Iragarkia
82. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 4a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
226/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 5ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateei 2008tik 2009ra bitarteko urteetan gazteentzako instalazioetan inbertsioak eta hornidura egiteko diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena.
Gizartea oso bizkor aldatzen da eta horrek behar, itxaropen eta eskaera berriak sortzen ditu herritar guztiengan, oro har. Hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta emantzipazioa bereziki gazteei eragiten dieten aferetako batzuk dira. Horregatik, administrazio publikoek gazteen egiazko premiei erantzuteko eta beren autonomia pertsonala bultzatzeko politikak egin behar dituzte. Gazteek gizarte aldakor honetan guztiz integratzea eta haien parte-hartze soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala bermatzea are gehiago bultzatu behar da.
Hori guztia dela eta, beharrezko jo zen Nafarroako Gazteriaren Institutua sortzea, irailaren 24ko 217/2007 Foru Dekretuaren bidez, eta gazteriaren esparruari berariazko moduan ekiteko institutuaren estatatuak onetsi ziren. Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea eta, horretarako, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartzea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan arlo askotan jardutea.
Estutuetan jasotzen da, besteak beste, Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokiola laguntza eta diru-laguntzen programen kudeaketa eta, horregatik, gazteen arloko jarduketa horren lagungarri, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere bai.
Beharrezkoa da gazteentzako instalazioetan inbertsioak egiteko diru-laguntzen ematea arautzea, Nafarroako toki entitateentzako laguntzak kudeatze aldera, gazteentzako instalazioak eraiki, handitu, birmoldatu, eraberritu eta horni ditzaten.
Instalazio mota horietarako inbertsioak gauzatzeko Nafarroako toki entitateek behar-beharrezko laguntzak izan ditzaten, Nafarroako Gazteriaren Institutuak foru agindua onestea proposatu du, diru-laguntzen deialdiaren oinarriak ezartzeko.
Nafarroako Gobernuaren 2008ko maiatzaren 5eko Erabakiaren bidez Nafarroako Gazteriaren Institutuari baimena eman zaio urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa har dezan, gauza dadin Nafarroako Toki Entitateentzako diru-laguntzen deialdia, 2008 eta 2009 urteetan gazteentzako instalazioetan inbertsioak eta hornidurak egiteko, 993.200 eurorekin denera. Horietarik 496.600 euro 2008ko ekitaldiari egotziko zaizkio eta beste 496.600 euro 2009koari.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2008-2009rako Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onestea, gazteentzako instalazioetan inbertsioak eta hornidura egiteko, foru agindu honen eranskinean ageri diren oinarri arautzaileen arabera.
2. Deialdi honetarako gehienez 993.200,00 euroko gastua baimentzea, aurrekontu xehetu honekin:
-356.000,00 euro 2008ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateen gazteentzako instalazioak" izeneko 960001 96100 7609 232102 kontusailaren kargura egotziko dira.
-140.600,00 euro 2008ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateen gazteentzako hornidura" izeneko 960001 96100 7609 232100 kontusailaren kargura egotziko dira.
-356.000,00 euro 2009ko gastuen aurrekontuen kargura egotziko dira, toki entitateek gazteentzako instalazioetan inbertsioak egiteko prestatzen den kontusailaren kargura hain zuzen ere.
-140.600,00 euro 2009ko gastuen aurrekontuen kargura egotziko dira, toki entitateek gazteentzako hornidura egiteko prestatzen den kontusailaren kargura hain zuzen ere.
3. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Foru agindu hau Nafarroako Gazteriaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2008ko ekainaren 5ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Oinarriak
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen araubidea ezartzea, inbertsioak egin ditzaten gazteentzako instalazioak eraiki, birmoldatu, handitu, eraberritu eta hornitzeko 2008tik 2009ra bitarteko urteetan.
Gazteek baizik ez erabiltzeko lokalak edo guneak, edo gazteekin lotutako jardueretarako bakarrik direnak joko dira gazteentzako instalazio.
2. Helburua.
1. Aurreko oinarrian aipatutako diru-laguntzak jarduketa hauetarako erabiliko dira:
a) Gazteentzako instalazio berriak egitea eta lokalak birmoldatzea gazteentzako instalazio bihurtzeko.
b) Jadanik badiren gazteentzako instalazioak handitzea eta eraberritzea.
c) Gazteentzako instalazioak hornitzea.
2. Deialdi honetatik kanpo daude gazteentzako instalazioak mantendu eta zaintzeko egiten diren obra, konponketa eta eraberritze guztiak.
3. 2008an hasi beharko dute diru-laguntza honen xede diren jarduketak.
3. Onuradunak.
Udalerriek, mankomunitateek eta udalerri elkarteek eskatzen ahal dute diru-laguntza, baldin eta aurreikusi badute gazteentzako instalazioetan obrak eta hornidurak egin eta bukatuko dituztela 2008tik 2009ra bitarteko urteetan.
4. Agiriak.
1. Eskaerak egiteko, eskabide orokorra beteko da, Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendua, eta horrekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira, diru-laguntza zertarako eskatzen den eta horren arabera:
a) Obrak eraikuntza berriak badira, edo birmoldaketak, handitzeak eta/edo eraberritzeak, oinarrizko proiektua behar da, baldin eta horien zenbatekoa 120.000 euro baino handiagoa baldin bada.
Obrak eraberritzeak badira eta zenbatekoa 120.000,00 euro baino txikiagoa bada, memoria baloratua aski izanen da.
Bietan ere instalazioen hornidurari buruzko agiri teknikoak eta aurrekontua eransten ahalko dira, balora daitezen, eta, bidezkoa bada, kontzeptu horrengatik onetsi den diru-laguntza.
Bai proiektuak bai memoria baloratuak arloan eskuduna den teknikari batek izenpetuko ditu eta Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren Atalak aztertuko, oniritzia eman diezaion edo, bestela, behar diren aldaketak egiteko egoki diren oharrak egin diezazkion.
Oinarrizko proiektuak ingurumena hobetzeko eta energia aurrezteko osagaiak bildu beharko ditu:
b) Obra edo hornidura egin nahi den lur edo eraikinen jabetzaren ziurtagiria, indarreko hirigintza arautegiarekin bateragarria dela adierazten duena. Eskatzailea lurren edo ondasunen jabea izan ezean, gutxienez 20 urterako lagapen agiriaren fotokopia konpultsatua.
c) Aurreikusi den finantzaketari buruz udalak hartutako erabakiaren ziurtagiria eta, halakorik bada, finantzaketan kide diren erakundeen ziurtagiriarena. Zehatz azalduko dira bakoitzak ematen duen kopurua, diru ekarpena bakoitzaren funtsetakoa den, edo diru-laguntzen ondoriozkoa, finantza kredituetakoa edo bestelakoa, obrak egiteko aurreikusitako epeak eta, ahal denean, urte anitzeko lanetan, zenbat ekitaldi ekonomiko hartuko lituzkeen.
d) Eskaera deialdi honetako seigarren oinarriko laugarren atalaren arabera baloratzeko eta puntuatzeko bidea ematen duten dokumentu guztiak:
-Gazteriaren zinegotzigoa badela frogatzen duen ziurtagiria (gazteriarena soilik edo beste arlo batekin partekatua).
-Herriko gazteei laguntzeko teknikariak badirela frogatzen duen ziurtagiria.
-Udalaren aurrekontu orokorra aintzat hartuz, gazteriari zein portzentaje zuzentzen zaion frogatzen duen ziurtagiria, inbertsioak kontuan hartu gabe.
-Udalaren Osoko Bilkurak onetsitako gazteei buruzko plana, eta abian jarri den adieraziko da.
-Gazteek herrian parte hartzeko arautegia, baldin eta 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada.
-Diru-laguntzaren xede den instalazioaren kudeaketa plana.
2. Gazteentzako instalazioetako hornidurarako diru-laguntza onetsia duten entitateek aurreko ataleko b), c) eta d) letretan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, diru-laguntzen xede diren hornidurako memoria eta aurrekontuaz gain.
5. Aurkezteko tokia eta epea.
1. Eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean aurkeztuko dira Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako bideetako bat baliatuz. Postetxeetatik igortzen diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, ziurtatu baino lehen data eta zigilua jar diezazkieten.
2. Hala ere, 4. oinarrian adierazitako agirien aurkezpenean akatsik atzemanez gero, gehienez 10 egun balioduneko epea irekiko da akats horiek zuzentzeko. Zuzendu ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluari jarraikiz.
6. Eskaerak nola baloratu, hautatu eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatu.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren Atalak instruituko du laguntzak emateko prozedura. Aurkeztutako agiriak tramitatu, baloratu eta aztertu ondoren, diru-laguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, diru-laguntzen deialdia ebatz dezan.
Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Idazkaritza Nagusiaren Atalak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabal edo hobe dezaten.
2. Eskaerak baloratzean, organo instruktoreak Nafarroako Kirolaren Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzea, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren Atalak arlo juridikoko administrazio publikoaren teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta, bestetik, unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoa den ala ez, dagokion txostena tarteko.
3. Aurrekontuetan dagoen diruaren arabera hautatuko dira toki entitateen eskaerak.
4. Lehentasun hurrenkera.
1. Eskatzaileei diru-laguntzak emateko lehentasun hurrenkera finkatzeko, ondoko balorazio-irizpideak erabiliko dira:
a) Gazteriaren zinegotzigoa izatea, gazteriarena soilik izan edo beste arlo batekin partekatua (15 edo 5 puntu, hurrenez hurren).
b) Herriko gazteei laguntzeko teknikariak izatea (15 puntu).
c) Udalaren aurrekontu orokorra aintzat hartuz, gazteriari zein portzentaje zuzentzen zaion, inbertsioak kontuan hartu gabe. Portzentajearen arabera emanen dira puntuak.
d) Udalaren Osoko Bilkurak onetsitako gazteei buruzko plana izatea (5 puntu), eta abian jarri izana (5 puntu).
e) Gazteek herrian parte hartzeko arautegia izatea, baldin eta 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada (5 puntu).
f) Diru-laguntzaren xede den instalazioaren kudeaketa plana izatea (50 puntu).
2. Bi entitate eskatzaileren edo gehiagoren artean berdinketarik izanez gero, ondokoa hartuko da kontuan, ezarritako hurrenkeraren arabera:
a) Gazteentzako Informazio Guneak dituzten toki entitateak.
b) Auzolandegietan parte hartzen duten toki entitateak.
c) Gazteentzako programa ofizialak gauzatzen Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean aritzen diren toki entitateak.
5. Toki entitate onuradunek gazteentzako instalazioetan obrak gauzatzeko honenbesteko diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, eta hurrenkera honetan:
a) Gazteentzako instalazio berriak egiteko eta lokalak birmoldatzeko, gazteentzako lokal bihurtze aldera, onartutako obra-proiektuaren aurrekontuaren %50 gehienez.
b) Gazteentzako instalazioak eraberritzeko eta handitzeko, baloratutako memoriaren %33 gehienez, edo, bidezkoa bada, onartutako eraberritzeko obra-proiektuaren aurrekontuarena.
6. Toki entitateek gazteentzako instalazioetan hornidurak egiteko memoria eta aurrekontu onartuen gehienez %50eko diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte, hurrenkera honetan:
a) Eraikuntza berriei lotutako hornidurak.
b) Birmoldaketa lanei lotutako hornidurak.
c) Handitze eta eraberritze lanei lotutako hornidurak.
d) Inolako lanei lotu gabeko hornidura.
7. Ebazpena.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak ematearen gaineko ebazpen argudiatuak emanen ditu gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.
2. Diru-laguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta bertan diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Ebazpenean diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda agertuko da eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko iragarki oholean argitaratuko da ebazpena, Arrieta kaleko 25ean.
Diru-laguntza bi ekitaldi ekonomikoren kargura jasotzen dituzten jardueretan, diru-laguntza hiru ordainketetan egiten ahalko da, bat 2008an eta bi 2009an. Aldez aurretik 9.2 oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztuko da.
Diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko da betiere zenbateko kreditua dagoen hartarako Nafarroako Gazteriaren Institutuaren aurrekontuetan.
3. Ezarritako epean ebazpenik ez bada ezetsitzat joko da eskaera, Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat.
4. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du berarekin.
5. Ematen den diru-laguntza hau bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek edo norbanakoek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin, betiere, jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute onuradunek. Nolanahi ere, jasotzen diren diru-laguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.
8. Onuradunen betebeharrak.
1. Diru-laguntza jasotzen duten toki entitateek bi hilabeteko epea izanen dute, diru-laguntza onartzeko ebazpena jakinarazten denetik, dokumentazio hau aurkezteko:
a) Obren proiektu ikus-onetsia, hasierako oinarrizko proiektuaren gainean egindako zuzenketa eta guzti, horrelakorik bada. Betebehar horretatik salbuetsita geldituko dira diru-laguntza onartuta duten toki entitateak baldin eta eraberritze lanek ez badute 120.000 euroko kopurua gainditzen.
b) Obrak esleitzearen akta, gutxienez honako datuak adierazten dituena: esleipenaren data, enpresa esleipen-hartzailea, enpresaren identifikazio datuak (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta adjudikazioaren zenbatekoa.
Obrak administrazioak egiten baditu, esleipen aktaren ordez toki entitateko organo eskudunak hartutako erabakia aurkeztuko da. Erabakiak obrak sistema horren arabera eginen direla adieraziko du.
c) Zuzendaritza fakultatiboa izendatzeko akta, teknikaria(k) identifikatzeko behar diren datuekin (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).
d) Zuzendaritza fakultatiboak, jabeak eta, halakorik denean, enpresa esleipen-hartzaileak sinatutako obren zuinketa akta.
e) Toki entitateko organo eskudunaren erabakia, diruz lagundutako obrak egiteko asmoa eta finantzaketa bere gain hartzeko konpromisoa jasotzen duena, are hasieran onetsitako aurrekontua garestitzen duten gastuak ere, horrelakorik bada. Beste erakunderen batek aldi berean finantzatzen badu, organo eskudunaren finantzaketa hitzarmen berariazkoa.
f) Udalaren ziurtagiria, idazkariak sinatua eta alkateak ikus-onetsia, ondoko hornitzaileak aukeratzeko orduan eraginkortasun eta ekonomia irizpideak aintzat hartu direla adierazten duena: proiektuaren egileak, obraren zuzendaritza, eraikuntza enpresa eta, orobat, obretan parte hartzen duten gainerako hornitzaileak.
g) Diru-laguntzaren xede diren obra berrietan, obretan bertan, obra Nafarroako Gobernuak lagunduta egiten dela azaltzen duen kartel bat paratu dela frogatzen duen frogagiria bidali beharko da. Kartelean, Gobernuaren logotipoa eta anagrama ere agertuko dira.
2. Aurreko atalean agiriak aurkezteko jarri den epea aldatzen ahalko da, diru-laguntza jaso duen entitateak epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen badu eta horretarako arrazoiak baditu; dena den, Idazkaritza Nagusiaren Atalak horren aldeko txostena egin beharko du aldez aurretik.
3. Lanak diruz lagundutako proiektuaren arabera eginen dira. Aldaketak egitekotan, Idazkaritza Nagusiaren Atalak baimendu beharko ditu. Dena dela, laguntzaren xede den inbertsioaren kostuaren gainetik sortzen den gastua onuradunaren kontura izanen da.
4. Obren bukaerako kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa ere gutxitu eginen da, kostua jaitsi den proportzio berean, betiere diru-laguntzaren zenbatekoek gainditzen badituzte obren bukaerako zenbatekoari buruz ezarririko gehieneko ehunekoak.
5 Eraikuntza lanak egiteko diru-laguntzak jaso dituzten toki entitateek onartu eta erraztu egin beharko dituzte Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapenak, eta eskatutako agiriak eman.
6. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Idazkaritza Nagusiaren Atala bitarteko, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Diru-laguntza hartzen duen erakundea beharturik dago obretan sartzen uztera eta obraren gaineko edozein agiri ematera.
9. Laguntzen ordainketa.
1. Eraikuntza lanak egiteko diru-laguntza soilik 2008ko ekitaldiaren kargura onartua duten toki entitateek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte 2008ko abenduaren 20a baino lehen, onartutako diru-laguntza ordain dadin:
a) Zuzendaritza fakultatiboak, toki entitatearen ordezkari batek eta enpresa esleipen-hartzailearen ordezkari batek behar bezala sinatutako obretako ziurtagiriak, bukatu izanarena barne.
b) Aurkeztutako ziurtagirien faktura jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak, baita proiektua prestatzearen eta zuzentzearen ordainsarienak ere.
c) Obraren onarpen-akta, zuzendari fakultatiboak, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua. Administrazioak gauzatu baditu lanak, zuzendaritza fakultatiboak eta toki entitatearen ordezkari batek sinatu beharko dute akta.
d) Plaka bat paratu izanaren ziurtagiria, non Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa agertuko baitira, eta, horrekin batera, diruz lagundutako lanen euskarrien diseinuari buruzko arauetan ezarritako testua, Nafarroako Foru Komunitatearen identitate korporatiboaren programaren arabera.
e) CD bat, egiazki burututako obren proiektua jasotzen duena. Hala, jaso ondoren, Nafarroako Gazteriaren Institutuak hasieran onetsitako proiektua itzuliko du.
f) Udalaren erabakiaren ziurtagiria, udalak ondoko konpromiso hau hartu duela agertzen duena: instalazioak gutxienez ere 20 urtez diru-laguntzaren xederako erabiliko direla eta, erregistro publiko batean erregistratu beharreko ondasunak izanez gero, gorabehera hori eta harturiko diru-laguntzaren zenbatekoa eskrituran adieraziko direla. Hori guztia dagokion erregistro publikoan inskribatu behar da. Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete ondoren, diru-laguntzaren onuradun diren toki entitateek Nafarroako Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren Atalean frogatu beharko dituzte, gehienez ere hilabeteko epean.
2. Eraikuntza lanak egiteko diru-laguntza 2008ko eta 2009ko ekitaldien kargura onartua duten toki entitateek ondoko ataletan zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte diru-laguntza ordain dadin:
2.1. 2008ko ekitaldiari dagokion ordainketa. 2008ko abenduaren 20a baino lehen ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:
a) Zuzendaritza fakultatiboak, toki entitatearen ordezkari batek eta enpresa esleipen-hartzailearen ordezkari batek behar bezala sinatutako obretako ziurtagiriak. Horien denen baturak (proiektua prestatzeari eta zuzendaritza fakultatiboari dagozkien ordainsariak barne) 2008ko ekitaldi ekonomikoaren kargura onartutako diru-laguntza baino handiagoa izan beharko du. Administrazioak gauzatu baditu lanak, zuzendaritza fakultatiboak eta jabeak sinatu beharko dituzte.
b) Aurkeztutako ziurtagirien faktura jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak, proiektua prestatzearen ordainsarienak, eta, hala badagokio, obra-zuzendaritzaren ordainsarienak ere bai.
2.2. 2009ko ekitaldiari dagokion ordainketa.
2.2.1. %50 ordainduko da honako dokumentazioa aurkeztu ondoren:
a) Zuzendaritza fakultatiboak, toki entitatearen ordezkari batek eta enpresa esleipen-hartzailearen ordezkari batek behar bezala sinatutako obretako ziurtagiriak. Horien denen baturak 2009ko ekitaldi ekonomikoaren kargura onartutako diru-laguntzaren %50 baino handiagoa izan beharko du.
b) Aurkeztutako egiaztagirien faktura jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak.
2.2.2. Gainerako %50 ordaintzeko, toki entitate onuradunek deialdi honetako 9.1 puntuan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko dute 2009ko abenduaren 19a baino lehen.
3. Gazteentzako instalazioetarako hornidurarako diru-laguntza onartua duten toki entitateek, eraikuntza lanetarako diru-laguntza ordaintzeko epeetan beretan, fakturak aurkeztu beharko dituzte, dagokion ekitaldi ekonomikoaren kargura diruz lagundutako zenbatekoa bi halako gutxienez justifikatzen dutenak.
10. Ez-betetzea.
1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, diru-laguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuak faltsutzen edo xedeak aldatzen direla ikusten bada, diru-laguntza galdu eginen da, eta ordura arte jasotako kopuruak itzuli beharko dira, alde batera utzi gabe legeetan aurreikusi diren gainerako erantzukizunak.
Hala ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
2. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez behin betikoz onarturiko diru-laguntzari uko egiteak edo hura bertan behera uzteak interesdunak hurrengo deialdietan aurkezten dituen eskaerak modu negatiboan baloratzea ekar dezake berarekin.
11. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.
Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
12. Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien kontra eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
13. Aplikatu beharreko legeria.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F0809567
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
