I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
245/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 19koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2007-2008 ikasturterako kontsumo arloan eginiko hezkuntza esperientzietarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.
Kontsumorako hezkuntza Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeak aipatzen dituen oinarrizko eskubideetariko bat da eta, gainera, tresna horrek bide ematen dio kontsumitzaileari lege horrek aitortzen dizkion gainerako eskubideak neurri handiago batean erabiltzeko.
Hori horrela, kontsumorako hezkuntza zeharkako gai gisa sartu da curriculumean, arlo eta gai guztien tratamenduan eta programazioen egonen baita.
Nafarroako ikastetxeetako eskola programazioan kontsumorako hezkuntza sartu eta garatzen laguntzearren, ikastetxeen hezkuntza esperientziak finantzatzeko diru-laguntzak emateko irizpide, betebehar eta baldintzak ezarri dira. Diru-laguntza horiek deialdi honen xede dira, eta jarduera horiek 2007-2008 ikasturtean burutuko dira eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarririk dagoen kontusailetik finantzatuko dira.
Horrenbestez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2007-2008 ikasturterako kontsumo arloan eginiko hezkuntza esperientzietarako diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude jasota.
2. 26.000 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko 951001 92410 4811 492300 kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Foru agindu hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko ekainaren 19an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Deialdiaren oinarriak
1. oinarria. Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea kontsumorako hezkuntza programazio didaktikoetan eta ikasgeletako praktiketan sartu eta garatzeko jarduerak finantzatzea da, 2007-2008 ikasturtean egiten badira, ikasleak kontsumitzaileak direla eta kontsumitzaileak diren aldetik eskubideak eta eginbeharrak dituztela konturatzeko eta kontsumoaren gizartea nola dagoen antolaturik eta nola funtzionatzen duen irakasteko hezkuntza esperientzien bidez.
2. oinarria. Diru-laguntza har dezaketen gastuak eta diru-zenbatekoa.
1. Honako gastu hauek dira diruz laguntzen ahal direnak:
a) Materialak: bibliografia, fotokopiak, material suntsigarria, material grafikoa eta ikus-entzunezkoa. Elikagaiak ez.
b) Diru-laguntzaren xede den proiektuari loturiko bidaia eta txangoak.
c) Erakusketak.
Ikastetxeetako langileen kostuak, aktibo finko materialen erosketa eta autofakturazioa ez dira finantzatuko.
2. diru-laguntzak ikastetxe bakoitzeko proiektuaren kostuaren 100eko 100ekoak izanen dira eta gehienez ere 2.500 eurokoak.
3. oinarria. Onuradunak.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa irakasteko baimena duten Nafarroako ikastetxeak aurkezten ahalko dira deialdi honetan, 2007-2008 ikasturtean ikastetxeko programazio didaktikoan kontsumorako hezkuntzako esperientziak egin badituzte.
4. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen ezaugarriak.
1. Proiektuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Ikastetxeko hezkuntza proiektuan aitortzen diren balio eta jarrerak sustatzea, kontsumorako hezkuntza ordezkatzen dutenak.
b) Hezkuntza tratamenduan zeharkako gaia izatea, bere erreferenteak etapako curriculum proiektuan izanik.
c) Ikastetxearen helburuetan sartzea, hezkuntza komunitateko sektore guztiak, familiak bereziki, erakarriz. Ikastetxeko bereko irakasleek egin beharko dituzte proiektuan sartu beharreko jarduerak.
d) Ikastetxe bakoitzak bakarrik proiektu bat aurkezten ahalko du, azpiproiektu batzuk biltzen ahalko dituena, denek lan ildo bakarra badute.
2. Kontsumorako hezkuntzako proiektuaren diseinuan kontu hauek bildu beharko dira:
a) Proiektuaren helburuak.
b) Kokapena etapako curriculum proiektuaren eta ikasgelako programazioaren barruan.
c) Zerikusia duten arloak, parte hartzeko faseak eta etapako helburuekiko lotura.
d) Eginiko esperientzia eta jarduerak, edukiak, metodologia, epeak eta aurreikusiriko ebaluazioa zehaztuta.
e) Partaide diren ikasleak eta irakasleak.
f) Gastuen laburpen zehaztua.
5. oinarria. Eskaerak eta agiriak aurkeztea.
1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten ikastetxeek 2008ko uztailaren 25eko 14:30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak, ikastetxearen datuak eta proiektuaren azalpen teknikoa biltzen dituzten agiriekin batera, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Erregistroan, Iruñeko González Tablas kalean, zk.g., edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 25/2008 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren tokietan.
Agiriak posta bulego batean aurkeztuko badira, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).
Proiektuak eta gero prestatuko den materiala gaztelaniaz, euskaraz edo bietan aurkezten ahalko dira.
2. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Esperientzia kontsumorako hezkuntzako proiektuan ezarri bezala burutu dela frogatzea.
b) Azken memoria, kontu hauek bilduko dituena: eginiko jardueren azalpena, prestaturiko materialak, epeak eta proiektuaren ebaluazioa, garatzeko arazoak, lorturiko emaitzak, ikasleen erantzuna, hobetzeko iradokizunak eta geroko proiektuetarako aukera berriak aipatuko dituena. Memoria hori paperean eta euskarri informatikoan aurkeztuko da, materialen balizko edizioa erraztu ahal izateko.
c) Gastuak eta haien ordainketak frogatzen dituzten agiriak jatorrizkoak edo konpultsaturiko fotokopiak izanen dira eta betebehar hauek bete beharko dituzte:
-Gastuak justifikatzeko, fakturak erabiliko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordainagiriak ere, hala nola gordekinak eta bankuko letrak eta karguak.
-Fakturak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, dagozkien atxikimendu fiskalak eta, behar baldin bada, BEZa.
6. oinarria. Diru-laguntzak emateko irizpide objektiboak.
Diru-laguntzak banatzeko erabiliko diren balorazioko irizpide ponderatuak hauexek dira:
1. Gai hauetariko bat kontuan hartu eta sartzen duen proiektuak 100eko 50eko ponderazioa izanen du gehienez:
a) Estereotipo sexistarik gabeko publizitatea.
b) Kontsumo arduratsua eta garapen iraunkorra.
2. Proiektuaren diseinuaren kalitateak 100eko 30eko ponderazioa izanen du gehienez.
3. Proiektuaren kostua txikia izateak 100eko 20ko ponderazioa izanen du gehienez.
Ebazpena emateko prozesuan proiektuen koordinatzaileekin mintzatzea eskatzen ahalko da, edukiaren kontuak argitzeko.
7. oinarria. Organo eskudunak.
1. Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskaerak. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:
-Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria.
-Kontsumo Zerbitzuko teknikari bat.
-Hezkuntza Departamentuko teknikari bat.
2. Unitate kudeatzaileak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta bestetik, unitate organiko horrek antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoak izan diren ala ez, dagokion txosten juridikoaren bidez.
3. Batzorde horrek ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela eta onuradun bakoitzari dagokion diru-kopurua.
4. Deialdia ebazteko eskumena duen organoa Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia da.
8. oinarria. Ebazpena emateko gehieneko epea.
1. Organo eskudunak 3 hilabeteko gehieneko epean eman beharko du eskabideen gaineko ebazpena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
2. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe iraganik, aurkezturiko eskabideak ezetsi direla ulertuko da, eta kasuan kasuko errekurtsoa aurkezten ahal da, interesdunaren izaera juridikoaren arabera.
9. oinarria. Betebeharrak ez betetzea eta laguntzak itzultzea.
1. Oinarriotan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege haren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2. Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.
10. oinarria. Jarraipena eta laguntza.
Hezkuntza Plangintzako Zerbitzuak, Kontsumo Zerbitzuarekin koordinaturik, jarduketa batzuk burutuko ditu onesten diren proiektuak begiratu eta egiaztatzeko, esperientziak trukatzen eta hedatzen laguntzeko, jardunaldiak antolatuz eta materialak argitaratuz.
11. oinarria. Zabalkundea eta argitaratzea.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak kontsumitzaileen hezkuntzarako proiektuak zabaldu eta argitaratzen ahalko ditu, uste badute ikastetxeendako edo irakasleendako interesgarriak direla, egileei dagozkien eskubideak errespetatuz.
12. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek, xede eta helburu bererako, ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.
Jasotako laguntzek ez dute, inola ere, lagunduriko jardueraren kostua baino gehiago eginen. Kostu hori gainditzen bada, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari itzuli beharko zaio.
13. oinarria. Errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta bere arauen kontra administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa paratu dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Interesdunak administrazio publikoak baldin badira, ohartarazi beharra dago foru agindu honek administrazio-bidea amaitzen duela, eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
2. Era berean, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
14. oinarria. Ordezko araudia.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F0810574