I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
221/2008 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Mairagako Mankomunitateak sustaturiko proiektu honetarako: Muru Artederretako egungo sarea Mendibilgo deribazio etxolaraino luzatzea eta Aragoi Ibarreko Mankomunitate zaharraren sarea Mairagako Mankomunitatearen sarearekin lotzea.
2007ko azaroaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskabidea sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Obrek "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" (ES2200035) Batasunaren Intereseko Lekua ukitzen dute. Beraz, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuarekin bat, eta jarduera arau horren 2C eranskineko N eta P ataletan sailkaturik dagoenez (Natura 2000 Sarea ukitzen duelako), Ingurumen ukipenetarako baimena tramitatu behar da.
Foru dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuaren bitartez presio handiko hornidura egin nahi da Muru Artederretatik (Artederretako iturburuetako kutxeta) Mendibileraino, 200 mm diametroko PEAD hodia jarriz. Bestalde, Mairagako Mankomunitatearen sarea Aragoi behereko 3. fasearekin lotuko da, 350 eta 500 mm-ko burdinurtuzko hodiaren bidez.
Hodi berriak 1.870 metro izanen ditu Muru Artederretatik Mendibileraino. Hasierako tartean N-121 errepidearen ondotik joanen da. Cidacos ibaiko fabrika-obratik gurutzatuko du trenbidea. Gero Zapiturko sakana gurutzatu eta hegoalderantz jarraituko du Zapiturko bideraino. Handik mendebaldera eginen du Mendibilgo deribazio ganberaraino. Zangak 60 cm zabal izanen dira. Beste obra osagarri batzuk eginen dira: hustubide eta bentosetarako kutxetak eta Mendibilgo ponpaketa.
"Mairaga - Aragoi behereko 3. fasea" lotura, berriz, Caparroso eta Traibuenas arteko konexio-hodiaren bidez egin nahi da, bi tartetan zatiturik. Lehenbiziko tarteak 1.593 metro izanen ditu. Caparroson hasi eta N1 korapiloko deribazio kutxetaraino iritsiko da, zeinak etorkizunean Mairagako Mankomunitatea eta Martzilla lotuko baititu. Caparrosotik abiatuta, hodiak Aragoi ibaia gurutzatuko du 35 m-ko tartean eta zeru zabalean. Obrek bi fase izanen dituzte eta bakoitzean dike bat eraikiko da ur lasterra desbideratzeko. Gero hodia soroetan barrena N-121 errepide ondora iritsiko da eta han Martzillako zentral hidroelektriko txikiko ubidea zeharkatuko du. Hortik aurrera hodia N-121 errepidearen ondotik joanen da N-128 errepideko bidegurutzeraino; bertan paratuko da N1 korapiloko deribazio ganbera.
Bigarren tartea 2.049 metrokoa izanen da. N1 korapiloko kutxetan hasiko da eta N-121 errepidearen paretik N-124 errepideko bidegurutzeraino iritsiko da. Han, lehendik dagoen hornidura-hodiarekin bat eginen du. Zangak 60 cm zabal izanen dira. Beste obra osagarri batzuk eginen dira: hustubideetarako eta bentosetarako kutxetak, eta Arga Behereko deribazio ganbera. Azken hori lurpean eginen da eta sarrerako etxola bakarrik egonen da agerian.
Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Mairagako Mankomunitateak sustaturiko proiektu honetarako: Muru Artederretako egungo sarea Mendibilgo deribazio etxolaraino luzatzea eta Aragoi Ibarreko Mankomunitate zaharraren sarea Mairagako Mankomunitatearen sarearekin lotzea.
2. Baimena ematearekin ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:
-Argi seinalatuko dira, zuinketaren bidez, obren okupazio guneen zabalerak. Mugatu eginen dira jarduketa eremua bera, makinak igaroko diren eremua eta hondakindegiak.
-Inguruan bisoi europarra eta igaraba bizi dira, galzoriko espezie katalogatuak. Hori dela eta, Aragoi ibaiko obrak, Caparroson eta haren eraginpeko eremuan, apirilaren 1etik abuztuaren 30era bitarteko epetik kanpo eginen dira, eta belar-sastraken garbiketa eskuz eginen da. Belar-sastrakak garbitu ondoren zuhaitzak botako dira, zuhaitzik baldin badago. Landaretza kendu eta handik 48 ordura hasi ahalko dira lur mugimenduak. Obrek Aragoi ibaian ahalik kalte txikiena eragin dezaten, abuztuaren amaieratik azarora bitartean eginen dira lanak.
-Errekak eta ibaiak perpendikularrean gurutzatuko dira, ingurumen ukipena txikiena den aldeetan.
-Heskaien eta balio handiko landaredi naturalaren gaineko ukipena ahalik txikiena izanen da, bereziki "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" izeneko BILean, Sasillo alderdian eta Zapitur errekan. Toki horietan guztietan, obrek hartzen duten zerrenda estuagoa izanen da, gehienez ere 4 metrokoa. Makina txikiak erabiliko dira.
-Ezinbestez moztu beharreko zuhaitz eta zuhaixkak soilik botako dira. Zapiturko bidearen ondoko arteei kalterik ez egiteko arreta berezia jarriko da. Horrelakoetan inguru horretako mendi zaindariari abisatuko zaio, mozteko baimena eskuratzeko xedez. Makinen joan-etorrien ondorioz kaltetuak izan daitezkeen landareen adarrak inausiko dira.
-Obrek ukitutako eremuak, nekazaritzarako erabili behar ez badira, erregularizatu eginen dira eta ereintza edo ereite hidraulikoa eginen zaie.
-Hodiak gurutzatzen dituen ibai-erreketan ez da harri lubetarik eginen ertzak babesteko. Ertzak landare lurrez berdinduko dira, gehienez ere 3H/2Vko maldarekin, eta gero landareztatu eginen dira hodiaren zortasun zerrendatik kanpo. Horretarako, obra eremuko belar-sastrakak garbitzeko lanetan bildutako sahats aldaxkak landatuko dira (Salix elaeagnus, Salix purpurea eta Salix fragilis), eta Populus nigra, Populus alba, Fraxinus angustifolia, Crataegus monogyna eta Prunus spinosa espezieetako ale sustraidunak ere landatuko dira. Ezinbestez harri lubetak egin behar badira, harri soltez eginen dira eta ezpondek inoiz ez dute 3H/2Vtik gorako malda izanen. Harri tarteak landare lurrez bete eta goian aipatutako sahats espezieetako aldaxkak landatuko dira.
-Ibai-erreken sekzioa ez da murriztuko, eta ibai-ohearen kota, hodiak gurutzatzen duen tokietan, jatorrizkoa izanen da beti, inoiz ere ez altuagoa. Azaleko 20-30 zentimetroetan, ibai-ohea hondeatzeko lanetan ateratako materiala bera erabiliko da betegarri gisa.
-Ukitutako gune naturalak landareztatu ondoren gutxienez ere 2 urteko bermealdia izanen da, landareak ongi sustraitu arte.
-Hondeatze lanetan ateratako lurra, desegindako bideen hondarrak eta abar, zangak betetzeko erabiltzen ez badira, hondakindegi baimendura eraman beharko dira.
-Obrak bukatu ondoren, eremua garbi-garbia utzi beharko da obraren hondakinik gabe.
-Obrak bukatu ondoren, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari obra amaierako agiri bat aurkeztu beharko zaio, non zehatz-mehatz azalduko baita nola gelditu den proiektuak ukitutako Batasunaren Intereseko Lekua. Argazkiak eta beharrezkotzat jotzen diren azalpenak erantsiko dira.
-Deustiatik Urbasa eta Andia mendietara doan Errege Altxonbidearen gaineko ukipenei dagokienez, 2007ko abenduaren 20ko 2610 Ebazpena beteko da.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izanen dute bi hilabeteko epean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua. Aldez aurretik Nafarroako Gobernuari errekerimendua egin ahal izanen diote, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Mendi Zaintzari, Caparrosoko, Mendibilgo eta Olorizko udalei eta Mairagako Mankomunitateari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko maiatzaren 13an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0807975