Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 18a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ALTSASU
Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Altsasuko Udalak, 2008ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantza. Hura 2008ko 42. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 2an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Altsasun, 2008ko ekainaren 5ean.-Alkatea, Unai Hualde Iglesias.
UDAL ORDENANTZA, MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUENA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea Altsasuko udal mugapean merkataritza ez egonkorra arautzea da eta uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen 5. artikuluaren babesean onetsi da, lege horretan xedatutakoa garatzeko asmoz.
2. artikulua. Merkataritza ez egonkorraren esparruko merkataritza jardueratzat hauek har daitezke:
a) Noizbehinkako merkataritza, salmenta kalez kale egiten denean.
b) Merkatu txikietako merkataritza, aurretik ezarritako leku, egun eta orduetan egiten dena.
II. KAPITULUA
Kalez kaleko salmenta
3. artikulua. 1. Kalez kaleko salmenta da merkataritza jarduera bat, betiere tradiziozkoa, udal organo eskudunak baimentzen dituen herrigune eta egun zehatzetan egiten dena, saltokiak bakarka nahiz multzoka egonik.
2. Kalez kaleko salmenta hauek onartzen dira:
a) Barkillo, gaztain, izozki, meloi eta turroien salmenta.
b) Palmondoen salmenta, Aste Sainduaren aurreko egunetan.
c) Loreen salmenta, Domusantu egunaren inguruan.
d) Altsasuko festetan, Santa Agedan, ihauterietan, ferietan, eta San Juan eta San Pedro egunetan.
III. KAPITULUA
Merkatu txikietako merkataritza
4. artikulua. 1. Merkatu txikia gai eta produktuen salmenta antolatua da, elikagaiak barne, udal organo eskudunak espresuki baimendu eta multzoka ezarritako saltokietan.
2. Merkatu txiki bakarra paratzeko baimena emanen da, udal organo eskudunak zehazten duen lekuan ezarriko dena. Astean gehienez egun batean eginen da, egiteko muga egun gisa ezartzen diren daten artean.
5. artikulua. 1. Merkatu txikia ezartzeko urteroko epealdia onesten duen erabaki bakoitzean, udal organo eskudunak hau zehaztuko du:
a) Zehazki non paratuko den.
b) Egiteko egun eta orduak: urteko asteazken guztietan, 7:00etatik 13:30era.
c) Hura osatzen duten gehieneko saltoki kopurua, elikagaien merkataritzari baimendu zaizkionak bereiziz.
d) Nekazari eta/edo abeltzainendako, banaka nahiz elkartuta, beren produktuen salmentarako erreserbaturiko saltoki kopurua, salmenta horiei bultzada eta lehentasuna eman nahi baitzaie.
e) Saltzeko debekua duten gai eta produktuak eta garraiatu edota hotzean kontserbatzeko instalazio bereziak behar dituztenak.
2. Zenbait produktu ezin izanen dira saldu, beraiei dagokien araudiak hala debekatzen duenean. Horiez gain, beste hauek ere ezin izanen dira saldu:
a) Haragia, hegaztiak, zezinak, ehizagaiak, arrainkiak eta itsaskiak.
b) Esnea, gazta freskoa, zenderena, esnegaina, gurina, jogurta eta bestelako esneki freskoak.
c) Pastel eta opil beteak edo hornituak, pasta freskoak eta beteak.
d) Janari keztatu eta bestelako erdikontserbak.
e) Sendabelarrak.
3. Arrautzak saltzeko baimena ematen da, baina ontzietan sarturik egon eta etiketak izan behar dituzte, baita 10° C baino hozbero txikiagoan egon ere.
Urdaiazpiko eta hestekiak garraiatu, bildu eta jendaurrean erakusteko, beharrezko higiene baldintzak bete beharko dira eta inguruak garbi-garbiak eduki. Urdaiazpiko eta hestekiak zintzilik eta ordenaturik egonen dira. Ez dute inola ere ibilgailuaren zola ikutuko. Salmahaiak material garbigarri eta iragazkaitzez eginak izanen dira eta garbiak egon beharko dute. Urdaiazpiko eta hestekiek behar bezala konplituriko osasun agiriak izanen dituzte aldean. Horietan, datu orokorrez gainera, aipatu produktuak ongi identifikatzeko balio dutenak ere azalduko dira.
4. Ikuskatzailetza zerbitzuek ibilgailuari edo arestian zehaztu eskaintzari dagozkion higiene arauak betetzen ez dituzten produktuak salgai jartzea debekatuko dute edota, bestenaz, dekomisatuko osoki identifikatzea zaila izan edo narriadurarik erakusten dutenak.
5. Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek beraiendako ezarri osasun araudia beteko dute, eta zenbait produktu ontzietan sartu eta etiketatuko dira, dagokien araudiak hala eskatzen duenean.
6. Salgai dauden produktuak, gutxienez ere, lurretik laurogei zentimetroko garaierara paratu beharko dira, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute. Orobat, elikagaiak ezin izanen dira inola ere zuzenean lur gainean paratu.
7. Udal organo eskudunak erabakiko du merkatu txikia zehazki non kokatuko den eta hartan gehienez ere zenbat saltoki izanen diren. Aurretik, honako hauek egindako txostenen berri izan beharko dute:
a) Merkatari ez egonkorrak ordezkatzen dituzten elkarteak.
b) Herrian kokaturiko merkatari egonkorrak ordezkatzen dituzten elkarteak.
Nolanahi ere, hamar egun balioduneko epean txosten horiek egin gabe egoteak ebazpena emateko bidea emanen dio udal organo eskudunari.
IV. KAPITULUA
Udal baimenak
6. artikulua. Kalez kaleko salmenta indarra duten xedapenek arautuko dute eta horretan aritzeko baimenak Altsasuko Udalaren menpeko zerbitzu hauek tramitatuko dituzte: Udaltzaingoa, Garapen Ekonomikoaren eta Merkataritzaren Batzordea eta udal organo eskuduna.
7. artikulua. 1. Merkatu txikietan saltzeko beharrezkoak diren udal baimenak erdiesteko, ondoko baldintzak bete beharko dira:
a) Eskabidea egin baino lehen, merkataritza eta industria jardueretarako lizentzia fiskalaren epigrafean inskribaturik egotea eta behar den tarifaren ordainketa eguneratua duela frogatzea.
b) Altsasuko Udaleko Derrigorrezko Dirubilketaren Agentzian premiamenduko zorrik ez duela frogatzea.
c) Gizarte Segurantzako dagokion sailean inskribaturik egotea eta ordaindu beharreko kuotak eguneratuak dituela frogatzea.
d) Merkataritzaren xede izanen diren salgai edo produktuen inguruan, erregelamendu tekniko-sanitarioek eta aplikatzekoak gerta daitezkeen bestelako xedapenek eskatu baldintzak beteko dituela ziurtatzea.
e) Elikagaiak saltzen dituztenek janari erabiltzaileen karneta izatea, indarra izan beharko duena, edo ondotik emandako xedapenen arabera, haren baliokidea.
f) Atzerritarren kasuan, egoitza baimena eta bere kasa lanean aritzekoarena izatea, indarra duen araudian ezarritakoaren araberakoak.
g) Beharrezko den udal baimena eskatzea. Horretarako datu hauek eman beharko dira:
-Izen-deiturak.
-Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia.
-Bizitokiaren herria, karrika, zenbakia eta solairua, baita posta kodea ere.
-Saltokiaren neurriak, behar bezala egiaztatuak.
-Saldu nahi diren gai baimendu guztiak zehatz-mehatz azaltzea.
-Titular beraren saltokietan lan egiten duten jendeei buruzko xehetasunak.
2. Udal baimenen titular gertatzen direnek karnet tamainako bi argazki ekarri beharko dituzte, eta beharturik egonen dira Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzan ezarritako tributuak ordaintzera, eta ematen zaien lekua betetzera eta haren luze-zalak errespetatzera.
8. artikulua. Udal organo eskudunak nekazariendako zenbait saltoki erreserbatzen baditu, nork bere uztak sal ditzan, eskatzaile horiek, 7. artikuluan oro har zehazturiko agiriez gain, ekarri beharko dute Udaleko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinetan egiaztatu beharko baita, alde batetik, baimenaren eskatzaileak berak landutako produktuak direla eta, bestetik, gai bakoitzari dagokion uzta zenbaterainokoa den. Aipatu ziurtagiriak lehentasuna badu ere, hori bera froga dezaketen bestelako bide baliozkoak ere eskatzen ahalko dira.
9. artikulua. Saltoki finkoak:
1. Altsasuko merkatuan, saltokiak ez dira 70 baino gehiago izanen eta guztiz debekaturik egonen da kalez kaleko salmenta, Udalak aurretik baimnena ematen ez badu.
2. Saltoki guztiak 6 metro luze eta 3,50 m zabal izanen dira; furgoneta saltokiaren atzean para daiteke, saltokiaren luzeraren arabera. Ordenantza fiskalean ezartzen dena ordainduko da saltokiagatik.
3. Ekitaldi bakoitzean saltokiak esleitzeko, lehentasuna izanen dute aurreko urteko saltoki finkoei dagozkien eskaerek.
4. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideek merkatu txikian saltzen aritzeko udal baimena jaso dezakete.
5. Ordenantza honetan eskatu dokumentazioa aurkezten ez duten eskatzaileek hamar eguneko epea izanen dute dokumentazio hori zuzen bete ahal izan dezaten. Agiri horiek aurkezten ez dituzten eskatzaileei errekerimendu eginen zaie hamar eguneko epean zuzen bete dezaten. Aipatu epea ez betetzeak edo agiri guztiak ez aurkezteak berarekin ekarriko du udal baimenak erdietsi ahal izateko eskabideak ez onartzea eta aurkeztu dokumentazioa artxibatu edo beraien titularrei itzultzea. Une horretatik aurrera, merkatuan dituzten saltokiak utzi baherko dituzte.
Eskaera berriko saltokiak:
1. Merkatuko saltoki finkoetan hutsik baldin bada, Alkatetzak emanen du ebazpena baimen berrien gainean, ondotik ematen diren inguruabarrei begira eta izendapen ordenaren arabera:
a) Eskatzailearen helbidea. Helbidea toki hauetan dutenek izanen dute lehentasuna: 1. Altsasu, 2. Sakana eta 3. Nafarroa eta, talde bakoitzaren barnean, helbidean antzinatasun handiena dutenak.
b) Eskatzailearen inguruabar pertsonalak, familia unitatea osatzen duten kideen enpleguaren aldetik duten egoeraz den bezianbatean; horretarako, aurkezten duen deklarazioari on egiten dioten agiriak aurkeztuko dituzte.
c) Merkatuan saltzen ez diren edo salmenta urria duten produktuen salmenta.
d) Eskaeraren antzinatasuna.
2. Aurreko hautapena eginik, eskaera kopurua lanpostu hutsak baino handiagoa bada beti, merkataritza orokorrerako diren saltokien artean zozketa eginen da baimenen gaineko ebazpena emateko. Zozketak publikoak izanen dira, baina aurreko hautaketan bertan parte hartzeko eskubidea erdietsi duten pertsonetara mugatuak.
3. Urtero berritu beharko da Altsasuko merkatuan saltokia izateko eskabidea.
10. artikulua. 1. Pertsona edo 5.1.d) artikuluan aipatzen diren elkarteetako bakoitzak ezin du salmentarako baimen bat baizik izan.
2. Baimenak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta gehienez ere urtebeterako indarra izanen dute.
3. Nekazariendako baimenek indarra izanen dute gaiak biltzeko sasoiak dirauen bitartean bakarrik.
11. artikulua. Hona baimenetan zer azaldu behar den: titularraren argazkia eta nortasun datuak, saltokiaren kokagunea merkatu txikiaren barrenean, eta salgai jartzen ahal diren gai eta produktuak.
V. KAPITULUA
Merkatu txikiko eremuaren eta saltokien baldintzak
12. artikulua. 1. Ibilgailu egokietan baimendutako salmentetan salbu, saltokiak desmuntagarriak izanen dira eta baimendutako azalera baizik ez dute hartuko. Gainerako ibilgailuek merkatu txikiaren esparrutik kanpora atera beharko dute.
2. Saltokiak paratzeko ordutegia 7:00etatik 9:00etara izanen da, eta kentzekoa, berriz, 13:30etik aurrera. Kentzeko ordua baino lehen ezin izanen da inolako saltokirik atera, horretarako arrazoiren bat ez bada. 9:30etik aurrera merkatua itxia egonen da ibilgailu klase guztiendako.
3. Ezin izanen dira okupatu oinezkoak beren etxeetan sartzeko pasaguneak, ezta denda eta abarretarako sarbideak ere.
4. Saltoki guztiek beren titularrei emandako baimenak ikusgai izanen dituzte, erosleak kokatzen diren tokitik erraz irakurtzeko moduan.
5. Saltokietan megafonia eta musika paratzea debekaturik dago eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Nolanahi, musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak para daitezke eta musika jaulki, betiere, udal ordenantzek eta indarra duen araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila gainditzen ez bada.
6. Merkatu txikiko saltokiek bete beharreko beharkizun estetikoak zehazten ahalko dira, eta hala egiten bada, saltzeko baimena eskuratu dutenek beharkizun horiek bete beharko dituzte.
13. artikulua. Kamioi-dendei baimendutako salmentetarako, salmahaien gehieneko luzera zortzi metro izanen da. Horiek aparte utzirik, gainerako saltokietan salmahaien gehieneko luzera sei metro izanen da.
VI. KAPITULUA
Osasun ikuskapenak, administrazio kontrolak eta zaintza
14. artikulua. 1. Eremu publikoko saltokietako gai eta produktuen osasun kontrola eta ikuskapenak Altsasuko Udaltzaingoari dagozkie.
2. Elikagaiak saltzeko baimena emanen da merkatu txikia ireki aurretik egin beharreko osasun ikuskapena egin ondoren, gero ere beste ikuskapen batzuk egiten ahal badira ere.
3. Eremu publikoko salmentaren inguruan, udal zerbitzu hauei dagozkie antolaketa, administrazio kontrolak eta zainketa: Udaltzaingoa eta Garapen Ekonomikoaren eta Merkataritzaren Alorra.
VIII. KAPITULUA
Saltzaileen eskubide eta betebeharrak
15. artikulua. 1. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen eskubideak honako hauek dira:
a) Dagozkien saltokiak okupatzea.
b) Baimendutako gaiak saltzea, onartzen diren egun eta orduetan.
2. Saltoki lanak baimendutako pertsonek eginen dituzte edo, bestela, salmentan laguntzen duten ezkontide, seme-alaba zein gurasoek. Orobat, baimendutako pertsonaren menpe dauden langileak ari daitezke, hots, besteren kontura lanean ari direnak. Baimendutako pertsona horrek laguntzaileak Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean sartuta daudela frogatu beharko du, betiere baimena lortzeko eskabidea egitean horren berri eman bazuen.
16. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonen betebeharrak osasun, merkataritza eta zerga alorrekoak dira.
17. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena duten pertsonek osasun arloko betebehar hauek izanen dituzte:
a) Saltokiko titular eta lankideak behar bezain garbiak egon eta saltokiak ahal bezain txukun edukitzea, batez ere pisu eta balantzetako platerak. Horretarako, ia pisurik ez duen papera erabili beharko dute, gaiek eta pisu edo balantzak elkar ez ukitzeko.
b) Okupatzen duten saltokiko salmahaia ahal bezain garbi edukitzea.
c) Osasun ikuskatzaileei saltokian edo biltegian dituzten gai guztiak erakustea eta laginak hartzen laguntzea.
d) Bilduki berriak erabiltzea.
e) Elikagaiak saltzen diren kasuetan, indarra duen janari erabiltzaileen karneta izatea.
f) Udaleko garbiketa zerbitzuei laguntza ematea, saltokiak okupatzen duen aldea garbi-garbi utzita jarduera bukatu ondoan. Horretarako, Udalak behar diren baliabideak jarriko ditu zaborrak, kartokiak, hondakinak, etab. biltzeko.
18. artikulua. Eremu publikoan saltzeko baimena duten pertsonek merkataritza arloko eginbehar hauek izanen dituzte:
a) Dagozkien saltokiak okupatu eta ezarritako egun eta orduetan irekita edukitzea. Egun batean saltokia okupatzen ezbada eta horretarako arrazoirik ematen ez bada, hutsegitzat hartuko da. Elkarren segidan hiru hutsegite eginez gero, eta bost aldizka, saltokia berriz ere okupatzeko eskubidea galduko da, eta hura besterik gabe erreserbara pasatuko da, beste eskabide bati gero esleitzeko.
b) Udal baimenak jendaurrean jartzea, erosleak dauden tokitik erraz irakurtzeko moduan.
c) Erakusten dituzten produktu guztiak saltzeko maneran edukitzea. Betiere, baimenduriko produktuak baizik ezin izanen dira ikusgai jarri.
d) Hala eskatzen zaienean, ordenantza honetan nahitaezkotzat jotzen diren agiri guztiak udal zerbitzuei erakustea.
e) Saldu nahi diren gaien ondoan salneurria idatzirik paratzea, argi eta zehatz. Horretarako, salneurri errotuluen neurriak erosleen aldetik ikusteko modukoak izanen dira.
f) Pisu eta balantzeetarako udal organo eskudunak ezar dezakeen kontrastea onartzea.
19. artikulua. Eremu publikoan salmentan aritzeko baimena eskuratzen dutenek zerga arloko eginbehar hauek izanen dituzte:
a) Beharrezko den kasuetan, eskaturiko fidantza uztea.
b) Tasak edo eskubideak eskatzen zaien unean ordaintzea.
VIII. KAPITULUA
Hutsegiteak eta zehapenak
20. artikulua. Baimenen titularrak erantzule izanen dira, ordenantza honetako xedapenak hausten badituzte haiek beraiek edo saltzen laguntzen duten familiakide eta kontratupekoek.
21. artikulua. 1. Merkataritza ez egonkorra arautzen duen 13/1989 Foru Legean ezarritakoaren arabera, arau-hausteak mota hauetakoak izan daitezke:
A.-Arau-hauste arinak:
Arau-hauste arintzat hartuko da baimenean ezarritako baldintzetako edozein ez betetzea, baita udal ordenantza honek zein 13/1989 Foru Legeak ezarritako betekizun eta eginbeharrak ere ez betetzea, betiere azken horiek larri edo oso larritzat ez badira hartzen.
Zehatz-mehatz, arau-hauste arinak hauek dira:
a) Merkatu txikia hasten den ordu berean saltzen ez hastea.
b) Hiru egun elkarren segidan eta bost egun aldizka saltokia baimenik gabe itxia edukitzea, aurretik idatziz horretarako arrazoirik eman gabe.
c) Udal baimenaren kopia ikusgai ez izatea.
d) Elikagaiak saltzen direnean, janari erabiltzaileen karnetik ez izatea.
e) Ordenantza honi jarraikiz, saltokietan aritzeko baimena duten pertsonak egon beharrean, beste batzuk egotea, aginduzko baimenik ez izateagatik arau-hauste oso larritzat hartzen ez bada.
f) Ordenantza honetan eskatu osasun eta zerga arloko betekizunak ez betetzea.
g) Udalaren garbiketa zerbitzuei laguntzarik ez ematea.
B.-Arau-hauste larriak:
Hona hemen arau-hauste larriak:
a) Hutsegite arinetan berrerortzea.
b) Merkataritzaren xede diren produktuak arautzen dituen araudiak eskatu baldintzak ez betetzea.
c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean argibiderik ukatu edo ez ematea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.
C.-Arau-hauste oso larriak:
Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Arau hauste larrietan berrerortzea.
b) Saltzeko baimenik ez izatea.
c) Udal agintari edo funtzionarioei beren eginkizunak betetzen ari direnean aurre egin, larderiatzea edo mehatxatzea.
22. artikulua. a) Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 150,00 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
b) Arau-hauste larriak 150,01 eurotik 600,00 euro bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira.
c) Arau-hauste oso larriak 600,01 eurotik 3.000,00 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kenduz edo baliorik gabe utziz.
Badaezpadako neurri gisa, salgaiak kentzen ahal zaizkie, egindako eginbideetatik haiek merkaturatzeko eskatzen diren baldintzak ez direla bete ondorioztatzen bada, eta bahitu eginen dira agintari eskudunen iritziz osasun arriskua sortzen ahal badute edo haien jatorria zalantzazkoa dela uste bada.
23. artikulua. 1. Espediente zehatzaileen prozedura indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaio.
2. Arau-hauste arin, larri eta oso larriengatik zehapenak ezartzeko, espedientea beharko da aldez aurretik; hura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruz indarra duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Zehapen ahalmenaren prozedurarako Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat tramitatuko da.
3. Zehapenak jartzea Alkatearen lana da, ahalmen horren delegazioa egin badezake ere. 3.-Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.
4. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larri edo oso larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientearen izapidaketak diraueno.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza hau izateak ez dio ekarriko Udalari bertan arautzen diren salmenta motak nahitaez baimendu beharra.
Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.
Iragarkiaren kodea: L0809496
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
