87. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

266/2008 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Ziordiko udalerrian (Nafarroa) Altsasu-Gamarra-2 30 kV-ko aireko linea elektrikoa Altsasu-Olazti lurpeko linearekin ixteko oinarrizko proiektutako eta Ingurumen ukipenen azterlanerako. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A. enpresak sustatu du.

2008ko apirilaren 11n Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera, Altsasu-Gamarra-2 30 kV-ko aireko linea elektrikoa Altsasu-Olazti lurpeko linearekin ixteari dagokiona.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Aipatutako foru dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta martxoaren 22ko 4/2005 Foru Aginduaren 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, Ziordiko udalerrian (Nafarroa) Altsasu-Gamarra-2 30 kV-ko aireko linea elektrikoa Altsasu-Olazti lurpeko linearekin ixteko oinarrizko aurreproiekturako eta Ingurumen ukipenene azterlanerako. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A. enpresak sustatu du.

2. Baimena baldintza eta neurri zuzentzaile hauek betetzearen menpe emanen da:

-Linea berriaren angeluko euskarria mugitu eginen da Arakil ibai-bazterreteko landaretza kaltetzea saihesteko.

-Talka arriskua saihesteko, Arakil ibaia gurutzatzen duen baoa seinaleztatzeaz gain, dagoeneko proiektuan aurreikusia, beharrezkoa da aurreko baoa ere seinaleztatzea , Altsasu-Gamarra-2 linearen elkarguneko euskarriaren eta Arakil ibaitik hurbil den angeluko euskarriaren artekoa. Horretarako, gutxienez ere 30-35 cm-ko hegaztiak babesteko baliza preformatuak erabiliko dira. Hiru faseetan jarriko dira, txandaka, eta seinaleen artean 20 m-ko kadentzia egonen da, eroale berean. Horrela, ondoz ondoko bi balizaren artean 7 m inguruko distantzia ikusten ahalko da.

-Euskarriak herri bideen kanpoaldeko ertzetik 3 metro baino gehiagora jarri beharko dira, 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.

-Egin nahi diren jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Obra amaitzean, eremua zorrotz garbituko da. Berrerabil ezin daitezkeen hondakin eta soberakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ziordiko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko ekainaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0809612