82. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiak ekainaren 13an emandako 83/2008 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko pedagogo izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiak ekainaren 13an emandako 83/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko pedagogo izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako arauak.

OINARRIAK

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da pedagogo izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea, funtzionarioen araubidekoa eta A mailakoa, plantilla organikoan 985 zenbakia duena eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikia, Beriainen lan egiteko.

1.2. Lanpostuak A mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Halaber, deialdiaren bidez hautaprobak gainditu bai, baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatuko dira, deialdi honen 9. arauan xedatutakoarekin bat:

a) Sarrerako hautapen prozedurako probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Aldi baterako kontratua egiteko izangaien zerrenda, sartzeko hautapen prozeduran azkenaurreko ariketa gainditu dutenekin osatua, Administrazio Erroko eremuan aldi baterako kontratatzeko.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdi honen 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estaturen batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Pedagogo titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/2008 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskaeran eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 25 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar den bezala betetako ordain-gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Arestian aipatutako webgunean, deialdiaren iragarkian, ordainketa gutunaren eredua dago.

-Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan; horrelakoetan ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez duela interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Nafarroako Administrazioaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Batzordeburua: Jesús Barcia Lareu jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Segurtasun Eskolako Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Jesús Ramón Loitegui Aldaz jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Prestakuntza Zerbitzuko zuzendaria.

-Kidea: Jesús Antonio Castiella Lafuente jauna, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitatearen Ataleko burua.

-Ordezkoa: María José Olite Merino andrea, psikologoa, Nafarroako Mendekotasun Agentziari atxikia.

-Kidea: José Miguel Olcoz Amatriáin jauna, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko goi mailako tituluduna.

-Ordezkoa: Celia Sarasa Armendáriz andrea, psikologoa, Nafarroako Mendekotasun Agentziari atxikia.

-Kidea: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Alvaro Martínez Fernández jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Garapen eta Hobekuntza Ataleko burua.

-Ordezkoa: Jesús Menéndez Barrero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Prestakuntza Ataleko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2009ko urtarrilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

-Lehen ariketa: teorikoa, gai zerrendako gaiei buruzko 80 galdera erantzun beharko dira. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun hutsak zehatu eginen dira.

-Bigarren ariketa: praktikoa, epaimahaiak proposatutako bi kasu praktiko ebatzi beharko dira idatziz: bata, gai zerrendako bigarren zatian bildutako gaiei buruzkoa eta, bestea, hirugarren zatian bildutako gaiei buruzkoa.

-Hirugarren ariketa: Zenbait proba psikotekniko gainditu beharko dira neurtzeko oposiziogileak noraino egokitzen diren deialdi honetako helburu diren lanpostuen profil profesiografikora. Proba Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du, eta emaitzak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzako.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

-Lehen ariketa: 40 puntu bitarte.

-Bigarren ariketa: 40 puntu bitarte. Kasu praktiko bakoitzean gehienez 20 puntuko balorazioa eman ahal da.

-Hirugarren ariketa: 20 puntu bitarte.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gutxienez gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Halaber, baztertuta geldituko da bigarren ariketako edozein kasuetan 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duena.

6.5. Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

6.6. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, ariketan lortutako puntuazioaren araberakoa, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egin diren lekukoan. Gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dizkio oposizioa gainditu dutenen zerrenda eta probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Gertatzen diren berdinketetan, lehenengo ariketan puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da, eta, berdinketak badirau, hirugarren ariketan lortutako puntuak hartuko dira aintzakotzat.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiko 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Proposatutako izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Deialdia egin duen ez beste Nafarroako Administrazio Publikoren bateko funtzionario edo langile finkoa den izangaiak, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa den izangaiak:

a) Deialdiko 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Proposatutako izangaiak ezgaitasuna alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Deialdiaren beharrezko betebehar eta baldintzez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskurantzak erabiltzeko, beste edozein agiri eskatu diezaioke izangaiari, eta honek aurkeztu beharko ditu deialdi honen 7.2. arauan ezarritako moduan.

8.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko arauetan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, pedagogo lanpostua betetzeko. Ebazpen horren bidez lanpostu hutsaren esleipena ere eginen da.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako administrazio publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko mutualitatean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendatzen den izangaiak destinoko herrian bizi beharra du eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko du bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

8.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta behar bezain ongi arrazoitutako kasuetan izan ezik, izangaiak ez baldin badu lanpostuaren jabetza hartzen, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta arau honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesuko azkenaurreko ariketa bai, baina azkenekoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

9.2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorrita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiek eta deialdian ezarritako azken-aurreko ariketa gaindituta ere azkenekoa gainditu ez duten izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, dokumentazio hau aurkezteko:

Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki-oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

9.3. Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

9.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdi honetako azken-aurreko ariketa bai, baina azkenekoa gainditu ez eta Administrazio Erroan kontratatuak izan nahi duten izangaien zerrendak.

9.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta arauen kontra eta arauak aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko ekainaren 13an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua - Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua

.................. jaunak/andreak, adin nagusikoak; Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (edo horren baliokidea den nortasun agiriarena): ..........., jaioteguna: ..........., jaioterria: ............., nazionalitatea: .............., oraingo helbidea: .............., posta kodea: ............., etxeko telefonoa: ..................., harremanetarako telefonoa: .......................

AZALTZEN DUT:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ........... izateko ...............lanpostu .................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, ondoko txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Hautapen probak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, esparru hauetakoren batean:

f Administrazio erroa*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua *

f Nafarroako Mendekotasun Agentzia *

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, horrenbestez, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala.*

f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*.*

f Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun frogak egitea eskatzen dudala.*

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, ..........(e)ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezko denean, bakarrik.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

2. gaia.-Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. Dekretu legeak. Legegintzako foru dekretua. Nazioarteko itunak.

3. gaia.-Administrazio zuzenbidearen iturburuak: erregelamendua eta erregelamendu-ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

4. gaia.-Administrazio egintza (I): kontzeptua, motak eta elementuak.

5. gaia.-Administrazio egintza (II): administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

6. gaia.-Administrazio prozedura erkidea (I): kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera.

7. gaia.-Administrazio prozedura erkidea (II): Administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

8. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak.

9. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Oinarria. Nola egin zen. Atariko titulua. Erreforma. Nafarroaren eskumenak.

10. gaia.-Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko Foru Legea.

11. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea.

12. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

13. gaia.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea.

14. gaia.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): karrera administratiboa. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

15. gaia.-Laneko arriskuei aurrea hartzea: araudi arauemailearen xedea eta aplikazio eremua. Administrazio publikoen jarduketa laneko gaiei dagokienez. Laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan. Arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuak.

16. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoa: Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide eta betebeharrak. Nafarroako aurrekontu orokorrak: edukia eta onespena; gastuen sailkapen ekonomikoa; betearaztea eta likidazioa.

17. gaia.-Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, Kontratu publikoei buruzkoa. aplikazio esparrua. 6/2006 Foru Legeko kontratuen definizioa. Administrazio Publikoko kontratuen sailkapena. Araubide juridikoa. Kontratuak esleitu, hobetu, sinatu, bete, aldatu, iraungi edo baliogabetzeko arau orokorrak.

18. gaia.-Datu pertsonalak babesteko lege organikoa: datuak babesteko printzipioak, pertsonen eskubideak.

19. gaia.-Administrazioaren zehatzeko ahalmena. Printzipio orokorrak. Zehapen prozedura.

20. gaia.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzekoa.

21. gaia.-Abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea, politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzkoa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak.

22. gaia.-Europar Batasuna. Jatorria eta bilakaera. Antolaketa: Parlamentua, Kontseilua, Batzordea, bestelako erakundea. Europar Batasunaren jatorrizko zuzenbidea: itunak. Zuzenbide eratorria: araudiak eta zuzentarauak. Beste iturri batzuk.

23. gaia. -Nafarroako Administrazio Publikoren Institutua. Izaera eta xedeak Egitura organikoa. Bere zerbitzuen eginkizunak.

Bigarren zatia.

1. gaia.-Hezkuntza etengabearen kontzeptua. Antzeko terminoak. Hezkuntza etengabearen oinarrizko printzipioak, oinarriak eta helburuak. Hezkuntza etengabea informazioaren eta ezagutzaren gizartean.

2. gaia.-Hezkuntza etengabea: goi mailako hezkuntza, etengabeko prestakuntza, prestakuntza errepikaria eta lanbide prestakuntza. Lanbide kualifikazioak. Eskumenak eta egiaztagiriak. Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren sistema nazionala.

3. gaia. -Hezkuntza etengabea urrutiko hezkuntzaren estrategiaren bitartez. Idatzitako komunikabideen prestakuntza dimentsioak, komunikabideena eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiena (IKT).

4. gaia.-Hezkuntzaren teoriak bere oinarri antropologikoaren arabera. Aldatzeko ikasi: hezkuntza mende berri baten aurrean. Ikasten ikasteko eta ekiten ikasteko estrategiak. Giza-gune berri baterako hezi. Hezkuntza-komunikazioa eta elkarreragina.

5. gaia.-Pertsonaren garapenaren giltzarriak eta arloak. Heziketa moralerako teoriak, ereduak eta estrategiak. Hezitzailea eta bere lanbidearen dimentsio morala. Hezkuntza eta demokrazia.

6. gaia.-Europar Batasunaren lehentasunak hezkuntza eta langileen prestakuntzaren politikan. Europako hezkuntza eta prestakuntza programa nagusiak. Langileen etengabeko prestakuntzarako politiken bilakaera Espainian.

7. gaia.-Osasun-hezkuntza eta helduen hezkuntza. Lan-osasuna. Osasun-hezkuntzako proiektuak eta programak. Proiektuen eta programen ebaluazioa.

8.gaia.-Hezkuntza eta prestakuntza erakundeak. Prestakuntza zentroa: antolaketa konplexua eta eratze dinamikoa. Proiektuetan oinarritutako antolaketa metodologia. Lanbide komunitateak eratzea hezkuntza zentroetan. Gatazkak hezkuntza erakundeetan. Prestakuntza zentroaren antolaketari buruzko ikerketa. Prestakuntza erakundeei buruzko ezagutzaren antolamendua.

9.gaia.-ikaskuntza ingurunearen antolaketa. Etengabeko prestakuntzako zentro publikoen antolaketa Nafarroako Foru Komunitatean. Ikaskuntzaren testuingurua. Ikasgelaren antolaketa ikasleen lanerako giro suspergarri gisa. Prestakuntza gunea, ekipamentua eta baliabide materialak. Ikasleen antolaketa. Giza baliabideak. Prestakuntza zentroen gobernu organoak. Kalitate-kontrola. Prestakuntza zentroen ikuskapena eta ebaluazioa.

10. gaia.-Hezkuntzaren oinarrizko prozesu psikologikoak: pertzepzioa, arreta, ikaskuntza, oroimena, pentsamendua, hizkuntza eta komunikazioa, motibazioa, emozioak. Prozesuen integrazioa eta bereizketa.

11. gaia.-Hezkuntza eta prestakuntza erakundeen autoebaluazioa eta kontrola. Hezkuntza erakundeen autoebaluazioa eta garapen eta hobekuntza prozesuak. Autoebaluazio proiektuen sorkuntza eta kudeaketa. Autoebaluazioa prozesu baten elementuak eta osagaiak. Autoebaluazio metodologia, metodoak, teknikak eta tresnak. Autoebaluazio txostenak.

12. gaia.-Curriculumaren garapena eta etengabeko hobekuntza. Hobekuntza garapen instituzional gisa. Hobekuntza prozesuak. Antolaketaren garapena (AG). Antolaketa ikaskuntza (AI). Hezkuntza ezagutzaren zabalkundea eta erabilpena. Aholkularitza. Instituzioen arteko sareak. CBAM-a (Concern Based Adoption Model) irakasleen kezken eboluzioaren azterketa-tresna bezala.

13. gaia.-Lanbide-orientazioaren kontzeptua, printzipioak eta beharra. Lanbide-orientazioatik karreraka hezkuntzara. Hezkuntza eta lana. Lanbideak: sailkapenak eta aztertzeko teknikak. Karrerarako orientazioa eta lanbide-proiektuaren garapena. Lanbide-orientatzailearen esku-hartze esparruak eta eginkizun nagusiak.

14. gaia.-Tutore-lanaren ezaugarriak, eginkizunak, esparruak eta mailak. Tutorea: eginkizunak eta eskumenak. Tutore-lanerako planak. Bitartekaritza taldeetan sortzen diren gatazken ebazpenerako estrategia bezala. Elkarrizketa tutore-laguntzarako teknika bezala. Talde-teknikak tutore-lanerako estrategia bezala. Helduen ikaskuntza hobetzeko teknikak.

15. gaia.-Hezkuntza ez formala. Etengabeko prestakuntzatik esperientzian lortutako ikaskuntzaren baliozkotzera. Etengabeko prestakuntzarako Hiruko Fundazioa Espainian: etengabeko prestakuntzarako akordioak. Enplegurako Ekintzen urteroko planak. Lanean lortutako eskumenak Espainiako legerian baliozkotzea. Frantziako modernizazio sozialerako legea eta lortutako ikaskuntzaren baliozkotzea Frantzian.

16. gaia. -Hezkuntzaren kontzeptua. Hezkuntzaren printzipio pedagogikoak. Hezkuntza formala, ez formala, informala. Hezkuntzaren teoria eta Irakaskuntzaren teoria. Hezkuntza gizarte-gertaera gisa. Estatua eta Hezkuntza. Hezkuntza ezagutzaren gizartean. Hezkuntza berrikuntza eta aldaketa. Kultura, gizartea eta hezkuntza: gaur egungo egoerak eta arazoak.

17. gaia.-Hezkuntza-gertaeraren izaera soziala. Gizarte inguruneak hezkuntzan duen eragina. Hezkuntza gizarte kontrolerako ingurune gisa. Hezkuntza eta gizarte-mugikortasuna. Hezkuntza berrikuntza teknologikoaren aurrean.

18. gaia.-Helduen dianostiko pedagogikoaren oinarri kontzeptualak. Eginkizunak eta helburuak. Dimentsioak. Prozesua eta diagnostiko-txostena. Diagnostiko pedagogikoa egiteko informazioa biltzeko teknikak eta tresnak. Adimenaren eta gaitasunen diagnostikoa faktore-ikuspuntutik. Ikaskuntzaren ahalaren ebaluazioa. Estilo kognitiboen diagnostikoa. Errendimendu akademikoaren ebaluazioa. Motibazioaren diagnostikoa. Ikasteko zailtasunak.

19. gaia.-Bizitzan zeharreko lanbide-garapenerako orientazioa. Lanbide-garapenerako orientazioaren kontzeptua eta eginkizunak. Bizitzan zeharreko karreraren etapei eta garapenaren baldintzei buruzko aurrerapen teorikoak. Bizitzan zeharreko karreraren garapenaren etapak. Lanbide-garapena baldintzatzen duten faktoreak.

20. gaia.-Karrera erakundeetan garatzeko orientazioa. Lan-antolaketaren kanpoko eta barruko orientazioa. Helduaren karreraren garapenean eragina duten norbanako faktoreak. Esku-hartze psikopedagogikoen ereduan erakundeetan.

21. gaia.-Hezkuntzaren ekonomia: helburua eta azterlan-eremua. Giza kapitalaren teoria. Oinarrizko kontzeptu ekonomikoak. Sektore publikoa eta ekonomia politikak. Lana, prestakuntza eta enplegua. Hazkunde ekonomikoa eta giza garapena. Ekonomia eta Hezkuntzaren arteko loturak nazioarteko erakundeen txosten eta azterketa batzuetan. Hezkuntza zerbitzu gisa.

22. gaia.-Erakunde egitura eta giza baliabideen kudeaketa. Giza baliabideen azterketa estrategikoa. Prestakuntza politikak. Karrerak garatzeko politikak. Lanaren ebaluazioa. Giza baliabideen auditoretza. Lanpostuak eta eskumenak. Giza baliabideen informazio sistemak.

23. gaia.-Ikerketa paradigmak Hezkuntzan. Ikerketaren diseinua eta garapena Hezkuntzan. Hezkuntzaren ikerketa kualitatiboa. Ikerketa- akzioa. Ikerketa ebaluatzailea.

24. gaia.-Neurria Hezkuntzan. Behaketa. Inkesta teknikak. Jarrera eskalak. Informazioa biltzeko taldekako teknikak. Edukien azterketa. Ikerketa txostena Hezkuntzan. Hezkuntza-ikerketen balorazioa.

25. gaia.-Hezitzailea informazioaren eta ezagutzaren gizartean. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Ordenagailuak irakaskuntzan ematen dituen aukerak. Hezkuntza-softwarearen aukeraketa eta ebaluazioa.

26. gaia.-Internet hezkuntzan: estrategia didaktikoak eta metodologiak. Informaziorako eta komunikaziorako sareak. Tele-prestakuntzako plataformak. Sareen bidezko elkarlana. Hezkuntza material multimedia diseinatzeko printzipioak. Tele-prestakuntzarako hezkuntza-printzipioak. Hezitzailearen eta ikaslearen eginkizuna teknologia eremu berrietan.

27. gaia.-Ebaluazioa Hezkuntzan. Ikaslearen autoebaluazioa hezkuntza-ebaluazio modalitate gisa. Ikaskuntzen ebaluazio prozesuaren diseinu didaktikoa eta metodologia. Hezkuntza-ebaluazioa egiteko informazioa biltzeko teknikak eta tresnak. Mailaz igotzeko irizpideak.

28. gaia.-Ebaluazioa diseinu kurrikularrean. Curriculumaren ebaluazioaren kontzeptua, azterketa eta karakterizazioa. Ebaluazio irizpideak. Prestakuntzazko ebaluazioa. Erabakiak hartzea Curriculumen ebaluaziotik lortutako informazioan oinarrituta.

29. gaia.-Hezkuntza-programen ebaluazioaren kontzeptua eta eginkizunak. Programen ebaluaziorako eredu klasikoak (Cronbach, Scriven, Stufflebeam, Pérez Juste, eta abar).

30. gaia.-Kalitatea Hezkuntzan eta guztizko kalitatea. Bikaintasunaren Eredu Europarra (EFQM) hezkuntza eta prestakuntza zentroetan aplikatzeko moldatua.

31. gaia.-Hezkuntza-programen ebaluazioak egiteko prozedurak. Programak ebaluatzeko informazioa biltzeko eta aztertzeko teknikak. Programen ebaluazioaren txostenen azterketa.

32. gaia.-Irakasleen ebaluazioa. Irakasleen ebaluazioaren helburuak. Ebaluazioa, kontrola eta lanbide-garapena. Irakasleen gaitasunaren eta errendimenduaren ebaluazioa. Balio gehituko ebaluazio sistemak. Irakaslearen autoebaluazioa autoebaluazio instituzionalaren esparruan.

33. gaia.-Ikasleek irakasleak ebaluatzea. Iritzi-inkestak. Ebaluazioaren dimentsioak. Prozedurak eta metodologia. Ebaluazioaren ekarpenak.

34. gaia.-Kurrikua eta berrikuntza. Didaktikatik Curriculumera. Curriculumaren arrazionalitatea eta eremuak: Curriculumen diseinua. Hezkuntza eta prestakuntza instituzioen hezkuntza-berrikuntza, kultura eta etengabeko eraldaketa.

35. gaia.-Irakatsi eta ikasteko prozesuaren planifikazioa. Curriculumaren zehaztapen mailak. Irakatsi eta ikasteko prozesu programazioa ikasgelan. Antolaketa printzipioak zentroan eta ikasgelan.

36. gaia.-Irakatsi eta ikasteko prozesuaren metodologia. Prozesuaren sistema metodologikoa. Irakatsi eta ikasteko prozesuaren indibidualizazioa eta bereizketa. Irakaskuntza metodo eta teknikak. Jarduerak irakatsi eta ikasteko prozesuan. Elkarreragin didaktikoa ikasgelan.

37. gaia.-Komunikabideen hezkuntza-komunikazioa eta eraldaketa zentzua. Curriculum materialen diseinua eta garapena. Baliabide teknologikoak eta komunikazio aniztasuna.

38. gaia.-Programazio integrala. Diagnostikoa edo egoeraren azterketa. Metodologia. Edukiak. Jarduerak. Material didaktikoa. Denboralizazioa. Bibliografia eta dokumentazioa. Ebaluazioa.

39. gaia.-Prestakuntza-ekintzen programazio motak eta ereduak. Programazio bertikala eta horizontala. Programazio luzea. Programazio motza.

40. gaia.-Hezkuntza-helburuak. Kontzeptua. Helburuak formulatzea. Helburuak eta programazioa. Helburuen sailkapena. Bloom-en taxonomia. Helburuak formulatzea dituen abantailak.

41. gaia.-Prestakuntza instituzioetan eta erakundeetan. Erakunde motak. Ikasten duten erakundeak. Erakundeen lankidetza ikaskuntzan. Erakundeetako helduentzako hezkuntza-printzipioak. Motibazioa lan-prestakuntzan.

42. gaia.-Prestakuntza beharren azterketa erakunde batean. Langileentzako prestakuntza planak egitea. Prestakuntza metodoak eta teknikak erakundeetan.

43. gaia.-Prestakuntzarako baliabideak: erakundeetan prestakuntzan IKTak aplikatzea. Prestakuntzaren kudeatzailea. Prestakuntzaren kostuak eta onurak erakundeetan. Prestakuntzan egindako inber- tsioaren itzulkina (ROI). Ezagutzaren kudeaketa erakundeetan.

44. gaia.-Erakundearen kideen prestakuntza eta lanketa. Lanketa mota nagusiak. Lanketa eta prestakuntza teknika nagusiak: edukiaren araberakoak, prozesuaren araberakoak, teknika mistoak. Lanketa eta prestakuntza programen faseak.

45. gaia.-Prestakuntza planen ingeniaritza (I): ingeniaritza prozedura bat hartzea; erakundearen gaitasun arazoak identifikatu eta tratatzea; egungo lanpostuak eta aurreikusten direnak identifikatu eta deskribatzea; prestakuntza beharrak identifikatzea; prestakuntza beharrak xede operatiboen arabera deskribatzea.

46. gaia.-Prestakuntza planen ingeniaritza (II): urte anitzeko prestakuntza plana egitea; prestakuntza jarduera dibertsifikatuak aukeratu eta abian jartzea; taldeka egiten diren jarduerak eta banakako proiektuak artikulatzea; prestakuntza gastuen mota desberdinei tratamendu desberdina ematea; prestakuntzaren kalitaterako eta eraginkortasunerako plan bat ezartzea; prestakuntzaren ahaleginak eta eraginak ebaluatzea.

47. gaia.-Etengabeko prestakuntzaren ebaluazioa. Kirkpatrick-Phillips-en ebaluatzeko bost mailak: ebaluazio erreaktiboa edo gogobetetasunaren ebaluazioa, ikaskuntzaren edo ezagutzaren ebaluazioa, lanpostuan nola aplikatzen den ebaluatzea, prestakuntzak antolakuntzan izanen duen eragina ebaluatzea eta errentagarritasuna ebaluatzea.

48. gaia.-Teleprestakuntza. Kontzeptua. Ezaugarriak. Profil berriak: teleikaslea, teleprestatzailea, teletutorea. Ikasgela birtuala: lankidetzarako lana. Teleprestakuntzarako eta diseinurako plataforma teknologikoak eta prestakuntza ekintzen inplementazioa. "Blended learning"-a: Kontzeptuak. Motak. Baliabide didaktikoen eginkizunak.

49. gaia.-Pedagogoa, prestakuntza zentroetako hezkuntza lanaren planifikatzaile, aholkulari eta ebaluatzaile. Pedagogoa, diziplinarteko talde ekipoko kide. Pedagogoa, bere erakundearen eta prestakuntza zentroaren barneko aholkulari.

50. gaia.-Prestakuntza beharrak antzematea. Beharrak antzemateko jarduketaren ardatzak. Informazio iturriak. Informazio iturriak aztertzeko estrategiak. Prozesuaren informazio bilerak. Erakundearen prestakuntza beharrei antzemateko txostena prestatu eta aurkeztea.

51. gaia.-Erakunde baten prestakuntza planaren komunikazioa. Prestakuntza planeko aktoreak. Prestakuntza planaren marketina. Bezeroak beharrak antzematea.

52. gaia.-Langileen prestakuntzarako joera berriak. Prestakuntza arloko korporazioa. Unibertsitate korporatiboa. Prestakuntzarako ingurune globalak. Outdoor training. Coaching. Mentoring. Blended learning.

53. gaia.-Prestakuntza adierazleen azterketa. Adierazle ekonomikoak, kudeaketakoak eta jarduerakoak. Prestakuntzaren zuzeneko eta zeharkako kostuak.

Hirugarren zatia.

1. gaia.-Irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretua, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena.

2. gaia.-Norbanakoa erakundean. Norberaren ezaugarriak eta lana. Pertzepzioa. Gaitasunak. Ikaspena. Nortasuna. Balioak. Jarrerak. Sozializazioa.

3. gaia.-Taldeak erakundeetan. Taldearen kontzeptua. Talde motak. Taldearen jardueraren eragile erabakigarriak. Talde jokabidearen analisia. Talde arauak eta talde kultura erakundearen barnean. Taldeak bere kideen gainean izaten duen eragina.

4. gaia.-Komunikazioa erakundeetan. Komunikazioaren prozesua lanean. Komunikazio arautua: komunikazio sare eta fluxuak. Arautu gabeko komunikazioa eta zurrumurruak.

5. gaia.-Arazoak komunikazioan. Aplikazio teknikak. Asertibitatean prestatzea eta garatzea.

6. gaia.-Gatazka erakunde baten barnean. Definizioa, ezaugarriak eta eginkizuna. Kontrol / gutxitze estrategiak: negoziazioa, bitartekotza eta arbitrajea.

7. gaia.-Arazoak konpontzea. Definizioa, ezaugarriak eta arazo konponketaren prozesuak.

8. gaia.-Erabakiak hartzea. Kontzeptua, urratsak eta ereduak. Erabakiak taldean hartzea: talde erabakia eta parte-hartzezko erabakia.

9. gaia.-Laneko nortasuna aztertzeko teknikak: jokabidea aurresateko bideak. Ebaluazio psikometrikoaren alderdi legezko eta etikoak.

10. gaia.-Boterea, autoritatea eta hierarkia. Antolamenduaren garapenean duten eragina. Agintearen eginkizun funtsezkoak.

11. gaia.-Giza jokabidea larrialdi egoeretan. Portaera bortitzak masa fenomenoetan: arrazoiak eta jokaera ereduak. Laguntza psikologikoa hondamen egoeraren bat bizi izan duten pertsonentzat.

12. gaia.-265/2004 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena.

13. gaia.-8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

14. gaia.-8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako poliziei buruzkoa.

15. gaia.-Nafarroako polizia kidegoetako kideen karrera profesionaleko curriculum diseinua. Enplegu desberdinen eskumen-unitateak eta lanbide-burutzeak.

16. gaia.-Nafarroako polizia kidegoetako kideen karrera profesionaleko curriculum diseinua. Gutxieneko irakaskuntzak. Sartzeko ikastaroa.

17. gaia.-Tratu txarren edo erasoen biktimei laguntza integrala emateko Erakunde arteko Akordioa. Jardute protokoloa.

18. gaia- 8/2005 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa.

19. gaia.-38/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Nafarroako Larrialdietako Agentzia sortu eta haren Estatutuak onesten dituena. Unitateak eta eginkizunak.

20. gaia.-Suhiltzaileen karrera profesionaleko curriculum diseinua. Enplegu desberdinen eskumen-unitateak eta lanbide-burutzeak.

21. gaia.-Suhiltzaileen karrera profesionaleko curriculum diseinua. Gutxieneko irakaskuntzak. Sartzeko ikastaroa.

22. gaia.-Segurtasun eta Nafarroako Larrialdien Kidegoen prestakuntza beharrak. Atzematea eta azterketa.

23. gaia.-Segurtasun Eskolaren prestakuntza plana. Faseak: lanketa, planifikazioa eta betearazpena.

24. gaia.-Ikaspenaren programazioa. plangintza, ikasle taldearen azterketa, helburuak finkatzea eta edukiak finkatzea. Baliabide didaktikoak hautatzea.

25. gaia.-Ebaluazioa prestakuntza ikastaroetan. Ebaluazioaren printzipio eta ezaugarri orokorrak. Ebaluazio teknikak. Epaiak eta erabakiak hartzea.

26. gaia.-Prestakuntzaren kalitatearen adierazleak. NAPIren eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren zerbitzuen eskaintza.

Oharra.-Arlo guztietako gaiek deialdia hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu egunean zegoen legedi indardunari jarraituko diote.

Iragarkiaren kodea: F0809461