta motozikletak erosteko 2008. urteko deialdia onestea. II. eranskinean aipatzen dira.

2. Diru-laguntzak emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 50.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuetako kontusail honen kontura (kontusail hori 2008ko gastuen aurrekontuetako kontusailen baliokidea da): "Energia aurrezki eta eragimenerako jarduketak" izeneko 810003-81140-7800-425200 kontusaila.

Funts horiek Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak ematen ditu, goian aipatutako hitzarmenari jarraikiz.

Halaber, 2009ko ekitaldian kontusail horretan izaten ahal den dirua deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpenaren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzenduta, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2008ko uztailaren 2an.-Enpresa zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. ERANSKINA

Erregai alternatiboen bidez elikatzen diren auto eta motozikletak erosteko 2008. urteko deialdiko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen helburua, onura publikoari dagokionez, ibilgailu berrien, bereziki erregai alternatiboen bidez (hots, gasolina eta gasolioa ez beste batzuen bidez) elikatzen diren horien eragimen energetiko handiagoaren abentailak aprobetxatzeko auto eta motozikleta parkea modernizatzea da.

2. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Honako hauek hartzen ahalko dituzte diru-laguntza hauek: Nafarroan bizi diren pertsona fisikoek, pertsona juridikoek, irabazi asmorik gabeko erakundeek, toki entitateek, eta horiekin parekatzen diren guztiek, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Inbertsioen jabea izatea, honetatik kanpo gelditzen baitira errentamendurako inbertsioak. Laguntza emateko ebazpenaren hurrengo bost urtez eutsi beharko zaio baldintza horri.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatu hala dela. Aitorpen horren eredua eskabidearekin batera eskuratzen ahalko da. Entitate publikoak betebehar orokor horietatik salbuetsiak daude.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Ibilgailu mota hauen erosketa izanen da diru-laguntzen xede, baldin eta inbertsio horiek Nafarroan egin badira eta aplikatzekoa den arautegiko betebeharrak betetzen badituzte:

a) Ibilgailu berriak, GPBa 3.500 kg-tik beherakoa duten autoak edo merkataritzarakoak, sistema edo erragai hauen bidez elikatzen badira:

a. Baterietatik abiaturiko elektrizitatea, hibridoa (baterien bidez %100eko trakzio elektrikoko gaitasuna badute) eta 140 g CO2/km baino gutxiago aireratzen badituzte.

b. Hidrogenoaren zuzeneko erreketa edo erregai pilen bidezkoa.

c. Gas naturala edo petrolio gas likidotuak, 170 g CO2/km baino gutxiago aireratzen badituzte.

b) Autoak eraldatzea, GLPekin elikatu ahal izateko.

c) Motor elektrikoak, hots, gutxienez ere 10 kW-ko potentzia badaukate, %100eko trakzio elektrikoko gaitasuna eta auto gisa matrikulatu beharra badaukate.

2. Diru-laguntza jasotzen ahal duen inbertsioa edo gastua egiteko epea 2007ko irailaren 16tik 2009ko abuztuaren 14 artekoa izanen da, biak barne.

4. oinarria. Diruz laguntzen ahal den kostua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Nafarroan egiten diren inbertsio eta gastuak izanen dira diru-laguntzen xede, 3. oinarrian aipatzen direnak.

Inbertsioaren bidezko gastu finantzarioengatik eta leasing, renting edo antzeko tresna finantzarioen bidez ibilgailuak erosteagatik ez da diru-laguntzarik emanen, ez eta ibilgailu erabiliak erosteko ere.

BEZa diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostutzat joko da, baldin eta onuradunak ezin badu berreskuratu. Horretarako, BEZa kostu kengarri gisa ez duten erakundeek hori frogatzen duten agirien kopia aurkeztuko dute. Hainbanaketa araubidean badaude, kostu hori kalkulatzeko oinarria izanen da diru-laguntza eman aurretik amaitu den azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa. Kasu horretan, azken emaitza aurkeztu beharko dute haien betebehar fiskalen likidazioan.

2. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa izanen da, jarduketa mota bakoitzerako honelaxe ezarri dena:

Propultsio elektrikoko autoak, hidrogenoaren bidezkoak (bi erregai edo gehiagoko autoak barne) edo erregai pilen bidezkoak erostea

6.000

Propultsio hibridoko autoak erostea, baterien bidezko %100eko trakzio elektrikoaren gaitasuna badute

2.000

Gas naturalarekin edo GLPekin elikatzen diren autoak erostea, bi erregai edo gehiago autoak barne

2.000

Autoak eraldatzea, GLPekin elkatu ahal izateko.

450

Motor elektrikoak

750

Zenbateko horiek gorabehera, ematen den diru-laguntza gehienez ere autoaren edo motor elektrikoaren prezioaren %15ekoa izanen da.

5. oinarria. Eskabideen aurkezpena.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2008ko abenduaren 31n (biak barne) bukatuko da.

Eskabideak eta bestelako agiriak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 posta kodea, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabideak ereduarekin bat beteko dira, deialdi honetako sektore eta neurri bakoitzaren arabera. Hona hemen non atzeman daitezkeen:

-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean).

-www.cfnavarra.es/industria/areas/energia/index.htm webgunean, "Energia aurrezteko jarduketetarako laguntzak" izeneko atalean.

Eredu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da.

6. oinarria. Diru-laguntzaren kontzesioa.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Eskabideak hartu ahala banatuko da diru-laguntza aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena beranduenez ere eskabidea aurkezten den datatik sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskabideak administrazioaren isiltasunaren bidez onartu direla ulertuko da.

Aurkeztutako eskabidearen berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onarturiko diru-laguntza kobratzeko eskubidea izateko, onuradunak frogatu beharko du diru-laguntzaren xede den jarduketa egin egin duela, 2009ko abuztuaren 31 baino lehen agiri hauek aurkeztuz:

a) Diruz lagundutako inbertsio edo gastu osoari dagozkion fakturen fotokopiak eta ordaindutakoaren frogagiriak (bankuko agiriak edo ordainagiriak).

b) Diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, gutxienez bi eskaintza aurkeztu beharko ditu eta hautatutako eskaintzarako arrazoiak justifikatu.

Onuraduna aurrekotik salbuetsiko da, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile ez dagoenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

c) Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergaren edo zirkulazioaren gaineko zergaren ordainagiriaren fotokopia, Nafarroako Udal batek luzatu beharko duena, inbertsioa Foru Komunitatean egin dela egiaztatzeko.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen inprimakia (jatorrizkoa) aurkeztu beharko da. Inprimakia Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.

e) Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Ezarririko modu eta epean hala justifikatu ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Egiaztagiriak aztertuta, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

8. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek, jabeen elkarteak izan ezik, diru-laguntzaren xede diren autoen jabetzari eutsi beharko diote, diru-laguntza eman eta hurrengo bost urteetan.

2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzeko beharra ekarriko du.

Arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideetarako erabiltzen ahalko dira.

9. oinarria. Laguntzen "de minimis" izaera.

Deialdi honetako laguntzak, toki entitateei edo partikularrei ematen zaizkienak izan ezik, "de minimis" laguntzen barrenean sartzen dira, Europar Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan eta Batzordeak 2004ko urriaren 6an emandako 1860/2004 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz; lehenbiziko erregelamendu horretan zehazten da nola aplikatu EEaren Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei, eta bigarrenean, berriz, artikulu horiek berak nekazaritza eta arrantza sektoreetako "de minimis" laguntzei aplikatzeko arauak eman ziren.

Erregelamendu horiekin bat, onuraduna enpresa bat baldin bada, diru-laguntza horren zenbatekoa, hiru zergaldiz "de minimis" kontzeptuagatik harturikoak baturik, gehienez ere 200.000 euroko izanen da, 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresendako edo 3.000 eurokoa Tratatuaren I. eranskineko zerrendan ageri diren produktuak ekoizten diharduten enpresendako.

Horretarako, enpresak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan araubide horretan hartutako bestelako laguntzak adieraztera, eskabidearekin batera emandako ereduarekin bat.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ondasun berberetarako emandako edozein diru-laguntza motarekin.

Halaber, Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduko 2.5. artikuluan xedatutakoarekin bat, "de minimis" laguntza ezin metatu zaio diru-laguntzaren xede diren gastu berei dagokien laguntza publiko bati ere, metaketa horrek kategorien arabera salbuesteko erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakian ezarritako laguntzaren muga gainditzen badu.

11. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauexek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0810707