81. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

749/2008 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Azpirozko (Larraun) hondakin uren tratamendua" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko egunak finkatzen dituena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, urtarrilaren 17ko 10/2008 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, maiaitzaren 5eko 561/2008 Ebazpenaren bidez, behin betiko onespena eman zion aipatu proiektuari, eta ebatzi egin zuen aurkeztutako alegazioaren gainean, ebazpen horren xedapen zatian adierazitakoaren arabera.

2008ko maiatzaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak presako deklaratu zuen proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 121/2007 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ukitutako ondasunen eta eskubideen titularrei eta Azpirozko kontzejuburuari dei egitea 2008ko uztailaren 22an aipatutako kontzejuan ager daitezen, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitera, eta bidezko bada, behin betiko okupaziokoak ere.

2. Ukitutakoek beraiek agertu beharko dute ekitaldi horretara, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimenduta dauden ordezkariek, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordainagiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, peritua edota notarioa eraman ditzakete, nork bere kontura.

3. Javier Lachén Barbería jauna, María Isabel Vidaurre Argote andrea eta Raúl Cruzado Espinoza jauna izendatzea Administrazioaren ordezkari, haietako edozeinek okupazioaren aurreko, adostasun, okupazio eta ordainketa aktak eta bidezkoak diren gainerako agiriak sina ditzaten.

4. Alazne Sueskun Erauskin, Itziar Calvo Oteiza eta Jasone Goikoetxea Iriberri andreak, haietako edozein, administrazioko peritu izendatzea.

5. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Azpirozko Kontzejuko iragarki oholean, eta ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedulen bidez. Orobat, ohartarazten da argitalpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako ere egiten dela, titularra ezezaguna edo helbide ezagunik gabea den kasuetarako.

Iruñean, 2008ko ekainaren 11n.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

Iragarkiaren kodea: F0809253