87. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

266/2008 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur eta Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan curriculumeko oinarrizko gaitasunak hobetzeko berrikuntza proiektuetarako deialdiaren arauak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa eta Europar Batasuna bat datoz hezkuntzaren helburua zein den esatean: "gazteei heziketa osoa ematea, gaurko gizartean behar diren ezagutzak eta oinarrizko gaitasunak biltzen dituena, hiritartasun demokratikoaren, bizikidetzaren eta gizarte batasunaren oinarri diren balioak garatzea ahalbidetuko diena, ikasten jarraitzeko gogoa piztu eta beren kasa ikasteko gaitasuna areagotuko diena."

Bestalde, curriculumaren osagaien artean oinarrizko gaitasunak sartu behar direla esaten da, "ikasleek jaso behar duten prestakuntzaren ezaugarriak ongi zehaztea ahalbidetu behar duelako". Kanpo ebaluazioak, horrekin guztiarekin bat, ikasleek lortutako oinarrizko gaitasunen diagnostikorako ebaluazioak izanen direla ezartzen da.

Hezkuntza sistemaren kalitateak, beraz, irakaskuntzaren bitartez pizten eta lantzen diren oinarrizko gaitasunen garapena izanen du erreferentzia.

Gaitasunei begira irakasteak aldaketak eragiten ditu arlo akademiko guztien edukietan. Ikasitako edukiak aplikatzen ikasi behar da, batez ere; hau da, ikuspegi honetatik edukien irakaskuntza gaitasunen garapenaren zerbitzuan jarri behar da.

Gainera, irakaskuntzak helburu izan behar du ikasleei prestakuntza osoa ematea pertsonak diren aldetik. Horregatik, irakasle bakoitzak bere irakasgaiaren bitartez prestakuntza pertsonal eta sozialerako gaitasunak irakatsi behar ditu.

Hala, irakaslearen ekintza gakoa da, ezagutzaren transmisiotik abiaturik aurrera egin behar duelako, harik eta, ikasketa aktiboa dela medio, ikasleak eskuratu dituzten ezagutzak bereizi, adierazi, erabili eta aplikatzeko gai izan daitezen lortu arte. Gaur egungo praktika askoren indarra eta balioa ukatu gabe ere, horrek hezkuntzako zenbait praktikaren eraldaketa ekar dezake.

Horretarako akuilu izanen diren eta irakaskuntza eguneratu eta hobetzea erraztuko duten proposamen didaktikoak eta materialak behar dira. Irakasleek egiten dituzten praktika onak ezagutu eta ezagutaraztea ezinbesteko bide bat da.

Departamentuak gaitasunetan oinarrituriko ikuspegia sustatu nahi du Haur eta Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan, curriculumeko arlo eta irakasgai guztietan, eta horregatik egiten du berrikuntza proiektuetarako deialdi hau, gelako lanean pixkanaka oinarrizko gaitasunen garapenari lekua egiten saiatu nahi duten irakasle guztiei zuzenduta.

Hezkuntza Departamentuak badaki ikuspegi berri horietarako pizgarriak ematea garrantzitsua dela, eta, gainera, irakasleak izanen direla berrikuntzaren protagonistak. Aurrera eginen bada, ideia horiek gauzatzen saiatu beharra dago. Horregatik Hezkuntza Departamentuak irakasle taldeei gonbita egin nahi die ikuspegi berri honekin bat egiteko, beren esperientzia baliotsua eta trebetasuna eskainiz, jakintza elkarrekin partekatzeko eta denon artean Nafarroako hezkuntza sistema hobetzeko.

Hori horrela, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariak deialdi honen egokitasunari buruz aurkeztutako txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Haur eta Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan 2008-2009 ikasturtean garatuko diren berrikuntza proiektuak egiteko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Deialdia ebazpen honen I., II., III. eta IV. eranskinetan dago.

3. Gehieneko gastua onestea, 30.000 eurokoa, 2008ko gastuen aurrekontuko "Hezkuntza berriztatzeko programak" izeneko 422000 42120 2269 321200 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari, Hezkuntza Garapenaren Atalari eta Curriculum Diseinurako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honen eta hura garatzeko egintzen kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 4an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

0.-Xedea.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan oinarrizko gaitasunak hobetzearekin zerikusia duten berrikuntza proiektuak egiteko deialdia arautzea.

1.-Deialdiaren helburuak.

1.1. Irakasleek curriculumari begira oinarrizko gaitasunen garapenean oinarritutako ikuspuntua har dezaten sustatzea, proposamen errealista eta bideragarrien bitartez.

1.2. Curriculumeko arlo guztietan irakurketa ikasteko tresna gisa erabiltzen duten irakasle nafarren praktika onak sustatu eta ezagutaraztea.

1.3. Gelako eta ikastetxeko eguneroko zereginetan irakasleek egiten duten lana aintzat hartzea.

2.-Finantzaketa eta sariak.

Berrikuntza proiektuetarako deialdiak bi fase izanen ditu:

Lehen fasean, 2008-2009 ikasturtean garatuko den proiektuko lanerako plana aurkeztuko da. Lanerako plana 2008ko irailaren 15ean emanen da. Aurkezten diren proposamen guztietatik hamabi proiektu aukeratuko dira gehienez, ebazpen honen 7. atalean xedatutakoari jarraituz, eta bakoitzari 2.500 euro emanen zaizkio garapen gastuak finantzatzeko. Guztira 30.000 euroko gastua eginen da, gehienez.

Diru kopurua esleitu eta berehala ordainduko da. Proiektua aurkezten duen ikastetxeari zuzenean ordainduko zaio.

Bigarren fasean, aukeratutako proiektuek ikasturtean egindakoaren memoria aurkeztuko dute. Memoria 2009ko maiatzaren 31n aurkeztuko da. Egindako lanen memoriak baloratu ondoren, ebazpen honen 9. atalean aipatzen diren sariak emanen dira.

3.-Hartzaileak.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan Haur eta Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan ari diren irakasle guztiek parte har dezakete deialdian. Aukera hauek izanen dira:

a) Departamentu didaktiko batek parte hartzea, Bigarren Hezkuntzan, edo ziklo batek, Haur eta Lehen Hezkuntzan.

b) Diziplinaarteko lan talde batek parte hartzea, ikastetxe bereko irakasleek osaturik.

c) Hainbat ikastetxetako irakasleek osatutako lan talde batek parte hartzea. Arlo edo irakasgai bereko irakasleak elkar daitezke, edo bestela arlo desberdinetakoak, diziplinaarteko ikuspuntuaren bila.

d) Bakarka parte hartzea.

4.-Modalitateak.

Hiru proiektu mota onartuko dira:

a) Arlo edo irakasgai batetik abiturik gelarako lan proposamena eginez curriculumeko oinarrizko gaitasun bat baino gehiago garatzea helburu duten proiektuak.

b) Gaitasun bakar bat garatzea helburu duten proiektuak.

c) Hizkuntzakoak ez diren curriculum arloetan irakurketa ardatz egituratzaile gisa sartzea helburu duten proiektuak.

5.-Proiektuen ezaugarriak.

5.1. Proiektuak bi fasetan aurkeztuko dira, 2. atalean xedatutakoarekin bat. Eskatzaileek, lehen fasean, 2008-2009 ikasturtean garatuko den proiektuko lanerako plana aurkeztu behar dute, II. eranskinean zehazten den moduan.

Bigarren fasean, ikasturte horretan zehar gelan edo ikastetxean egindakoaren memoria aurkeztuko da. Azken memoria horrek programazioa, gelako garapena eta ebaluazioa bilduko ditu, III. eranskinean ageri den eran. Hori guztia, aukeratutako arlo edo irakasgaiaren curriculumaren alderdiren bati begira eginen da, curriculumean jasotako oinarrizko gaitasun baten edo gehiagoren garapenean oinarritutako ikuspegitik.

5.2. Proiektuen egileek IV. eranskineko orientazio eta eskemei jarraitu ahal izanen diete proposamen didaktikoak egiteko. Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dituzte baldintza hauek:

a) Ahal dela, planteamendu errealista eginen da, irakasle guztientzat eta gelako ohiko egoera guztietarako balio duena.

b) Proposamenek prestakuntza integralean oinarritutako ikuspuntua agertuko dute, gaitasun mota guztiak biltzen dituena: kognitiboak, afektiboak eta sozialak.

c) Parte-hartzaileek nahi duten ikuspuntu didaktikoa hartu ahal izanen dute.

d) Parte-hartzaileek aholku eskatu ahal izanen diete Hezkuntza Departamentuko Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari eta Irakasleei Laguntzeko Zentroari.

5.3. Memoriak euskarri informatikoan eta paperean (DIN A4, alde batetik idatzita tarte bikoitzarekin) aurkeztuko dira, eta ez dute luzera mugarik izanen.

5.4. Material didaktiko lagungarriak erantsi ahal izanen dira edozein euskarritan (grafikoa, ikus-entzunezkoa, informatikoa etab.).

5.5. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahalko dira.

6.-Eskaeren tramitazioa.

6.1. Eskabideak.

Deialdian parte hartu nahi duten irakasleek II. eranskineko ereduan egin behar dute eskabidea, eta Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariari zuzendu.

6.2. Agiriak.

Eskabideari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Esperientzia koordinatuko duen arduradunaren NANaren fotokopia.

b) 2008-2009 ikasturtean abian jarri nahi den proiektuaren deskripzio laburra, II. eranskinean ageri diren arauei jarraituz egina.

c) Parte-hartzaileek konpromisoa hartuko dute 2008-2009 ikasturtean egindako lanaren memoria 2009ko maiatzaren 31rako aurkezteko.

6.3. Aurkezteko epea eta tokia.

Eskabidea, lanerako plana eta erantsi beharreko agiriak 2008ko irailaren 15eko 14:00ak baino lehen aurkeztuko dira, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan (Santo Domingo, 8 - 31001 Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren bideetatik. Hezkuntza Departamentuko Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari zuzenduko zaio.

6.4. Akatsak zuzentzea.

Eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta hamar eguneko epean zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, aurretik horri dagokion ebazpena emanda.

7.-Hautapen prozesua.

7.1. Hautapen batzordea.

Batzorde batek hautatuko ditu proiektuak. Batzordean honako hauek izanen dira: Hezkuntza Garapenaren Ataleko burua, batzordeburu; Testu eta Material Didaktikoen Bulegoko burua, idazkari; Ebaluazio Ataleko ikuskatzaile bat, Irakasleen Prestakuntza Ataleko kide bat eta Curriculum Diseinurako Bulegoko aholkulari bat.

7.2. Hautatzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuen artean hautatzeko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

-Proposamenaren justifikazioa: eduki berritzailea eta hezkuntza aukera berriak: 5 puntu.

-Oinarrizko gaitasunen garapenean oinarritutako ikuspuntua: edukiak eta metodologiak praktikaren hobekuntza eta oinarrizko gaitasunen garapena eragitea: 10 puntu.

-Gelako lanerako bideragarria izatea: 10 puntu.

-Hura orokortzeko interesa: 10 puntu.

-Diziplinaartekoa izatea eta ikastetxeko bizitzan eragitea: 15 puntu.

Guztira: 50 puntu.

7.3. Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak puntuazioen arabera ordenatuko ditu aurkeztutako proiektuak, eta gehienez ere hamabi proiektu hautatuko ditu. Zerrenda jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuaren web orrian eta iragarki oholean.

Batzordeak ebazpen proposamena eginen du, hautaturiko proiektuen aldekoa. Ebazpen hori parte-hartzaile guztiei jakinaraziko zaie idatziz.

8.-Zuzkidura.

8.1. Proiektu bakoitzerako zuzkidura, kontzeptu guztiengatik, 2.500 eurokoa izanen da gehienez ere. Diru kopuru hori aurrerakin gisa ordainduko da 2008ko gastuen aurrekontuaren kargura.

8.2. Gastu hauek justifikatuko dira: material inbentariagarria, material suntsigarria, bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroetara joatea, eta bibliografia. Inolaz ere ez da laguntza honen kargura ordainduko langileen lansari eta ordainsaririk.

9.-Sariak.

Garatu eta ebaluatutako proiektuen memoriak 2008-2009 ikasturtearen amaieran aurkeztuko dira, beranduen 2009ko maiatzaren 31n. Ondoren, 5.1 puntuan aipatutako hautapen batzordeak memoriak baloratuko ditu eta sari hauek emanen ditu hiru modalitateetan:

-Haur eta Lehen Hezkuntzako lehen saria:

Diploma, eta 5 kreditu edo 50 ordu, berrikuntza proiektu gisa.

-Bigarren Hezkuntzako lehen saria:

Diploma, eta 5 kreditu edo 50 ordu, berrikuntza proiektu gisa.

-Haur eta Lehen Hezkuntzako bigarren saria:

Diploma, eta 3 kreditu edo 30 ordu, berrikuntza proiektu gisa.

-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren saria:

Diploma, eta 3 kreditu edo 30 ordu, berrikuntza proiektu gisa.

Sariak eman gabe utz daitezke aurkeztutako esperientziek eskatzen den kalitate mailarik ez badute.

Gainerako lanek, gutxieneko kalitatea badute, hautapen batzordearen iritziz, 15 ordu jasoko dituzte berrikuntza proiektu gisa.

10.-Argitaratu eta zabaltzea.

Hezkuntza Departamentuak, ebazpen hau eman eta gehienez ere 2 urteko epean, saritutako lanak argitaratzen ahalko ditu; argitalpenak memoria guztia edo zati bat edukitzen ahalko du. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpenaren jabetza intelektualaren eskubideei uko egitea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

11.-Jatorrizkoak berreskuratzea.

Saritu gabeko lanak berreskuratu ahal izanen dira hiru hilabeteko epean, deialdia ebatzi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Curriculumeko oinarrizko gaitasunak garatzeko berrikuntzarako deialdian parte hartzeko eskaeraren eredua

1. Egileen datuak.

Egilea edo koordinatzailea

IFZ

Helbidea

Herria eta posta kodea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

Espezialitatea

Parte hartuko duten irak. IFZ Espezialitatea Ikastetxea

2. Ikastetxe koordinatzailearen datuak.

Izena

Helbidea

Herria eta posta kodea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

3. Proiektuaren datuak.

Izenburua

Proposaturiko arlo edo irakasgaia

Modalitatea

a) Arlo edo irakasgai batetik abiturik gelarako lan proposamena aldi jakin baterako eginez curriculumeko oinarrizko gaitasun bat baino gehiago garatzea helburu duten proiektuak

b) Gaitasun bakar bat garatzea helburu duten proiektuak

c) Hizkuntzakoak ez diren curriculum arloetan irakurketa ardatz egituratzaile gisa sartzea helburu duten proiektuak

Hezkuntzako zein etapatan gauzatuko den

4. Lanerako plana.

Lau folio gehienez. Besteak beste, 7.2 oinarrian aipatzen diren hautapen irizpideak garatuko dira deskripzioan.

5. Proiektuak ikastetxeko bizitzan izanen duen eraginari buruzko txostena, ikastetxeko zuzendariak egina.

6. Curriculumeko oinarrizko gaitasunak garatzeko berrikuntzarako sarien deialdiaren oinarriak onartzen direla dioen aitorpena.

Izena: ....................................., NANa: ................. Haur Hezkuntzan, Lehen hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan 2008-2009 ikasturtean curriculumeko oinarrizko gaitasunak hobetzeko berrikuntza proiektuetarako deialdiaren jakitun, berrikuntza proiektu baten koordinatzailea naizen aldetik, oinarriak onartzen ditudala adierazten dut.

(Sinadura)

2008ko .............aren ............(e)an.

III. ERANSKINA

Memoriaren eredua

Memoriak 2009ko maiatzaren 31n aurkeztuko dira, eta atal hauek izanen dituzte:

a) Oinarrizko gaitasunak egindako proposamenean integratzeko planteamenduaren justifikazioa.

b) Programazioa, hautaturiko ikuspuntuaren eta egituraren araberakoa.

c) Gelan nola gauzatuko den. Edozein irakaslek orokortzeko moduko alderdi interesgarrienak aipatuko dira.

d) Hautaturiko ikuspuntua orokortzeko aukeren balorazio pertsonala eta, kasua bada, taldearena.

e) Erabilitako materialak eranskinean sartuko dira.

IV. ERANSKINA

Gaitasunak garatzeko curriculumaren ikuspuntuan oinarritutako proposamenak prestatzeko orientazioak

Deialdian parte hartzen dutenek beren proposamenari ongien egokitzen zaion ikuspuntua aukeratu ahal izanen dute. Hala ere, orientazio eta argibide gisa, baliagarriak izan daitezkeen gogoeta batzuk aurkezten dira hemen.

I.-Gaitasun eta curriculum kontzeptuei buruzko gogoetak.

a) Gaitasuna izatea aplikatzen jakitea da.

Gaitasunen garapenean oinarritutako ikuspuntuak norabidearen aldaketa dakar. Hezkuntzako jarduera guztiak helburu honi begira jarri behar dira: ikasleak ikasten duena bizitza pertsonal eta kolektiboan aplikatzen jakin dezala eta ezagutza arlo desberdinak bateratu ditzala. Beraz, ikuspuntu honek helburu zehatza du: jakitea, aplikatzeko. Ikuspuntu hau berria ez izan arren, gaur egun beharrezkoa da, gure ikasleak ezagutzaren gizartean sar daitezen. Hezkuntzak erronka horri eutsi behar dio, eta, eskola berez helburu bat balitz bezala, gure ikasleak hurrengo ikasturtean ikasten jarraitzeko soilik prestatzearen arriskua saihestu.

b) Delors txostena eta oinarrizko gaitasunen garapena.

Delors txostena deitua UNESCOren proposamenez egin eta 1997an kaleratu zen. Hezkuntzaren helburuetan garrantzi handiko aldaketak egiteko beharraz ohartarazi zuen. Europar Batasunak estatu kideentzako gomendio batzuk proposatu ditu Kontseiluaren ebazpen batean. Ebazpen horretan gako-gaitasunak aipatzen dira. Hezkuntza Ministerioak oinarrizko gaitasunak curriculumetan sartu zituen gainerako osagaiekin batera, bai Lehen Hezkuntzan bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Nafarroako curriculumetan ere oinarrizko gaitasunak jaso dira.

Jacques Delorsek koordinaturik txostena egin zuen batzordeak funtsezko printzipiotzat defendatu zuen hezkuntzak pertsonaren alderdi guztiak garatzen lagundu behar duela: intelektuala, afektiboa, soziala, etikoa, zibikoa eta estetikoa, nortasunak izan dezakeen joritasun betean, XXI. menderako iragartzen den munduaren gizatasun galerari eta dimentsiobakartasunari erantzuteko. Izaten ikasi, nortasuna hobeki garatzeko eta autonomia, zuhurtzia, ardura eta etika pertsonal gero eta handiagoz jarduteko moduan egoteko. Txosten berean zehazten denez, lau zutabeen antolamendu hierarkikoan, hezkuntza osoa gizakiaren garapen harmoniko eta integralaren lorpenaren mende jarri behar da.

Komeni da, beraz, berrikuntzak eta mailaz mailako aldaketak sartzea norabide horretan, ahal dela ez oso etorkizun urrunean. Aldaketa horrek benetakoa izan behar du, eta ez azalekoa.

c) Oinarrizko gaitasuna zer den.

Komeni da, lehendabizi, argi edukitzea zer diren gaitasunak eta zer nolako ondorioak sortzen dituzten gure hezkuntza sisteman eta ikasle bakoitzaren heziketan. Gaitasunari buruzko ikuspuntu eta definizio asko daude, baina, ebazpen honen eremuan, ikasitakoa bizitzan aplikatzeko trebetasuna da. Beraz, ikuspuntu honek ez die ezagutzei garrantzirik kentzen, aitzitik, eskakizun maila igotzen du, ezagutzaren gizartea konplexua delako eta prestakuntza intelektual ona eskatzen duelako. Oinarrizkoa izanen da "ezinbestekotzat jotzen diren gaitasunak ikastea, lortutako ezagutzen aplikazioa xede izanen duen planteamendu integratzaile baten bitartez".

Ikuspuntu horrek, gorago esan denez, ez da berria, Aristotelesek berak ohartarazi baitzuen: "Adimena ez da jakintza hutsa, dakiguna praktikan aplikatzeko trebetasuna ere bada". Lortutako ezagutza guztien orientazioan dago berritasuna, denak erabiltzen direlako Jacques Delorsek aurkeztutako txosten horretan aipatzen diren hezkuntzaren lau zutabeak eraikitzeko: "ezagutzen ikastea, egiten ikastea, gizartean bizitzen ikastea eta izaten ikastea." Azken batean, ezagutza guztiek bizimodu hobea, kontzienteagoa eta beteagoa izaten jakiteko prestatu behar gaituzte.

d) Irakurmena: zeharkako eta lehentasunezko gaitasuna.

Bestalde, oinarrizko ikasketei buruzko errege dekretuetan esaten da irakurketa berebiziko faktorea dela oinarrizko gaitasunak garatzeko eta ikastetxeek irakurketarako denbora bermatu behar dutela irakasgai eta arlo guztietako irakaskuntzan, etapako kurtso guztietan.

Proposamen horren arabera, irakurtzen irakastea ez da Hizkuntzako irakasleei bakarrik dagokien lana; ondorioztatu behar da, aldiz, bere espezialitateko gaiak irakasteko testu idatziak erabiltzen dituen irakasle orok irakurtzen irakatsi behar duela. Gelan erabiltzen diren material arruntak irakurlearen ulermena lantzeko tresna egokiak dira; adibidez, testuliburua, apunteak edo teknologia berrien bitartez bilatzen diren informazioak. Kasu askotan, helbururako beste idazki egokiago batzuk bilatzen ahal dira ahaleginik eta planteamendu artifizialik egin gabe. Eskolen ohiko erritmoan, unitate didaktikoko edozein epigrafe irakurmena lantzeko aitzakia izan daiteke. Gelan irakurtzea metodo ona izan ohi da "ikasten ikastea" deritzon gaitasunaren alderdi garrantzitsuenetako bat lantzeko, eta berebiziko tresna, berriz, HLOaren 2. artikuluaren arabera Espainiako hezkuntza sistemaren helburutzat hartu behar diren ohitura intelektualak hartu eta lanerako teknikak ikasteko.

e) Material eta esperientzia zehatz eta errealisten beharra.

Ikuspuntu hau orokortzeko orientazio eta material egokiak eduki behar dira, irakaskuntzako praktikaren proba gainditurik, lege eta arauetan jasotako ikuspuntu horien bideragarritasuna frogatzen dutenak. Geletan lanean ari diren irakasleek bakarrik egin dezakete zehaztapen hori.

Hauxe besterik ez da deialdi honen helburua: ez egitea materialak hezkuntzaren teoriarako, baizik eta gelan lanean ari den irakaslearen denborarako eta benetako egoerarako. Gure Komunitateko nahitaezko curriculuma hartu behar da erreferentzia esparrutzat, bai arlo eta irakasgaietan bai kurtsoetan eta haien mailetan.

II.-Proiektuen egiturari buruzko gogoetak.

a) "Proiektuetan" oinarritutako metodologia abiapuntu ona izan daiteke ikasleek curriculumeko oinarrizko gaitasunak gara ditzaten. Oso ikuspuntu egokia da Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetarako, baina badu zailtasunen bat Bigarren Hezkuntzan, irakasgaien edukien pisuagatik eta ikastetxeen eta ordutegien egituragatik. Beraz, bibliografia ugariz hornitutako ikuspuntu horrez gainera, orientazio hauetan beste ikuspegi batzuk aurkezten dira, Bigarren Hezkuntzako eta halaber Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako bizitza arruntetik hurbilago daudenak.

b) Aurrekoarekin bat, badago gaitasunak lantzea irakaskuntzako ohituretatik eta curriculumeko eskakizunetatik hurbilago dagoen ikuspuntuari jarraituz, hala Lehen Hezkuntzan nola Bigarren Hezkuntzan. Ikuspuntu horrek gelako lan arruntari beste alderdi bat erantsiko lioke eta haren bitartez arreta gehiago emanen litzaioke ezagutzen aplikazioari, eta are gelan landu ohi ez diren oinarrizko beste gaitasun batzuei ere.

c) Programazioaren eta lanaren eskema honelakoa izan liteke:

1. Lanerako plana (gelako jarduerak), gelan lantzeko aukeratutako edukiari dagokiona.

Hemen berariazko edukia ulertu eta barneratzea izanen litzateke helburua. Horretarako, material arrunta erabili ahalko da (testuliburua, apunteak, kontsultarako materiala, etab.), bai eta gelan erabili ohi den metodologia ere.

Kontuan hartu behar da, ordea, edukiak sakontasun eta zehaztasun maila desberdinekin ikasten direla, zertarako erabili nahi diren; hau da, agian ez da errealista izanen programazio didaktikoan jasotako eduki guztiak sakontasun maila berarekin lantzea, eta bizitzako egoerak konpontzeko aplikazioari begira garrantzi handiena dutenak hautatu edo azpimarratu beharko dira.

Proposamen guztietan komeni da lehenbiziko puntu gisa ikasleen motibazioari eta lehendik dituzten ezagutzei buruzko atala sartzea, landu behar dutena errealitatean nola aplikatzen den atzeman dezaten; horretarako, landu behar diren alderdiek garrantzia duten bizitzako egoerak azal ditzakete ikasleek eta irakasleak. Atal hori galderen bitartez aurkez daiteke eta erronka intelektuala izanen da.

2. Lanerako plana (gelako jarduerak), landutako irakasgaiaren edukia bizitzan aplikatzeko.

Ikuspuntu berria da hau, eta curriculumari ekiteko eskakizun ezinbestekoa, gaitasunen garapenean oinarritua (ikus PISA eredua). Hiru maila bereiz litezke, nolako inguruneetan aplikatzen den:

2.1. Landutako edukiaren hurbil-hurbileko ingurune akademikoa.

Landutako edukiaren adibide diren egoerak bilatzean datza. Gehienetan, kontzeptua ulertu bada, ez du zailtasun handirik. Ohiko praktika izaten da, bai irakaskuntzan bai ebaluazioan.

2.2. Aplikatu beharreko edukia identifikatzen erraza den bizitzako egoerak biltzen dituen ingurune ez-akademikoa.

Kontzeptua ulertzea beharrezko baldintza da, baina ez nahikoa, egoera hauek ebazteko. Gogoeta egin beharra dago, eta landutako edukia arazoa ebazteko egokia dela ondorioztatu; hala ere ez da zaila dedukzio hori, gelan landutako edukia barneratu baldin bada.

2.3. Ingurune ez-akademikoa, aplikatu behar den edukia identifikatzen erraza ez den bizitzako egoerak biltzen dituena eta problemen ebazpenean bezalatsuko ikuspuntua behar duena (gogoratu PISA).

Hauxe da egoerarik konplexuena, ikasleak ez duelako ingurunetik bereizitako zantzu argirik planteatutako egoeraren ebazpenean zer nolako ezagutzak erabili behar dituen ondorioztatu ahal izateko. Hauxe da oinarrizko gaitasunak bizitzan aplikatu behar diren ingurunearekin antz handiena duen egoera. Zailtasun maila, beraz, aurrean aipatu diren beste egoera eta inguruneetan baino handiagoa da.

d) Beste urrats bat egin eta "instrumentaltzat" jotzen ahal diren beste gaitasun batzuk landu litezke, hala nola irakurketa, ikasten ikastearekin zerikusia duten jarduerak, eta informazioaren tratamenduaren eta gaitasun digitalaren arloko jarduerak. Ondoren iruzkin laburra eginen da gaitasun hauen sarrerari buruz:

1. Irakurmena, HLOak dioenaren arabera, zeharkako gaitasuna da, eta geletan behar adina denbora eman behar da irakurtzeko ohitura garatzen. Bizitzan zehar ikastea ahalbidetuko duen gaitasuna da. Irakurtzen dena sakonean ulertzeko ohitura garatzeaz gain, argi eta garbi laguntzen du ohitura intelektualak hartzen, eta horixe da hezkuntza sistemaren helburuetako bat, HLOan jasoa. Horregatik guztiagatik, arrazoi sendoak daude gaitasunen garapena oinarri duen edozein proposamenetan irakurketari leku eta tratamendu bereziak emateko. Gaitasunen garapenean oinarritutako proposamen didaktiko ororen atzean buru prozesuaren eskema hau dago: informazioa eskuratu, informazioa landu, ezagutza landu eta, azkenik, ezagutza azaldu. Entzunez (entzute aktiboa) edo irakurriz eskuratzen ahal da informazioa. Bi alderdi horiek gelan landu behar dira. PISAko irakurketa eredua baliagarria izan daiteke horretarako, trataturiko irakurketa prozesuei dagokienez:

1.1. Informazioa ateratzea: testuan informazio jakina bilatzea.

1.2. Ulertze orokorra: testuaren egitura bilatzea, laburpena egitea, ideia nagusiak ateratzea, etab.

1.3. Interpretazio baten garapena: testuaren zatiak lotzea, informazio inplizitua ondorioztatzea, inferentziak egitea, etab.

1.4. Testuaren edukiari eta formari buruzko gogoeta eta balorazioa: testuko informazioa ikasleak dituen ezagutzekin lotzea, testuaren edukia baloratzea, eduki horretatik abiatuta lan egitea, testuaren egitura hausnartzea (paragrafoen egitura, gaiaren progresioa etab.).

2. "Ikasten ikastea", eta "Informazioaren antolaketa eta gaitasun digitala", horra hor modu arruntean lantzen ahal diren beste gaitasun instrumental batzuk.

2.1. Ikasteko tekniken erabilera: mapa kontzeptualak, eskemak, sarrera bikoitzeko taulak eta informazioa antolatzeko beste sistema batzuk, grafikoak, laburpenak, modu adierazgarrian ikasi eta memorizatzeko estrategiak eta abar prestatzea.

2.2. Ikasten ikasteko prozedura orokorra: problema edo egoera identifikatzea, informazioa eskuratu eta antolatzea, informazioa ezagutza pertsonal bihurtzea, nork bere buru egituretan eta lehendik dituen ezagutzetan txertatuz.

2.3. Hori guztia, paperezko dokumentuak (testuliburuak, aldizkariak, liburutegiko liburuak) erabiliz edo Interneteko eta beste formatu digital batzuetako testuak baliatuz; horretarako behar diren teknologiak erabiltzen jakin behar da.

e) Gaitasun soziala eta herritartasuna: eskuratzen den gaitasun oro azken finean gizartean eta elkarbizitzan erabili beharko da. Ikasitakoa gizartean aplikatzeko, argudiatzeko eta proposamen eraikitzaile eta positiboak egiteko gaitasuna lortu behar litzateke gaitasunen garapenean oinarritutako edozein ikaskuntzaren buruan.

f) Gaitasun kultural eta artistikoa, zuzeneko loturarik ez duten arlo edo irakasgaietan: lan-unitatearen osagarri gisa, gaitasun horrekin zerikusia duen jardueraren bat egin daiteke: argazkigintza, pintura, arkitektura, literatura, landutako gairen baten alderdi historikoa, besteak beste, planteamendu honen aberasgarri izanen lirateke.

g) Autonomia eta ekimen pertsonala prozesu osoan zehar landuko dira, nahiz eta gaitasun horretarako berariazko jarduerarik ez antolatu, gelan horretarako egokiera asko izanen baitira.

h) Matematikako gaitasunak eta mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasunak, berriz, beren inguruko arloetan landuko dira, nahiz eta haien alderdiren bat sartu ahal izanen den gaitasun instrumental gisa.

i) Aurrekoa laburbilduz eta modu eskematikoan, proposamenaren planteamendu osoena honakoa izan liteke:

-Motibaziorako eta aurretiazko ezagutzak azaleratzeko jarduerak (zentzua emateko ikasi).

-Programazioaren eduki aukeratuak ulertu, barneratu eta finkatzeko jarduerak (ezagutzeko ikasi).

-Ikasitakoa bizitza errealetik gero eta hurbilago dauden testuinguruetan aplikatzeko jarduerak (aplikatzeko ikasi).

-Ikasten ikasteko eta sakonean ulertuz irakurtzeko jarduera tartekatuak (ikasten jarraitzeko ikasi).

-Gizartean hobeki moldatzeko jarduerak (gizartean bizitzeko ikasi).

-Aberastasun kultural eta artistikoa lortzeko jarduerak (gozatzeko ikasi).

III.-Ebaluazioaren ikuspuntuak.

a) Komeni da ebaluazioaren ikuspuntua honako ikuspuntu honi egokitzea gaitasunak gehiago lantzen dituzten perspektibak sartu ahala. Bereizketa klasikoa erabiliz, hasierako ebaluazioa, ebaluazio etengabea eta amaierako ebaluazioa bereiziko dira.

b) Hasierako ebaluazioan kontuan hartuko dira aurretiazko ezagutzak eta ikasleek unitatean landuko dituzten bizitzako egoerez ematen dituzten azalpenak. Banaka edo taldean egin daiteke, ahoz zein idatziz (idatziz egiten bada, komeni da taula edo saretxoak prestatzea informazio bilketa sistematizatzeko).

c) Etengabeko ebaluazioan, edukia noraino barneratu den eta planteatutako testuinguruetan nola aplikatzen den baloratuko da.

d) Amaierako ebaluazioaren elementua gehitu liteke (aurrekoaren atal bat izanen litzateke ordea), landutako gaitasunen garapen gradua neurtzeko testuinguru berrietan (benetako kasuen simulazioa, etab.).

Iragarkiaren kodea: F0809142