Iragarkia
88. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 18a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
249/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Gazteen Entitateen Erroldan inskribaturik dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2008ko deialdiaren oinarriak onesten dituena. Diru-laguntza horiek beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak aurrera eramateko eta haien lokalen mantentze-lanak eta ekipamendu gastuak finantzatzeko dira.
Irailaren 24ko 217/2007 Foru Dekretua, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onetsi ziren. Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea eta, horretarako, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartzea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardutea.
Institutuaren estatutuen arabera, haren eginkizuna, besteak beste, laguntza eta diru-laguntzen programak kudeatzea da. Horregatik, gazteriaren arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko asmoz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da diru-laguntza publiko guztiak arautzeko esparrua, izan ere bertan ezartzen dira diru-laguntzak emateko printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta haiek eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak dituen helburuen artean gazteen elkartegintza sustatzea dago gazteak gizarte-bizitzan integratu eta parte hartzeko bide gisa. Horretarako, erraztasunak eman nahi dira gazteentzako programak aurrera eramateko eta haien lokalen mantentze-lanetarako eta ekipamendurako.
Nafarroako Gobernuak, 2008ko ekainaren 9ko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen gazte elkarteek beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak garatzeko eta haien lokalak mantendu eta ekipatzeko diru-laguntzen deialdia banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,
AGINDU DUT:
1. Gazteen Entitateen Erroldan dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onestea, beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak aurrera eramateko eta dituzten lokalak mantendu eta ekipatzeko, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.
2. Deialdi honi aurre egiteko 668.828 euroko gastua baimentzea (seiehun eta hirurogeita zortzi mila, zortziehun eta hogeita zortzi euro). Honela ordainduko da: 637.328 euro (seiehun eta hogei hamazazpi mila, hirurehun eta hogeita zortzi euro), "Gazte elkarteen programetarako diru-laguntzak" izeneko 960002-96100-4819-232100 kontusailaren kargura eta 31.500 euro (hogeita hamaika mila eta bostehun euro) "Gazte entitateentzako ekipamendua" izeneko 960001 - 96100 - 7819 - 232100 kontusailaren kargura. 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi kontusailok.
3. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea, aurkeztutako eskaerak aztertu eta deialdia ebatzi ondoren, sobrante gelditzen den dirua gastu-konpromisoa kentzeko eta beste deialdi batzuetako gastu gisa baimentzeko, 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kontusail beraren kargura betiere.
5. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Kirolaren Institutuko Kontu-hartzailetza delegatuari, Nafarroako Kirolaren Institutuari, Idazkaritza Orokorraren Atalari eta Nafarroako Kirolaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñea, 2008ko ekainaren 19an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Oinarriak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteendako Entitateen Erroldan sartuak dauden gazte elkarteei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzako programak aurrera eramateko beren kideei zuzenduta eta dituzten lokalak mantendu eta ekipatzeko, 3. oinarrian biltzen denari jarraikiz.
Deialdiaren onura publikoa gazteen elkartegintza sustatzeak gizartearentzat duen garrantzitik dator, lan hori gazteak gizarte-bizitzan integratu eta parte hartzeko bide nagusia izan baitaiteke.
2. Helburua.
Deialdi honetako diru-laguntzen helburua da Nafarroako gazte elkarteei laguntzea 2007ko irailaren 22tik 2008ko irailaren 19ra bitarte egiten dituzten zenbait ekimen eta jarduera, hala nola programak garatzeko behar dituzten egoitzen mantentze-lanak eta tresnen erosketak, partez finantzatuz.
3. Esparrua.
3.1. Deialdi honetako diru-laguntzak, oro har, jarduera hauek egiteko eskatzen ahalko dira:
a) Aisialdiko prestakuntza ekintzak. Talde honetan sartzen da elkarteko monitoreek onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek antolatzen dituzten ikastaro monografikoetan parte hartzea, elkarteetako kideek aipatutako aisialdiko eskolek antolatzen dituzten aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroetan parte hartzea eta kideek egoitzatik kanpo egiten dituzten kanpalekuetan eta bestelako jardueretan parte hartzea.
Kanpalekuetan edo antzekoetan bi gau edo gehiago eman behar baldin badute, Nafarroako Gazteriaren Institutuari hamabost egun lehenagotik jakinarazi beharko zaio. Ezarritako epean jakinarazi ezean, jarduera horri dagokion diru-laguntza kenduz zehatuko da.
b) Aisialdikoak eta jostetakoak. Aisialdi eta jostetako jardueratzat hartuko dira egoitzaren barrenean nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo eskolaz kanpoko heziketa eta heziketa informala helburu dituztenak, betiere deialdiaren 3.3 oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.
c) Elkartearen egoitzaren mantentze-lanetarako behar diren gastuak, 2. oinarrian finkatutako epean sortutakoak, eta betiere 4.2 oinarrian adierazitako diru-mugak dituztela. (A motako gazte elkarteentzat bakarrik).
d) 2. oinarrian zehaztutako epean egiten diren jarduerak aurrera eramateko beharrezkoa den material inbentariagarria erostea (A motako gazte elkarteentzat bakarrik).
3.2. Gainera, berariazko diru-laguntzak eskatzen ahalko dira ondoko hauetarako:
a) Deialdi honen barrenean diru-laguntza emanen zaie elkarteek aurkezten dituzten sei proiekturi gehienez, hain zuzen, kulturaren, mugigarritasunaren, integrazioaren eta erroldan inskribaturiko elkarteen arteko harremanen arloan interes eta kalitate berezia dutenei edo balioetan oinarritutako hezkuntza, kulturartekotasuna eta ingurumenarekiko sentsibilitatea bultzatzen dutenei. Proiektu horiek 2008ko urtarrilaren 1etik azaroaren 19ra bitarte gauzatu beharko dira, betiere Nafarroako Gazteriaren Institutuak diru-laguntza esleitzeko propio emandako ebazpen baten bidez baimenduz gero. Proiektu horiek elkarteko kideentzat bakarrik beharko dute izan eta gutxienez 25 lagunentzat. Proiektua elkarte batek baino gehiagok aurkeztuz gero, proiektuan parte hartzen duen elkarte bakoitzak 15 bazkide jarri beharko ditu gutxienez.
b) Boluntario lanak. Atal honetan gazte elkarteek hirugarrenen onerako Nafarroan egiten dituzten proiektuak sartzen dira. Proiektu horiek 2008ko urtarrilaren 1etik azaroaren 19ra bitarte gauzatu beharko dira, betiere Nafarroako Gazteriaren Institutuak diru-laguntza esleitzeko propio emandako ebazpen baten bidez baimenduz gero.
c) Gazte elkarteek haurdun dauden emakumeei laguntzeko antolatzen dituzten proiektuek ere diru-laguntza jasotzen ahalko dute. Proiektu horiek 2008ko urtarrilaren 1etik azaroaren 19ra bitarte gauzatu beharko dira, betiere Nafarroako Gazteriaren Institutuak diru-laguntza esleitzeko propio emandako ebazpen baten bidez baimenduz gero. Proiektuok ondoko ekintza hauetako bat garatu beharko dute:
-Haurdun dauden emakume gazteek haurdunaldia aurrera eramateko, umea izan aurretik eta ondotik dituzten baliabideei buruzko informazioa, erditzera artekoak eta erditze ondokoak.
-Haurdun dauden emakume gazteei laguntza psikologiko eta medikoa eta lege mailakoa ematea, umea izan aurretik eta ondotik emakumearen eta haurraren ongizatea bermatzeko.
-Haurrentzako altzariak, tresnak eta janaria ematea.
-Haurren bizitzaren lehenengo urtean ama gazteei ostatua ematea.
d) Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteendako Entitateen Erroldan sartuak dauden gazte elkarteek Gazteendako Instalazioen Nafarroako Sarearen instalazioak erabiltzen baldin badituzte, instalazioan egindako gastu osoaren %75eko diru-laguntza hartuko dute jarduera horregatik, Nafarroako Gazteriaren Institutuan faktura aurkeztu ondoren, behin jarduera egin eta gero. Gazte elkarte bakoitzak gehienez ere urtean bitan eskatzen ahalko du modalitate honetako diru-laguntza.
e) Informatikako ekipamendua erostea: ordenagailua, inprimagailua, ekipoak eta softwarea eguneratzea. Erositako ekipo informatikoek interneten sartu eta posta elektronikoa izateko aukera emanen dute; hurrengo ezaugarriak izanen dituzte gutxienez:
-Pentium IV (edo antzekoa).
-1.024 MB-ko RAM memoria.
-40 GB baino gehiagoko disko gogorra.
-Interneterako eta posta elektronikorako sarbidea.
-Multimedia ekipoa (CD ROMa).
-Office 97 edo hori baino berriagoa.
3.3. Hurrengoak deialdi honen eremutik kanpo geldituko dira:
-Kirol jarduerak, inauteriak, tokian tokiko jaiak, kabalgatak, dantzaldiak, kontzertuak eta antzekoak.
-Elkarteko edo elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteetako langileen ordansariak, horrelakorik badago.
-Jarduera egiteko beharrezkoak ez diren janari gastuak.
-Nafarroako Gobernuaren gainerako departamentuen eskumen diren programak, diruz lagunduak izan ala ez izan.
-Ikasleen elkarteei dagozkien jarduerak.
-Beste deialdi zehatzago baten helburu diren jarduerak.
4. Onuradunak.
4.1. Deialdi honetako diru-laguntzak jasoko dituzten entitateek Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteen Entitateen Erroldan izena emanda behar dute egon diru-laguntza jasotzeko aurkeztu duten jarduera egin baino lehen.
4.2. Entitate bakoitzak erroldan duen sailkapenaren arabera, ondoko diru-laguntza hauetarako aukera izanen du:
A B C
Jarduerak * * *
Mantentze gastuak *
Mat. inbentar. erostea *
Deialdi honen 3.2 oinarrian zehaztutako baldintzei jarraikiz, Nafarroako Gazteriaren Institutuan erroldaturiko gazte elkarte orok du eskubidea informatikako ekipoak erosteko, betiere aurreko bi deialdietan horretarako diru-laguntzarik jaso ez badu. Ekipamendu informatikorako laguntzarik ezin da eskatu elkarteak aurreko hiru deialdietatik bitan bederen ez badu jarduerengatiko laguntzarik jaso. Diru-laguntza jasotzeko, elkarteek urtebeteko antzinatasuna beharko dute Gazteen Entitateen Erroldan, diruz laguntzekoak diren jarduerak burutu beharko dituzte eta gutxienez 25 bazkide izan.
5. Aurkezteko epea eta lekua.
5.1. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25ean) edo bestela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan, 2008ko irailaren 1etik 19ra bitarte.
5.2. Informatikako ekipoak erosteko eskaerak, haurdun dauden emakume gazteei laguntzeko gazte elkarteek dituzten proiektuetarako eskaerak, boluntario lanetarakoak eta sei proiektu onenak aukeratzekoak Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.
5.3. Gazteendako Instalazioen Nafarroako Sarea erabiltzeko diru-laguntza eskaerak Nafarroako Gazteriaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25ean) edo bestela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunaren biharamunetik 2008ko irailaren 19ra bitarte.
5.4. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, zertifikatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.
6. Eskaera eta dokumentazioa.
6.1. Eskaera, entitateko presidenteak sinatua, Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako inprimakien bidez eginen da eta ondokoak erantsiko zaizkio:
a) Programaren oroit-idazki orokorra; programa hori osatzen duten jardueretako bakoitzari buruzko hurrengo informazioa jasoko du: helburuak, iraupena, parte-hartzaileen kopurua eta adina, parte hartzeko kuota eta instalazioak.
b) Programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraz jarduera. Gastuen frogagiria erantsiko da, jatorrizko fakturen bidez -jarduerak antolatu eta diru-laguntza eskatzen duen elkartearen izenean eginiko fakturak- edo horien kopien bidez. Fakturak "berrikusia" hitzarekin zigilatu ondoren itzuliko dira.
c) Entitatearen ordezkariak emandako erantzukizunpeko aitorpena, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eginak eta eguneratuak dituela adierazteko.
d) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, entitatea diru-laguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera bakar batean ez dagoela azaltzen duena.
6.2. Informatikako ekipamendua erosteko eskaerekin batera, erosketaren egiaztagiriak eta 6.1. oinarriko c) eta d) ataletan ezarritako erantzukizunpeko aitorpenak aurkeztu beharko dira.
6.3. Boluntario lanetarako proiektuetarako eskaerak, sei proiektu onenak aukeratzekoak eta haurdun dauden emakume gazteei laguntzeko proiektuetarakoak kasuan kasuko proiektuekin batera aurkeztu beharko dira, behar bezala garatuak eta ekonomia aldetik baloratuak, eta 6.1. oinarriko c) eta d) ataletan ezarritako erantzukizunpeko aitorpenekin batera aurkeztu beharko dira.
6.4. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten.
6.5. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.
6.6. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean ez da beharrezkoa izanen betebehar edo baldintza horiek frogatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedatu bezala.
7. Instrukzioa, balorazioa eta laguntzen zenbatekoa.
7.1. Diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da.
7.2. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Gazteriaren Zuzendariordetzari dagokio, Entitateekiko Harremanen Atalaren bitartez. Organo instruktoreak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta bestetik, unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoa den ala ez, dagokion txostenaren bidez.
3.1. oinarrian xedatutakoari dagokionez, Gazteriaren Zuzendariordetzak aurkezten diren eskaerak baloratu eta, ondoren, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari laguntzak emateko proposamena igorriko dio. Dagoen kreditua 7.7 oinarrian ezarritako gehieneko diru-laguntzak emateko aski ez bada, kreditu erabilgarria diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.
7.3. 3.2 oinarrian xedatutakoari dagokionez (informatikako ekipamendua erostea), Gazteriaren Zuzendariordetzak aurkezten diren eskaerak baloratu eta, ondoren, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari laguntzak emateko proposamena igorriko dio. Behar bezala beteriko eskaera guztiek izanen dute diru-laguntza, helburu horretarako dagoen kreditua, 10.000 euro, muga dela betiere. Aurrekontuetako dirua agortu ondoren, eskaeraren bat erantzun gabe gelditzen bada, eskaera orokorren sailera eramanen dira.
7.4. 3.2 oinarrian azaldutako jarduerei dagokienez (sei proiektu onenak), Gazteriaren Zuzendariordetzak diru-laguntza emateko eskaerak baloratuko ditu eta, gero, zuzendari kudeatzaileari dagokion proposamena igorriko dio. Diru-laguntzak aurrekontuaren %100 har dezake, baina proiektu bakoitzeko 6.000 euro gainditu gabe betiere. Atal honetako proiektuak lehia bidez aukeratuko direnez, irizpide hauek gehienez ere 2 puntuz baloratuko dira:
-Proiektua aurrera eramateko dauden aukerak.
-Onuradun izanen diren bazkideen kopurua (25etik gora).
-Lortu nahi diren helburuak.
-Programazioaren egokitasuna.
-Aurrekontu orekatua ote duen.
7.5. 3.2 oinarrian azaldutako jarduerei dagokienez (boluntario lanak), Gazteriaren Zuzendariordetzak diru-laguntza emateko eskaerak baloratuko ditu eta, gero, zuzendari kudeatzaileari dagokion proposamena igorriko dio. Atal honetan har daitekeen gehieneko kopurua 18.000 eurokoa izanen da. Atal honetako proiektuak lehia bidez aukeratuko direnez, irizpide hauek gehienez ere 5 puntuz baloratuko dira:
-Parte hartzen duten bazkideen kopurua.
-Proiektuaren onuradunen kopurua.
7.6. 3.2 oinarrian azaldutako jarduerei dagokienez (haurdun dauden gazteei laguntzeko proiektuak), Gazteriaren Zuzendariordetzak diru-laguntza emateko eskaerak baloratuko ditu eta, gero, zuzendari kudeatzaileari dagokion proposamena igorriko dio. Atal honetako proiektuak lehia bidez aukeratuko direnez, irizpide hauek gehienez ere 2,5 puntuz baloratuko dira:
-Egin beharreko ekintzen aniztasuna.
-Proiektuaren kostua.
-Benetan gauzatzeko dauden aukerak.
-Nafarroan barna duen hedadura.
Proiektu horietarako dirulaguntzetan 36.000 euro banatuko dira gehienez.
7.7. Sei proiektu onenen azkeneko oroit-idazkiak, boluntario lanenak eta haurdun dauden emakume gazteei laguntzeko proiektuenak, aurreko paragrafoan aipatu direnak, 2008ko azaroaren 19a baino lehen aurkeztu behar dira Nafarroako Gazteriaren Institutuan.
7.8. Deialdi honetako 3.1 oinarriari dagokionez, diruz lagungarriak diren gastuetarako gehieneko muga hauek ezarri dira:
a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.350 eurokoa izanen da, autobus garraiobide bakoitzeko (joan eta etorria).
b) Informatikako ekipoak erosteko diru-laguntza, gehienez ere, kostuaren %75ekoa izanen da; erosketaren kostua ezin da 1.800 eurotik gorakoa izan (mila eta zortziehun euro).
c) Egoitzatik kanpora egiten diren jardueretan, gaua ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 27 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta gau bakoitzeko.
d) Egoitzaren mantentze-lanen gastuetarako diru-laguntza onartzen den gastuaren %75erainokoa izanen da. Laguntza hau A motako gazte elkarteek baizik ezin dute eskatu. Entitateen erroldan gazte elkartearen sozietatearen helbide gisa ageri den egoitza elkartearen jardueretarako erabiliko da, bakar-bakarrik. Fakturak, laguntza eskatzailearen izenean eginak, fakturatzen den zerbitzuaren arloko enpresak emanak beharko dira. Honako diru-muga hauek ezarri dira: alokairuak, 2.500 euro (elkartearen izenean dagoen kontratu eguneratuaren fotokopia aurkeztu beharko da); telefonoa, 700 euro; argia, 700 euro; ura, 250 euro; zabor-tasak, 250 euro; berokuntza, 800 euro; jardueren eta egoitzaren aseguruak, 900 euro; egoitzaren konponketa eta berrikuntzak, 1.300 euro. Mantentze-lanen gastuetarako laguntzarik ez da emanen, horiek justifikatzeko egoitzaren jarduerarik ez badago.
e) Entitatearen jarduerak garatzeko eta funtzionamendurako behar den material inbentariagarria erosteko diru-laguntzak onartzen den gastuaren %75erainokoak izanen dira. Laguntza hori A motako gazte elkarteek baizik ezin dute eskatu. Fakturak laguntza eskatzen duen elkartearen izenean eginen dira.
7.9. Diru-laguntza ez da izanen, inola ere, onuradunak eginiko jarduerak duen kostua baino handiagoa.
8. Ebazpena eta ordainketa.
8.1. Deialdi honetako 3.1 oinarrian ezarritako diru-laguntzak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartuko ditu ebazpen baten bidez 2008ko abenduaren 15a baino lehen.
8.2. Ekipamendu informatikoa erosteko diru-laguntzak jasotzeko, sei proiektu onenak aukeratzeko, boluntarioen lana sustatzeko eta haurdun dauden emakume gazteei laguntzeko eskaeren gaineko ebazpenak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen ditu eskaerak aurkezteko epea bukatu eta ondoko hamabost egun balioduneko epean. Ebazpenean xedatuko da diru-laguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
8.3. Gazte elkarteek Gazteendako Instalazioen Nafarroako Sarea erabiltzeko diru-laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaera aurkezten den datatik bi hilabeteko epean.
8.4. Eskaerak ukatutzat hartuko dira ezarritako epean ebazpen espresurik ematen ez bada.
8.5. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Orobat, lehiaren bidez ematen diren diru-laguntzen kasuan, diru-laguntza jasotzen duten eskatzaileen zerrenda jakinarazi beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaien ezetz, halakorik baldin bada.
Deialdi honetako 7.3, 7.4 eta 7.5 ataletan aipatuko ebazpenean proiektua egiteko aurrerakin gisa ordainduko den diru-kopurua finkatuko da. Aurrerakin hori % hirurogeita hamar bitartekoa izan daiteke eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariaz onartu beharko du. Gainerakoa, proiektuan aurreikusten diren jarduerak bukatzen direnean ordainduko da, betiere behar den oroit-idazkia aurkeztu eta gastuak arrazoitu ondotik. Ebazteko epea eskaerak jasotzeko epea bukatu eta 15 egun baliodunekoa izanen da.
8.6. Deialdi honi jarraikiz diru-laguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere diru-laguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.
8.7. Diru-laguntzak emateko ebazpen guztiak Nafarroako Gazteriaren Institutuko iragarki-oholean jarriko dira, publizitatea egiteko eta jendaurrean egoteko ondorioetarako.
9. Betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntza emateko xedea bete, proiektua gauzatu edo/eta jarduera egitea.
b) Deialdi honetako 6. oinarrian ezarri bezala, dokumentuen bidez erakustea Nafarroako Gazteriaren Institutuari eta, era berean, frogatzea laguntza hartzeko eskatu diren baldintza guztiak betetzen direla, eta diru-laguntzaren helburua errespetatu dela.
c) Nafarroako Gazteriaren Institutuak edo Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.
d) Gazte elkarteko bazkide guztiei jakinaraztea elkartearen jarduerek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso dutela.
e) Erantzunkizunpeko aitorpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek 12.000 eurotik gorako ekipo ondasunak hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.
f) Nafarroako Gazteriaren Instituari jakinaraztea lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
g) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten denean, zerga arloko betebeharrak eta itzulketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituztela frogatzea.
h) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izateko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion lege sektorialetan agindutako moduan.
i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.
10. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntza eta diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, betiere proiektu edo programa bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ez badute.
Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten gazte elkarteek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, lehendakariak sinatua, diru-laguntza guztien batura elkarteak egindako gastua baino baxuagoa dela adierazteko.
11. Ez-betetzeak.
Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. kapituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.
Diru-laguntzen aurrerakinak eman badira eta onuradunek 6. oinarrian ezarritako moduan gastu guztiak frogatzen ez badituzte, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio, alegia, justifikaturik ez dagoen kopurua itzuli beharko da.
Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun printzipoari jarraikiz zehaztuko da.
12. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta deialdiaren oinarriak aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
13. Aplikatu beharreko legeria.
Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala eginen da.
Iragarkiaren kodea: F0809993
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
