88. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

TUTERA

Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko barne igoerako txanda murriztuan eta oposizio bidez D mailako 13 lanpostu betetzeko (3, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko. 3, zerbitzuetako ofizial izateko, eta 3, garbitzaile izateko)

Alkatetzaren ekainaren 9ko 540/2008 ebazpenaren bidez onetsitako oinarriak.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da guztira D mailako 13 lanpostu barne igoerako txanda murriztuan betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez, orobat ezartzen baitu Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen lan baldintzen gainean indarra duen akordioaren 32.2 artikuluak.

1.2. Udalaren 2007ko plantilla organikoa onesteko Udalbatzak 2007ko urriaren 26an egin osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, bete beharreko lanpostuak hauek dira: 3, zerbitzuetako ofizial izateko; 7, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko, eta 3, garbiketako enplegatu izateko. Horiek hauen artean beteko dira: peoi ezberdinak (peoiak, uretako peoi gidaria eta jantzitegiko peoiak), zerbitzu anitzetako mendekoak, garbiketako laguntzaileak eta garbitzaileak.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, zerbitzuetako ofizial, zerbitzu anitzetako enplegatu eta garbiketako enplegatu izateko lanpostuetarako izendatzen diren langileak D maila edo taldean sartuko dira eta maila eta lanpostu horretarako plantilla organikoan ezarririko lansariak hartuko dituzte.

1.4. Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek lortuko dute barne igoera.

1.5. Mailaz igo diren funtzionarioek jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik jarraituko dute; deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko dira eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten ari zirenak beteko dituzte.

1.6. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aitzinetik zuen araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere kontuko dio.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Honako oposizio honetan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E maila edo taldekoa.

b) Peoi, uretako peoi gidari eta jantzitegiko peoi, zerbitzu anitzetako menpeko, garbiketako laguntzaile eta garbitzaile izateko lanpostu baterako izendatu edo kontratatu izana.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua dutela frogatzea.

e) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Aipatu eskabideak deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Tuterako Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren bulegoan eskura daiteke (Vieja plaza, 1) edo Tuterako Escos Catalan, 1eko bulegoan, nahiz interneten, www.tudela.es webgunean.

3.2. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Tuterako Herriko Etxeko iragarki-oholean eta Udalaren webgunean argitaratzeko aginduko du; gainera, banan-banan jakinarazpena eginen zaie interesdunei.

4.2. Izangai baztertuek, jakinarazpena jaso ondoko hamar egun baliodunean, erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; zerrenda hori banan-banan jakinaraziko zaie horiei eta Herriko Etxeko iragarki-oholean eta Udalaren webgunean argitaratuko da. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute.

Mahaiburua: Luis Casado Oliver. Tuterako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: María Isabel Echave Blanco. Herritarrendako Laguntzarako Alorreko zinegotzi delegatua.

Mahaikidea: José-Luis Sangüesa Ochoa. Tuterako Udaleko kirol koordinatzailea.

Ordezkoa: Jesús Zubieta Mozaz. Herritarrendako Laguntzarako Alorreko erdi mailako teknikariak.

Mahaikidea: Miguel-Angel Hernández Vallés. Igeltsero-ofiziala.

Ordezkoa: Juan-Carlos Irisarri Samanes. Igeltsero-ofiziala.

Mahaikidea: Francisco-Javier Vázquez Izquierdo. Tuterako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: César Pérez Lucas. Tuterako Udaleko langileen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: María Paz Urdaniz Hernández. Administrari- ofiziala

Ordezkoa: Ascensión Gurría Marco. Administrari-ofiziala

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Ariketa honetan proba teorikoa, praktikoa eta/edo teoriko-praktikoa eginen da, proba berariazkoa deialdi honetako enplegu bakoitzerako (zerbitzuetako ofizial, zerbitzu anitzetako enplegatu eta garbiketako enplegatu izatekoak) eta enplegu horien egitekoei eta eginbeharrei buruzkoa izanen da.

6.2. Oposizioaldian gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira, eta baztertuta geratuko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten oposiziogileak.

6.3. Ariketa burututa, epaimahaiak, hamar eguneko epean, Tuterako Udalaren iragarki oholean emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

6.4. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.-Gainditzen dutenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Tuterako Herriko Etxeko iragarki oholean eta Udalaren webgunean gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa.

7.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio oposizioaldia gainditzen duten izangaien aldeko izendapen proposamena, deialdi honetako 6.2 atalean ezarritakoaren arabera.

8.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautatze prozedura burutu ondoan, alkateak ebazpena emanen du oposizioaldia gainditzen duten izangaiak izendatzeko, eta zer mailatan sartzen diren zehaztuko du bertan. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean lanpostuaren jabetza hartu beharko du edo lan kontratuaren eranskina formalizatu. Norbait jabetzen ez bada, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, maila berria lortzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tuteran, 2008ko ekainaren 16an.-Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ......................................., adinez nagusia; Nortasun Agiri Nazionala: .............., jaioteguna: ........., jaioterria: ......................... (.........), bizitokia: ............. (.........), karrika: ....................................., zenbakia: ..........., solairu/atea: .................., posta kodea: ........, telefonoa: ............, sakelakoa: ..............

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Tuterako Udaleko D mailako 13 lanpostu hauek oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala:

f 7, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko.

f 3, zerbitzuetako ofizial izateko.

f 3, garbitzaile izateko.

(Adierazi zein lanpostutara aurkezten zaren).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onartu eta, ondorioz, D mailako 13 lanpostu oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Tuteran, 2008...(e)ko ..........aren .......(e)an.

(Sinadura)

TUTERAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

Iragarkiaren kodea: L0809777