88. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ORKOIEN

Deialdia, Orkoiengo Udaleko lorezaintzako ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Orkoiengo Udaleko alkate udalburuak, 2008ko ekainaren 13an, honako ebazpen hau eman zuen:

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Lorezaintzako ofizial izateko lanpostu bat oposioz bidez eta funtzionario gisa betetzea du xede deialdi honek, Orkoiengo Udalaren plantilla organikoan xedatutakoaren arabera.

1.2. Probak gaindituta lanposturik gabe gelditzen diren izangaiei aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, puntuazio ordenari jarraituz, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera, eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta kidetuko da, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera.

1.4. Lanpostuak C mailako lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean, Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Orkoiengo Udalean aplikatzen diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera. Bere kategoriarentzat aurreikusitako eginkizunak izanen ditu, baita, berariaz, haren esku uzten direnak ere.

1.5. Izangai izendatuak Orkoienen bizi beharko du, eta horretarako udal mugape horretan finkatuko du bizilekua, bestela egiteko baimen espresua ez badu.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.7. Eginkizunak. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu, besteak beste:

Lorategi taldearen jarduna zuzentzea eta, horretarako, langileen jarduerak eta lana antolatu eta ikuskatzea.

Lorezaintzako lanak antolatu eta egitea: arbolak, landareak eta soropila mantentzeko lanak egitea, arbolak eta zuhaixkak kimatzea, arbolak, heskaiak eta denboraldiko landareak landatzea, eta tratamenduei, ongarriari eta produktu fitosanitarioei dagozkienak erabakitzea. Ureztatzeko sistema kontrolatzea eta mantentze lanak egitea.

Bere lantaldea koordinatuko du zerbitzu anitzetako lantaldeko gainerako atalekin, zerbitzua hobeki kudeatzeko eta eraginkorragoa izan dadin.

Bere zerbitzuko makineria guztiak, erremintak, ibilgailuak etab. zaindu eta kontrolatuko ditu.

Materialak, lan egiteko arropa etab. bere eskumenen esparruan erosteko txartel guztiak sinatu eta kontrolatzeko ardura izanen du.

Laneko segurtasuna betetzen dela zaindu eta horren jarraipena eginen du.

Lanposturako definitu diren xede orokorrekin, mailarekin, ezagupenekin eta erantzukizunarekin bat egiten duten beste guztiak.

1.8. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza maila, gaitasun edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

b) Gutxienez, Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako goi mailako teknikariarena edo beste baliokide bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

e) B motako gidabaimena edukitzea.

2.2. Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak beharkizun horiek egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 7.3 oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, baita hautabide osoan ere, izendapen eguna arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Orkoiengo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Iturgain plaza, zk.g.; ordutegia: 9:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako eranskinaren ereduari lotuko zaizkio. Eredua Orkoiengo Udalaren bulego orokorretan eskuratzen ahalko da, edo internet bidez, dela www.orkoien.com helbidean, dela Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren www.navarra.es helbidean.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako I. ereduari lotuko zaizkio, eta haiekin batean agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo identifikazioko beste agiri baliokide baten fotokopia egiaztatua.

b) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia egiaztatua.

c) Udalaren Diruzaintzan azterketa eskubideen tasari dagozkion 3,00 euro ordaindu izanaren egiaztagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Prozedura hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

Diruzaintzan ordainduta, Orkoiengo Udalaren bulego orokorretan.

Eskudirua Orkoiengo Udalaren kontu hauetan sartuta, edo banku transferentzia eginez:

-Nafarroako Kutxa: 2054 0143 08 9102774813.

-Nafarroako Rural Kutxa: 30080231071622736120.

-Banco Vasconia: 0095 4755 66 0660000173.

Izangaiaren izen-deiturak.

Kontzeptua: lorezaintzako ofizial izateko oposizioko tasa.

3.3. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, haien beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Casimiro Larrea Ruiz. Orkoiengo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Carlos Arroniz Loyola. Orkoiengo Udaleko alkateordea.

1. mahaikidea: Iruñeko Nekazaritza eta Oihangintzako B.H.I.ko irakaslea.

Ordezkoa: Iruñeko Nekazaritza eta Oihangintzako B.H.I.ko irakaslea.

2. mahaikidea: Luis Piérola Narvarte. Nekazaritzako ingeniari teknikoa, Orkoiengo Udalaren aholkularia.

Ordezkoa: Silvia Barbarin Gómez. Orkoiengo Udaleko arkitekto teknikoa.

3. mahaikidea: Miguel Baztán Carrera. Noaingo Udaleko lorezaintza zerbitzuaren arduraduna.

Ordezkoa: Alfredo Perujuaniz Yoldi. Orkoiengo Udaleko arduraduna.

4. mahaikidea: Orkoiengo Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Orkoiengo Udaleko langileen ordezkari bat.

Idazkaria: Ramón Contreras López. Orkoiengo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Isabel Irisarri Uriz. Oltzako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da; bere eraketak eta jarduketak balio izateko, kideen erabateko gehiengoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria.-Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da oposizioa.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa.

Gero, epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko moduan iragarriko ditu gainerako probak.

Lehen ariketa.-Teorikoa, II. eranskineko gaiez zenbait galdera labur edo test motakoak erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere bi ordutan. Proba honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira.

Bigarren ariketa.-Proba teoriko praktikoa, egin beharreko lanarekin zerikusia duten bi kasuri idatziz erantzun beharrekoa, gehienez ere bi ordutan. Proba honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira.

Hirugarren ariketa.-Proba praktikoa. Ariketa honetan hainbat proba eginen dira, II. eranskinarekin zerikusia duten ezagupenak baloratzeko; orobat, lorezaintzako makineriarekin duen trebetasuna, hala nola motozerra, traktorea, soropil-mozteko helikoidala, landaresia moztekoak etab. Proba honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira.

6.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, jendaurrean jarriko da, Herriko Etxeko iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Probetarako dei bakar bat eginen da, eta nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda eginen du, puntuazio handienetik txikienerako ordenan antolatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batuta. Zerrenda Orkoiengo Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.

7.2. Epaimahaiak puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamen loteslea eginen dio alkateari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

1.-Zinpeko aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

2.-Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honen xedeko lanpostua.

3.-Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

4.-B gidabaimenaren fotokopia egiaztatua.

7.4. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangai izendatuak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da funtzionario izendatu, eta beraz jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira; betiere, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.5. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, alkateak beste izangai batekin beteko du hutsunea, 7.1 atalean heldu den aprobatuen zerrendan hurrengoa denarekin, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautabidea bukatutakoan eta izangaiak aurreko 7.3 oinarrian aipatutako agiriak ekarri ondoren, alkateak Orkoiengo Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Orkoiengo Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, 7.4 eta 7.5 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ........................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ......., jaioteguna: ........, sorterria: ............... (............), bizitokia: .............. (..............), kalea: ..........., zenbakia: ......., posta kodea: ........., telefonoa: ............, zure aitzinera agertzen naiz eta azaltzen dut:

f Orkoiengo Udalean lorezaintzako ofizial izateko lanpostu bat betetzeko deialdiaren eta oinarrien baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, denboran eta moduan.

f Deialdia arautzen duten oinarriei men egiten diedala eta lotesletzat hartzen ditudala.

f Ez dudala minusbaliotasunik.

f Minusbaliotasuna badudala eta, beraz, ondoko egokitzapen hau eskatzen dudala, aipatzen diren arrazoiengatik (orri berezi batean minusbaliotasunaren arrazoiak azalduko dira, baita eskatzen diren egokitzapenak ere).

(X batez adierazi dagokiona)

Horrenbestez:

Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, beraz, Orkoiengo Udalean lorezaintzako ofizial izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian onar nazazula.

(Eguna eta sinadura)

ORKOIENGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

1. gaia.-Lorezaintzako kontzeptu orokorrak eta/edo lorezaintzari aplikatzen ahal zaizkionak.

1.1. Izendegia, espezieak identifikatzea, ezaugarri botanikoak eta landare espezieen aplikazioak lorezaintzan eta berdeguneetan.

1.2. Lorezaintzako planoen interpretazioa eta lorategiko markaketa.

-Plano motak, markaketarako tresnak, zuinketarako teknikak, zuinketa egiteko garaia.

1.3. Ibilgailuak, erremintak, makineria eta baliabide osagarriak. Motak eta erabilerak.

1.4. Izurriak eta eritasunak lorezaintzan, eta haien tratamendua.

1.5. Lan-arriskuen prebentzioa eta segurtasuna eta osasuna lorezaintzako lanetan.

1.6. Hiriko muntadura nagusiak. Oinarrizko ezagupenak.

-Sare elektrikoa eta telefoniarena, ur hotzaren sarea, saneamendu sarea, argi sarea, gas sarea.

1.7. Garbiketa.

2. gaia.-Lorezaintzako zaintze lanak.

2.1. Soropiletako eta zelaietako zaintze lanak

-Ureztatzea. Motak eta maiztasuna, soropila moztea, lurra harrotzea, ongarritzea, aireztatzea, perfilatzea, berrereitea. Zohien bidez berritzea.

-Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.

2.2. Zuhaitzak eta zuhaixkak zaintzeko lanak.

-Ureztatzea. Motak eta maiztasuna, ongarritzea, aitzurtu eta jorratzea.

-Kimatzea (gai berariazkoan garatuko da, haren garrantzia dela eta).

-Zurkaitza jartzea. Oinarriak eta teknikak.

-Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.

2.3. Landare loredunak eta landare erraboildunak zaintzeko lanak.

-Ureztatzea. Motak eta maiztasuna. Substratua ematea. Ongarritzea.

-Lurra prestatzea. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.

-Garbitzea eta kentzea.

2.4. Barreneko landareak zaintzeko lanak.

-Ureztatzea. Motak eta maiztasuna. Ongarritzea. Eguzkitan edukitzea, tenperatura eta hezetasuna.

-Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.

2.5. Ordena eta garbitasuna zaintze lanetan.

3. gaia.-Sortze eta/edo lehengoratze lanak lorezaintzan.

3.1. Soropila berriztatzea eta ereitea.

-Xedea. Berrereiteko moduak. Zein sasoitan egin. Drainatzea. Drainatze motak.

3.2. Zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak berritzea.

-Zuhaitzak. Urteko landareak. Biurteko landareak. Landare erraboildunak. Landare bizikorrak.

Lurra prestatzea. Drainatzea. Drainatze motak.

-Landaketa motak. Landaketa esparrua eta espezieak hautatzea. Geotestilak eta mulch-a erabiltzea eta jartzea.

3.3. Barreneko landareak berritzea.

-Urteko landareak, biurteko landareak, landare erraboildunak, landare bizikorrak.

-Landaketa egiteko moduak. Drainatzea. Drainatze motak. Espezieak hautatzea.

3.4. Ordena eta garbitasuna sortze eta berritze lanetan.

4. gaia.-Kimatze lanak.

4.1. Zuhaitzak kimatzea.

-Kimatze beharra espezie bakoitzean. Kimatzearen printzipioak. Helburuak. Kimatze motak.

-Aroa eta maiztasuna. Langileak eta tresnak. Kimatzeko moduak.

4.2. Zuhaixkak, azpi-zuhaixkak eta heskaiak kimatzea.

-Kimatze beharra espezie bakoitzean. Kontuan hartu beharreko alderdiak. Kimatze motak.

-Kimatzea. Kimatzeko aroa. Kimatzearen kasu partikularrak.

5. gaia.-Ureztaketa sarea zaintzeko lanak.

5.1. Iturgintzako oinarrizko ezagupenak.

-Erremintak, lanabesak, makinak. Planoen interpretazioa. Gai nagusiak. Gai osagarriak.

-Hodiak eta giltzak konpontzea. Saneamendu sarea konpontzea. Arriskuei aurrea hartzea.

5.2. Ponpaketa ekipoa eta ureztatzeko muntadura presta mantentzea.

-Aspertsoreak, difusoreak, tantakako sistema eta urez estaltzekoa. Ukondoak, t-ak, pasoko giltza eta moztekoa.

-Presioko erregulatzaileak. Elektrobalbulak. Irazkiak. Euri sentsoreak. Zentralak.

-Zentralen programazioa. ETP (Evo transpirazioa).

6. gaia.-Lorezaintzan ibilgailuak, makineria eta bitarteko lagungarriak erabili eta mantentzea (lehen maila). Erremintak zorroztea eta prest jartzea.

6.1. Lehen mailako erabiltze eta mantentze lanak, honako hauekin:

-Ibilgailuak, traktoreak, soropil-mozteko traktorea, kamioia, dunperra.

-Tresnak: zulatzeko, berrelikatzeko, ongarritzeko.... tresnak.

-Makina motordunak: soropila mozteko makina, sasi-garbitzekoa, motozerrak, landaresia moztekoa, aiztur pneumatikoak...

-Baliabide osagarriak: eskuko eskailerak, aldamioak, saskiak.

6.2. Segurtasun neurriak, ibilgailuen eta makinen erabiltze eta mantentze lanetan.

6.3. Lorezaintzan erabiltzen diren erremintak zorroztea eta prest jartzea. Segurtasun neurriak.

6.4. Ibilgailuak, makinak eta erremintak garbitzea.

7. gaia.-Bideak, pasealekuak, egoteko eremuak eta jostatzeko eta haurren jolasetarako eremuak zaintzeko lanak.

7.1. Hormigoia eta bere osagaiak. Hormigoizko zola jarraituak. Haien konponketa.

7.2. Zola jarraituak, zola ez jarraituak, kanpoko aldeetarako.

Motak. Lurra elikatzea. Jorratze mekanikoak edo kimikoak.

8. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua).

8.1. Langile motak.

8.2. Funtzionario publikoaren kontzeptua. Eskubideak eta betebeharrak.

8.3. Administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunak.

8.4. Langileen erantzukizuna ondarearen gainean.

9. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen kontratuak.

9.1. Hornidura kontratua.

10. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

11. gaia.-31/1995 Legea, laneko arriskuen prebentzioari buruzkoa, eta 39/1997 E.D., prebentzioko zerbitzuen erregelamenduari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: L0809512