84. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LIZOAIN

Aldaketa Lizoaingo udal araudian, etxe handiez den bezainbatean

Lizoaingo Udalak, 2008ko martxoaren 13an egin bilkuran, behin betikoz onetsi zuen aldaketa hirigintza araudian. Haren bidez, bertze paragrafo bat erantsiko zaio 34. artikuluari, etxe handi direlakoetan etxebizitza bat baino gehiago kokatzeko aukera emanen duena.

ALDAKETAREN PARAGRAFO BERRIA

Orokorrean, egungo eraikinak partez nahiz osorik zaharberritzera joko da; berritzea eraispen bidez ere egiten ahalko da, Udal Planeko katalogoan egiten diren salbuespenak kenduta.

Gune hauetarako aurreikusten den etxebizitza mota familia bakarrekoa bada ere, izanik hura bakartua edo atxikia, baimena emanen da eraikin bakoitzean etxebizitza bat baino gehiago izateko, betiere proposatzen den jarduketak eraikin hori errespetatzen badu, egungo erabilera bizitegietarako edo ekipamenduetarako bada, eta etxebizitza kopurua ez bada azalera eraiki osoa zati 150 egitearen emaitza baino handiagoa.

Beheko solairuko espazioek ezin izanen dute etxebizitza independientea osatu. Etxebizitza baten zati izaten ahalko dira, gain-gainean dagoen solairuko etxebizitzari lotuak badira.

Teilatupeko espazioek ezin izanen dute etxebizitza independientea osatu. Etxebizitza baten zati izaten ahalko dira, behere-beherean dagoen solairuko etxebizitzari lotuak badira.

Baitezpadakoa izanen da ondorioz ateratzen den etxebizitza berri bakoitza gutienez ere aparkatzeko leku batez hornitzea hura kokaturik dagoen eraikin edo lurzatiaren barnean.

Udalak onarpena eman beharko du, aitzinetik behar den dokumentazioa aurkeztu ondoan.

Antolamendutik kanpoko edo desegoki deklaratutako eraikinetan izan ezik, eraikin bat edo haren tipologia itxuratzen duen egiturako elementu bat partez edo guztiz berritzeko, jarduketa behar den txosten teknikoaren bidez arrazoitu beharko da, eta hura Udaleko organo eskudunek onetsi, inguruabar hauetako edozeinengatik:

Eraikinak edo elementuak arrazoi tekniko edo ekonomikoak direla-eta berari ez eusteko moduko andeatze fisikoa izatea.

Eraikinak edo elementuak mota aldetik edo diseinu arkitektonikoaren aldetik Eraikuntzaren ordenantzan ezarritako determinazioen kontrako ezaugarriak izatea.

Eraikin finkatu guztiak erabil daitezke ekipamendu publiko edo pribaturako.

Ekipamendu pribatu bat paratu baino lehen, beharrezkoa izanen da Udalak onarpena ematea, berak eskatzen duen dokumentazioa aitzinetik aurkeztu ondoan.

Lizoainen, 2008ko ekainaren 10ean.-Jarduneko alkatea, Raúl Migueliz Lizarrraga.

Iragarkiaren kodea: L0809317