II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak
IRUÑA
Deialdia, merezimendu-lehiaketa bidez eta behin-behinekoz esleitzeko 2008ko plantilla organikoa betearazteko 7. arau osagarrian ezarritako lanpostuko osagarria
Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2008ko ekainaren 12an; hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
1.-Deialdiaren xedea.
Aditzera ematen da deialdia egin dela merezimendu-lehiaketa bidez eta behin-behinekoz esleitzeko 2008ko plantilla organikoa betearazteko 7. arau osagarrian ezarritako lanpostuko osagarria.
2.-Aplikatu beharreko arauak.
Delako merezimendu-lehiaketa honako hauetan xedatutakoari jarraikiz ebatziko da: lanpostuak betetzeko araudiaren 4. atalean, Tokiko Gobernu Batzarraren 2005eko azaroaren 22ko erabakian, zeinaren bidez merezimenduetarako baremoak ezarri baitziren, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta deialdi honetako oinarrietan.
3.-Lanpostuen ezaugarriak.
Lanpostuko osagarria esleituko zaien langileek organo eskudunek unean-unean erabakiko dituzten eginkizunak beteko dituzte.
Osagarri hori esleitzen zaien funtzionarioek unean-unean indarra duten xedapenen araberako ordainsariak jasoko dituzte.
Langile horiek plantilla organikoa betearazteko 7. arau osagarriaren arabera beraien esku utzitako eginkizunak betetzeari uzten dioten unetik beretik galduko dute aipatu osagarria.
4.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Iruñeko Udaleko funtzionarioa izatea, jardunean, eta Toki Ogasuneko Alorrari atxikia egotea.
b) A edo B mailakoa izatea.
5.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
a) Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek behar den eskabidea aurkeztu beharko dute Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusiriko edozein bide erabilita, hamabortz egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta beraietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.
Eskabideak aurkezteko epea ezin da luzatu.
b) Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala konpultsaturik.
6.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak jendaurrera aterako du ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen gibelaldean).
Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritza Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
7.-Epaimahaia.
Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: Iñigo Huarte Huarte jauna, Toki Ogasuneko Alorreko zuzendaria.
Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Mahaikide-idazkaria: Nuria Larrayoz Ilundain andrea, Toki Ogasuneko Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaiak lehiaketa hasi aurretik eratu beharko du.
Administrazio-prozedurari buruzko arauetan abstentziorako aurreikusiriko zioak agertzen direnean, mahaikideek ezin izanen dute epaimahaian esku hartu, eta halaxe jakinarazi beharko diote deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
8.-Merezimenduen kalifikazioa.
Epaimahaiak ondoko baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.
Izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
Merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.
Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.
c) Txosten psikoteknikoa: gehienez 15 puntu.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Bertan tributu ikuskapenen izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari esleitzen dion puntuazioa loteslea izanen da merezimendu-lehiaketako epaimahaiarendako.
d) Tributu ikuskapenen eduki eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez 25 puntu.
Proba hau baztergarria izanen da eta, gainditzeko, 12,50 puntu lortu beharko dira gutienez.
Izangaien puntuazio osoan berdinketarik gertatzen bada, administrazio publikoei emandako zerbitzuetan antzinatasun handiagoa duena nagusituko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.
Lehiaketako atalen kalifikazioa bukatu ondoan, epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udalaren iragarki oholean proba praktikoa gainditu duten izangaiek lortutako puntuazioa, eta bortz eguneko epea ezarriko du izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten oro alega dezaten.
9. oinarria.-Gainditzen dutenen zerrenda.
Aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak lehiatzaileen behin betiko puntuazioak agertuko ditu Iruñeko Udalaren iragarki oholean, eta Lehendakaritza Alorrari igorriko dio bai deialdiaren 8.d) oinarrian aipatu proba gainditu duten lehiatzaileen zerrenda, lehiaketaren atal guztietan lortutako puntuazio osoaren araberako hurrenkeran, bai lanpostuko osagarria esleitzeko proposapena.
Lehendakaritza Alorreko zuzendariak, ebazpen bidez, proposaturiko lanpostuen esku utziko ditu tributu ikuskapenari dagozkion eginkizunak, eta haiei esleituko die 7. arau osagarrian aurreikusitako lanpostuko osagarria.
10.-Lehiatzaileek aurkeztutako agiriak.
Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hilabeteko epean aurkezten ahalko da, ikuskapenari dagozkion eginkizunen ardura hartu eta hilabetea igarota betiere.
Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.
Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
11.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Iruñean, 2008ko ekainaren 12an.-Lehendakaritzako Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.
I. ERANSKINA
Izena: ..................., adinez nagusia; NAN/nortasun agiria: .............
jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............; jaiolekua (udalerria/probintzia): ..............; herritartasuna: ....................; egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............; posta kodea/herria: ...................; telefonoa: ............; sakelako telefonoa: ...............
Honako hau azaltzen dut:
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
Eskatutako agiriak eta alegaturiko merezimenduen ziurtagiriak eransten ditudala.
Oraingo lanpostua:
Xedea: Toki Ogasuneko Alorra.
Maila: f A f B
Eskatzen dut:
Onartua izatea 2008ko plantilla organikoa betearazteko 7. arau osagarrian aurreikusitako lanpostuko osagarria merezimendu-lehiaketa bidez eta behin-behinekoz esleitzeko deialdian (Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa: ...........................).
Datuen babesa.-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko karrika, 7-9; 31001 Iruñea).
Iruñean, 200...eko .............aren ........(e)an.
(Sinadura)
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
1. Deialdi honetako maila/taldeko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.
2. Deialdi honetako mailaz besteko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak:
1. Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat iraun duen, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aurretik zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira. Horri dagokionez, ez da kontuan hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babespean bere prestakuntza eta hobekuntzarako jarduketetan egin duen denbora, atal honen 1. puntuan xedatuaren ariora baloratuko baitira.
5. a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk:
1.-Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, eskola orduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Eskola orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barnean antolatuak sartuko dira.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
2.-Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen.
3.-Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera epaimahaiak baloratu beharrekoak.
4.-Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere, 2 puntu.
5.-Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere, 2 puntu.
6.-Bertze merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: Gehienez ere, 2 puntu.
Oharrak b) atal osorako:
1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikustekorik izanez gero baizik ez dira baloratuko.
2. Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.
Iragarkiaren kodea: L0809563