92. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

224/2008 FORU AGINDUA, uztailaren 3koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako 2008-2011 urteetarako diru-laguntzaren araubidea ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko 2008-2011 aldiko Plana, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak egina, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren zati da.

Plan horren helburuak dira, besteak beste, oinarri esportatzailea zabaltzea, Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeen kopurua handitzea, eta sektore eta azpisektore esportatzaileak eta ezarpen helmugak gehitzea.

Aurreko helburuak lortzeko planteatzen diren ekintzetako bat nazioartera ateratzeko estrategia garbia duten enpresentzako aholkularitza zerbitzuak bultzatzea da.

Profesional adituek emandako aholkularitza, bai jatorrian bai helmugan, enpresen kanpo sustapenean eta nazioartera ateratzeko fase aurreratuagoetan arrakasta lortzeko gakoetako bat da.

Foru agindu honen xedea da nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako 2008-2011 urteetarako diru-laguntzaren araubidea ezartzea.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20ko Erabakiaren bidez, baimena eman du diru-laguntzak banakako ebaluazioko araubidean eman daitezen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Diru-laguntzaren xedea da Nafarroako enpresei nazioartera ateratzen laguntzea, Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeen kopurua handituz, eta sektore esportatzaileak eta ezarpen helmugak gehituz.

Horretarako, nazioartera ateratzeko moduetan adituak diren profesionalen aholkularitza, bai zerbitzu estrategikoetan bai operatiboetan, kontratatzeko diru-laguntza ematen da.

2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

1. Jatorriko aholkularitza.

Honako hauek sartzen dira:

a) Beren tamaina edo antolatzeko modua dela eta, nazioartekotzeaz espresuki arduratzen den langilerik ez duten eskatzaileei egiten zaizkien zerbitzuak. Zuzendaritza, merkataritza eta sustapen eginkizunekin lotutako jarduerek, bai eta gaiarekin lotutako zerbitzuek ere, lortzen ahalko dute diru-laguntza. Jarduera eta zerbitzu horiek nazioartera ateratzeko departamentu bat sortu beharko dute enpresan edo enpresa multzoan.

b) Aurreko atalak barnean hartzen ez dituen eskatzaileei -beste merkatu batzuetan sartu nahi, baina horretarako dituzten zailtasun berezien ondorioz kanpo aditu bat kontratatu behar dutenak- egindako zerbitzuak.

c) Nazioartekotzearen arloan gogoetarako eta dibertsifikazio estrategikorako aholkularitza zerbitzuak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren metodologia bati jarraikiz. Zerbitzu horiek metodologia horretan prestatutako profesionalek egin beharko dituzte.

d) Abokatu bulegoek kanpoko hornitzaile, banatzaile edota bezeroekin sinatutako kontratuei buruzko kontsulta, txosten, irizpen, negoziazio, idazketa eta betetzearen jarraipenean egindako zerbitzuak, edo defentsa juridikoa, demanda judiziala izanez gero.

e) Adimen lehiakorra, hau da, dokumentu bidezko ikerketa, datu base profesionalen berariazko softwareen bidezko azterketan onarritzen dena eta sektorearen eta/edo eskatzaileak aukeratutako merkatuaren lehiakortasuna eta lehiatzaileek eta balizko bezeroek bertan izan dezaketen lekua jakiteko informazio teknologikoa, jokabideak eta legeria helburu dituena.

Lanaldi partzialeko esportazio kudeatzaileek aurreko a) eta b) ataletako zerbitzuak eginen dituzte. Horiek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak homologatu ditu.

Aurreko zerbitzuekin lotutako kontratuak eta luzapenak eredu ezarriaren arabera formalizatuko dira. Interesdunek Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialean jaso dezakete eredua, eta, kontratua sinatzeko, erakunde horren oniritzia beharko dute.

2. Helmugako aholkularitza.

Arlo hauetako aholkularitza zerbitzuak sartzen dira:

a) Merkataritza sustapena: eskatzailearen produktuak merkatu zehatz batean sartu eta hartara moldatzeko moduak, bai eta prezioari, posizionamenduari eta banaketari lotutakoak ere.

b) Helmugan sartu/egoteko modalitatea aukeratzea, baita agenteak, banatzaileak edo inportatzaileak bilatu eta aukeratzea ere.

c) Merkataritza edo ekoizpen ezarpenerako herrialdea edo eremu geografikoa aukeratzea.

d) Ezarpena aldez aurretik aukeratutako helmugan egitearen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa.

e) Kontratazioei buruzko zerga eta lege arloko txostenak (administraziokoak, lanekoak, zibilak, merkataritzakoak); hornitzaileekin, bezeroekin, enplegatuekin edo agenteekin eginiko kontratuen prestaketa eta jarraipena; defentsa juridikoa eta laguntza auzietan; kapitalak aberriratzea; zergak ordaintzea edo aduanak; eta adierazitako esparruarekin lotutako beste edozein jarduera.

Helmugako aholkularitzagatik laguntza eskatzen dutenek diru-laguntza jasotzen ahalko dute aholkularitza egiten deneko herrialdera bidaiatzeko kontratuak edo berrikuntzek, halakorik balego, indarra duten bitartean.

3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Jatorriko aholkularitza.

Jatorriko aholkularitza kontratzeko diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %40 izanen da. Portzentaje hori irizpide hauen arabera handitzen ahalko da:

a) %5, enpresa eskatzailea ETE bat bada, mikroenpresen eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.

b) %10, enpresa multzo bat bada.

c) %5, eskatzailea sektore hauetakoren batekoa bada: nekazaritzako elikagaiak, automozioa, ekipamendu ondasunak, bioteknologia, eraikuntza bioklimatikoa, energia berriztagarriak, logistika eta garraioa, aisia, kultura eta turismoa, IKT, osasuna eta nanoteknologia.

2. artikuluko 1. idatz-zatiko a) eta b) letretan adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 18.000 eta 30.000 eurokoa izanen da enpresa eta enpresa multzo bakoitzeko, hurrenez hurren. 3 urtez gozatzen ahalko dute laguntzaz. Multzo bereko enpresa batzuek zerbitzu hori kontratatuz gero, zenbateko hori lortzeko, multzoko enpresa guztiek harturiko diru-laguntza hartuko da kontuan.

2. artikuluko 1. idatz-zatiko c) letran adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko.

2. artikuluko 1. idatz-zatiko d) letran adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izanen da aholkularitza bakoitzeko. Urtean 2 aholkularitza hartzen ahalko dira gehienez.

2. artikuluko 1. idatz-zatiko e) letran adierazten diren ekintzetarako diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izanen da enpresa eta urte bakoitzeko.

2. Helmugako aholkularitza.

Helmugako aholkularitza kontratzeko diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren %25 izanen da. Portzentaje hori irizpide hauen arabera handitzen ahalko da:

a) %5, enpresa eskatzailea ETE bat bada, mikroenpresen eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.

b) %10, enpresa multzo bat bada.

c) %5, eskatzailea sektore hauetakoren batekoa bada: nekazaritzako elikagaiak, automozioa, ekipamendu ondasunak, bioteknologia, eraikuntza bioklimatikoa, energia berriztagarriak, logistika eta garraioa, aisia, kultura eta turismoa, IKT, osasuna eta nanoteknologia.

d) %15, zerbitzua Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak homologatutako negozio sustatzaileek egiten badute.

e) Plana A taldeko herrialdeentzat bada, %5, eta, B taldekoentzat bada, %2,5. Plana herrialde batentzat baino gehiagorentzat bada, diru-laguntzaren portzentajea herrialde bakoitzaren araberakoa izanen da. Talde bakoitza osatzen duten herrialdeak foru agindu honen 2. eranskinean adierazten dira.

Eskatzaile batek helmugako aholkularitzagatik jaso dezakeen gehieneko diru-laguntza 15.000 eurokoa da urteko.

Aholkularitza egiten deneko herrialdeari dagokion diru-laguntzan pertsona batek turista klasean bidaiatzeko eta ostatatzeko izanen dituen gastuak sartzen ahal dira, eta lurraldeko foru agindu honen 1. eranskinean herrialde bakoitzarentzat ezarria den bidaia poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da gehienez.

4. artikulua. Onuradunak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

1. Enpresak izanez gero:

a) Nafarroan egotea.

b) Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanik egotea, eskaera aurkezteko egunean.

c) Berezko produktu edo zerbitzu bat edukitzea.

2. Sustapen multzoen kasuan, Nafarroako hiru enpresek osatu beharko dituzte gutxienez. Enpresa bakoitzak aurreko baldintzak bete beharko ditu.

3. Esportazio partzuergoak badira, ezin izanen dira ICEX programetan sartu eta Nafarroan eduki beharko dute egoitza. Diru-laguntza partzuergoan parte hartzen duten Nafarroako enpresa kopuarekin proportzionala izanen da.

5. artikulua. Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak kasuan kasuko kontratua sinatu eta hurrengo hilabetean aurkeztuko dira.

Eskaerak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Foru agindu honetan aipatzen diren aitorpen eredu eta inprimaki guztiak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es) eskuratzen ahalko dira.

2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira (Fc7.07.22 inprimakia):

a) Erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.02 inprimaki ereduaren araberakoa, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak eta kobraturiko laguntzak azaltzen dituena.

b) ETEa dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.01 inprimaki ereduaren araberakoa, diru-laguntza portzentaje osagarria lortze aldera.

c) Eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren aldeko ahalordea eta ahaldunaren NANa. Ahalordea Merkataritza Erregistroan inskribaturik egonen da, baldin eta aplikatzekoa den merkataritza legeriak eskatzen badu.

d) Eskatzailea sustapen multzo bat bada, lankidetza hitzarmena, Fc7.07.19 inprimaki ereduaren araberakoa.

e) Eskatzailea partzuergoa edo multzoa bada, eraketaren ziurtagiria.

f) Sinatutako kontratuaren edo onartutako aurrekontuaren, hala badagokio, kopia.

g) Egin beharreko lanaren plangintza. Kontratazioaren arrazoiak, egin beharreko ekintzak eta horien kronograma adieraziko dira.

h) Helmugako aholkularitza negozio sustatzaileak ez beste batek egin behar badu, enpresa aholkuemailearen aurkezpena eta azken hiru urteetan egindako zerbitzu nagusien zerrenda, bakoitzaren zenbatekoarekin, datarekin eta hartzaile publiko edo pribatuaren izenarekin. Zuzenbidean onar daitekeen edozein froga erantsiko da berme gisa.

3. Eskaerak aurreko atalean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio epe zehatz batean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatu eta espedientea artxibatuko dela. Azken gorabehera horren berri emanen zaio interesdunari.

6. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Lehentasuna emanen zaie ebaluaziorako beharrezkoa den dokumentazioa osorik aurkezten dutenei.

Eskaerak foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta diru-laguntza ebaluazio horren arabera esleituko da.

7. artikulua. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak, foru agindu honetan ezarritako irizpideekin bat.

Ondoren, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek, zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. artikulua. Gastuen justifikazioa eta ordainketak.

1. Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan, onuradunek adierazitako epean izan dituzten gastuak eta egin dituzten ordainketak frogatu beharko dituzte. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen justifikazioa, behar bezala betetako Fc7.07.21 inprimaki ereduaren araberakoa.

b) Gogobetetasun inkesta, Fc7.07.16 inprimaki ereduaren araberakoa.

c) Fakturen kopiak.

d) Ordainketen frogagirien kopiak (banku karguak, ordainagiriak...).

e) Egindako lanaren emaitzaren txostena.

f) Ekintzak burutu direla frogatzeko beharrezkoak diren agiriak.

Benetan egindako gastutzat joko da deialdian ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

Laguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean hala justifikatu ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

2. Diru-laguntzaren xede den gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak emateko, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela, gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

9. artikulua. Diru-laguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak aztertuta, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

Halaber, baimendutako aurrekontua kasuan kasuko kontu-sailetan dauden aurrekontuen arabera handitzen ahalko da.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek betebehar zehatz hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza emateko ebazpenean gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkezteko epeei buruz ezarritakoa betetzea.

b) Diru-laguntzaren xede diren ekintzen gauzatzearen egiaztatzea erraztea, eskatzen diren agiriak eta azalpenak aurkeztuz.

c) Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari jakinaraztea onuradun baldintza lortzeko betekizunak betetzean eragiten ahal duen edozein intzidentzia.

2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzen betetzearen eta lortutako laguntzen erantzukizuneko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen zaiola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzea ekar dezake.

11. artikulua. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta "de minimis" diru-laguntzen izaera.

1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

PIPE programan dauden enpresek ezin dute 2.1 artikuluko a), b), c) eta e) letretan adierazitako diru-laguntzarik eskatu, programaren hiru faseak eta jarraipen programa amaitu arte; azken hori, gutxienez ere, zuzkidura ekonomikoari dagokionez.

2. Foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zergaldiko edozein denboralditan. Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabidearekin bat ematen den inprimaki ereduan.

12. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Xedapen gehigarri bakarra.-Urteko deialdia.

Enpresa zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, foru agindu honek arautzen duen nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako urteroko diru-laguntzaren deialdiko gastua baimentzen da.

Xedapen iragankor bakarra.-2007ko deialdiek araututako ekintzak.

1. Diruz lagun daitezkeen ekintzak, foru agindu hau argitaratu baino lehen egindakoak:

2007ko azaroaren 1etik foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu arte egindako sustapen ekintzak, bai eta argitalpen dataren aurretik amaiera data arte sinatutako kontratuak ere, nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuetarako diru-laguntzak emateko 2007ko deialdiak arautuko ditu. Deialdi hori Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren apirilaren 18ko 1109/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

2. Aurkezteko epea.

Eskabideak eta xedapen honetan adierazten diren ekintzen frogagiriak aurkezteko epea foru agindu hau argitaratzen denean hasi, eta 2008ko irailaren 5ean amaituko da.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko uztailaren 3an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

1. ERANSKINA

HERRIALDEA POLTSA

Albania 870

Alemania 410

Angola 1.730

Saudi Arabia 1.220

Aljeria 360

Argentina 1.730

Armenia 1.020

Australia 1.940

Austria 610

Azerbaijan 1.220

Bangladesh 1.530

Belgika 410

Bielorrusia 1.020

Bolivia 1.630

Bosnia-Herzegovina 610

Botswana 1.840

Brasil 1.560

Brunei 1.940

Bulgaria 920

Kamerun 1.330

Kanada (ekialdeko kosta) 1.120

Kanada (mendebaldeko kosta) 1.430

Txad 1.120

Txile 1.840

Txina 2.080

Zipre 710

Kolonbia 1.330

Kongo 1.730

Hego Korea 2.040

Boli Kosta 1.330

Costa Rica 1.330

Kroazia 610

Kuba 920

Danimarka 410

Ekuador 1.330

AEB (erdialdea) 1.140

AEB (ekialdeko kosta) 940

AEB (mendebaldeko kosta) 1.460

Egipto 820

El Salvador 1.330

Arabiar Emirerriak 1.220

Eslovakia 610

Eslovenia 510

Estonia 1.020

Etiopia 1.220

Filipinak 1.840

Finlandia 610

Frantzia (hego-mendebaldea) 205

Frantzia (gainerakoa) 360

Gabon 1.330

Georgia 1.220

Ghana 1.330

Grezia 560

Guatemala 1.330

Ginea Bissau 920

Ginea Conakry 1.020

Ekuatore Ginea 1.120

Holanda 410

Honduras 1.330

Hungaria 710

India 1.560

Indonesia 1.840

Irak 1.120

Iran 1.330

Irlanda 410

Islandia 920

Israel 820

Italia 410

Jamaika 1.330

Japonia 2.080

Jordania 920

Kazajstan 1.430

Kenya 1.220

Kirgizistan 1.430

Kuwait 1.220

Letonia 1.020

Libano 920

Liberia 1.020

Libia 820

Lituania 1.020

Luxenburgo 410

Madagaskar 1.840

Malasia 1.840

Malawi 1.840

Mali 1.220

Maroko 360

Mauritania 820

Mexiko 1.140

Moldavia 1.120

Mongolia 2.040

Namibia 1.840

Nepal 1.730

Nikaragua 1.330

Nigeria 1.330

Norvegia 610

Zeelanda Berria 2.040

Oman 1.220

Pakistan 1.530

Panama 1.330

Paraguay 1.630

Peru 1.630

Polonia 710

Portugal 200

Puerto Rico 1.020

Qatar 1.200

Britainia Handia 410

Afrika Erdiko Errepublika 1.330

Txekiar Errepublika 710

Kongoko Errepublika Demokratikoa 1.730

Dominikar Errepublika 920

Errumania 920

Errusia 1.040

Senegal 920

Serbia-Montenegro 610

Singapur 1.840

Siria 920

Somalia 1.220

Sri Lanka 1.840

Hegoafrika 1.330

Suedia 610

Suitza 510

Tailandia 1.840

Taiwan 2.040

Tunisia 410

Turkmenistan 1.430

Turkia 820

Ukraina 1.120

Uruguay 1.730

Uzbekistan 1.430

Venezuela 1.330

Vietnam 2.040

Yemen 1.220

Zambia 1.730

Zimbawe 1.730

2. ERANSKINA

HERRIALDEA MULTZOA

Brasil A

Bulgaria A

Txina A

Zipre A

AEB A

Eslovakia A

Eslovenia A

Estonia A

Hungaria A

India A

Japonia A

Letonia A

Lituania A

Maroko A

Malta A

Mexiko A

Polonia A

Txekiar Errepublika A

Errumania A

Errusia A

Turkia A

Australia B

Austria B

Belgika B

Kanada B

Txile B

Hego Korea B

Danimarka B

Arabiar Emirerriak B

Finlandia B

Grezia B

Irlanda B

Israel B

Italia B

Luxenburgo B

Malasia B

Herbehereak B

Portugal B

Singapur B

Hegoafrika B

Suedia B

Suitza B

Iragarkiaren kodea: F0810926