9. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRIBARRI

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Iribarriko Kontzejuak, 2007ko urriaren 31n egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza fiskal orokorra. Onespenaren erabakia 2007ko 142. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 14an, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, behin betikoz onetsi da eta oso-osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iribarrin, 2007ko abenduaren 28an.-Alkatea, Javier Piérola García.

KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. sailak xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Kontribuzio berezien zergapeko egintza hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate honek toki mailako herri lanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. Honako hauek hartuko dira toki mailako herri lan eta zerbitzu publikotzat:

a) Toki entitateak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.

b) Toki entitateak bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituenak.

c) Toki entitateak dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

4. artikulua. 1. Aurreko artikuluko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko herri lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak dirulaguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek, zer obra edo zerbitzuren aldera eskatu ziren, harexen gastuak berdintzea, bertze helbururik ez dute izaten ahal.

5. artikulua. 1. Obren kostu osoak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, betiere betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Karrika eta plazak irekitzea, lehendik irekitako karrika eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.

b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, isurbide eta ureztaketa ahoak berritik eraiki edo aldatzea.

c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.

d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta argiteria publikoa ezarri, aldatu edo hobetzea.

e) Ur hornidura sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.

f) Su itzaltze zerbitzuak paratu eta hobetzea.

g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako.

h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak.

i) Karrika eta plazetan arbolak aldatzea, parkeak eta lorategiak eraiki eta hobetzea, halako sektore batendako interesa badute.

j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.

k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontra babestekoak, baita ur-ibilguak erregulatu eta desbideratzekoak ere.

l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bertzelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak paratzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.

m) Toki entitatearen bertzelako obra edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.

Salbuespenak

6. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren ondorioz, mankomunitateak eta batasunak, baita horiek beren xedeak garatzeko sortutako entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere, kontribuzio berezietatik salbuetsirik egonen dira.

Subjektu pasiboak

7. artikulua. 1. Hauek dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak: pertsona fisiko zein juridikoak, baita unitate ekonomiko edo ondare berezia osatzen duten entitate nortasun juridikorik gabeak, baldin eta ordaindu beharra eragiten duten toki mailako obra edo zerbitzuak egiteak, ezartzeak edo zabaltzeak onura berezia ekartzen badie.

2. Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe diren pertsonak edo entitate titularrak.

c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua handitzetik edo hobetzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

Zerga-oinarria

8. artikulua. 1. Gehienez ere, obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren %90ek osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu idazte eta obra zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezartzeko edo handitzeko loanen zenbatekoa.

c) Obra edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitate honi dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak aipatu toki entitateari emandako eraikinak.

d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, toki entitateak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

9. artikulua. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

10. artikulua. Obra edo zerbitzua direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoa edo toki entitateak dirulaguntza emanda kontzesiodunek egindakoa -ordenantza honetako 4. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen gisara-, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du ukatzen bertze administrazio publikoek obra edo zerbitzu berarentzat bertze zerga bat ezartzea. Betiere, ordenantza honetako 8. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.

11. artikulua. 1. Zerga-oinarria finkatzeko, hona zer ulertuko den toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari toki entitateak erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

2. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuotak

12. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikulura bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kontribuzio berezien kuota.

13. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, banaketa modulu gisa aplikatuko dira, batera, higiezinen fatxadako metro linealak eta Lurraldearen gaineko kontribuzioari dagokionez katastroan duten balioa. Irizpide horiek balio bera izanen dute tributuaren zenbateko osoa ezartzean.

b) Kuota onuradunen artean banatzen ahalko da, subjektu pasibo bakoitzarendako onura berdina dela uste bada.

c) Su itzaltze zerbitzua ezarri edo handitzeko bada, eta, jabeekin batean, udalerriko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean.

d) Subjektu pasibo bakoitzari eskatzeko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen ehuneko 5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da erabat amortizatu arte.

e) Ordenantza honetako 7. artikuluko 2 d) atalak aipatzen dituen obren kasuetan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da, bakoitzarendako gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.

14. artikulua. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, toki entitateak, subjektu pasiboak eskaturik, kuota horren ordainketa zatitzea edo atzeratzea onar dezake, gehienez era bortz urtetarako.

Sorrarazpena

15. artikulua. 1. Kontribuzio berezien sorrarazpena obrak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean.

Obrak zatikagarriak baldin badira, obraren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sorrarazpena, subjektu pasibo bakoitzarendako.

2. Aitzineko artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, toki entitateak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako gastuen zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.

3. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izanen bertze urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

Dirubilketa

16. artikulua. 1. Ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak kitatzeari dagokionez, toki entitate honen Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoa aplikatzen ahal da epeez, errekarguez eta gainerakoez den bezainbatean. Delako Ordenantza fiskal orokorrean jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

Kudeaketa arauak

17. artikulua. Kontribuzio bereziak ordainarazteko aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.

18. artikulua. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obraren bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da kontribuzio horiek ordenatzeko erabaki zehatza onestea.

19. artikulua. 1. Obrak osoki nahiz partez burututakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko diren likidazioak igorpenduko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, horiek berdinduko dira konturako entregatzat hartuz.

2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.

20. artikulua. Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bertzenaz ediktu bidez.

Interesdunek zilegi izanen dute errekurtsoa paratzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusten duen bezala.

21. artikulua. 1. Toki entitateak bere eskumeneko obrak edo zerbitzuak egin edo emateko bertze toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, betiere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, obrak egitea edo zerbitzua ezartzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek ordenatzeko erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.

Herritaren laguntza

22. artikulua. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute eta toki entitateak obrak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakotasunaren arabera dagokienaz gain.

2. Orobat, toki entitateak sustatutako obrak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon artean, toki entitateak aurretik erabakita eginen den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.

23. artikulua. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea izanen da aplikatzekoa.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0719980