Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 18a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
122/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 20koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, enpresa ertain eta txikiek Nafarroan turismo zerbitzuak eta jarduerak sortu eta garatzeko 2008. urterako laguntzen deialdia onesten duena.
Azken urteotan, Nafarroako sektore turistikoak handitze garrantzitsua bizi izan du oinarrizko azpiegiturei, ostatu hartzeari eta jatetxeei dagokionez, era berean handitzen doan bisitari kopurua asebetez.
Turismo aktibo eta kulturaleko enpresen eta era askotako zerbitzuen kopuruaren hazkundea ere garrantzitsua izan da, bisitariari bere egonaldia era aktiboagoan gozatzeko aukera emanez. Hala ere, nabarmentzen ari da era honetako enpresek arazoak dituztela jardueren eskaintza finkoa diseinatzeko eta bezeroei zerbitzua bermatzeko.
Horrenbestez, Kultura eta Turismo Departamentuaren helburua Nafarroak destino turistiko gisa duen irudia eta prozesu horretan ezinbestekoak diren zerbitzu eta jarduera osagarriak hobetzea denez, egokitzat eta beharrezkotzat jo da enpresaburuek zentzu horretan egiten dituzten jarduerak sustatu eta bultzatzea. Horretarako, jardueren eskaintza finko bat mantentzeak sortzen dituen gastuak arintzeko laguntzen deialdia egin da. Halaber, deialdian bertan enpresen irudia hobetzeko eta bere jarduna dibertsifikatzeko beste motatako jarduerak ageri dira.
Deialdi hau lehiarik gabeko konkurrentzia bidez ebatziko da, izan ere, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskabidek betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da. Eta hori horrela da enpresaburuek deialdian ageri diren gaietan egiten ahal dituzten ekimen guztiak interesgarriak direlako eta laguntzea ezinbestekoa delako. Laguntzarik ez baldin badu, posible da bere eskaintza garatu nahi duen enpresaburuak jarduera batzuk ez egitea edo atzeratzea. Baina esperientziaz badakigu laguntza jasotzeko aukerarik baldin badago (nahiz eta une batzuetan laguntzaren portzentajea zerbait murriztu) proiektua eginen dela eta, ondorioz, sektorerako hobekuntza ukaezina izanen dela.
Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2) artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. "Enpresa ertain eta txikiek Nafarroan turismo zerbitzuak eta jarduerak sortu eta garatzeko 2008. urterako laguntzen" deialdiko oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinean bildu direnak.
2. 150.000 euroko gastua baimentzea 2008ko gastuen aurrekontuko "Done Jakue bidea: enpresa ertain eta txikientzako laguntzak zerbitzuak sortu eta garatzeko" izeneko A10001 A1120 4709 432303 kontusailaren kargura, eta 50.000 eurokoa "Enpresa ertain eta txikientzako laguntzak zerbitzuak sortu eta garatzeko" izeneko A10001 A1120 4709 432304 kontusailaren kargura.
3. Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2008ko ekainaren 20an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.
ENPRESA ERTAIN ETA TXIKIEK NAFARROAN TURISMO ZERBITZUAK ETA JARDUERAK SORTU ETA GARATZEKO 2008. URTERAKO LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRIAK
1. Xedea.
Oinarri hauen helburua da Nafarroan 2008. urtean bisitariei eskainitako jarduera eta zerbitzu turistikoen eskaintza garatu eta hobetzeko jarduerak bultzatzea, partikularrek eta sektore turistikoko enpresa txiki eta ertainek sustatutakoak.
2. Onuradunak.
Foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak eskuratzen ahal dituzte turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak), baldin eta dagokion atalean ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, eta enpresa turistikoak sortzeko negozio turistiko berrietarako enpresa-planen sustatzaileek, baldin eta Nafarroako turismoari buruzko arauak aplikatzen ahal bazaizkie eta dagokion atalean ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.
ETE bat zer den argitu nahi izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa eta hori ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartuko dira kontuan.
-Aipatu enpresak turismo erregistroan erregistratuta egon beharko dute deialdi honetan ezarritako eskabideak aurkezteko epea bukatzeko unean, enpresa-plan berrien sustatzaileen kasuan izan ezik.
3. Aurrekontu zuzkidura.
Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko gehienezko aurrekontu zuzkidura 200.000 eurokoa da, 2008ko gastuen aurrekontuko bi kontusail desberdinen kargura:
-150.000 euro "Done Jakue bidea: enpresa ertain eta txikientzako laguntzak zerbitzuak sortu eta garatzeko" izeneko A10001 A1120 4709 432303 kontusailaren kargura. Kontusail honen kargura Done Jakue bidearekin lotura duten proiektuak eginen dira.
-50.000 euro 2008ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Enpresa ertain eta txikientzako laguntzak zerbitzuak sortu eta garatzeko" izeneko A10001 A1120 4709 432304 kontusailaren kargura. Kontusail honen kargura Done Jakue bidearekin loturarik ez duten proiektuak lagunduko dira.
Laguntzaren esleipen-hartzailea izateko betebeharrak bete baina diru faltagatik ezin egin diren espedienteak egonez gero, espediente horiek Done Jakue bideko kontusailera aldatuko dira, beti ere kontusail horren kargura dauden espedienteak ebatzi eta gero gerakinik badago.
Diru-laguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontusaileko dirua gainditzen badute, diru-laguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.
4. Araubide juridikoa.
Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu horrek "de minimis" laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru urteko epean. Horretarako, enpresak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinarazi beharko dio "de minimis" laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.
5. Laguntzen barruan sartzen diren proiektuak eta erreferentzia aldia.
Diru-laguntza jasotzen ahalko dute 2008ko urtarrilaren 1etik abenduaren 30era bitarte egiten eta fakturatzen diren jarduera mota hauek:
a) Enpresa-planaren* diseinu eta lanketa gastuak, zerbitzuetako enpresa turistiko berri bat sortzeko edo dagoen enpresa baten ohiko jarduera dibertsifikatzeko.
-Ez dira aintzat hartuko obra zibiletako aurreproiektu eta proiektuak.
b) Enpresaren irudi korporatiboa diseinatzeko gastuak.
c) Web orrialdeak diseinatzeko eta sortzeko gastuak.
d) Turismo aktibo eta kulturaleko enpresek udaran, asteburuetan eta zubietan eskaintzen dituzten aparteko jarduerak.
Eskaintza horren egutegi bat aurkeztu beharko da, bertan jardueren data, toki eta ordutegi zehatzak ezarri beharko dira programazio batean, bai eta aparteko jarduera horrentzako aurreikusitako gutxi gorabeherako aurrekontu xehekatua ere (enpresaren ohiko jarduerak ez dira kontuan hartuko).
Gutxienez turismo aktiboko 10 jarduera edo turismo kulturaleko 15 jarduera (bisita gidatuak eta antzekoak) bermatzen dituzten eskaerak besterik ez dira kontuan hartuko.
6. Laguntzen zenbatekoa eta muga.
Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izanen dira:
6.1. 5.a, 5. b ataletan onartutako gastuen aurrekontuko %50 bitarte, 800,00 euro gehienez ere.
6.2. 5.c atalean onartutako gastuen aurrekontuko %50 bitarte, 500,00 euro gehienez ere.
6.3. 5.d) atalean aurreikusitako kasuetarako 4.000,00 euro bitarte, aurkeztutako eskaintzaren interesaren arabera. Horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan:
-Jardueren eskaintzaren kalitatea eta berrikuntza maila: gehienez ere %40.
-Aurreikusitako jarduera kopurua eta jarduera motak: gehienez ere %40.
-Jarduerak merkaturatzeko era (zuzena eta/edo ohiko banaketa kanalen bidezkoa): gehienez ere %20.
PUNTUAZIOA GEHIENEKO LAGUNTZA
25-49 2.000 euro
50-74 3.000 euro
%>75 4.000 euro
Done Jadue bideko jarduera eta/edo kokapenarekin zerikusia duten proiektuetan, portzentaje eta muga horiek ondoko portzentaje eta mugetaraino handitzen ahalko dira:
-5.a eta 5.b. ataletan aurreikusitako kasuetarako %60 bitarte, 1.000 euro gehienez ere.
-5.c atalean aurreikusitako kasuetarako %60 bitarte, 800 euro gehienez ere.
-5.d atalean aurreikusitako kasuetarako 5.000,00 euro bitarte (1.000 euro puntuazio maila bakoitzagatik).
Diru-laguntza kalkulatzerakoan Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da.
7. Diru-laguntzak emateko irizpideak.
Deialdi hau lehia bidez ebatziko da, izan ere, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, erregistratutako eskaera guztiak aztertu eta erabakiko da zein eskabidek betetzen dituzten deialdiko irizpideak eta zeinek ez. Gero, diru-laguntzetarako erabiltzen den gehieneko zenbatekoa diru-laguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da.
8. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskabidea Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke:
http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/
Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Izaera.
a.1) NANa/IFZ.
a.2) Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).
a.3) Ahaldunaren notario-ahalordea eta NANa, kasua bada.
b) Proiektuari buruzko dokumentazioa.
b.1) Aurreikusitako jardueren memoria zehatza. 5.d atalaren kasuan, programatutako jardueren programa zehatza eta proiektuaren komunikazio plana ere aurkeztu beharko dira.
b.4) Aurrekontua, gaika zehaztua.
c) Beste batzuk.
c.1) Enpresa txiki edo ertainetzat hartzeko betebehar guztiak betetzen ditueneko erantzukizuneko aitorpena, Europar Batzordearen 70/2001 EE Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera, horretarako ezarritako ereduarekin bat.
c.2) Entitatearen legezko ordezkariaren aitorpen idazkia, azkeneko hiru urteetan -aurtengoa barne- Administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko "de mínimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.
c.3) Diruz laguntzen ahal diren kostuentzako eskatu eta hartutako beste laguntzen zinpeko aitorpena.
c.4) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, honako helbidean lortzen ahal dena:
http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Todos+los
+servicios/Asistentes/Impresos+de+Tesoreria.htm)
c.5) Luzatzen den ereduaren araberako erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoera debekaturen batean ez dagoela dioena.
Eskaerak aurkezteko ez dira onartuko behar bezala erregistratu gabeko mezulari zerbitzu pribatuen bidezkoak, ez eta atzerriko posta zerbitzuen bidezkoak ere.
9. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa da, deialdi hau bon.ean argitaratu eta biharamunetik hasita.
10. Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.
Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.
Eskaera osorik beteta eta zuzena dela egiaztatu ondoren, espedientea Batzorde batek baloratuko du, honako hauek osatutakoa: gidari gisa Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona, eta Marketinaren Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona, Turismoko Produktuen Garapenerako eta Kalitaterako Ataleko burua eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko teknikari bat; idazkari lanetan ere arituko dena.
Eskaerak aztertutakoan, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.
Deialdia ebazteko hiru hilabeteko epea izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, eskaera baztertu egin dela ulertu beharko da.
Laguntzen kontzesioa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren webgunean:
http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/
11. Justifikazioa eta laguntzen ordainketa.
5.a, 5.b eta 5.c ataletan ageri denarekin bat, enpresa-planaren eta/edo irudi korporatiboaren diseinua eta/edo diruz lagundutako web orrialdearen lotura aurkeztu ondoren eginen da emandako diru-laguntzen ordainketa. Halaber, gastuaren justifikazioa egin beharko da fakturak aurkeztuz (jatorrizkoa eta kopia edo kopia konpultsatua) eta horien ordainketa frogatzen duten agiriak, Fakturazio eginbeharrak arautzeko Erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak. Frogagiri horiei zenbakizko segida jarri beharko zaie eta, horiekin batera, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak lehen aipatutako helbidean emandako inprimakia aurkeztu beharko da, behar bezala betea.
5.d atalean ageri denarekin bat, kanpainaren emaitzaren bukaerako balorazio-memoria aurkeztu ondoren eginen da emandako diru-laguntzaren ordainketa. Memoria horretan agertuko dira emandako zerbitzuen kopurua, lagundutako pertsonen kopurua, proiektuaren bukaerako gastu xehakatua eta proiektuarekin lortutako diru-sarrerena.
Justifikazio hori 2008ko abenduaren 15a baino lehen egin beharko da.
Kultura eta Turismo Departamentuak onetsitako diru-laguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean emanen da, justifikazioa aurkeztu ondoren.
12. Onuradunen betebeharrak.
Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:
a) Diruz lagundutako jarduera ez bada deialdian ezarritako epean egiten, onuradunak horren berri eman beharko dio Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari 2008ko irailaren 30a baino lehen. Ez badu hala egiten, onuradunak ezin izanen du hurrengo deialdian kontzeptu horretarako laguntzarik eskatu.
b) 2008ko abenduaren 15a baino lehen, laguntzen xede diren jardueren memoria aurkeztea eta, kasua bada, diruz lagundu den planaren/eskuliburuaren ale bat edo web-orriaren helbidea ematea.
c) Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela azaldu beharko da. Jarduera honetarako sortzen diren euskarri guztietan Nafarroako ikur turistikoa erabili beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideei jarraikiz.
d) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak bosgarren oinarrian azaldu bezala egin beharko dira.
e) Diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.
Kasu horietan, onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin izenpetuko du.
f) Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.
g) Oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak (2005eko azaroaren 14ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, 136. zenbakian).
13. Emandako laguntzen publizitatea.
Onuradunak eta laguntzen kontzesioa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko dira, Gobernuaren webgunean:
http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/
14. Laguntzen ezeztapena, arau-hausteak eta zehapenak.
Hamabigarren oinarrian aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan egindako iruzur edo nahasteak izateak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako onurak ezeztatzea eta, bidezko bada, eskuratutakoak itzuli beharra eta berandutze interesak ordainarazi ahal izatea. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru lege horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.
15. Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntzen zenbatekoa, banaka nahiz beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo diru-laguntzaren xede den jarduerak dituen baliabide bereki batzuekin batera, ez da izanen onuradunak bete beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Kostu hori gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.
Foru agindu honetako laguntzak Europar Batasuneko "de minimis" araubidearen menpe daude; hau da, aurreko hiru urteko epean jaso dituen diru-laguntza guztien batura ezin izanen da 200.000 eurotik gorakoa edo erkidegoko araudian ezartzen den kopurutik gorakoa izan.
16. Errekurtsoak.
Deialdiaren eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso horiek deialdia eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.
Iragarkiaren kodea: F0809894
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
