84. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CINTRUENIGO

Cintruenigoko industrialdeetako lurren kontzesiorako udal oinarriak arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Cintruenigoko Udalak, 2001eko ekainaren 27an, 2001eko azaroaren 8an, 2002ko urriaren 2an, 2003ko apirilaren 3an eta 2007ko abenduaren 20an egin osoko bilkuretan, hasiera batean onetsi zituen aldaketak Cintruenigoko industrialdeetako lurren kontzesiorako udal oinarriak arautzen dituen udal ordenantzan. Hasierako onespenaren erabakia 2008ko 55. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 2an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cintruenigon, 2008ko ekainaren 11n.-Alkatea, Adolfo Navascués Navascués.

CINTRUENIGOKO INDUSTRIALDEETAKO LURREN KONTZESIORAKO UDAL OINARRIAK

Lehenbizikoa.-Cintruenigoko industrialdeetako lurren kontzesioak arautuko dituzte oinarri hauek.

Bigarrena.-Cintruenigoko industrian edo zerbitzuetan lanpostuak eta aberastasuna sortuko duten enpresek eska ditzateke lurrak Udalaren industrialdeetan.

Betiere, lurren kontzesiorako baldintzak izanen dira:

I. Lanpostuen sorrera.

II. Geroko inbertsio ekonomikoa.

Kasu zehatz bakoitzean, Udalbatzak aztertuko du enpresa eskatzaileak zer ezaugarri dituen, zer premia izan ditzakeen, inbertsio eta jarduera aldetik zer proiektu duen, eta horretan guztian oinarriturik erabakiko ditu esleitu beharreko lurzatiaren azalera eta kokalekua.

I. industrialdean (La Nevera) lurrik gelditzen den bitartean ez da II. industrialdean lurrik emanen ingurumenera keak, hautsa, asotsa, etab. jaulkitzen dituzten enpresak kokatzeko, ezta udal mugape beraren barnean lekualdaturik %30 lanpostu finko gehiago sortzen ez dutenak kokatzeko ere.

Hirugarrena.-Lurraren eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute udal bulegoetan:

I. Eskaera idatzia.

II. Enpresa edo, bertzenaz, eskatzailea nor den frogatzeko agiriak.

III. Egin beharreko jarduera (enpresaren ezaugarriak, lehen gaiak, fabrikazio prozesuak, makineria, etab.) eta ibilgailuen trafikoaren aldetik izanen diren beharrak deskribatzeko txostena.

IV. Eskatzen den lurrean gehienez ere bi urteren buruan eraikinetan, makinerian eta bertzelako eraikuntzetan eginen diren inbertsioen txostena.

V. Esleitzen diren lurretan jarduera abiatutakoan beharko diren lan-kontratudun finko nahiz aldi baterakoen kopurua, eta haien lanbide kategoriaren zehaztapena.

VI. Industriaren higiezinen fatxada osatzen duten elementu eta xehetasunen planimetria, behar adinakoa.

VII. II. industrialdean, errepide nagusiarekin edo bertara joateko toki mailako errepidearekin muga egiten duten lurren kontzesiorako, baitezpadako baldintza izanen da fatxaden tratamendu berezia, Udalaren onespena behar duten material hautatuak erabilita horretarako.

VII. Idatziz hitz ematea txostenean eta oinarrietan zehaztutako inbertsio eta jarduketak egin eginen direla oinarri hauetan ezarritako epean.

IX. Enpresa eskatzaileak Gizarte Segurantzaren kuoten eta Udalaren nahiz Foru Komunitatearen tributuen ordainketa eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, eta orobat eskatzaileak edo enpresaren bertze kide batek bertze enpresa batzuetan parte hartu badu eskaera egiten den eguna baino 5 egun lehenagotik.

Laugarrena.-Dokumentazioa azterturik eta Industria Batzordeak aitzinetik txostena eginda, Udalak behar den ebazpen txostena emanen du osoko bilkuran.

Udalbatzaren txostena aldekoa bada, entzutea emanen zaio interesdunari eta gero lurren behin betiko esleipena eta salmenta eginen da eskritura publikoaren bidez. Aitzinetik abala aurkeztu beharko da, adieraziko den diru kopurukoa eta halebereko eperako. Haren bidez, lurren ordainketa eta haien urbanizazioa bermatuko da, baita baldintza hauek beteko direla ere:

I. Hilabetean, eskritura sinatzen denetik aitzina, idatziz eskatu beharko dizkio, Udalaren Gobernu Batzordeari, egin beharreko obraren baldintza estetikoak, baita lurzatiaren itxituraren baldintzak ere. Gobernu Batzordearen iritzia loteslea izanen da.

II. Gobernu Batzordeak iritzia adierazi eta gehienez ere 6 hilabetera, lurraren itxitura osorik beharko du egina izan.

III. Eskritura sinatzen denetik gehienez ere urtebetean, Herriko Etxe honetan aurkeztu beharko da: lurrean, eraikinetan eta bertze eraikuntzetan egin beharreko inbertsioen proiektu ikus-onetsia, inbertsio txostenarekin bat heldu dena.

IV. Eskritura sinatzen denetik gehienez ere bi urtean, Herriko Etxe honetan aurkeztu beharko da:

a) Sozietatea eratzeko eskritura, behar bezala inskribatua eta erregistratua.

b) Alta herriko lizentzia fiskalean.

c) Esleitutako lurretan jarduera hasteko alta.

d) Gizarte Segurantzaren azken TC1 eta TC2 agirien fotokopia.

e) Aurreikusitako inbertsioak egin izanaren udal txostena.

V. Frogatzen ahal diren arrazoiengatik esleipen hartzaileak ez badu betetzen ahal c) atalean xedatua, luzapena ematen ahalko zaio, gehienez ere urtebetekoa, Gobernu Batzordeak hala nahi badu. Gehieneko epetzat hartuko da esleipenaren adierazpena jasotzen denetik aitzineko atalekora bitartekoa.

VI. Esleipen hartzaileak hitza emanen du herrian une bakoitzean hirigintzaren alorrean indarra duen araudia beteko duela.

VII. Esleitutako lurra eskaeran zehaztutako erabilerarako baizik ez da izanen, ez bertze deusetarako. Jardueraren edo erabileraren xedea aldatu ahal izateko, Udalbatzak baimena eman beharko du, espresuki eta idatziz. Udalbatzak beretako gordeko du paratutako enpresa noiznahi ikuskatzeko eskubidea, aipatu xedea egiaztatu beharrez; esleipen hartzaileak egiaztapen lana erraztu beharko du eta hartan lagundu.

Borzgarrena.-Jarduera abiarazteko epea iraganik, egiaztatuko da aitzineko oinarrian ezarritako baldintzak bete diren. Oinarri hauetan bilduriko baldintzetako edozein ez betetzeak ekarriko du aurkeztutako abala edo bermeak betearaztea eta Udalak eman ahal izan dizkion onurak deuseztatzea.

Seigarrena.-Lurrak eta bertan zutituriko eraikinak salduz gero, baitezpadako baldintza izanen da Cintruenigoko Udalak baimena espresuki eta idatziz ematea. Udalak beretako gordeko du lurrak berak saldu zituen prezioan erosteko, gehi Udalak programaturiko urbanizazio lanengatiko prezioa; interesdunak zutituriko eraikinak saltzen ahalko ditu, gehi inguruko lurrak, zortasunei loturiko nabeekin batean.

Zazpigarrena.-Esleipenak ekartzen dituen gastu, kontribuzio eta zergak, baita erosketaren eskriturari, lur banantzeari eta erregistroari dagozkionak, eta esleipenaren deuseztapenaren eta lurren berrerostearen ondorioz etor litezkeenak, hasierako esleipen hartzailearen bizkar izanen dira.

Zortzigarrena.-Lurren prezioa eta ordaintzeko moduak:

I. industrialdea.-Urbanizatu gabeko lurzatiak.

1 eta 2. karriken arteko lurzatiak: 6,01 euro/m² gehi BEZa.

2 eta 3. karriken arteko lurzatiak: 4,21 euro/m² gehi BEZa.

3 eta 4. karriken arteko lurzatiak: 3,61 euro/m² gehi BEZa.

4 . karrikaren eta landa bidearen arteko lurzatiak: 3,01 euro/m² gehi BEZa.

II. industrialdea.

Lurzatiak: 9,09 euro/m² gehi BEZa.

Ordaintzeko modua:

A. Guztia, eskritura sinatzean.

B. %20, eskritura sinatzean, eta gainerakoa, 4 urte saritan.

Esleitzen diren lurren urbanizazio kostuak honela ordainduko dira:

%25, eskritura sinatzean.

%75, 10 urte saritan.

Esleipenak egin ahalean, esleipen hartzaileak daudenekin parekatuko dira urbanizaziaren urtekoen ordainketan.

Industrialdean urbanizatu gabe dauden lurzatien esleipen hartzaileek beren burua behartzen dute lurzatiak urbanizatzeko kostuen %100 beren gain hartzera, Udalak obrei ekitea erabakitzen duenean.

Bederatzigarrena.-Industrialdeko lurzatien esleipen hartzaileak, beraiei uko eginez gero, eskrituratu zenetik lurraren eta urbanizazioaren kostuaren gainean sortu diren urteko korritu metatuak ordaindu beharko dizkiote Udalari, gehi %1eko penalizazioa lurzatiaren kostuaren gainetik.

Industrialdeetako lurren kontzesiorako abalak:

Udalbatzak, aho batez, betiere ondoko abal hauek eskatzea erabaki du:

1. Abala, xedea duena lurren eta urbanizazioen ordainketa segurtatzea, geroratuz gero zor den diru kopurukoa. Ehunekoa apalduko da, zorra ordaindu ahalean.

2. %15eko abala, obrak gauzatzeko aurrekontuaren gainean, lurren kontzesiorako 4. klausulako baldintzak beteko direla bermatzeko, eta gehienez ere bi urteko epean, horixe baita hura betetzeko gehieneko epea.

3. %30 lanpostu gehiago sortzeko baldintza betetzen dela bermatzeko abala, hala behar denean. Langile bakoitzagatik 9.015 euroko kostua finko bilakatzeko behar diren 37 hilabeteetan aplikatzearen emaitza izanen da. Berme hau ezeztatuko da hogeita hemezortzigarren hilabetean lanpostuak kontratatu zirenetik.

Industriako lurren kontzesiorako oinarriei ondoko aldaketa eranstea, aurkeztu beharreko abalei eta lanpostuen sorrerari dagokienez.

A. Azken urtean banaz bertze 30 langile finko nahiz aldi baterako dituzten enpresek plantilla %30 handituko dutela bermatuko duen abala aurkeztu beharko dute. Plantilla handitzea etor daiteke %50ean aldi baterako langileak finko bilakatzetik, eta gainerako %50ek kontratazio berrietatik etorri beharko dute.

B. Azken urtean banaz bertze 30 langile finko nahiz aldi baterako dituzten enpresek enplegu berrien sorrera 10 langilerena izan dela bermatuko duen abala aurkeztu beharko dute. Horiek berdin izan daitezke aldi bateraklo langileak finko bilakatzetik nahiz kontratazio berrietatik etortzen direnak.

Iragarkiaren kodea: L0809319