Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 18a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
2054/2008 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen deialdia eta oinarriak onetsi, eta 130.000 euroko gastua baimentzen duena.
Lanerako lanbide prestakuntzaren helburua enpresentzako eta jardunean zein langabezian dauden langileentzako prestakuntza sustatu eta hedatzea da, bakoitzaren beharrei erantzuteko eta ezagutzan oinarritutako ekonomia garatzen laguntzeko baliagarria dena, hain zuzen. Prestakuntza mota hori martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak arautu zuen.
Aipatu errege dekretuan ageri diren etengabeko prestakuntzako ekimenen artean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak daude. Horien xedea da lanerako lanbide prestakuntzaren azpisistemaren eraginkortasuna hobetzea.
Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren uztailaren 30eko 2782/2004 Aginduaren bidez (2004ko 197. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 16koa), prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen oinarri arautzaileak ezarri ziren.
Prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriek, deialdi honetan sarturikoek, Europako Gizarte Funtsaren diru-laguntza (%45) ere jasoko dute.
Horrenbestez, azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Batzorde Iraunkorraren adostasun txostena izanik, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluak ematen dizkidan eskurantzez baliaturik,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen 2008rako deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. Gastu hauek baimentzea: 20.000 euro, "Enpresako eta enplegurako prestakuntza esparruko zentroetako tutore: tutoretza prozedura, eta horren trebakuntzari dagozkion prestakuntza baliabideak diseinatu eta garatzea" ekintzarako; 35.000 euro, "Ekonomia sozialeko enpresentzako prestakuntza premien diagnostikoa" egiteko; 18.000 euro, "Nafarroako enpresentzako hizkuntzak irakasteko prestakuntza hornitzaileen sektorearen prestakuntza premien diagnostikoa eta prestakuntza plana" egiteko; 20.000 euro, "E-learning prestakuntza produktua aztertu, diseinatu, garatu eta ezartzea: hidrogenoari eta erregai pilei buruzko ikastaroa" egiteko; eta 37.000 euro, "E-learning prestakuntza produktua aztertu, diseinatu, garatu eta ezartzea: eguzki-energiako instalazio termikoen muntaia eta mantentze-lanak" egiteko. Hori guztia "Prestakuntzarako ekintza osagarriak. Europako Gizarte Funtsa" izeneko 882001 84200 4819 242103 kontu-sailaren kontura. Europako Gizarte Funtsak ekintza horien %45 finantzatzen du, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko 2008ko gastuen aurrekontuetako "Enpresa Ekimena eta Etengabeko Prestakuntza" (3. helburua) izeneko programa eragilearen barnean.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
5. Ebazpena eta eranskina erakunde honetan dagoen kontu-hartzaile delegatuari eta Lanerako Prestakuntza Garatzeko Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2008ko ekainaren 20an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.
ERANSKINA
Deialdiaren oinarriak
Lehenbizikoa.-Xedea.
Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak egiteko diru-laguntza publikoen deialdia eta haiek egiteko diru-laguntza publikoak emateko oinarriak onestea, uztailaren 30eko TAS/2782/2004 Aginduan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
Bigarrena.-Diru-laguntzen helburua eta emateko printzipioak.
1. Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren III. kapituluan ezarritakoarekin bat, prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriek xede dituzte izaera orokorreko eta sektorialeko ikerketak, sektoreko eta sektore arteko ikerketa eta berrikuntza ekintzak edo lanerako lanbide prestakuntzaren azpisistema zabaltzekoak, eta langabezian zein jardunean dauden langileentzako aholkularitza bermatzen duten lanbide informazioa eta orientazioa.
2. Helburua. Deialdiaren bidez finantzatzen diren proiektuen helburua da lanerako lanbide prestakuntzaren azpisistemaren eraginkortasuna hobetzea.
3. Deialdiak arautzen dituen diru-laguntzak norgehiagoka emanen dira, publizitate eta objektibotasun printzipioetan oinarrituta.
Hirugarrena.-Ekintza motak.
Prestakuntza arloko ekintza osagarri eta lagungarriak, etengabeko prestakuntzaren azpisistema hobetzeko ezagutza eta esperientzia sortzeko oinarri gisa, uztailaren 30eko TAS/2782/2004 Aginduan oinarritutako mota hauekin bat etorriko dira:
1. Enpresako eta enplegurako prestakuntza esparruko zentroetako tutore: tutoretza prozedura, eta horren trebakuntzari dagozkion prestakuntza baliabideak diseinatu eta garatzea.
2. Ekonomia sozialeko enpresentzako prestakuntza premien diagnostikoa.
3. Nafarroako enpresentzako hizkuntzak irakasteko prestakuntza hornitzaileen sektorearen prestakuntza premien diagnostikoa eta prestakuntza plana.
4. E-learning prestakuntza produktua aztertu, diseinatu, garatu eta ezartzea: hidrogenoari eta erregai pilei buruzko ikastaroa.
5. E-learning prestakuntza produktua aztertu, diseinatu, garatu eta ezartzea: eguzki-energiako instalazio termikoen muntaia eta mantentze-lanak.
Azaldutako ekintzen bat duten proiektuetan jardunaldi teknikoak egiteko aukera sar daiteke, azken produktuak zabaltzeko eta horien emaitzei buruzko proposamenak, alternatibak eta iradokizunak biltzeko.
Laugarrena.-Prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarrien finantzaketa.
Deialdiaren bidez arauturiko prestakuntza arloko ekintza osagarri eta lagungarrietarako baimenduriko gastua 130.000 eurokoa da 2008ko gastuen aurrekontuan.
Europako Gizarte Funtsak ekintza horien %45 finantzatzen du, Europako Batzordeak onetsitako "Enpresa Ekimena eta Etengabeko Prestakuntza" (3. helburua) izeneko programa eragilearen barnean. Etengabeko prestakuntza sistemaren hedapena eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen duten prestakuntza arloko ekintza osagarri eta lagungarriak izaten ahalko dira kofinantzaketa horren xede.
Bosgarrena.-Entitate onuradunak.
1. Gizarte Segurantzan inskribaturiko enpresa, entitate edo erakundeek hartzen ahalko dituzte laguntza horiek, beren helburuen artean finantzatzen ahal diren jarduerak edo etengabeko prestakuntzari lotuak egiten badituzte eta deialdian ezartzen diren beste betebeharrak betetzen badituzte. Administrazio publikoak ezin izanen dira diru-laguntza hauen onuradun izan.
2. Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateei.
3. Entitate eskatzaileak gutxienez ere hiru urteko esperientzia egiaztatu beharko du, eta proposaturiko lanaren antzekoak edo harekin zerikusia duten bi lan gutxienez eginak izan.
4. Entitate batek bi ekintzatarako eskaera egin dezake gehienez. Hori alde batera utzita, entitate batek ezin du bere lankidetza deialdiko bi eskaeratan baino gehiagotan proposatu.
Seigarrena.-Eskaerak.
1. Ekintza osagarriak egiteko diru-laguntzen eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaizkio eta bulego nagusietan eskuratzen ahalko diren eredu normalizatuetan beteko dira. Lehenik, helbide honetan eskatu beharko dira. equipo.tecnico.sne@navarra.es.
2. Eskabideak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipaturiko erregistro eta bulegoetan ez ezik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan ere aurkez daitezke, prozeduraren instrukziorako organo eskuduna baita.
3. Eskabidearekin batera, deialdi honetako zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri teknikoez gain, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzailearen izena eta sozietatearen izena.
b) Eskaera egiten duen legezko ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura.
c) Eskaturiko diru-laguntzaren zenbatekoa.
d) Eskatzailearen aitorpena, eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla dioena, eta, hala denean, diru-laguntza ematen duen organoa baimentzea Foru Ogasunari eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari eskatzeko eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak dituen jakiteko datuak.
e) Eskatzaileak azken hiru urteetan egindako lan garrantzitsuenen zerrenda, betiere diru-laguntza eskaerako ekintzaren helburuaren antzekoak badira edo harekin lotura handia badute; bereizi egin beharko dira etengabeko prestakuntzarako akordien kontura diru-laguntza hartu dutenak eta hartu ez dutenak.
f) Eskatzaileak azken hiru urteetan bere esku izan duen aurrekontua edo negozio guztien zenbatekoa.
g) Eskatzaileak egin nahi duen ekintza kudeatzeko gaitasun teknikoa duela frogatzen duen memoria; entitate eskatzaileak dituen baliabideak adierazi behar dira eta, hala denean, proiektuaren garapenean parte hartuko duen entitatearenak edo entitateenak.
4. Diru-laguntzarako eskaeran azaldu beharko dira deialdiko hurrengo oinarrian aipatzen diren agiri teknikoetako "proiektua azaltzen duen memoria" sailean ekintza mota bakoitzerako zehazten diren edukiak.
5. Hala behar denean, proiektuaren garapenean laguntzeko aurreikusi diren entitate parte-hartzaileak identifikatu beharko dira, horretan sartuz bai proiektuaren faseren bat garatzeko kontratatu nahi diren zerbitzuen enpresa hornitzaileak, bai eta proiektua gauzatu eta/edo zabaltzeko beste modalitate batzuetan parte hartzen duten entitateak ere. Horretarako, "lankidetzaren eranskinak" bete behar dira, lankidetza nolakoa izanen den zehazteko. Eskatzaileak "lankidetzaren eranskin" bat aurkeztu beharko du entitate parte-hartzaile bakoitzeko, lankidetzan aritzen den entitatearen jatorrizko sinadura duela.
6. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri eta informazioak:
a) Zuzenbidearen araberako ahalorde askietsia, eskaera sinatzen duenak pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko ahalmena baduela egiaztatzen duena.
b) Entitatearen identifikazio txartelaren fotokopia, bai eta pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduten duen pertsonaren nortasun agiriarena ere.
c) Behar bezala legeztatutako estatutuen fotokopia.
d) Entitatea Gizarte Segurantzan dagokion erregistro administratiboan inskribatuta dagoela frogatzen duten agiriak, eta eskatzen duen diru-laguntza jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen dutenak.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen aitorpena (egoera horiek onuradun izatea galaraziko liokete).
Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan baldin badaude. Halakoetan, eskatzaileak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 35. artikuluko f) atalean ezarritakoari heltzen ahal dio, baina Nafarroako Enplegu Zerbitzuan zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko da.
7. Prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarrien finantzaziorako eskaerak aurkezteko 15 egun baliodun izanen dira. Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erabakitako eredu normalizatuen bidez eginen dira.
Zapigarrena.-Agiri teknikoak.
Deialdiko seigarren oinarrian aipatzen diren agiriak galarazi gabe, ekintza osagarriak egiteko, kontuan izan beharko dira agiri teknikoetan ekintza finantzagarrien mota bakoitzerako aipatzen diren alderdiak; hortaz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulego nagusietan alderdi hauei buruzko agiri teknikoak jarri dira eskatzailearen eskura:
a) Agindu teknikoak. Ekintzak garatzerakoan kontuan izan beharreko edukiak eta ezaugarriak deskribatzen dira horietan.
b) Proiektua azaltzen duen memoria. Diru-laguntza eskatzeko eredu normalizatuan sartu beharreko berariazko puntuak deskribatzen dira atal honetan.
c) Balorazio teknikoa. Diru-laguntzarako onartuko diren eskaerak hautatzeko oinarri izanen diren irizpideak azaltzen dira atal honetan.
d) Ekintza bukatutakoan aurkeztuko diren produktuak. Atal honetan aipatzen dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eman beharko zaizkion berariazko produktuak, finantzatutako ekintzak egin eta gero.
Zortzigarrena.-Balorazio teknikoa.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegu Behatokiaren eta Prestakuntzaren Zerbitzua izanen da aurkezten diren espedienteak instruituko dituen organoa.
2. Organo instruktoreak deialdian ekintza mota bakoitzerako eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskaeren balorazio teknikoa eginen du, eta betetzen ez dituztenei laguntza ukatzeko proposatuko. Horretarako, irizpide hauek hartuko ditu kontuan:
a) Proiektua diru-laguntzen xede diren ekintza motetarako betebehar teknikoekin bat etortzea. Haietariko bakoitzerako ezarririko preskripzio teknikoetan zehazten dira.
b) Entitate eskatzailearen eta ekintzak burutzen dihardutenen gaitasuna frogaturik edukitzea aurkezturiko proiektua garatzeko, lehenagoko esperientziak eta proiektua burutzeko haien eskura utziriko langile eta baliabideak kontuan hartuz.
c) Proiektuaren aurrekontua.
3. Finantzatu beharreko eskaerak proiektuaren balorazio teknikoaren eta ekonomikoaren ondoren lorturiko puntuazioa kontuan hartuz hautatuko dira, preskripzio teknikoetan balorazio irizpide bakoitzerako ezarritako ponderazioaren arabera. Ekintza bakoitzeko eskaera bakar bat baino ez da finantzatuko.
Bederatzigarrena.-Diru-laguntza zehaztea.
1. Eskaerak balorazio teknikoaren arabera antolatu eta gero, ekintza bakoitzarentzat eman beharreko diru-laguntza kalkulatzerakoan kontuan hartuko da jardueren gutxi gorabeherako kostua eta eskatutako kontzeptuak, finantzatu beharreko proiektuen kopurua eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan horretarako dauden kredituen muga.
2. Deialdiari dagokionez, finantzatzen ahal diren kostuak zuzeneko kostuak eta hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kostu lotuak izanen dira.
Hamargarrena.-Ebazpen proposamena.
1. Deialdiaren zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan xedatutakoa aplikatu ondoren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak proiektuaren balorazio emaitzak eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa onetsi beharko ditu.
2. Organo instruktoreak, espedientea ikusi eta gero, ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua.
3. Organo instruktoreak egiten duen ebazpen proposamena eskatzaileari jakinaraziko zaio eta, aldekoa denean, proposatutako diru-laguntza eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako zenbatekoa adieraziko zaizkio.
4. Eskatzaileak, proposamen hori jasotzen duenetik hasita, 5 egun naturaleko epea izanen du onartzeko.
5. Onartu den diru-laguntza proposameneko zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunak aldaketaren bat egin nahi badu eskaeran azaldutakoaren gainean, bai proiektua garatzeko baldintzetan bai parte hartuko duten entitateetan, berriz egiten ahalko du proiektua eta egin nahi diren aldaketen berri Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eman beharko dio. Informazio hori Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorri beharko da, diru-laguntza onartzeari begira atal honetako laugarren puntuan ezarri den epe berean.
6. Beste entitate parte-hartzaile bat proposatzen denean, lankidetzaren eranskina gehituko da, eredu normalizatua erabiliz, lankide izateko proposamena egiten duen entitatearen jatorrizko sinadura duela.
7. Edozein modutan ere, proiektua berriz zehaztean proposatzen diren aldaketek errespetatu egin beharko dituzte diru-laguntzaren helburua eta xedea, azken produktuaren izaera eta onarpenerako baldintzak. Proiektuan onartu ezin diren desbideraketak eginez gero, onuradunari horien berri emanen zaio, eta proiektua berregokitu egin beharko da, onarpenerako hasierako baldintzen arabera.
Hamaikagarrena.-Ebazpena.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea izanen da deialdiko eskaeren gainean ebazteko organo eskuduna, organo instruktoreak aurkezturiko behin betiko ebazpen proposamena ikusirik.
2. Prozedurako ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, deialdiaren ondorioetarako datatik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpenik eman ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
3. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak ebazteko ematen dituen ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean adierazitako modua eta bideak erabiliz.
4. Balorazio teknikoa eta eman beharreko diru-laguntza zehazteko kontuan hartzeko diren baldintzak, deialdiko zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan aipatzen direnak, aldatuz gero, eta, betiere, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein administrazioren, entitate publiko edo pribaturen edo nazioarteko erakunderen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak helburu bererako lortuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.
5. Laguntzen azken onuradunen zerrenda, bai eta bakoitzari dagokion zenbatekoa ere, Enplegu Atarian argitaratuko da.
Hamabigarrena.-Diru-laguntzen ordainketa.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena eman eta entitate onuraduna zerga betebeharretan eta gizarte segurantzari dagozkionetan egunean dagoela egiaztatu ondoren, diru-laguntzaren %100eko aurrerakina ordainduko da.
2. Behin ere ezin izanen zaie deus pagatu onuradunei hartzekodun-konkurtsoaren adierazpena eskatu badute, edozein prozeduratan kaudimengabetzat joak izan badira, hartzekodun-konkurtso baten partaidetzat joak izan badira, kontu-hartze judizialaren mende badaude eta, Konkurtso Legearen arabera, ezgaitasunaldia ezarri bazaie eta ezgaiturik badaude oraindik.
Hamahirugarrena.-Diru-laguntza jasotzeko eskubidea lortu eta gordetzeko baldintzak.
Diru-laguntza jasotzeko eskubidea lortu eta gordetzeak berarekin dakar onuradunak 2004ko uztailaren 30eko TAS/2782/2004 Aginduaren hamabosgarren atalean eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 13. artikuluetan ezarritako betekizunak bete behar izatea.
Hamalaugarrena.-Onuradunaren betebeharrak.
1. Deialdian eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko eginbeharrak ukatu gabe, onuradunek eginbehar hauek ere izanen dituzte:
a) Diru-laguntza emateko arrazoia izan den jarduera egitea, deialdian eta uztailaren 30eko TAS/2782/2004 Aginduan aipatzen diren baldintza, betebehar eta baliabideekin bat, bai eta deialdiko zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan balorazio teknikoa eta eman beharreko diru-laguntza zehazteko arrazoia izan ziren baldintzekin bat ere.
b) Prozedura tramitatzeko eta proiektua burutzeko faseetan behar diren argibide eta agiriak aurkeztea.
c) Diru-laguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko arrazoia izan den jarduera egin dela eta haren kostuak zenbatekoak diren frogatzea.
d) Aurreko deialdietan onartu eta kobraturiko dirua itzuli izana edo itzuliko zutela bermatu izana, diru hori premiamendu bidea baino lehenagoko erreklamazio baten bidez edo itzulketa bidezkotzat jotzen duen ebazpen baten bidez eskatu zaienean, salbu eta egintza hori bertan behera uztea erabaki bada.
e) Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, hots, onaradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzari eta sektoreari buruzko legeriak ezarritakoaren arabera, ekintza osagarriak egiteko diru-sarrera eta gastu guztiak kontu bereizi edo berariazko epigrafe batean "etengabeko prestakuntza" erreferentziaren bidez identifikatuz.
f) Administrazio eskudunari diru-laguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu dituztela jakinaraztea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira diru-laguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.
g) Kontrol organoek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontrolak onartzea, martxoaren 1eko 395/2007 Errege Dekretuaren 38. artikuluan aipatzen direnak.
h) Diru-laguntza emateko ebazpen proposamena baino lehen, zerga guztiak pagatu eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eguneratuak dituela frogatzea, deialdian ezarri bezala eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian xedaturikoa deusetan galarazi gabe.
i) Eskabideetan edo eskaerak tramitatzeko eta diru-laguntzak emateko organo eskudunei aurkezturiko agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.
j) Deialdietan ezartzen den moduan, diru-laguntzaren xede den jarduera diru publikoaz finantzatu dela eta, bidezko bada, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela adieraztea.
Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Gobernuaren logotipoa, horrek zehazten dituen ezaugarriak eta Europako Gizarte Funtsaren ikurra (maiatzaren 30eko EE 1159 Erregelamendua, 2000/05/31 EEEO) jarri beharko dituzte azken produktuetan, onarturiko proiektuaren zabalkunde eta informazio ekintzetan eta horien ondorioz egiten diren argitalpenetan.
2. Ekintzak garatzeko beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin kontraturik eginez gero, lehen aipatu diren eginbeharretatik ez da salbuetsiko onuraduna, hamabosgarren oinarriko bigarren idatz-zatian xedatu bezala.
Hamabosgarrena.-Prestakuntzaren arloko ekintza osagarri eta lagungarriak burutzea.
1. Emandako diru-laguntza erabiliko da proiektua eskaeran, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ebazpen proposamenean eta onarpenean ezarritako moduan gauzatzeko. Onartutako laguntza osorik jasotzea uztailaren 30eko TAS/2782/2004 Aginduan, deialdian, zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri teknikoetan eta diru-laguntza emateari buruzko ebazpenean ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzearen mende egonen da.
2. Betiere, onuradunak diru-laguntzaren xede den ekintzaren diseinua, emaitzen eta txostenen azken prestakuntza eta proiektua burutzeko fase guztien koordinazioa bere gain hartu beharko ditu. Ezin izanen ditu jarduera horiek, hein batean edo osorik, beste inoren esku utzi, ez eta hartarako beste batzuekin kontraturik egin ere. Proiektua garatzeko beharrezkoa den beste edozein jardueraren exekuzioa beste entitate batekin edo batzuekin azpikontratatzen ahalko da.
3. Entitate onuradunak bere giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko ditu aurreko lerroaldearen arabera dagozkion eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jardueraren exekuzioaren erantzukizun guztia hartuko du Administrazioaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak egoki betetzen direla.
4. Ekintzaren exekuzioan laguntzen duten entitateek ezin izanen dute, beren aldetik, hirugarren batzuekin kontratatu entitate eskatzailearekin sinatutako kontratuaren xede dena.
5. Behin ere ez da azpikontrataziorik eginen, beste batzuekin jardueraren kostua handituta haren edukiari baliorik eransten ez bazaio. Era berean, ez da zilegi kontratuak zatitzea, haren zenbatekoa gutxitu eta betebehar hori saihesteko.
6. Hirugarrenekin itundutako jarduera diru-laguntzaren ehuneko hogei baino handiagoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua agiri idatzi baten bidez formalizatu beharko da eta organo emaileak aldez aurretik baimendu beharko du. Baimen hori lortzeko, entitate onuradunak idazki bidez eskatu beharko du; organo emaileak 15 eguneko epean emanen du ebazpena. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.
Zerbitzua aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dutenean, diru-laguntza jaso dezaketen gastuak 12.000 eurotik goitikoak badira, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela, salbu eta diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan zerbitzua emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen. Azpikontratazio hori justifikatzeko, hiru eskaintzen artetik hoberena hautatuko da.
7. Diruz lagundutako proiektuaren izaera transferigarria bermatzearren, diru-laguntza jasotzen duenak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari laga beharko dizkio finantzatutako ekintzaren ondorioz prestatzen den materiala ustiatzeko eskubideak, horien erreserba onuradunaren alde eginez, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak ezarri bezala. Eskubide lagapen hori diruz lagundutako ekintzaren emaitzei edo produktuei dagokie. Produktu horiek erabiltzetik edo ustiatzeko eskubideak erabiltzetik ezin izanen da inolako onura ekonomikorik atera.
8. Halaber, onuradunek betebehar hauek izanen dituzte proiektuaren exekuzioan:
a) Onuradunak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, finantzazio eskaeran adierazitakoarekin alderatuta, proiektua garatzean izaten den edozein gorabehera edo aldaketa, horrek prozesuak egokitu beharra ekartzen badu baina kontzesio ebazpeneko baldintzak aldatu gabe. Gorabehera horien berri eman beharko da ezarri den exekuzio epea bukatu baino hilabete lehenago gutxienez. Beste entitate parte-hartzaile bat sartzea proposatzen denean, horren berri emateaz gainera, lankidetzaren eranskina aurkeztuko da, eredu normalizatua erabiliz, entitate laguntzailearen jatorrizko sinadura duela; ezin izanen da bosgarren oinarriko laugarren puntuan ezarritako muga gainditu.
Proiektua gauzatzen denean, onartzen ahal ezin diren desbideraketak ikusten badira, onuradunari horien berri emanen zaio, eta proiektua berregokitu egin beharko da onarpeneko hasierako baldintzen arabera.
b) Hori hala izanik ere, entitate onuradunak proiektuari buruz eskatzen zaizkion datu eta agiri guztiak eman beharko dizkio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, hala exekuzioaldia bitartean nola bukatutakoan, horrela ongi garatu den eta emandako dirua behar bezala erabili den egiaztatzeko eta lortutako emaitzak ebaluatzeko.
9. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren modalitateak ezarriko ditu ekintzen jarraipena egiteko, horien garapena gainbegiratzeko xedez. Aldian behin, dei egin diezaieke entitate onuradunaren ordezkariei, eta egokiak diren argibide edo gomendioak eman, ekintza zehaztapen teknikoetan ezarritako baldintza edo arauei egokitzen zaiela bermatzeko, bai eta, hala denean, komenigarritzat jotzen dituen neurriak hartu, proiektuaren garapena bideratzeko asmoz.
10. Onetsiriko proiektu bakoitza burutzeko epea diru-laguntza emateko ebazpenean aipatuko da. Epe hori ez da behin ere sei hilabete baino gehiagokoa izanen, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzen denetik hasita.
Hamaseigarrena.-Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak eta kostuen justifikazioa.
1. Onuradunak prestakuntza arloko ekintza osagarri eta langungarriak egiteko kostuak justifikatu beharko ditu. Horretarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarririkoa kontuan hartu beharko du, bai eta finantzatzen ahal diren kostuen zerrenda hau ere:
a) Ekintza osagarrien zuzeneko kostuak:
-Barneko eta kanpoko langileen ordainsariak, soldatak, gizarte aseguruak eta oro har onetsiriko ekintzetan ari direlarik langileei egozten ahal zaizkien gastu guztiak.
-Erabiliriko tresna eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsiriko amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta onetsiriko ekintzak burutzeko alokairu edo errentamendu finantzarioa, interesak izan ezik.
-Onetsiriko ekintzak burutzeko erabiltzen diren ondasun suntsigarrietako gastuak, babes eta segurtasun materialak barne.
-Alokairu-gastuak, errentamendu finantzariokoak -interesak izan ezik-, eta onetsiriko ekintzak gauzatzeko erabilitako lokalen amortizaziokoak.
-Espainia barruan egiten diren garraio, mantenu eta ostatuen gastuak, onetsiriko ekintzetan diharduten langileei egozten ahal zaizkienak, Ogasun Ministerioak 2001eko otsailaren 22an eman eta otsailaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaraturiko Aginduan ezarririko mugekin.
-Ekintza osagarriak zuzenean egiteko kostuak, beste ataletan sartzen ez direnak, hala nola publizitatea, zabalkundea eta komunikazioa, besteak beste, jarduera horiek kasuan kasuko deialdian aipatzen badira.
b) Ekintza osagarriei loturiko kostuak:
Ekintza osagarriei loturiko kostuak dira, bereziki, argia, ura, berokuntza, telefonoa, mezularitza, posta, garbitasuna eta segurtasuna. Betiere, kostu lotuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo frogatzeko balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatzen direnak. Loturiko kostuak gehienez ere ekintza osagarrien zuzeneko kostu guztien %10 izanen dira.
2. Kostuak fakturen eta frogatzeko balio duten bestelako agirien bidez justifikatuko dira. Jatorrizkoak edo fotokopiak erabil daitezke (fotokopia bada, jatorrizkoaren zigiluarekin) eta funtsak ongi erabili direla frogatzeko adinako xehetasunak emanen dira. Agiri horiek azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan ezarririko betebeharrak bete beharko dituzte, izan ere, horren bidez Fakturazio beharrak arautzen dituen Erregelamendua onetsi zen.
3. Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu-agirien bidez frogatzea onartuz gero, agiri horiek gastuaren edo horren egozpenen frogagiriekin batera aurkeztu beharko dira.
4. Proiektua garatzeko behar den jardueraren bat azpikontratatuz gero, deialdiko hamaseigarren oinarriko bigarren idatz-zatian xedatu bezala, azpikontratistek egiten dituzten fakturak kostuak egozteko jarduerak identifikatzeko moduan sailkatu beharko dira.
5. Jarduerak, diru-laguntza honetaz gain, bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, bai eta funtsak diruz lagundutako jardueretan aplikatu direla ere.
6. Diru-laguntzaren onuraduna beharturik dago diru-laguntzaren arrazoia izanen den jarduera egin dela eta harturiko funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak bost urtez gordetzera, onuradunak frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denetik hasita.
7. Europar Batasuneko funtsekin batera finantzatutako ekintzen kasuan, Europar Batasuneko arauetan xedatutakoa aplikatuko da.
8. Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitateek agiri horien kopiak igorri beharko dizkiote organo eskudunari.
Hamazazpigarrena.-Diru-laguntzen likidazioa.
1. Diru-laguntzen azken likidazioa egiteko, onuradunak agiri hauek bete eta Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorri beharko ditu:
a) Azken produktu osoak, deialdiko zazpigarren oinarriko agiri teknikoetan ekintza mota bakoitzerako ezarritako moduan.
b) Onetsiriko proiektua egiteko kostuak frogatzen dituzten agiriak eta horretarako agiri normalizatuak, proiektua egiteko epea bukatu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean bete beharrekoak, finantzatzen ahal diren kostuekin eta ezarririko irizpideekin bat.
c) Ekintza burutu dela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak banatuko duen eredu normalizatuan.
d) Justifikatutako kopuruaren eta aurrerakin gisa jasotakoaren arteko aldeari dagokion zenbatekoa sartu izanaren frogagiria.
e) Proiektuan eta haren zabalkundean lagundu duten entitateen parte-hartzea egiaztatzea. Lankidetza hori egiaztatuko da "lankidetzaren eranskinak", normalizatuak, bete eta igorriz, entitate parte-hartzailearen jatorrizko sinadura dutela.
2. Onuradunak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan 10 eguneko epean aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion datu eta agiriak, horrela ongi garatu den, emandako dirua behar bezala erabili den eta produktuak deialdiko helburuei ongi egokitzen zaizkien egiaztatzeko eta lortutako emaitzak ebaluatzeko.
3. Emandako finantzazioa mantentzeko beharrezkoa da azken produktuaren izaera eta eskaera onartzearen arrazoi izan ziren baldintzak ez aldatzea. Baldintza horiek edo eskaeraren edukia betetzen ez badira, ziurtatutako kopurua gutxitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioei jarraikiz, eta, beraz, espedientea likidatu.
4. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak likidazio proposamena eginen du, diruz lagundutako ekintzaren kostu justifikatuetan eta kopuru ziurtatuan oinarriturik, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, aurkeztutako agiriak aztertu eta lortutako emaitzak eta azken produktuaren kalitatea ebaluatu ondoren. Proposamen hori onuradunari jakinaraziko zaio, eta horrek 15 eguneko epea izanen du akatsak zuzentzeko eta, hala denean, bidezkoak diren frogagiriak aurkezteko.
5. Aurreko lerroaldean aipatu epea bukatu eta agiririk aurkeztu ez bada edo aurkeztutako agiriek akatsak zuzendu ez badituzte, laguntza ordainduko da eta, bidezkoa bada, emandako laguntza zati batean edo osorik itzultzeko eskatuko.
6. Oinarri honen lehenengo eta bigarren puntuetan aipatu frogagiriak aski direnean emandako diru-laguntza egoki justifikatutzat jotzeko, edo akatsak oinarri honen hirugarren puntuan ezarritako epean zuzentzen badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horren berri emanen dio interesdunari.
Hemezortzigarrena.-Diru-laguntzak itzultzea.
1. Arau honen babesean ematen diren diru-laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, horiek pagatu zirenetik Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez itzuli beharra erabakitzen duen arte sorturiko berandutza interesak barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarririko kasuetan eta deialdian ezarririko betebeharrak bete ezik.
2. Ebazpen horren kontra bidezkoa izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hori aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean aipatzen diren baldintzetan.
Hemeretzigarrena.-Aplikatu beharreko araudia.
Deialdian ezarri ez den orotan, diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituen uztailaren 30eko TAS/2782/2004 Agindua aplikatuko da; bestela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Hogeigarrena.-Datuen babesa.
1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek arau honen babesean organo eskudunei jakinarazten dieten informazioa datuak babesteko indarra duen araudiaren mende egonen da.
2. Entitate eskatzaile, onuradun eta parte-hartzaileen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan oro har ezartzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira interesdunak.
Hogeita batgarrena.-Errekurtsoak.
Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F0809729
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
