81. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MARAÑON

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren Erregistroa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Marañongo Udalaren Batzarrak, 2008ko maiatzaren 21eko bilkuran, behin betiko onestea erabaki zuen ezkondu gabeko bikote egonkorren Marañongo Udalaren Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza, 2007ko abenduaren 19ko bilkuran hasiera batean onetsi eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako jendaurreko epea iragan ondoan; izan ere, iragarkia 2008ko 20. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, otsailaren 13an, argitaratuta, ez da erreklamaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa bete dadin, osorik argitaratzen da haren testua.

1. artikulua. Izaera administratiboa.

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Marañongo Udalaren Erregistroak izaera administratiboa du eta, bertan, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak inskribatzen ahal dira, baita haien iraungitzea ere, ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkontzaz kanpoko elkartzea.

Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, haien sexu orientazioa edozein dela ere, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartze egonkorra.

Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bizikidetasunezko elkartzea osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, Erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta, adostasun libre eta osoarekin, aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartzeak egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu moduan.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Marañongo udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak edo inskribatuak ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

5. artikulua. Lehenbiziko inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute Erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrean, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada, edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Bikoteari buruzko inguruabarrak eta hitzarmena idatzita.

Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agerrarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak: idazpen horretan agerraraziko dira hitzarmenaren izaera, hitzarmenaren izena eta araubide ekonomikoarena, halakorik baldin bada, eta idazpena egiteko bide ematen duen agiri publiko edo pribatua. Agiri horren hiru kopia aurkeztu beharko dira; bikoteko kideei kopia bana itzuliko zaie eta hirugarrena dagokion paper-sortan artxibatuko da, ezkondu gabeko bikote egonkorren Marañongo Udalaren Erregistroan. Interesdunei itzuliko zaizkien titulu horietan ohar bana idatzi eta sinatuko da, idazpena zenbatgarren liburukian eta orrialdean dagoen adierazteko.

Aurreko lerroaldetan aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak bikote egonkorren Udalaren Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

7. artikulua. Bikote egonkorra desegitea:

-Kide bat ezkontzen denean.

-Bien artean hala erabakita.

-Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

-Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

-Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuta bikote egonkorren Udalaren Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

8. artikulua. Erregistroaren kokalekua.

Erregistroa Udalaren Idazkaritza Orokorrean egonen da.

9. artikulua. Erregistroko Liburu Orokorra.

Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak jarriko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Oinarrizko inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira, geroago, Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. artikulua. Liburu Lagungarria.

Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

12. artikulua. Idazpenen publizitate eza.

Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, Erregistroaz arduratzen den funtzionarioak ematen dituen egiaztagiriak salbu, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

13. artikulua. Erregistroaren doakotasuna.

Egiten diren inskripzioak eta ematen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

14. artikulua. Tratamendu bera.

Izatezko bikoteen Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Marañongo Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, bikote egonkorren berdintasun juridikorako 6/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Marañongo Udaletxean, halako egunean: ......, honako hauek agertu gara:

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Izena: .........; jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen Erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizi.-Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari TAOALaren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ezta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrenik.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ezta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ezta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bostgarrena.-Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena Erregistroan inskribatzea.

Seigarrena.-Baimena ematen dugula Marañongo Udalaren Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela ezkontzaren bidez lotua, ez gure artean ez beste inorekin ere, eta gutako inor ez dagoela inskribaturik antzeko eduki eta xedeak dituen inongo erregistrotan.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Marañongo Udalaren Erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: ................. Sinatua: .................

II. ERANSKINA

Marañongo Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara: Izena: .....................................; N.A.N. zenbakia: ..............,

Eta ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko; izan ere, horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren Erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sinatua: ................. Sinatua: .................

Iragarkiaren kodea: L0809102