9. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

314/2007 FORU AGINDUA, abenduaren 24koa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2008. urterako toki entitateendako eta gizarte ekimeneko entitateendako dirulaguntzen deialdia onesten duena, enplegu sozial babesturako laguntzetarako.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen du gizarte zerbitzuen arloan botere publikoek bete beharreko jarduketen helburu nagusiak hauek izanen direla, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea arlo guztietan, gizartean, ekonomian, politikan, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa-egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea eta komunitateak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea, batez ere gizatalde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateak.

Eskubide Sozialen Gutunari buruzko apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legeak bide eman nahi die Nafarroan gutxienez ere bi urtez bizi eta erroldaturik dauden herritar guztiei lana aurkitzeko eta oinarrizko errenta irabazteko, herritartasunari dagozkion eskubide guztiak osorik gozatu ahal izateko. Horretarako, berregituraketa ekonomikoak eta berrikuntza teknologikoan Nafarroako gizartean sortu dituzten desoreketan parte hartzeko tresnak ezarriko dira. Hona hemen desoreka horien adibide batzuk: egiturazko langabezia, lan kaxkarrak, pobreziaren hazkundea eta gero eta herritar gehiagoren gizarte bazterketa iraunkor bihurtzea.

Apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuaren bidez gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze egitarauak garatzeko laguntza ekonomikoak arautu ziren. Foru dekretu horretako 1. kapituluan enplegu sozial babesturako laguntzak aipatzen dira.

Arau hartako aurreikuspenek bat etorri beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emaniko dirulaguntzei dagokien orotariko araubide juridikoa ezarri zen. Laguntzak eman aurretik, organo eskudunak arauak ezarriko ditu, argitaratu beharko direnak. Horrela bide emanen zaie jarduerak egiten dituztenei edo laguntzen xede diren egoeretan daudenei laguntzak hartzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek dirulaguntza hauen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren arauen legezkotasuna adierazten dute, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera.

AGINDU DUT:

1. 2008. urterako toki entitateendako eta gizarte ekimeneko entitateendako dirulaguntzen deialdiko arauak onestea, enplegu sozial babesturako laguntzetarako. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 5.674.653 euroko gastua baimentzea. Deialdi honetako gastua 2007ko aurrekontuko "Gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak eta neurriak" izeneko 924002/93320/4809/231600 kontusailetik (5.303.414 euro) eta 2008ko aurrekontuko kontusail baliokidetik (371.239 euro) finantzatuko da, betiere aurrekontuetan behar adina diru badago.

Aurrekontuko kontusail horietarik 125.000 euro gizarte ekimeneko entitateek sustaturiko proiektuetarako: 104.167 euro 2008ko ekitaldian eta 20.833 euro 2009ko ekitaldian.

3. Foru agindu honen berri ematea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzuari, Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari eta Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Atalari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela bide administratiboa agortzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko abenduaren 24an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

2008. urterako toki entitateendako eta gizarte ekimeneko entitateendako dirulaguntzen deialdiko arauak, Enplegu Sozial Babesturako programetarako laguntzak

1.-Xedea, jarduketa-esparrua eta helburua.

Deialdi honen xedea da 2008rako toki entitateei eta gizarte ekimeneko entitateei Enplegu Sozial Babesturako programetarako laguntzak ematea. Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean egitekoak dira.

Dirulaguntza horien bidez irabazi asmorik gabeko interes kolektiboko proiektuak finantzatuko dira, toki entitateek eta gizarte ekimeneko entitateek eginak, gizarteak bazterturik dauzkan pertsonak aldi baterako kontratatzen badituzte eta haien xedea bada pertsona horiei bide ematea lan munduan sartzeko aukerak hobetzen dituzten ohitura eta trebetasunak ikasteko.

2.-Entitate eskatzaileen eta kontratatzen diren pertsonen betebeharrak.

2.1. Nafarroako toki entitateek izanen dute eskubidea deialdian aurreikusitako dirulaguntzak eskatzeko.

Halaber, eskubidea izanen dute ondoko betebeharrak betetzen dituzten gizarte ekimeneko entitateek:

a) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

c) Haien jardueraren xede nagusietariko bat, haien estatutuetan xedaturikoarekin bat, gizarteak bazterturik dauzkan pertsonak gizarteratzea eta lan munduan sartzea izatea.

d) Helbide soziala edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

e) Zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak izatea.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

2.2. Proiektu horiek egiteko kontratatzen diren pertsonek bazterketa sozialeko egoeran egon beharko dute, gizarte zerbitzu oinarrizkoetako gizarte langileen txosten baten bidez frogaturik, eta horiekin eta gizarteratze eta laneratze lantaldearekin gizarteratze eta laneratze itun bat izenpetu beharko dute, non lan testuinguru batean trebetasun eta ohiturak ikasteko fase bat agertuko baita ibilbideko faseetariko bat gisa.

Gizarte ekimeneko entitateen kasuan, gizarte zerbitzu oinarrizkoekin koordinazio egokia bermatuko da, partaideak proiektura bideratzeko eta proiektuak irauten duen bitartean eta bukatu ondoren haien jarraipena egin ahal izateko.

3.-Proiektuek bete beharreko baldintzak.

3.1. Kontratazioari buruz:

a) Entitate eskatzaileek ezinen dute Enplegu sozial babestuko proiektu bat baino gehiago aurkeztu. Proiekturen bat bakarka aurkeztu duten entitateek, ezinen dute beste toki entitateekin batera beste proiekturik aurkeztu.

b) Proiektuek seitik hamabi hilabetera bitarte iraunen dute, baina langileak data diferenteetan lotzen ahalko zaizkie haiei. Lana aurkitzeko denborak gizarteratze eta laneratze ibilbideekin bat etorriko dira.

c) Lan kontratuak aldi baterako izanen dira. Gehienez ere hamabi hilabeteko iraupena izanen dute, aldi baterako kontratuak egiteko indarra duten legeek baimentzen duten edozein moduren bidez. Langile bakoitzarendako iraupenean ahaleginak eginen dira kontratuak aukera eman dezan geroan lana atzemateko ohitura eta trebetasuna ikasteko.

d) Lanaldia langileen beharren arabera aldatzen ahalko da, hiru ordutik (gutxienez) lanaldi osora. Proiektuan aipatzen diren jarduera guztiak egiteko denbora sartzen da lanaldian.

3.2. Egin beharreko lanei buruz:

a) Egin beharreko lanetan lana aurkitzeko aukerak hobetuko dira. Horregatik, jarduerek kasuan kasuko eremuan atzematen diren enplegu-sorguneetara bideratuko dituzte langileak.

b) Emakumeek lana aurkitzeko aukeretarako ekintzen diseinuari garrantzi berezia emanen zaio.

3.3. Prestakuntza jarduerei buruz:

a) Prestakuntza jarduerek helburu hauek izanen dituzte:

-Kontratuaren xede diren lanak egiteko trebetasuna eta gaitasuna ikastea.

-Prestakuntza maila edo lanbide trebetasuna lan merkatuaren eskaeretara egokitzea.

-Norberaren oreka, bizikidetza, gizarteratze eta gizartean parte hartzearen arteko oreka sustatzeko behar diren osagaiak ikastea.

b) Prestakuntza jarduerek kontratualdi osoaren %15 eginen dute gehienez.

3.4. Gizarte ekimeneko entitateek toki entitateek, eduki eta ezaugarrien aldetik, bere gain hartu ezin dituzten proiektuak aurkeztu beharko dituzte. Proiektuko eskatutako dirulaguntza 70.000 eurokoa izanen da gehienez.

4.-Eskaerak aurkeztea.

4.1. Aurkezteko epea eta lekua.

Entitate eskatzaileek deialdia argitaratu eta 30 eguneko epea izanen dute eskaerak aurkezteko. Eskaera entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du.

Eskabideak Nafarroako Mendekotasun Agentziako erregistroan (González Tablas, zk.g., 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetean aurkezten diren eskaerak kartazal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez, jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitatearen ordezkariak behar bezala sinaturiko eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Entitate eskatzaileak burutu nahi duen proiektua, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredu hori Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulego nagusietan (González Tablas kalean, z.g.) eta erakunde beraren www.cfnavarra.es/Bienestar Social webgunean dago entitate interesdunen esku.

b) Entitate sustatzaileek lehenago enplegu sozial babestuko proiektuan parte hartu ez badute, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko dute.

c) Erantzukizunpeko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Lege Orokorreko 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira. Ardurapeko adierazpena ez da beharrezkoa izanen eskatzailea toki entitatea bada.

d) Ardurapeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, zerga guztiak, Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak kitatuak dituela dioena. Ardurapeko adierazpena ez da beharrezkoa izanen eskatzailea toki entitatea bada.

e) Aurretik ordaintzeko eskaera, hala eskatzen duten entitateen kasuan, ordainketa horren beharra xehetasunez azalduta.

f) Dirulaguntza sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

g) Entitate eskatzailea gizarte ekimeneko entitatea izanez gero, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

-Entitatearen estatutuak.

-Helbidea Nafarroan daukala edo bestela ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean daukala frogatzen duen agiria.

-Entitatea Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribaturik dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

-Identifikazio fiskaleko txartela.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar baditu edo honek badauzkan datuak badira, f) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agiri horietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egiten ahalko da, inguruabar hori azaltzen duena.

Entitate interesdunak interesagarritzat jotzen dituen agiriekin osatzen ahalko du proiektua, horretarako prestaturiko eredu normalizatuan ezarritakoarekin bat aurkezturik.

4.3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Organo instruktoreak, eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikuluan xedatu bezala.

5.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta izapidetzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratzearen Atalari esleitu zaizkio. Arau hauetan "organo instruktorea" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Organo instruktoreak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arau hauetan ezarririko irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak izanen du.

6.-Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

6.1. Dirulaguntza eskabideak honako bi modalitate hauetan banatuko dira baloratzeko:

a) Toki entitateendako enplegu sozial babestuko proiektuetarako eskaerak.

b) Ekimen sozialeko entitateendako enplegu sozial babestuko proiektuetarako eskaerak.

b) modalitateko (ekimen sozialeko entitateek aurkeztutako proiektuak) aurrekontuko kreditu osoa agortuko ez balitz, gerakina a) modalitatean (toki entitateek aurkeztutako proiektuak) aurkeztutako eskaeretan erabiltzen ahalko da.

Organo instruktoreak noiznahi eskatzen ahalko dio entitate eskatzaileari eskabidea hobeki baloratzeko edozein argibide.

6.2. Toki entitateendako enplegu sozial babestuko proiektuetarako dirulaguntzak, balorazio irizpide hauen arabera emanen dira:

6.2.1. Proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu).

A) Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko (15 puntu).

B) Aurten proposaturiko helburuen eta iaz lorturiko emaitzen arteko koherentzia aztertuko da (15 puntu).

A) eta B) ataletan, 15 puntu emanen zaizkie deialdi honen aurreko urtean dirulaguntzarik hartu ez duten entitateei.

6.2.2. Gizarte errentagarritasuna: programak gizarteari eta erabiltzaileari dakarkien onura (60 puntu).

A) Partaideak eremuko enplegu-sorgunetara bideratzeko jarduerak. (Partaideei lana aurkitzeko aukerak handitzeko zeregin eta jarduerak eginen dira, eremuan lan eskaria dutenak) (5 puntu).

Jarduerak eremuko aukeren arabera dibertsifikatzea baloratuko da.

B) Enplegu sozial babestuan parte hartzen duten emakumeen proportzioa (10 puntu).

-Emakumeak partaideen ehuneko 50 edo gehiago badira (10 puntu).

-Emakumeak partaideen ehuneko 50 baino gutxiago badira, puntuazioa hein berean gutxituko da.

C) Enplegu sozial babestuko proiektuan kontratuaren xede diren lanak egiteko trebetasuna eta gaitasuna ikastea. Proiektua eremuko errealitate ekonomiko eta sozialerako egokia izatea (15 puntu).

C.1) Prestakuntza motak (8 puntu gehienez).

Lau motetako bat bakarrik puntuatuko da:

-Laneko begirale batek emaniko prestakuntza: 8 puntu.

-Lanerako prestakuntzarako eta norberaren orekarako ikastaroak: 6 puntu.

-Lanerako Prestakuntza ikastaroak: 4 puntu.

-Norberaren orekarako ikastaroak: 2 puntu.

-Ageri ez bada: 0 puntu.

Proiektuan prestakuntzari buruzko daturik zehazten ez bada, "Ez da ageri" ulertuko da.

C.2) Prestakuntzarako dedikazio mota (2 puntu gehienez).

Atal honi dagozkion datuak proiektuan zehazten ez badira, ez da punturik emanen.

C.3) Baloratuko da proiektuek garatzen ari diren bitartean tresnak eta euskarriak erabiltzea, partaideek lana aurkitzeko aukerak etengabe hobetzeko, hala nola (5 puntu gehienez):

-Erabiltzaileak bere gaitasuna eta bere mugak ezagutzea.

-Langilea den aldetik dagozkion eskubide eta eginbeharrei buruz jakitea eta haiek onartzea.

-Lan harremanetan pertsonen arteko komunikazioari loturiko gaitasunak.

-Egindako lanei edo beste lanei buruzko gaitasun eta trebetasunen maila.

D) Proiektuek behar sozialeko indizerik handieneko herriguneak ukitzea (18 puntu).

D.1) Langabeen portzentajea baloratuko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eremu horretako populazio osari buruz emaniko azken datu ofizialak kontuan hartuz. Mankomunitateen kasuan, langabeen eta populazio osoaren datuak osatzen duten udalerrietako zifrak batuz lortuko da (5 puntu).

D.2) Oinarrizko errenta hartzen dutenen portzentajea (2007ko abenduaren 31koa) baloratuko da, eremuko bizilagun guztien artetik (5 puntu).

D.3) Enplegu sozial babestuko partaideak, haien familia-unitateek proiektua hartu baino lehenagoko 12 hilabeteetan oinarrizko errenta hartu badute (5 puntu).

D.4) Adimen osasuneko zentroetatik bideraturiko pertsonak, haien jarraipena bertatik egiten bada (3 puntu).

-Postu guztien %11tik 25era bitarte: 3 puntu.

-Postu guztien %1etik 10era bitarte: 2 puntu.

-Postu guztien %25 baino gehiago: 0 puntu.

5 postu edo gutxiagoko proiektuetan portzentajea ez da kontuan hartuko. Gutxienez adimen osasuneko partaide bat dagoenean 3 puntu emanen dira.

E) Udalerrien parte-hartzea (5 puntu).

Lana proposatzen duten udalei puntu bana emanen zaie. Mankomunitateen kasuan, puntuaketa 5ekoa izanen da gehienez, eta mankomunitatea osatzen duten udalen araberako proportzioan kalkulatuko da.

F) Laneratzearekin lotutako baliabide publiko/pribatuen koordinazioa (EISOL, garapenerako agentziak, etabar) (2 puntu).

Maiztasuna, erabili beharreko prozedurak eta tresna/euskarriak baloratuko dira.

G) Berezitasuna eta kontu berrikuntzak (5 puntu).

Enplegu sozial babesturako proiektuetan praktika egokiak sortzen dituzten jarduketa berezi eta berritzaileak. Kontu hauetan adibidez: talde jakin batzuetan, lanean, metodologian, prestakuntza partekatuan, esperientzien hedapenean, sentsibilizazioan.

6.2.3. Toki entitateek enplegu sozialerako proiektuan eginiko gastua (10 puntu).

A) 5.000 bizilagun baino gutxiago dituzten oinarrizko eskualdeak, gizarte zerbitzu oinarrizkoen berariazko programak egiteko deialdiaren arabera "finantziazio berezikoak" jotzen baitira (5 puntu).

B) Partaideei lanbidetzat arteko gutxieneko lansaria baino gehiago ordaintzen dieten udalak (5 puntu).

6.3. Ekimen sozialeko entitateendako enplegu sozial babestuko proiektuetarako dirulaguntzak, balorazio irizpide hauen arabera emanen dira:

6.3.1. Proiektuaren bideragarritasuna (35 puntu).

A) Proiektua entitatearen gaitasun teknikoarekin, koherentzia ekonomikoarekin eta haren azpiegiturekin bat etortzea baloratuko da (5 puntu).

B) Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko (15 puntu).

C) Aurten proposaturiko helburuen eta iaz lorturiko emaitzen arteko koherentzia aztertuko da (15 puntu).

B) eta C) ataletan, 15 puntu emanen zaizkie deialdi honen aurreko urtean dirulaguntzarik hartu ez duten entitateei.

6.3.2. Gizarte errentagarritasuna: programak gizarteari eta erabiltzaileari dakarkien onura (57 puntu).

A) Partaideak berariazko enplegu-sorguneetara bideratzeko jarduerak (Partaideei lana aurkitzeko aukerak handitzeko zeregin eta jarduerak eginen dira) (5 puntu).

Jardueren aniztasuna partaideek lana aurkitzeko aukeren arabera baloratuko da, deialdiaren 3.4. betebeharraren arabera.

B) Enplegu sozial babestuan parte hartzen duten emakumeen proportzioa (10 puntu).

-Emakumeak partaideen ehuneko 50 edo gehiago badira (10 puntu).

-Emakumeak partaideen ehuneko 50 baino gutxiago badira, puntuazioa hein berean gutxituko da.

C) Enplegu sozial babestuan kontratuaren xede diren lanak egiteko ezagupenak eta trebetasunak ikastea. Proiektua eremuko errealitate ekonomiko eta sozialerako egokia izatea (15 puntu).

C.1) Prestakuntza motak (8 puntu gehienez).

Lau motetako bat bakarrik puntuatuko da:

-Laneko begirale batek emaniko prestakuntza: 8 puntu.

-Lanerako prestakuntzarako eta norberaren orekarako ikastaroak: 6 puntu.

-Lanerako Prestakuntza ikastaroak: 4 puntu.

-Norberaren orekarako ikastaroak: 2 puntu.

-Ageri ez bada: 0 puntu.

Proiektuan prestakuntzari buruzko daturik zehazten ez bada, "Ez da ageri" ulertuko da.

C.2) Prestakuntzarako dedikazio mota (2 puntu gehienez).

Atal honi dagozkion datuak proiektuan zehazten ez badira, ez da punturik emanen.

C.3) Baloratuko da proiektuek garatzen ari diren bitartean tresnak eta euskarriak erabiltzea, partaideek lana aurkitzeko aukerak etengabe hobetzeko, hala nola (5 puntu gehienez):

-Erabiltzaileak bere gaitasuna eta bere mugak ezagutzea.

-Langilea den aldetik dagozkion eskubide eta eginbeharrei buruz jakitea eta haiek onartzea.

-Lan harremanetan pertsonen arteko komunikazioari loturiko gaitasunak.

-Egindako lanei edo beste lanei buruzko gaitasun eta trebetasunen maila.

D) Proiektuek behar sozialeko indizerik handieneko herriguneak ukitzea: Enplegu sozial babestuko partaideak, haien familia-unitateek proiektua hartu baino lehenagoko 12 hilabeteetan oinarrizko errenta hartu badute (10 puntu).

E) Entitateak gizarte zerbitzuekin/auzo unitateekin aurreikusitako koordinazioa (2 puntu).

Maiztasuna, erabili beharreko prozedurak eta tresna/euskarriak baloratuko dira.

F) Berezitasuna eta berrikuntzak (15 puntu).

Enplegu sozial babesturako proiektuetan praktika egokiak sortzen dituzten jarduketa berezi eta berritzaileak. Kontu hauetan adibidez: lanean, metodologian, prestakuntza partekatuan, esperientzien hedapenean, sentsibilizazioan.

6.3.3. Esperientzia gizarte ekimeneko entitateek antolaturiko antzeko jardueretan (8 puntu).

A) Entitateak gizarteratze eta laneratzerako dituen bestelako baliabideak, hala nola: gizarteratze eta laneratze zentroak, gizarteratze eta laneratze enpresak, kooperatibak, nork bere buruari lana emateko proiektuak, praktikak enpresetan eta abar (4 puntu).

B) Entitatearen parte-hartzea bost urte honetan Europa osoan bazterturiko pertsonak laneratzeko programetan (2 puntu gehienez).

C) Entitateak udalerrietako, autononomia erkidegoetako, eskualdeetako, Espainiako, Europako edo atzerriko egituretan parte hartzen du (2 puntu gehienez).

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, ekinbide sozialeko proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

7.-Dirulaguntzaren zenbatekoaren esleipena.

7.1. Toki entitateak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuen arabera esleituko da. Dirulaguntzaren xede den zenbatekoaren arabera, ehuneko tarteak ezarriko dira.

TARTEAK EHUNEKOA, %

80 puntutik 100 puntura 100

75 puntutik 79 puntura 97

70 puntutik 74 puntura 94

65 puntutik 69 puntura 91

60 puntutik 64 puntura 88

55 puntutik 59 puntura 85

50 puntutik 54 puntura 82

45 puntutik 49 puntura 79

40 puntutik 44 puntura 76

25 puntutik 39 puntura 60

gehienez ere 24 puntu 50

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

7.2. Ekimen sozialeko entitateak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa lorturiko puntuazioaren arabera esleituko da, beti ere 50 puntu baino gehiagokoa bada, eskatutako zenbatekoa emanez (7.3. atalean ezarritakoa aplikatu ondoren) eta zenbatekoak banan-banan kontabilizatuz, kreditua agortu arte.

Bi modalidadeetan, enplegu sozial babesturako proiektuak egiteko dirulaguntzek gehienez kontzeptu eta zenbateko hauek hartuko dituzte:

a) Lanpostuetarako dirulaguntza: lanbide arteko gutxieneko lansariaren ehuneko 140 gehienez.

b) Sustatze jarduera osagarrietarako eta langile laguntzaileak kontratatzeko dirulaguntza: lanpostuengatik emandako dirulaguntzaren ehuneko 30 gehienez.

c) Prestakuntza jardueretarako dirulaguntza: lanpostuengatik emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren ehuneko 15 gehienez.

7.4. Aldaketa.

Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa aurkezturiko eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldaturiko proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Proiektua onartu ahal izateko, aldaturiko proiektua hasiera batean eginiko balorazioko tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino.

8.-Prozeduraren gaineko ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskabideak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkezturiko ebazpen proposamena ikusirik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko arauak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, dirulaguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Hori deusetan galarazi gabe, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren iragarki oholean (Iruñeko González Tablas kalea, z.g., 31005) argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditu programa, onuradunak, onarturiko zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpen espres edo presuntziozkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute gizarte ekimeneko entitateek, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedaturikoarekin bat.

Toki erakundeek zilegi izanen dute ebazpen espres edo presuntziozkoaren kontra administrazioarekiko auzi-helegitea jartzea Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu edo hala denean, bidezko egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 44. artikuluan zehazten diren moduan eta epean Nafarroako Gobernuaren aurretiko errekerimendua egiteko aukera galarazi gabe.

9.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

10.-Proiektuen exekuzioa.

Proiektu bakoitza hasiko da entitate sustatzaileak posible eta beharrezko deritzonean, xede diren pertsonak gizarteratu eta laneratzeko ibilbidearen arabera. Pertsona horiek banan-banan sartu eta aterako dira proiektutik, bertan aurreikusiriko faseekin eta gizarteratze eta laneratze itunean adierazirikoarekin bat.

Proiektuek 6 eta 12 hilabete bitarteko luzera izan beharko dute eta betiere 2009ko martxoaren 1a baino lehen bukatuko dira.

11.-Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

11.1. Dirulaguntza ordaintzea.

Aurretik ordaintzea eskatu duten entitateei: onarturiko diruaren %50 proiektua hastean, lehen kontratazioarekin batera; %25 funtzionamenduari buruzko txostena aurkeztu eta proiektuaren gastuaren %25 justifikatu ondoren; eta beste %25 proiektuaren gastuaren %50 justifikatu eta ordurarte eginikoari buruzko txostena aurkeztu ondoren.

Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana. Horretarako entitateek zehazki azaldu beharko dute aurrerakinaren beharra.

Baldintza hori betetzen ez bada, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat ordainduko da dirulaguntza, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.

11.2. Frogagiriak.

Gastua justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Langileen gastuak:

gizarte ekimeneko entitateen kasuan, entitatearen ordezkariak horretarako ezarririko ereduaren arabera eginiko ziurtagiria, INEMen kasuan kasuko bulegoan erregistraturiko lan kontratuen fotokopia konpultsatuak, Gizarte Segurantzan justifikatu beharreko denboran pagaturiko kuoten buletin ofizialak (TC1 eta TC2) eta langileak sinaturiko nominen gordekinak erantsi beharko dira. Hori dena langile laguntzaileak, prestakuntza jardueretako irakasleak eta proiektuaren xede diren langileak kontratatzeko gastuak justifikatzearren.

Toki entitateen kasuan, entitateko idazkariak horretarako ezarririko ereduaren arabera eginiko ziurtagiria aurkeztu beharko da, Gizarte Segurantzan justifikatu beharreko denboran pagaturiko kuoten buletin ofizialen (TC1 eta TC2) eta langileak sinaturiko nominen gordekinen ordez.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektuari aplikaturiko gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziz. Zerrenda horrekin batera kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiak izanen direnak. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta pagatzeko modua adieraziko dituztenak, onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Horren bidez fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zen. Jatorrizko fakturak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izan balira bezala zigilatuko dira, harturiko dirulaguntza justifikatzearren.

c) Lehen aipatu diren hein bateko txostenak aurkeztu beharra deusetan galarazi gabe, azken memoria bat aurkeztu beharko da, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredu hori Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulego nagusietan (Iruñeko González Tablas kalean, z.g., 31005 posta kodean) eta erakunde beraren www.cfnavarra.es/BienestarSocial webgunean dago entitate interesdunen esku.

Dirulaguntzaren xedeko gastutzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko organo emaileak beharrezkotzat jotzen dituenak.

Proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean entitateak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar dio ordaindutako diru kopuru guztien justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketetarako baldintzetan.

Jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan dirulaguntza horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatu beharko dira.

12.-Dirulaguntzen kontrola.

Organo emaileak eskumena izanen du egoki iruditzen zaizkion aldizkako kontrol eta egiaztapen guztiak egiteko, proiektuak benetan burutu eta dirulaguntzak hartzeko ezarririko betebehar eta baldintzak bete direla egiaztatzeko.

Entitate onuradunak behartuak daude organo emaileari dagozkion kontrolak eta Espainiako eta Europar Batasuneko kontrol organo eskudunei dagozkien egiaztapen eta kontrol finantzario guztiak erraztera.

13.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarrien, baldintzen, betebehar formalen eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez da erabiltzen ahalko. Gauzatze hori betiere proiektua osatzen duten jarduerak kudeatu eta gidatzea izanen da, bai eta beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Arau hauetan aipatzen diren egiaztagiriak, tartekoak eta azkenekoak aurkeztea.

c) Proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan dirulaguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada Nafarroako Gobernuaren logotipoa paratu behar da, eta dirulaguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean, gutxienez, eta ikusteko baldintza berdinetan. Gainera, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzan parte hartu duela aipatuko da.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskaturiko edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

h) Proiektuaren exekuzioaren ondoriozko lan eginbeharrak betetzea kontrataturiko langileekiko.

i) Lan kontratuekin batera proiektuetan parte hartzen dutenenen txostenak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira igortzea, gehienez ere hilabeteko epean, kontratatzen direnetik hasita.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusiriko kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

k) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien beste eginbeharrak betetzea.

14.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

14.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honi dagokionez, bidezko da azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin dirulaguntzaren xede den jardueraren hein bateko exekuzioa hitzartzea. Onuradunak berez dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak gehienez ere dirulaguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren %50 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa, kontratua idatziz izenpetu beharraren menpe egonen da.

14.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan edo 12.000 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Kasu horietan, ekimen sozialeko entitateek gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin izenpetuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

Bestalde, toki entitate onuradunek Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak gai honetan ezartzen dizkien betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko dute.

15.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo dirusarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, dirulaguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, Administrazioak onarturik egonda ere, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

16.-Laguntza itzultzea.

Programa burutzen ez bada edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatiak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusiriko kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedura goian aipaturiko artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio eta irekitzen denetik hamabi hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarririko baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarririko erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko V. tituluan xedaturikoari jarraikiz.

18.-Deialdiaren eta arauen kontra bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra bidezko izanen dute gizarte ekimeneko entitateek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Deialdi honen eta bere arauen aurka administrazioarekiko auzi- errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako toki entitateek, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

19.-Aplikatu beharreko arauak.

Arau hauetan espresuki aurrekusirik dagoenaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko eta gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautu zituen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko xedapenak dira aplikatzekoak, haiei aurka egiten ez dieten heinean.

Iragarkiaren kodea: F0719890