81. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

197/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, saltokien berrikuntza eta kalitate proiektuetarako diru-laguntzaren araubidea ezartzen duena 2008-2011 aldirako.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planak (2008-2011) Nafarroako txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko programa baten ezarpena aurreikusten du.

Programa horren xedea da hirialdeetako saltokien lehiakortasuna handitzea, kontsumitzaileek beren beharretarako modu egokian jaso dezaten produktuak banatzeko zerbitzua, eta merkataritza enpresen errentagarritasuna hobetu dadin.

Beste neurri batzuen artean, jarduketa plan bat garatu nahi da UNE 175001 arau saila ezartzeko ("Zerbitzuaren kalitatea saltoki txikietan").

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da diru-laguntzak ezartzea kanpoko aholkularitza kontratatu dadin, sektoreko enpresentzat lehentasunezkotzat jotzen diren hobekuntza arloetan espezializatua, eta nortasun eta irudi korporatiboaren diagnostikoak egin daitezen.

Foru agindu honen xedea da saltokien berrikuntza eta kalitate prozesuetarako diru-laguntzaren araubidea ezartzea 2008-2011 aldirako.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak foru agindu honetako proiektuari buruz aldeko txostena egin du 2008ko ekainaren 3ko bilkuran, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 63.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru agindu honetan ezartzen den diru-laguntzaren araubideari abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamendua aplikatu behar zaio, Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei nola aplikatu arautzen duena (EEAO L 379, 2006ko abenduaren 2koa).

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat, hauxe

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Diru-laguntza honen onura publikoa txikizkako merkataritza enpresei laguntza ekonomikoa ematean datza, ondoko helburuak lortzeko:

a) "Zerbitzuaren kalitatea saltoki txikietan" UNE 175001 arau sailaren ezarpena sustatzea. Izan ere, arau saila hori txikizkako merkataritzaren sektorerako prestatu da, kalitatea bermatzeko Espainian ofizialki ezarririko sistemaren barruan.

b) Sektoreko enpresentzat lehentasunezkotzat jotzen diren arloetan espezializaturiko kanpoko aholkularitzaren kontratazioa erraztea.

c) Saltokiei nortasun eta irudi korporatiboaren diagnostikoan laguntzea.

2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diru-laguntzaren xede izanen dira ondoren azaltzen diren berrikuntza eta kalitate proiektuak, Nafarroako hirialdeetako txikizkako saltokietan halako proiektuak garatzen badira aurreko urteko azaroaren 1etik oraingo urteko urriaren 31ra bitartean:

A.-"Zerbitzuaren kalitatea saltoki txikietan" UNE 175001 arau sailaren ezarpena eta lehen ziurtapeneko auditoretza.

Deialdi honetarako, gaur egun UNE 175001 arau sailaren ziurtapenak egiteko ENACen baimena duen entitate bat ere ez dagoenez, entitate auditoreak baldintza hauek bete beharko ditu:

-Merkataritza sektorerako ISO 9001/2000 operatiba ENACek baimenduta edukitzea.

-Auditoretzaren xede den saltokian ezarpenerako aholkularitza lanik egin ez izana.

ENACek baimenduriko entitateren bat egon bezain laster, laguntzetarako deialdi honi dagokionez, entitate horiek egiten dituzten ziurtapenak izanen dira onartuko diren bakarrak.

B.-Merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko azterlan teknikoak: diru-laguntza ematen ahalko da esperientzia duten aholkularitza enpresek honako proiektuak egin ditzaten:

B.1) Merkataritza formula definitzea.

Honelako proiektuetan txikizkako merkatariaren eskaintza aztertzen da ikuspuntu estrategikotik.

Metodologia:

-Kanpo analisia: lehiarako merkatua, merkatuaren segmentazioa, lehia, sektoreko joerak, kontsumitzailea, eroslea etab.

-Barne analisia: saltokia, aukera sorta, eskaintzen dituen zerbitzuak, merkataritza politikak, salmenten, produktibitateen eta ratioen azterketa dinamikoa, finantza azterketa, langileena etab.

-AMIA: AMIA analisi eta ondorioak: ahuleziak, mehatxuak, indarrak, aukerak.

-Merkataritzako formularen proposamena: gomendioek merkataritza formula indartsu eta erakargarria sortzea izan behar dute helburu. Formula horrek txikizkako enpresaren iraupen luzea bermatu behar du. Horretarako enpresaren lehia-jarrera zehaztuko da, eta aholkuak emanen dira txikizkako enpresaren osagai hauek hobetzeko: aukera sorta, markak, prezioa, eragiketak, saltokiaren kokalekua eta tamaina, merchandising-a, langileak, zerbitzuak, barneko eta kanpoko komunikazioa.

-Ezarpena eta jarraipena: aholkularitza enpresak txikizkako merkataritza formula berria abian jartzeko faseak ezarriko ditu eta haren ezarpenaren eta jarraipenaren ardura hartuko du.

B.2) Saltokien kopurua handitzea.

Honelako proiektuen xedea merkataritzako enpresaren hazkundea da, hots, bezeroei irekitako saltokien kopurua handitzea.

Metodologia:

-Kokalekuak bilatzea.

-Finantza plana.

-Ekintza plana.

-Ezarpena eta jarraipena.

B.3) Logistika arloaren hobekuntza.

Proiektu hauen bidez merkataritza enpresaren logistika eta hornidura hobetzen dira.

Metodologia:

-Azpiegitura eta antolaketa beharren diagnostikoa.

-Jarduketa plana.

B.4) Belaunaldi aldaketa.

Honelako proiektuen bidez merkataritza enpresak belaunaldi aldaketaren prozesurako egokitzen dira.

Metodologia:

-Hasierako zerga egoera eta antolaketa aztertzea.

-Jarduketa plana.

-Langileen antolaketa eta prestakuntza planak.

-Ezarpena eta jarraipena.

C.-Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuan parte hartzen duen txikizkako merkataritza enpresaren nortasun korporatiboari buruzko eskuliburua.

3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzen portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak ondoko hauek dira, jardueraz jarduera:

A.-Ezarpena eta auditoretza: "Zerbitzuaren kalitatea saltoki txikietan" UNE 175001 arau sailaren ezarpenerako aholkularitzaren kanpo gastuen eta lehen ziurtapenerako auditoretzaren kanpo gastuen %70. Gehienez ere, 1.260 euro urtean enpresako.

Auditoreen egonaldi, mantenu eta joan-etorrien dieten gastuak ez dira diru-laguntzen xede, ez eta diru-laguntzaren onuradun diren entitateek zabalkunde, sentiberatze eta koordinazio ekintzetarako ematen dituzten laguntza teknikoen gastuak ere.

Ziurtagiria eskuratu aurreko 6 hilabeteetan sortutako gastuetarako laguntza ematen ahalko da.

B.-Merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko azterlan teknikoak: aholkularitzako kanpo gastuen %50eko diru-laguntza emanen da. Hauek izanen dira gehieneko zenbatekoak:

B.1) Merkataritza formula definitzea. 12.000 euro enpresako.

B.2) Saltokien kopurua handitzea: 9.000 euro enpresako.

B.3) Logistika arloaren hobekuntza: 9.000 euro enpresako.

B.4) Belaunaldi aldaketa: 6.000 euro enpresako.

C.-Txikizkako merkataritza enpresaren nortasun korporatiboari buruzko eskuliburua: gastu hauetarako emanen dira diru-laguntzak:

C.1) Aholkularitzako kanpo gastuak, nortasun korporatiboari buruzko eskuliburua egiteko: gastuen %70.

C.2) Irudia lehenbizikoz aplikatzea komunikazio elementuetan, adibidez, produktu edo zerbitzuetan, ontzi eta enbalajeetan, poltsetan, komunikazio inprimatuaren euskarrietan, paperetan edo ibilgailuetan. Hasierako kostuaren %25eko diru-laguntza emanen da.

Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuaren jarduketen fitxa onesten den egunetik hasita urtebeteko epean egiten diren jarduketek jaso ahalko dute diru-laguntza. Hala ere, epe hori luzatu ahal izanen da egin beharreko jardueren ezaugarriak direla-eta epe luzeagoa behar bada eta aipatu fitxan horrela ezartzen bada.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000 euro izanen da enpresako.

4. artikulua. Onuradun izateko baldintzak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek, diru-laguntza jaso dezaketen jardueren arabera, ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:

A.-Ezarpena eta auditoretza.

1. Haien jarduera nagusia CNAE-93ko jarduera hauetakoren bat izatea, abenduaren 18ko 1560/1992 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera:

-50. multzotik: 50.101, 50.103, 50.302 eta 504.

-52. multzotik: 521, 522, 523, 524 eta 525 taldeetakoak, 52.111 eta 52.121 izan ezik.

2. ETEen beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

B.-Merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko azterlan teknikoak.

1. Haien jarduera nagusia CNAE-93ko 52.1 eta 52.5 bitarteko taldeetakoa izatea.

2. Diru-laguntza eskatzen duten egunaren aurreko urtebetean, gutxienez, merkataritzako jarduera Nafarroan egin izana.

"Belaunaldi aldaketa" proiektuetarako diru-laguntza eskatzen duten enpresek frogatu beharko dute gutxienez 10 urte daramatzatela sektorean eta titularrari laster iritsiko zaiola erretiroa edo jarduerari nahitaez uzteko garaia.

3. Enpresa txikien beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

C.-Nortasun korporatiboari buruzko eskuliburua.

1. Haien jarduera nagusia CNAE-93ko 52.1 eta 52.5 bitarteko taldeetakoa izatea.

2. Enpresa txikien beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

3. Jarduera egiteko Administrazioaren baimen edo kontzesio berezirik behar ez izatea.

4. Nafarroako Gobernuko Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuan parte hartu izana eta ekintza hau zerbitzu horrek gomendatua izatea. Diru-laguntza eskuratu ahal izateko, jarraipen-fitxan ageri diren ekintza guztiak egin direla frogatu beharko da.

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planean (2008-2011) aurreikusten den zerbitzu honen helburua da txikizkako saltoki batek egun duen egoera aztertzea eta establezimenduaren kudeaketa modernizatu eta hobetzeko gomendio teknikoak egitea, horrela errentagarriagoa izanen delako eta sektorean lehiakorragoa ere izanen delako.

5. artikulua. Betebeharrak frogatzea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarrita dauden debekuetako bat ere ez duela frogatzeko, diru-laguntzaren eskatzaileak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, Fc6.02.02 inprimakian egina.

2. Aurreko artikuluan aipatzen diren berariazko betebeharrak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Sozietatea eratzeko eskritura publikoaren kopia eta horren aldaketena, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, merkataritzako pertsona juridikoak badira. Gainerako sozietate eta erakundeek eraketaren egiaztagiriaren kopia (dagokion Erregistroan inskribatutako egiaztagiria).

Ez dute eskatzailearen nortasunaren frogagiririk aurkeztu beharrik izanen Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ematen dituen diru-laguntzak jasotzeko asmoz lehenengo aldiz aurkezten diren eskatzaileek, baldin eta jakinarazten badute agiria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duela. Kasu horretan, agiria noiz eta zein organori aurkeztu zitzaion zehaztu beharko dute eta beren erantzukizunpean adierazi beharko dute ez dela aldaketarik izan.

Lehenago Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren diru-laguntzaren bat jaso dutenek aski izanen dute erantzukizuneko aitorpena egitea, dokumentazio hori aurkeztu zenetik aldatu ez dela adierazteko.

b) Merkataritza-sozietateek onetsi den azken ekitaldiari buruzko urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte eta gainerako eskatzaileek azken ekitaldiko galera-irabazien kontua eta egoeraren balantzea.

c) Erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.01 ereduan egina, eskatzailea ETEa dela dioena, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz eman zuen 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

6. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskabidea postetxean aurkezten bada, kartazal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskaera jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Urtero, eskabideak ekainean aurkeztuko dira, aurreko azaroaren 1etik hurrengo urriaren 31ra bitartean egindako edo egin beharreko ekintzetarako.

3. "Saltokien berrikuntza eta kalitate proiektuetarako diru-laguntzarako eskabidea" izeneko Fc7.06.14 inprimakian eginen da eskaera, eta horrekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Aurreko artikuluan ezarririko betebeharrak frogatzen dituzten agiriak.

b) Justifikazio-memoria, gutxienez ondokoak azalduko dituena: enpresaren aurrekarien deskribapena, inbertsioak egiteko arrazoiak, bete nahi diren helburuak, eginen diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda balioztatua, aholkulariaren datuak eta haren esperientziaren frogak, eta proiektua burutzeko epeak.

c) Aurreko urteko azaroaren 1etik oraingo urteko maiatzaren 31ra arte egindako jardueretarako, foru agindu honen 9. artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu behar dira.. Gainerakoetarako, egin beharreko jardueren proformako fakturak edo aurrekontuak.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskuratu diren beste laguntzei ("de minimis" laguntzak barne) buruzko erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.02 ereduaren araberakoa.

Foru agindu honetan aipatzen diren aitorpen-eredu eta inprimaki guztiak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (http://www.navarra.es) eskura daitezke.

4. Eskabideak ez baditu betetzen aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio ezarritako epean zuzen dezala, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi egin behar zaio interesdunari.

7. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

1. Lehenbizi, Nafarroan kokaturiko saltokiren baterako foru agindu honetako laguntzarik lortu ez duten enpresen eskabideen gainean ebatziko da.

Ondoren, aurrekontuan dirurik geratzen bada, Nafarroan kokaturiko saltokiren baterako foru agindu honetako laguntzak lortu dituzten enpresen eskabideen gainean ebatziko da.

2. Diru-laguntzak ondoko irizpide hauei jarraikiz emanen dira:

a) Jarduera Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planean (2008-2011) ezarritako jarduketa ildo eta neurriei egokitzen zaien. %70 balioko du.

b) Enpresaren merkataritza jardueraren antzinatasuna: %20.

c) Enpresa bakoitzak aurreko ekitaldian diru-laguntza hauen xede izan ziren jarduerak zenbateraino bete dituen: %10.

8. artikulua. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateaz eta frogatutako ekintzei dagozkien ordainketez ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaerari ezetza eman zaiola pentsatu behar da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. artikulua. Egindako gastu eta ordainketak frogatzea.

1. Onuradunek egindako gastuak eta ordainketak frogatu behar dituzte. Horretarako, "Saltokien berrikuntza eta kalitate prozesuetarako diru-laguntzaren justifikazioa" izeneko Fc7.06.17 inprimakia erabiliko dute eta hurrengo agiriak erantsiko dituzte:

a) Egindako jardueren txosten zehatza, helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa barne.

b) Egin diren inbertsioen frogagiriak, hau da, fakturak eta ordaindu izanaren banku agiriak: ordainagiriak, letrak eta bankuko zordunketak.

c) Ondoko agiri hauek, diruz laguntzen den jarduera motaren arabera:

-UNE arauaren ezarpena: ezarpenerako eta auditoretzarako egindako jarduketei buruzko laburpen-txostena, eta kalitatearen auditoretza gainditu izanaren ziurtagiriaren kopia.

-Lehiakortasuna hobetzeko azterlanak: azterlan osoaren kopia. Beharrezkotzat jotzen bada, azterlanaren nondik norakoak Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuko langileei azaltzeko ere eskatu ahal izanen da.

-Nortasun korporatiboari buruzko eskuliburua: Kabinete Teknikoaren Zerbitzuaren jarraipen-fitxan ageri diren ekintzen frogagiriak eta horien ezarpenaren azalpena, tutorearen txostena barne; txosten horretan tutoreak adierazi behar du ekintza horiek bat datozela emandako gomendioekin.

d) Ez bada inoiz diru-laguntzarik jaso, transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala beterik.

2. Ekintzen justifikazioa epe hauetan aurkeztu beharko da:

-Aurreko urteko azaroaren 1etik oraingo urteko maiatzaren 31ra bitartean egindako jardueretarako: diru-laguntzarako eskabidearekin batera.

-Ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako jardueretarako: azaroaren 30era arte, egun hori barne.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean agirietako baten bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, Departamentuak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

3. Artikulu honetan ezarririko moduan eta epealdian justifikaziorik aurkeztu ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, ematen den inprimakiko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Diru-laguntzaren onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren jarduerek finantzaketa publikoa dutela.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako baten bat bete ezean, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere.

11. artikulua. Diru-laguntzaren bateraezintasuna eta "de minimis" izaera.

1. Saltokien berrikuntza eta kalitate prozesuetarako diru-laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde edo organismok ekintza beretarako eman dezakeen beste edozeinekin.

2. Foru agindu honetan araututako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (EEAO L 379, 2006-12-2koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

12. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Lehen xedapen gehigarria.-Urteko deialdia.

Enpresa zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, urteko deialdia onetsiko du, saltokien berrikuntza eta kalitate prozesuetarako diru-laguntzak, foru agindu honetan araututakoak, emateko.

Ebazpen horretan urteko deialdiko gasturako baimena emanen da, eta, behar izanez gero, eguneratze hauek eginen dira:

-Foru agindu honen 2. artikuluko B) atalean diru-laguntzaren xedetzat aipatzen diren azterlan teknikoen edukia eguneratzea.

-Foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeak eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak eguneratzea.

Xedapen iragankor bakarra.-2008ko deialdia.

2008ko diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik hasita.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2011ko abenduaren 31ra arte iraunen du indarrean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 12an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0809435