88. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2188/2008 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana, Etxetresna elektrikoetarako Renove Planerako diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak, 2008ko otsailaren 26an, lankidetzarako hitzarmen-marko bat sinatu zuten, Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiako 2008-2012 urteetako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzeko 2008-2012 urteetan.

E4aren azken helburua da gure eraginkortasuna handitzea energiaren kontsumoan, gure energia sistema iraunkorragoa (ingurumen eragin txikiagoa eta klima aldaketan ondorio gutxiago), lehiakorragoa (ondasunak eta zerbitzuak sortzeko energia gutxiago behar duelako) eta segurua (neurri handian kanpotik ekartzen ditugun baliabideekiko mendekotasuna murrizten duelako) izateko.

Testuinguru horretan, energiaren arloko jarduketak egin nahi dira energiaren kontsumoa eta beraz intentsitate energetikoa (energia kontsumoaren eta barne produktu gordinaren arteko erlazioa) gutxitzeko. Neurri horien artean, "Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Plana dago".

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2008ko ekainaren 30eko Erabakiaren bidez, plan horri dagozkion diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidean ematea erabaki zuen. Halaber, erabaki horrek baimena eman zuen Enpresa zuzendari nagusiak urte anitzeko gastu konpromisoa har zezan, deialdi hori oneste aldera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Etxetresna elektrikoetarako Renove Planerako diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honetatik datozen konpromisoei aurre egiteko 850.000 euroko gastua onestea, honela banaturik:

-595.000 euro, 2008ko gastuen aurrekontuko "Energia aurrezteko eta eragimenez erabiltzeko jarduketak" izeneko 810003 81140 7800 425200 kontu-sailaren kontura, eta 255.000 euro, 2009ko gastuen aurrekontuko "Energia aurrezteko eta eragimenez erabiltzeko jarduketak" izeneko kontu-sailaren kontura.

Funts horietatik, 255.000 euro EDAIk emanen ditu 2009an, azalpen zatian aipatutako hitzarmenari jarraikiz.

Halaber, 2008ko eta 2009ko ekitaldietan, kontu-sailetan izaten ahal den dirua deialdiaren hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete horren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko uztailaren 2an.-Enpresa zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

I. ERANSKINA

Etxetresna elektrikoetarako Renove Planerako diru-laguntzak emateko 2008ko deialdirako oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntzaren onura publikoko xedea da etxeetan energia elektrikoaren kontsumoa gutxitzea, hauek ordezkatuz:

-Hozkailuak, izozkailuak, hozkailu konbinatuak (konbiak), ikuzgailuak, ontzi garbigailuak eta labeak. Horien ordez hauek jarri beharko lirateke: A motako edo hortik goitiko etiketa energetikoa duten tresnak.

-Ohiko gaineko sukalde elektrikoak edo bitrozeramikazko gaineko sukaldeak. Horien ordez hauek jarri beharko lirateke: indukziozko edo gasezko gaineko sukaldeak.

2. oinarria. Diru-laguntza har dezaketen tresnak eta diru-zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren xedea da Ako edo hortik goitiko (A+ edo A++ko, batzuetan AA edo AAA deitzen direnak) mota energetikoa duten etxetresna elektriko hauek erostea, mota bereko etxetresna zaharrago bat ordezten dutenean (Renove plana):

a) Hozkailuak eta konbiak.

b) Izozkailuak.

c) Ikuzgailuak.

d) Ontzi garbigailuak.

e) Labeak.

Ikuzgailu eta ontzi garbigailuen kasuan, etxetresna berriak A motako garbiketa eraginkortasuna eduki behar du.

Halaber, diru-laguntza emanen da ohiko gaineko sukalde elektrikoak edo bitrozeramikazko gaineko sukaldeak indukziozko edo gasezko gaineko sukaldeen bidez ordezteko.

Tresna bat aurreko ataletan aipatzen diren motetakoa den erabakitzerakoan zalantzarik izanez gero, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren irizpidea lehenetsiko da.

2. Ako edo hortik goitikoen artean oinarri honetan aipatzen diren tresna bakoitzeko diru-laguntzaren zenbatekoa 85 eurokoa izanen da.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Onuradun izan ahal izateko, beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izatea eta Nafarroan bizitzea.

Betebehar hori betetzeko, eskatzaileak NANaren kopia aurkeztu beharko du. Nafarroan bizi dela adierazi, baina NANean halaxe agertzen ez bada, bizi deneko herrian erroldaturik dagoela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

b) 2. oinarrian aipatzen direnen artetik, gutxienez tresna bana erostea, mota bereko tresna ordezteko (Renove plana).

c) Etxetresna elektrikoak nork berak erabiltzea eta norberaren etxean paratzea.

2. Era berean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren orotariko betebeharrak bete beharko dituzte. Hori erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatuko da, diru-laguntza eskabidean.

4. oinarria. Saltokiak Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Planari atxikitzea.

Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Planean parte hartu nahi duten saltokiek betebehar hauek beteko dituzte:

a) Jendaurreko txikizkako merkataritza egitea.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan entitate laguntzailetzat hartzeko ezartzen diren betebeharrak betetzea.

Atxikitzeko epea (deialdiko II. eranskinean zehazten den moduan) 2008ko uztailaren 18tik abuztuaren 31ra izanen da.

Salbuespen gisa, jarduera aipatutako epea iragandakoan hasten duten saltokien laguntzaile izateko eskaerak onartuko dira. Horretarako, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta hartu izana ziurtatuko dute, fotokopia baten bidez.

Renove Planari atxikitako saltokiekin lankidetza hitzarmena sinatuko da, eta hartan haiek hartutako konpromiso eta betebeharrak jasoko dira, diru-laguntzaren kudeaketan entitate laguntzaile diren aldetik.

5. oinarria. Jarduteko prozedura.

Diru-laguntza eskatzen dutenek eta saltoki laguntzaileek prozedura honekin bat jardun beharko dute:

1. Erosleak saltoki laguntzaile batera jo eta bertan 2. oinarrian aipatzen diren betebeharrak betetzen dituen etxetresna elektriko bat aukeratuko du.

"Saltoki laguntzaileen zerrenda" begiratzen ahal da, renove plana kudeatzeko aplikazioan, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webgunean.

Tramiteak errazteko, erosleari gomendatzen zaio Nafarroan bizi dela frogatzeko 3. oinarrian aipatzen diren agiriak (NANaren fotokopia eta, egoki denean, erroldatze agiria) eta diru-laguntza jaso nahi duen kontu korrontearen zenbakia eraman ditzala.

2. Saltzaileak, eroslea Nafarroan bizi dela egiaztatu ondoren, "Diru-laguntza eskabidea" izeneko inprimakia bete eta bidaliko du, horretarako sortu den aplikazio informatikoaren bidez ("Saltokiak, saltoki laguntzaileentzako sarbidea, salmenta berria").

3. Erosleak adostasuna sinatuko du "Diru-laguntza eskabidea" izeneko inprimakian (hiru aleetan, eta horietako bat gordeko du) eta NANaren eta, hala bada, erroldatze ziurtagiaren fotokopia aurkeztuko ditu.

4. Saltzaileak etxetresna elektrikoa instalatzearen erantzukizuna hartuko du, baita ordeztutako tresna hartu eta birziklatzearena ere.

5. Saltokiak eskabideak eta diru-laguntza emateko behar diren gainerako agiri guztiak aurkeztuko ditu Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan.

6. oinarria. Salmentak egiteko eta eskaerak tramitatzeko epea.

Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Planaren laguntzaile diren saltokiek salmentak egin eta deialdiaren xede diren eskaerak tramitatzeko epea 2008ko uztailaren 28an hasiko da, salbu eta arrazoi teknikoak direla medio deialdia kudeatzeko informatika aplikazioa prestatuta ez badago, eta abenduaren 31n amaituko. Hortaz, ez dira onartuko plana hasi aurreko data duten eskabide eta fakturak.

Hala ere, ekimen horretarako funtsak epe hori baino lehen agortuz gero, epea diru-laguntzaren xede den azken etxetresna elektrikoa saltzean bukatuko da. Une bakoitzean diruz zenbat etxetresna elektriko laguntzen ahal diren jakiteko, diru-laguntza hauek kudeatzeko aplikazio telematikoa kontsultatzen ahalko da.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Horri dagokionez, eskaerak aurkezteko hurrenkera "Diru-laguntza eskabidea" izeneko inprimakia igortzearekin batera etorriko da, Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Plana tramitatzeko sortuko den aplikazio telematikoaren bidez.

8. oinarria. Diru-laguntza eman eta ordaintzea.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskundunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak eman eta ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena beranduenez ere eskaera aurkezten den datatik sei hilabeteko epean eman eta argitaratuko da. Epe horretan ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da, administrazioaren isiltasunaren bidez.

Ebazpena Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean argitaratuko da, 12. oinarrian azaldutakoari jarraikiz, eta Etxetresna elektrikoen 2008ko Renove Plana tramitatzeko sortuko den aplikazio telematikoan.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Etxetresna elektrikoak saltzen dituzten saltokiei honela ordainduko zaizkie diru-laguntzak eta konpentsazioak: 2008an, lehendabiziko 7.000 etxetresna elektrikoen renove planei, eta 2009ko lehenbiziko seihilekoan gainerakoei.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuradunek diru-laguntzaren xede diren etxetresna elektrikoen jabe izan behar dute, eta gutxienez ere 5 urtez erabili behar izanen dituzte, paratzen dituztenetik aurrera.

b) Orokorki, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizunak.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, diru-laguntza eskabidean, eskatzaileari jakinarazten zaio departamentuari baimena ematen diola, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean, hori frogatzen duten datuak begiratzeko.

Oinarriotan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharrak betetzen ez badira, onarturiko diru-laguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, eginbeharren bat hein batean ez betetzeak emaniko diru-laguntza itzultzea ekar dezake, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz.

10. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdiaren diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek (Espainiakoek nahiz atzerrikoek) emandako beste laguntza batzuekin.

11. oinarria. Oinarrien aurkako errekurtsoa.

Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauexek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Halaber, eta diru-laguntzaren eskatzaileek errazago kontsulta dezaten, informazio hori emanen da horretarako prestatutako aplikazio informatikoan ("Erosleak, diru-laguntzaren onuradunak" atalean).

II. ERANSKINA

Saltokiak Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Planari atxikitzeko prozedura

1. Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Plana kudeatzeko Interneteko aplikaziora iristeko, saltokiek Nafarroako Gobernuaren webgunera (www.navarra.es) joko dute, "Saltokiak, lankidetzarako eskabidea" atalera. Eskabidea beteko dute, eta formularioaren bukaeran dagoen "Bidali" botoia sakatuko.

2. Gero, saltokiak lankidetza hitzarmena aurkeztu beharko du Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña), bi ale sinaturik eta zigilaturik, agiri hauekin batera:

-Sinatu duen pertsonaren NANaren fotokopia. Pertsona horrek saltokiaren ordezkaria izan beharko du eta ordezkaritza horretarako legezko ahalordea izanen du.

-Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azken gordekinaren fotokopia edo, halakorik ez bada, horren altaren fotokopia.

3. Atxikitzeko epea 2008ko uztailaren 18tik abuztuaren 31ra izanen da, biak barne. Salbuespen gisa, jarduera aipatutako epea iragandakoan hasten duten saltokien laguntzaile izateko eskaerak onartuko dira. Horretarako, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta hartu izana frogatuko dute fotokopia baten bidez.

4. Saltokiak mezu elektroniko bat hartuko du, lankidetza onartu zaiola adieraziko duena eta "saltokiaren kodea" eta "pasahitza" jakinarazikio dizkiona. Mezu elektroniko hori jasota, saltokiak, 2008ko uztailaren 28tik kanpaina bukatu arte, etxetresna elektrikoak saltzen ahalko ditu Etxetresna elektrikoetarako 2008ko Renove Planaren barnean.

5. Halaber, saltokiari plan horretan ongi etorria emanen zaio, gutun baten bidez. Gutunarekin batera, zabalkundeko material guztiak eta lankidetza hitzarmenaren kopia, Enpresa zuzendari nagusiak sinatua, hartuko ditu.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eskubidea izanen du bere ustez renove planean behar diren baldintzak betetzen ez dituzten saltokien lankidetza eskabideak ezesteko.

Halaber, erosleei diru-laguntza emateko eskaerak tramitatzean irregulartasunak atzematen badira, departamentuak saltokiak eskaerak tramitatzeko ezgaitzen ahalko ditu, kanpainaren bukaera arteko aldian. Horrek ez ditu eragotziko lankidetza hitzarmena ez betetzeagatik gertatzen ahal diren gainerako ondorioak.

Planaren laguntzaile diren saltokiek doako ikastaro bat egiten ahalko dute, etxeko tresnen energiari buruzko etiketatzearen gainean. Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak eskaintzen du ikastaro hori, Interneten bidez, webgune honetan: http://www.cursosweb.com/acceso/idae.

Iragarkiaren kodea: F0810220