81. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

193/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzaren araubidea ezartzen duena 2008-2011 aldirako.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planak (2008- 2011) taldeak sustatu eta kudeatzeko programa baten ezarpena aurreikusten du.

Programa horren xedea da enpresen arteko elkarteak eta lankidetza sustatzea, merkataritzako sustapenerako talde-estrategiak garatzeko tresna gisa, behar adinako ahalmena duten hirialdeetan. Gainera, merkataritzako enpresen errentagarritasuna hobetu nahi da programa horren bitartez, erosketa-zentralen sorrera eta enpresen tamaina handitzea ahalbidetuko duten beste integrazio mota batzuk direla medio.

Planean neurri hauek jaso dira, besteak beste: diru-laguntzak ematea, kasuan kasuko udalerriko eta merkataritza eremuko merkataritza ahalmenerako Merkataritzako Jarduketarako Plan egokia baldin badago; hiriko merkataritza guneetako merkataritza elkarteak kudeatzeko egituraren profesionalizazioa hobetzea; eta udal merkatuen merkataritza eta arkitektura egitura birmoldatu eta eraberritzea.

Sektorearen ikuspuntutik hauek dira garatu beharreko neurriak: sektoreko elkartegintza eta sektoreko elkarteen jarduera sustatzea, eta halaber, sektore berean baina lurralde desberdinetan diharduten enpresen arteko harremanak sustatzea.

Sentiberatze eta informazio neurriak ere jaso dira Planean, merkataritzari zuzenduak, oro har, oso aldakorra den eta etengabeko bilakaera duen sektore honetan enpresen lehiakortasunari eusteko prestakuntzaren eta birziklapenaren beharra dagoela ohartarazteko neurriak, hain zuzen ere; eta UNE 175001 (Zerbitzuaren Kalitatea saltoki txikietan) arau sailaren ezarpenerako neurriak ere baditu Planak.

Foru agindu honen xedea da merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzaren araubidea ezartzea 2008-2011 aldirako.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak foru agindu honetako proiektuari buruz aldeko txostena egin du 2008ko ekainaren 3ko bilkuran, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 63.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru agindu honetan ezartzen den diru-laguntzaren araubideari abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamendua aplikatu behar zaio, Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei nola aplikatu arautzen duena (EEAO L 379, 2006ko abenduaren 2koa).

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Diru-laguntza honen helburu publikoa da laguntza ekonomikoa ematea merkataritzako elkarteei, xede hauetarako:

a) Oro har, estrategia kolektiboak garatzen ahal dituzten udalerrietako eta merkataritza eremuetako merkatarien elkarteen jarduketak sustatzea, eta, zehazki, herriguneetan merkataritza zentroak sustatzea, horrelakoak sortzeko ahalmena duten udalerrietan.

b) Udal merkatuen merkataritza-egitura birmoldatu eta modernizatzea, hiri eremuetako merkataritza arloko erakarpen-guneak baitira.

c) Bakarka lan eginez aurrera ateratzen zail diren ekintzetan zenbait merkatari elkarlanean aritzetik heldu den potentzialtasun ekonomikoaren errentagarritasunaz baliatu nahi duten enpresen elkartze proiektuak bultzatzea.

d) Sentiberatze eta komunikazio ekintzak bultzatzea, sektoreko enpresen modernizaziorako eta lehiakortasunaren hobekuntzarako garrantzi berezia duten gaietan.

2. artikulua. Eremua.

Merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzaren araubidea aplikatzen ahal zaien programak honako hauek dira:

A) Merkataritzako jarduketarako programak (MJP): zenbait jarduera eremutan edo sektoretan merkataritza modernizatu, berregituratu eta suspertzen duten prozesuak dinamizatzeko helburua dutenak. Programa horiek mota hauetakoak izan daitezke, aplikazio eremuaren arabera:

A.1) Eremuko programak: programa horiek, estrategia kolektiboak hartzeko eremu bakoitzak duen ahalmenaren arabera, honela sailkatzen dira:

-Erreferentziako merkataritza guneak, lurraldekoak.

-Erreferentziako merkataritza guneak, eskualdekoak.

-Erreferentziako merkataritza guneak, tarteko eremuetakoak.

-Udalerrietako merkataritza guneak edo hurbilekoak, behar adinako ahalmena dutenak.

Nafarroako udalerrietako herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanari eta Iruñeko auzoen araberako Merkataritzako Jarduketarako Planak definitzeko azterlanari jarraikiz, aurreko baldintzak betetzen dituzten udalerriak nahiz haietako hirialdeak foru agindu honen I. eranskinean daudenak dira.

Nolanahi ere, aldi batez, haien ahalmena aztertu arte, diru-laguntza ematen ahalko zaie aurreko atalean aurreikusi ez diren udalerriei buruzko programei, baldin eta aurreko 2 urteetan Merkataritzako Jarduketarako Programa garatzeko diru-laguntzak inoiz jaso bazituzten eta aipatutako azterlanean haien ahalmena aztertu ez bada.

A.2) Udal merkatuetan egindako programak.

A.3) Gremioen araberako programak: merkataritzako jardueraren sektore bat Nafarroako lurralde osoan.

A.4) Programa sektorialak: Nafarroa osoko merkataritzarako.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa: helbide soziala Nafarroan izanen duten enpresa arteko egiturak sortu eta garatu, merkataritzaren egungo egiturak sendotzeko. Honako proiektu hauei lagunduko zaie bereziki:

B.1) Txikizkako udal merkatuak merkatariek berek kudeatzea.

B.2) Nafarroako merkataritzako enpresendako interesgarritzat jotzen diren sektoreetako erosketa- eta zerbitzu-zentralak.

B.3) Hiriko merkataritza guneak: Nafarroako udalerrietako herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanaren arabera behar adinako ahalmena duten udalerrietan edo haietako aldeetan.

Baldintza hori betetzen duten udalerriak edo haietako aldeak foru agindu honen I. eranskinean daude.

B.4) Integraziorako beste proiektu batzuk, Nafarroako merkataritza garatzeko interesgarritzat jotzen direnak.

3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diru-laguntzaren xede izanen dira behean programaz programa aipatzen diren jarduerak eta inbertsio proiektuak. Ez da inoiz diru-laguntzarik emanen eskatzailearen funtzionamendu gastu arruntetarako.

A) Merkataritzako jarduketarako programak.

A.1) Merkatuen azterlan teknikoak eta haien ikerketa: merkataritza sektoreari edo merkaturatze prozesuei buruzko azterlanak eta ikerlanak egitea, ondoren azaltzen diren arloetakoak:

-Nafarroako udalerrietako herriguneetan merkataritza zentroak garatzeko ahalmenaren gaineko azterlanean udalerri bakoitzarentzat ezartzen diren jarduketa ildo oinarrizkoak garatzea.

-Eremu geografiko edo sektorial jakin batzuetako merkaturatzeko egiturak eta prozesuak aztertzea.

-Nafarroako merkataritzaren modernizazioa eragin dezakeen beste edozein arlotako ezagupenak lortzea.

Gremio jakinei buruzko azterlanek ondokoak bildu behar dituzte gutxienez:

-Merkataritzako Jarduketarako Programari buruzko justifikazioko memoria, aplikazio sektorearen mugaketa bereziki aipatuta.

-Programak hartzen duen sektoreko merkataritzako banaketaren egoerari buruzko azterlana: egungo egoera eta joerak.

-Merkataritzako eskariari, eskariaren eragileen egiturari eta kontsumo ohiturei buruzko joeren eta egungo egoeraren gaineko azterlana.

-Diagnostikoa, puntu sendoak eta ahulak, haien mehatxuak eta aukerak adierazirik.

-Programarekin erdietsi nahi diren helburuak eta jarduketaren ildo nagusiak, haien deskribapena, edukia eta helburu zehatzak.

Azterlanak entitate eskatzailetik kanpoko enpresa edo erakundeek egin beharko dituzte.

A.2) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza: teknika eta merkataritza arloetako kanpoko aholkularitza, Merkataritzako Jarduketarako Programaren barrenean sartutako jardueretarako.

A.3) Merkataritzako sustapena: programa hauek garatzeko beharrezkoak diren publizitatea, publizitateko materiala, zuzeneko marketina, merkataritza bizkortzea eta abar.

Merkataritza bizkortzeko ekintzak, MJPak ukitutako kaleetan eta merkataritza ordutegian egin beharko dira.

Halaber, publizitaterako zozketak egiten direnean, dagozkien tasak ordaindu izana frogatu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearekin bat.

A.4) Kudeatzailetza: MJPa ezartzeko kudeatzaile baten kontratazioari diruz laguntzen ahal zaio baldin eta programarekin batera sustapen eta/edo prestakuntza ekintzak ere egiten badira.

Kudeatzaileak, gutxienez, Merkataritzako teknikari titulua edo baliokideren bat izanen du eta hautatua izateko Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren onarpena beharko du.

Diru-laguntzetarako urteko deialdietan gehienez ere 3 urteko denboraldietarako emanen dira diru-laguntzak.

A.5) Zabalkunde, sentiberatze eta koordinazio ekintzak: diru-laguntzaren xede izanen dira jarduketa programa sektorialen garapenerako aholkularitza, informazioa, zabalkundea eta antzeko ekintzak, Nafarroako merkataritzako enpresei zuzenduak, oro har, honako arlo hauetan:

-UNE 175001 ("Zerbitzuaren Kalitatea saltoki txikietan") arau sailaren ezarpena.

-Prestakuntza eta enplegua merkataritza sektorean.

Kontzeptu hauek izan daitezke diru-laguntzen xede:

a) Kanpoko aholkularitza espezializatua kontratatzea.

b) Hedatu eta sentiberatzeko ekintzak: jardunaldiak antolatzea, iragarkiak, posta eta abar.

c) Langile teknikoak kontratatzeko kostua egoztea, kontratu horiek beste edozein kontzepturengatik diru-laguntzen xede ez badira.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa.

B.1) Bideragarritasunaren azterlanak: enpresa arteko egiturak sortu edo garatzeko azterlanak egiteko aholkularitza enpresa baten kanpoko gastuak. Ezarpenerako hasierako azterlanak izanez gero, ondokoak bilduko dituzte gutxienez:

-Azterlanaren xedeak.

-Garatu beharreko proiektuaren analisia: sistemaren ezarpenaren deskribapena, abantailak eta arazoak.

-Jarduketa proposamenak ondoko hauei buruz: merkataritzaren orientazioak, proiektuaren ezaugarriak, administrazioaren eta kudeaketaren ezaugarriak, behar diren langileak, bideragarritasun ekonomikoa eta abar.

-Proiektuaren faseak gauzatzeko epeak eta kuantifikazio ekonomikoa.

-Azterlanaren ondorioak.

B.2) Aktibo finkoetako inbertsioak: Nafarroan enpresa arteko egitura garatu eta sendotzeko egindako inbertsioak, kontzeptu hauei dagozkienak:

a) Lokal, lur eta eraikinetako inbertsioak: diruz laguntzeko moduko inbertsioa izan daiteke, benetan onartu den inbertsioa bider hiru eginez ateratzen den zenbatekoa duena gehienez.

b) Lokalak zaharberritzea eta horiek egokitzeko obra zibila.

c) Aktibo finko berriak eskuratzea, hala nola:

-Makinak, instalazio teknikoak, merkataritzako altzariak eta ekipamendua, garraiatzeko merkataritza gaiak, turismoko autoak izan ezik.

-Informatika ekipoak eta softwarea.

-Enpresa arteko egituraren jarduera garatu eta sendotzeko aktibo finkoetan egin beharreko beste edozein inbertsio.

B.3) Kudeatzailetza: parte hartzen duten enpresetatik kanpoko kudeatzaile bat kontratatzea. Diru-laguntzetarako urteko deialdietan gehienez ere 3 urteko denboraldietarako emanen dira diru-laguntzak. Denbora hori kontatzeko, kontuan hartuko da, kasua bada, eskatzaileak A. 4) atalean aurreikusten den kudeatzailetzarako diru-laguntza jasotzen eman duen denbora.

Inbertsioetarako eta/edo kudeatzailea kontratatzeko diru-laguntza eskatuz gero, enpresa arteko egitura sortu eta garatzeko behar diren inbertsioak eta/edo langileak zehazten dituzten azterlanak aurkeztu beharko dira.

B.4) Sustapena: enpresa egitura integratuaren hedapen eta sustapen gastuak, haren hedapena xede dutenak. Urteko deialdietan gehienez ere 3 urteko denboraldietarako emanen dira diru-laguntzak.

4. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzen portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak ondoko hauek dira, programaz programa:

A) Merkataritzako jarduketarako programak: kanpoko kostuen %50 arteko dirulaguntza jasotzen ahal dute; urtean, ondoren azaltzen diren kopuruak gehienez, kontzeptuen arabera.. Portzentaje hori %70ekoa izanen da merkatarien elkarteen batasunek egindako MJPen kasuan.

A.1) Merkatuen azterlan teknikoak eta haien ikerketa:

-Merkatari elkarteek: 3.750 euro.

-Merkatari elkarteen batasunak: 15.000 euro.

A.2) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza:

-Merkatari elkarteak: 2.400 euro.

-Merkatari elkarteen batasunak: 8.400 euro.

A.3) Merkataritzako sustapena: eskualdearen edo sektorearen ahalmenaren arabera, gehieneko muga hauek jarriko dira:

-Lurraldeko erreferentzia guneak: 75.000 euro.

-Eskualdeko erreferentzia guneak: 50.000 euro.

-Tarteko eremuetako erreferentzia guneak: 35.000 euro.

-Udalerrietako edo hurbileko guneak, behar adinako ahalmena dutenak, eta oraindik aztertu ez diren guneak: 15.000 euro.

-Udal merkatua: 30.000 euro.

-Gremioetakoa, 100 elkartekide baino gutxiagokoa: 15.000 euro.

-Gremioetakoa, 100 elkartekidekoa edo gehiagokoa: 30.000 euro.

-Sektoriala: 75.000 euro.

A.4) Kudeatzailetza: aplikatu beharreko muga ondoren azaltzen diren bi zenbateko hauetako txikiena izanen da:

-Merkataritzaren sustapenari eta prestakuntzari dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa.

-11.400 euro.

A.5) Zabalkunde, sentiberatze eta koordinazio ekintzak: diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 42.000 eurokoa da diru-laguntza jaso dezakeen ekintza bakoitzeko.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa:

B.1) Bideragarritasunaren azterlanak:

-Hasierako azterlanak: kostuaren %60, eta gehienez ere 15.000 euro.

-Garatu eta sendotzeko azterlanak: kostuaren %50, eta gehienez ere 7.500 euro.

B.2) Inbertsioak: laguntza jaso dezaketen gastuen %30eko diru-laguntza, 43.000 euro gehienez ere.

B.3) Kudeatzailetza: soldataren eta Gizarte Segurantzaren %50eko diru-laguntza, gehienez ere 18.000 euro.

B.4) Sustapena: kostuaren %50eko diru-laguntza, gehienez ere 9.000 euro.

5. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek, diru-laguntza jaso dezaketen jardueren arabera, ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:

A) Merkataritzako jarduketarako programak:

1. Merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak izan behar dute, xedea merkataritzako banaketari lotua dutenak eta ondoko baldintzak betetzen dituztenak:

a) Erakunde Profesionalen Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Denda elkartekideen kopurua 25 baino gutxiago ez izatea. Merkatarien elkarteek garatzen dituzten programen jarduteko esparrua udal merkatua bada, gutxienez ere 5 izanen dira denda elkartuak.

c) Programa garatzen den esparru edo gremioko denden %40 izatea gutxienez.

d) Programa horiek merkatarien elkarteek sustatuko dituzte, betiere haien jarduketa eremua bat datorrenean programa bakoitza garatuko den esparru edo sektorearekin. Programa bakar bat onartuko da eskualde edo sektoreko.

e) Gremioetako elkarteek "Merkataritzako Jarduketarako Programa garatzeko aurretiazko azterlana" egina izan behar dute, eta ez baldin badute, diru-laguntzetarako eskabidea lehenbizikoz aurkezten duten deialdiko epean egin behar dute. Foru agindu honen 3. A.1) artikuluan gremioetako azterlanetarako ezartzen diren baldintzak bete beharko ditu azterlan horrek.

2. Nafarroan legez eratu eta helbideratutako merkatari elkarteen batasunak izan behar dute, jarduteko eremua Nafarroako lurralde osoa dutenak.

B) Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programa:

Enpresen arteko egiturak izan behar dute, gehienbat merkataritzako ETE-ek osatuak eta gehienbat Nafarroan kokatuak, elkarrengandik independenteak, helburua merkataritzaren integrazio estrategiko bat sustatu edo garatzea dutenak.

Eratzeko prozesuan ari diren enpresa taldeak ere diru-laguntza honen onuradun izaten ahalko dira.

Udal merkatuen kudeaketan parte hartzen duten entitateen kasuan, ordezkaritza horrek kontzesiodunen %60ra, bederen, iritsi beharko du.

6. artikulua. Betebeharrak frogatzea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarrita dauden debekuetako bat ere ez duela frogatzeko, diru-laguntzaren eskatzaileak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, Fc6.02.02 inprimakian egina.

2. Aurreko artikuluan aipatzen diren berariazko betebeharrak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Diru-laguntzarako eskabidea lehenbizikoz aurkezten duten entitateentzat:

-Eskatzailearen nortasuna frogatzen duten agiriak. Horretarako honelako agiriak aurkeztuko dira: eraketaren eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia.

-Bazkideen zerrenda, eskabideko inprimakiaren ereduaren araberakoa.

b) Lehenago ere diru-laguntzarako eskabideren bat aurkeztu duten entitateentzat:

-Eskatzailearen datuak aurkeztu zirenetik aldatu ez direla dioen erantzukizuneko aitorpena, edo, aldaketaren bat izan bada, horren egiaztagiriak.

-Erantzukizuneko aitorpena, azken eskaeraren ondoren izandako altei eta bajei buruzkoa, hala nola egun dituen denda elkartuen kopuruari buruzkoa.

c) Eskatzailea ETEa dela dioen erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera. Aitorpen hori Fc6.02.01 ereduaren arabera egin behar da.

d) Eratzen ari diren enpresa taldeentzat:

-Taldeko kide guztien zerrenda, datu hauek barne: izena edo sozietatearen izena, IFZ, helbide osoa, jarduera nagusia eta establezimenduaren nahiz establezimenduen kokalekua.

-Taldeko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen eta zenbateko diru-laguntza aplikatuko den kide bakoitzeko. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

-Taldearen ordezkari edo ahaldun bakarraren izendapena. Aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan.

-Taldeko kide bakoitzaren Fc6.02.02 eta Fc06.02.01 erantzukizuneko aitorpenak.

Ez dute eskatzailearen nortasunaren frogagiririk aurkeztu beharrik izanen Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ematen dituen diru-laguntzak jasotzeko asmoz lehenengo aldiz aurkezten diren eskatzaileek, baldin eta jakinarazten badute agiria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duela. Kasu horretan, agiria noiz eta zein organori aurkeztu zitzaion zehaztu beharko dute eta beren erantzukizunpean adierazi beharko dute ez dela aldaketarik izan.

Lehenago Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren diru-laguntzaren bat jaso dutenek aski izanen dute erantzukizuneko aitorpena egitea, dokumentazio hori aurkeztu zenetik aldatu ez dela adierazteko.

7. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskaera postetxean aurkezten bada, gutun-azal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskaera jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Urtero, eskabideak otsailean aurkeztuko dira, aurreko azaroaren 1etik hurrengo urriaren 31ra bitartean egindako edo egin beharreko ekintzetarako.

3. "Merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko eskabidea" izeneko Fc7.06.06 inprimakian eginen da eskaera, eta horrekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Aurreko artikuluan ezarririko betebeharrak frogatzen dituzten agiriak.

b) Entitatearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, behar izanez gero, horien ahalordetzea.

c) Elkartearen akta-liburuaren kopia konpultsatua. Bertan agertu behar da nola Batzarrak onetsi dituen, horretarako behar bezala deiturik, aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa, oraingo urteko aurrekontua eta diru-laguntzaren xede diren jarduketen plana.

d) Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa eta oraingo urteko aurrekontua. Bazkide bakoitzeko ezarritako kuotak agertu behar dira bertan. Merkataritzako sozietatea izanez gero, onetsitako azken ekitaldiko urteko kontuak.

e) Aurreko urteko azaroaren 1etik oraingo urteko otsailaren 28ra bitartean garatutako ekintzetarako:

-Egindako jardueren txosten zehaztua eta helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

-Egin diren ekintzen frogagiriak, hau da, fakturak eta ordaindu izanaren banku agiriak: ordainagiriak, letrak eta bankuko karguak.

f) Oraingo urteko martxoaren 1etik urriaren 31ra bitartean egitekoak diren ekintzetarako:

-Merkataritzako jarduketarako programak badira: ekitaldirako MJParen plana. Bertan sartuko dira egitekoak diren ekintzak, horien egutegia, kostua eta aurreikusita dagoen finantzaketa.

-Merkataritzaren lankidetza eta integrazio estrategikoa sortu eta garatzeko programan: egin beharreko proiektuaren deskribapena eta zerrenda baloratua eta, horrekin batera, aurrekontua edo proformako fakturak.

-Diru-laguntza azterlanak egiteko eskatuz gero, haien xedeak, erabiliko diren informazio iturriak, metodologia eta burutzeko aurreikusten diren epeak zehaztuko dira.

g) Kudeatzailetzarako diru-laguntza eskatzen bada: kudeatzailearen identifikazio datuak, curriculum vitae-a eta kontratazioaren frogagiria edo, hala bada, izan behar duen profila eta kontratazioa zein fasetan dagoen, hala nola diru-laguntzaren xede den aldian aurreikusten den kostua.

h) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskuratu diren beste laguntzei ("de minimis" laguntzak barne) buruzko erantzukizuneko aitorpena, ematen den ereduaren araberakoa.

i) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimaki jatorrizkoa, baldin eta inoiz ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso.

Foru agindu honetan aipatzen diren aitorpen-eredu eta inprimaki guztiak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (http://www.navarra.es) eskura daitezke.

4. Eskabideak ez baditu betetzen aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio ezarritako epean zuzen dezala, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi egin behar zaio interesdunari.

8. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntzak ondoko irizpide objektibo hauei jarraikiz emanen dira:

1. Diru-laguntza har dezaketen jarduerei dagokien zenbatekoa kalkulatuko da foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeen eta zenbatekoen arabera.

2. Urtero baimendutako aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman beharreko diru-laguntza guztien zenbatekoa baino txikiagoa bada, entitate bakoitzak aurreko ekitaldian programa honetan diruz lagundutako jarduerak zenbateraino bete zituen aztertuko da eta horren portzentajea aplikatuko zaio aurreko zenbatekoari.

3. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman behar diren diru-laguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, banaketa proportzional orokorra eginen da.

Banaketa proportzional hori ez zaie aplikatuko kontzeptu hauei: "Gremioetan MJPak garatzeko egin behar diren azterlan teknikoak" eta "Zabalkunde, sentiberatze eta koordinazio ekintzak".

4. Aurrekontuan diru gehiago baldin badago eskura ekitaldian zehar, edo emanda zeuden diru kopuruak askatzen badira, laguntzaren osagarri bat ematen ahalko da, betiere foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako portzentajeetaraino eta diru kopuruetaraino.

9. artikulua. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateaz eta frogatutako ekintzei dagozkien ordainketez ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori iragan eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, ulertzen ahalko da eskaera ukatu dela.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

10. artikulua. Egindako gastu eta ordainketak frogatzea.

1. Onuradunek "Merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzaren justifikazioa" izeneko Fc7.06.07 inprimakia aurkeztuko dute egindako gastuak eta ordainketak frogatzeko, eta agiri hauek erantsiko dizkiote:

a) Egindako jardueren txosten zehaztua eta helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa.

b) Egindako ekintzen frogagiri gisa, fakturak edo lansarien nominak, Gizarte Segurantzako kotizazio agiriak, eta dagozkien ordainketak egin izanaren banku agiriak, adibidez ordainagiriak, letrak eta bankuko zordunketak.

Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuei dagozkien zerbitzuak ez dituenean elkarte eskatzaileak berak zuzenean kontratatzen, baizik eta agentzia antolatzaile baten bitartez, horrek kontzeptu horiengatik jasotako fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

Sustapen kanpainetan erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen bazaizkie elkartutako dendei, horiek emandako fakturetan zehatz-mehatz agertuko da zein kanpaina den eta zein produktu edo zerbitzu erosi edo kontratatu diren.

c) Hurrengo egiaztagiriak:

-Iragarkiak idatzizko hedabideetan: azalaren eta iragarkiaren kopia.

-Azterlanak: azterlanaren kopia.

2. Ekintzen justifikazioa epe hauetan aurkeztu beharko da:

-Aurreko urteko azaroaren 1etik oraingo urteko otsailaren 28ra bitartean egindako jarduerak: diru-laguntzarako eskabidearekin batera.

-Martxoaren 1etik ekainaren 30era bitartean egindako jarduerak: uztailaren 31ra arte, egun hori barne.

-Uztailaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako jarduerak: azaroaren 15era arte, egun hori barne.

Azterlanak egiten badira edo teknika eta merkataritza arloko aholkularitza kontratatzen bada diru-laguntzaren denboraldi osoan zehar egiten diren proiektuetarako, egiaztagiriak azken epean aurkeztu ahal izanen dira, justifikazio partzialak aurkeztu beharrik izan gabe.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean agirietako baten bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, Departamentuak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

3. Artikulu honetan ezarririko moduan eta epean hala justifikatu ezik diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epe hauetan emanen da:

-Aurreko urteko azaroaren 1etik oraingo urteko otsailaren 28ra bitartean egindako ekintzetarako: laguntza ematea eta ordainketa batera eginen dira.

-Martxoaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako ekintzetarako: aurreko artikuluan aipatzen diren agiriak, proiektuko ekintzak frogatzen dituztenak, aztertu ondoren pagatuko dira.

12. artikulua. Baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emanda dagoela, jardueraren aurrekontuak behera egiten badu, aldaketa jakinarazi beharko dio onuradunak Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari (Merkataritzarako Zerbitzuen Atala) haren berri duen unetik beretik eta, nolanahi ere, irailaren 30a baino lehen.

Aldaketa horren ondorioz, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokitu ahal izanen da, eta diru kopuru bat askatu edo banaketa proportzionalari erantsi, foru agindu honen 8.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Adierazitako egunetan egin ezean, antolatu gabeko jarduerak gauzatu gabekotzat joko dira, foru agindu honen 8.2 artikuluaren arabera hurrengo urteko deialdian aplikatu behar den "gauzatze maila" kalkulatzeko orduan.

13. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, ematen den inprimakiko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Onuradunek, 3. artikuluko B.2) atalean aurreikusten den moduan inbertsioetarako diru-laguntza jasotzen badute, diru-laguntza horren xede diren ondasunak gutxienez ere 5 urtez edukiko dituzte entitateak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren bizitza baliagarriak iraun bitartean, laburragoa bada.

3. Diru-laguntzaren onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren jarduerek finantzaketa publikoa dutela.

Publizitate horretan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jartzen bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan eginen da.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako baten bat bete ezean, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta doitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere.

14. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" izaera.

1. Merkatararitzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzarekin batera bestelako diru-laguntzak jasotzen ahal dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, beste administrazio publiko batzuenak edo Estatuko zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatuenak eta norbanakoenak.

Aurrekoa gorabehera, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Bereziki, merkataritza-sustapenari dagokion diru-laguntzaren gehieneko muga kalkulatzeko, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak kontzeptu horretarako eman litzakeen bestelako diru-laguntzak hartuko dira kontuan.

2. Foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzak, 3. artikuluko A. 1), A. 2), A. 3) eta A. 5) ataletakoak izan ezik, irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten badituzte, "de minimis" laguntzak dira, abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horretan zehazten da nola aplikatu behar zaizkion EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei (EEAO L 379, 2006-12-2koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

15. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Xedapen gehigarri bakarra.-Urteko deialdia.

Enpresa zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, urteko deialdia onetsiko du, merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzak, foru agindu honetan araututakoak, emateko.

Ebazpen horretan urteko deialdiko gasturako baimena emanen da, eta, behar izanez gero, hau eginen da:

-Bigarren artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten udalerrien edo haietako hirialdeen sailkapena eguneratuko da. Haien zerrenda foru agindu honen eranskinean dago.

-Foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeak eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak eguneratuko dira.

Xedapen iragankor bakarra.-2008ko deialdia.

2008ko diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2011ko abenduaren 31ra arte iraunen du indarrean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 12an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

I. ERANSKINA

Taldeko estrategiak garatzeko aukerak dituzten merkataritza guneak

Erreferentziako merkataritza guneak, lurraldekoak Iruña-erdialdea

-Hiriko merkataritza guneetarako aukera-

Erreferentziako merkataritza guneak, eskualdekoak Tutera

-Hiriko merkataritza guneetarako aukera- Lizarra

Erreferentziako merkataritza guneak, Altsasu

tarteko eremuetakoak Tafalla

Zangoza

Udalerrietako merkataritza guneak edo hurbilekoak, Barañain

behar adinako ahalmena dutenak Burlata

Iruñeko auzoak:

Iturrama

Donibane

Arrotxapea

Mendillorri

Elizondo

Doneztebe

Bera

Iragarkiaren kodea: F0809431