81. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

196/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, merkataritzako enpresetan inbertsioak egiteko finantza kostua murrizteko diru-laguntzaren araubidea ezartzen duena 2008-2011 aldirako.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planak (2008-2011) Nafarroako txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko programa baten ezarpena aurreikusten du.

Programa horren xedea da hirialdeetako saltokien lehiakortasuna handitzea, kontsumitzaileek beren beharretarako modu egokian jaso dezaten produktuak banatzeko zerbitzua, eta merkataritza enpresen errentagarritasuna hobetu dadin.

Beste neurri batzuen artean, diru-laguntzak eman nahi dira inber- tsioen finantzaketaren kostua murrizteko.

Foru agindu honen xedea da merkataritzako enpresetan inbertsioak egiteko finantza kostua murrizteko diru-laguntzen araubidea ezartzea 2008-2011 aldirako.

Nafarroako Gobernuak, 2008ko ekainaren 9ko Erabakiaren bidez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari baimena eman dio merkataritzako enpresetan inbertsioak egiteko finantza kostua murrizteko diru-laguntza banakako ebaluazioaren bitartez emateko.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak foru agindu honetako proiektuari buruz aldeko txostena egin du ekainaren 3ko bilkuran, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 63.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru agindu honetan ezartzen den diru-laguntzaren araubideari abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamendua aplikatu behar zaio, Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei nola aplikatu arautzen duena (EEAO L 379, 2006ko abenduaren 2koa).

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat, hauxe

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Diru-laguntza honen helburua da merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea, sektoreko enpresek, oro har, egiten duten inbertsioa finantzatzeko laguntzen bitartez.

2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Inbertsio proiektu hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

1. Saltokiak modernizatu, handitu edo/eta zaharberritzea.

2. Lehenesten diren merkataritza proiektuetan enpresa berri bat ezartzera. Merkataritza proiektu hauek lehenesten dira:

a) Hiriko merkataritza guneak (HMG): ahalmen nahikoa duten udalerrietako edo hirialdeetako lehentasunezko esku-hartze eremuetan kokaturik dauden saltokietan egiten diren inbertsioak, "Nafarroako udalerrietan hiriko merkataritza guneak garatzeko ahalmenaren azterlanean" ezarritakoarekin bat.

Lehentasunezkotzat jo daitezen, udalerriak Enpresa Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko dio hiriko merkataritza gunearen proiektua foru agindu honetan ezarritako araubidean sar dezan.

Enpresa Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez adieraziko du proiektua lehentasunezkoa den ala ez.

Lehentasunezkotzat jotzen badu, enpresek diru-laguntza eskatu ahal izanen dute, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera.

b) Landa eremuak: 3.000 biztanletik beherako udalerrietako saltokietan egiten diren inbertsioak, Iruñerrikoak izan ezik.

c) Eskura dauden dendak: "eskura dauden dendak" izeneko sareko saltokietan egiten diren inbertsioak.

d) Hiri garapen berriak, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak hala zehazten dituenak.

e) Udal merkatuetako kontzesiodunak.

f) Familia enpresen ondorengotzak baldintza hauek bete beharko ditu:

-Finkatuta dagoen, hots, sektorean 10 urte baino gehiago daramatzan merkataritza enpresa bat eskualdatu behar da, nahitaezko erretiroa dela-eta.

-Belaunaldi batetik besterako ondorengotza izan behar da, familia barnekoa izan zein ez.

-Merkataritza jarduera bera mantenduko dela bermatu behar da.

g) Nafarroako hiri merkataritza garatu eta sendotzeko interes berezia izateagatik Enpresa Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen proiektuak.

3. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diru-laguntzaren xede den jarduerak hurrengo baldintzak bete beharko ditu:

1. Nafarroan eta hirialdean dagoen txikizkako saltoki batean egin behar da inbertsioa. Txikizkako merkataritzako jarduerak saltokietatik kanpo egiten badira edo merkataritzako jarduera handizkakoa bada, ez da baldintza hori bete beharko.

Saltoki batean jarduera desberdinak egiten badira, babestu nahi den merkataritza motari zuzenean lotutakoak baizik ez dira izanen diru-laguntzaren xede. Bereziki, barnean dastalekua duten janari eta edari dendei laguntza ematen ahalko zaie baldin eta dastalekuak salmenta-azaleraren %40 baino gehiago hartzen ez badu.

2. Kontzeptu hauetakoren bati egokitzea:

a) Lokalak, lurrak eta eraikuntzak.

Diruz laguntzeko moduko inbertsioa izan daiteke, benetan onartu den inbertsioa bider hiru eginez ateratzen den zenbatekoa duena gehienez. Kontzeptu horren barruan, diruz lagunduko dira txikizkako merkataritza enpresek, enpresa parakomertzialek, establezimendu kolektiboek eta merkataritza elkartuko entitateek egiten dituzten inbertsioak.

b) Lokalak zaharberritzea eta horiek egokitzeko obra zibila.

c) Aktibo finko berriak eskuratzea, hala nola:

-Makinak, instalazio teknikoak, merkataritzako altzariak eta ekipamendua, garraiatzeko merkataritza gaiak, turismoak izan ezik.

-Ekipamendu informatikoak eta softwarea (web orriak egiteko eta sarean sartzeko hasierako gastuak eta banda zabalaren bidez Interneteko konexioa egiteko kostua barne).

-Frankizietan sartzeko eta erosketa-zentralei hasieran atxikitzeko kanona ordaintzeagatiko gastuak.

-Aktibo finkoan egindako beste edozein inbertsio, merkataritza jarduerarako beharrezkoa bada.

3. Diru-laguntza lortu ahal izateko gutxieneko inbertsioa honakoa izanen da, enpresaren tamainaren arabera:

-Mikroenpresak: 6.000 euro.

-Enpresa txikiak: 10.000 euro.

4. Diru-laguntzarako eskabidea aurkezten den egunetik hasita 18 hilabeteko epean egiten diren inbertsioek jaso ahal izanen dute diru-laguntza.

4. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Mailegu eragiketek eta finantza errentamenduek 3 puntuko diru-laguntza izanen dute. Txikizkako merkataritza enpresen inbertsioak izanez gero, diru-laguntza hori 5 puntukoa izanen da.

Interes tasaren hobaria ezin da izan eragiketa formalizatzeko erabili den interes tasa nominala baino handiagoa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak finantza entitateekin sinatzen dituen lankidetza hitzarmenetan ezarritakoaren arabera.

Mailegu eragiketetan, gehienez, lehenengo 4 urteetako interesetarako diru-laguntza emanen da; eta finantza errentamenduko eragiketetan, gehienez, lehenengo 3 urteetako interesetarako diru-laguntza.

Eragiketa horiek, diruz laguntzeko modukoak izateko, foru agindu honen 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

5. artikulua. Mailegu eragiketak eta finantza errentamenduak.

Maileguetan eta finantza errentamenduetan interesetarako hobaria emateko baldintzak berariaz ezarriko dira, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nafarroan dauden finantza entitateekin eta finantza errentamenduko sozietateekin horretarako sinatzen dituen lankidetza hitzarmenetan.

Diru-laguntzen modalitate hori eskuratu ahal izateko, eragiketek hurrengo baldintzak bete behar dituzte:

1. Mailegu eragiketak:

a) Laguntza jaso dezaketen inbertsioak finantzatzeko erabiliko dira; gehienez inbertsioaren %75ekoak izanen dira eta, nolanahi ere, ezin dira 600.000,00 euro baino gehiagokoak izan.

b) Maileguaren iraupena librea izanen da, baina bakarrik lehenengo lau urteetako interesetarako diru-laguntza emanen da.

c) Gabealdia gehienez ere bi urtekoa izanen da.

2. Finantza errentamenduko eragiketak:

a) Laguntza jaso dezaketen inbertsioak finantzatzeko erabiliko dira, lokal, lur eta eraikuntzetan egiten diren inbertsioak izan ezik.

b) Gutxienez 24 hilabetekoak eta gehienez 48 hilabetekoak izanen dira, eta gehienez jatorrizko inbertsioaren 600.000,00 eurokoak.

3. Finantza entitateekin eta finantza errentamenduko sozietateekin sinatzen diren lankidetza hitzarmenetan ezarriko dira gehieneko interes tasak, diru-laguntzaren eguneratze finantzarioaren tasak eta, halakorik bada, aplikatu beharreko komisioak.

4. Enpresa batek urte natural berean mailegu eta finantza errentamenduko eragiketa baterako baino gehiagotarako diru-laguntza jasotzen badu, laguntzen guztizko zenbatekoa gehienez 600.000,00 euro izanen da.

6. artikulua. Onuradun izateko baldintzak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:

1. Hurrengo baldintzak betetzen dituzten merkataritza enpresak:

1.1. Txikizkako merkataritza enpresak, jarduera nagusia CNAE-93ko jarduera hauetakoren bat dutena, abenduaren 18ko 1560/1992 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera:

-50.302 multzokoak (bitartekariak eta katalogoa izan ezik).

-52.1 eta 52.5 bitarteko multzoetakoak.

-52.620 eta 52.632 multzoetakoak (saltzaile ibiltariak bakarrik).

Handizkako merkataritza enpresak, jarduera nagusia hauetakoren bat dutena:

-50.301 multzokoak (bitartekariak eta katalogoa izan ezik).

-51.2 eta 51.7 bitarteko multzoetakoak, 51.51 eta 51.57 epigrafeak izan ezik.

Enpresa parakomertzialak, jarduera nagusia hauetakoren bat dutena: 71.404 epigrafea (bideoen alokairua bakarrik), 74.812 epigrafea, 74.831 epigrafea (hirugarrenen konturako fotokopia zerbitzuak bakarrik), 93.010 eta 93.020.

1.2. Enpresa txikien beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

1.3. Jarduera egiteko Administrazioaren baimen edo kontzesio berezirik behar ez izatea.

1.4. Diru-laguntza eskatzen duten egunaren aurreko urtebetean, gutxienez, merkataritzako jarduera Nafarroan egin izana.

Ez zaie baldintza hori eskatuko 2. artikuluan aipatzen diren "lehentasunezko proiektuak" garatzen dituzten txikizkako merkataritza enpresei.

Baldintza hori betetzat emanen zaie, halaber, eskabidea aurkezteko garaian urtebete baino gutxiago eratuta daramaten enpresei, baldin eta titularrak edo %50eko partaidetza duen bazkideren batek frogatzen ahal badu merkataritzan jardun duela urtebetez, berak bakarrik edo bera partaide zuen sozietatearen barnean.

2. Enpresen arteko egiturak, gehienbat merkataritzako ETE-ek osatuak eta gehienbat Nafarroan kokatuak, elkarrengandik independenteak, helburua merkataritzaren integrazio estrategiko bat sustatu edo garatzea dutenak, modernizazioa lortzeko edo kideen erosteko ahalmena hobetu, lehiakortasuna handitu eta sektorea arrazionalizatzen lagunduko duten zerbitzuak sortzeko.

7. artikulua. Betebeharrak frogatzea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarrita dauden debekuetako bat ere ez duela frogatzeko, diru-laguntzaren eskatzaileak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, Fc6.02.02 inprimakian egina.

2. Aurreko artikuluan aipatzen diren berariazko betebeharrak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Sozietatea eratzeko eskritura publikoaren kopia eta horren aldaketena, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, merkataritzako pertsona juridikoak badira. Gainerako sozietate eta entitateek eraketaren egiaztagiriaren kopia (dagokion Erregistroan inskribatutako egiaztagiria).

Ez dute eskatzailearen nortasunaren frogagiririk aurkeztu beharrik izanen Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ematen dituen diru-laguntzak jasotzeko asmoz lehenengo aldiz aurkezten diren eskatzaileek, baldin eta jakinarazten badute agiria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duela. Kasu horretan, agiria noiz eta zein organori aurkeztu zitzaion zehaztu beharko dute eta beren erantzukizunpean adierazi beharko dute ez dela aldaketarik izan.

Lehenago Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren diru-laguntzaren bat jaso dutenek aski izanen dute erantzukizuneko aitorpena egitea, dokumentazio hori aurkeztu zenetik aldatu ez dela adierazteko.

b) Merkataritza-sozietateek onetsi den azken ekitaldiari buruzko urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte eta gainerako eskatzaileek azken ekitaldiko galera-irabazien kontua eta egoeraren balantzea.

c) Erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.01 ereduan egina, eskatzailea enpresa txikia dela dioena, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz eman zuen 2003/361/EE Gomendioarekin bat.

8. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskabidea postetxean aurkezten bada, kartazal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskaera jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Inbertsioak gauzatzen hasi baino lehen eta maileguaren edo finantza errentamenduaren kontratua formalizatu baino lehen aurkeztuko dira eskabideak, finantza entitatearen bitartez.

3. Eskaera egiteko, "Finantza kostua murrizteko diru-laguntzarako eskabidea" izeneko Fc7.06.03 inprimakia erabili behar da, eta horrekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Aurreko artikuluan ezarririko betebeharrak frogatzen dituzten agiriak.

b) Justifikazio-memoria, gutxienez ondokoak azalduko dituena: enpresaren aurrekarien deskribapena, inbertsioak egiteko arrazoiak, bete nahi diren helburuak, eginen diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda balioztatua, burutzeko aurreikusi diren epeak.

c) Egitekoak diren inbertsioen proformako fakturak edo aurrekontuak obra-unitateka. Eta lokaletan, lurretan eta eraikuntzetan egiten badira inbertsioak: salerosketaren kontratua.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskuratu diren beste laguntzei ("de minimis" laguntzak barne) buruzko erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.02 ereduaren araberakoa.

Foru agindu honetan aipatzen diren aitorpen-eredu eta inprimaki guztiak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (http://www.navarra.es) eskura daitezke.

4. Eskabideak ez baditu betetzen aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio ezarritako epean zuzen dezala, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi egin behar zaio interesdunari.

9. artikulua. Diru-laguntza emateko prozedura.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen da. Hala, eskabideak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta ebaluazioa egiteko behar diren alderdi guztietan osorik dagoen dokumentazioa aurkezten dutenak lehenetsiko dira.

Gainerako eskaerak aurrekontuan dirua egotearen baldintzapean geldituko dira, eta dokumentazio osagarria jasotzen den hurrenkeran emanen dira ebazpenak, aurrekontuan behar adina diru dagoen bitartean.

10. artikulua. Diru-laguntza emateko ebazpena.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Eskabidea zuzentzat jotzen bada, ebaluazio zehatz baten ondorioz atera daitekeen emaitza ezertan galarazi gabe, finantza entitateari edo finantza errentamenduko entitateari eskatuko zaio hiru hilabeteko epean aurkez dezala bere bezeroarekin formalizatu duen eragiketaren kontratuaren, polizaren edo eskrituraren kopia. Gainera, finantza errentamenduko eragiketen kasuan, ondasunaren erosketaren fakturaren kopia erantsi beharko da, finantza errentamenduko entitateak egina.

Epe horretan aipatu agiriak aurkeztu ezean, interesdunek eskaera bertan behera utzi dutela ulertuko da eta, ondorioz, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da.

Dokumentazioa ongi badago, diru-laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena emanen da; ebazpen horretan, gainera, epea ezarriko da inbertsioa egin dela eta jasotako funtsak behar bezala erabili direla justifikatzeko, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.

Diru-laguntza behin bakarrik ordainduko zaio finantza entitate interesdunari, eta entitate horrek mailegu edo finantza errentamenduko eragiketaren kapital bizia gutxituko du ordaindutako diru-laguntzaren zenbateko berean.

Diru-laguntzak emateaz eta frogatutako ekintzei dagozkien ordainketez ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori iragan eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, ulertzen ahalko da eskaera ukatu dela.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

11. artikulua. Egindako gastu eta ordainketak frogatzea.

1. Onuradunak finantza entitatearen bitartez aurkeztu beharko ditu, diru-laguntza eman eta ordaintzeko ebazpenean ezartzen den epearen barruan, inbertsioa egin dela eta jasotako funtsak beren xederako erabili direla frogatzen duten agiriak.

Horretarako, "Inbertsioen justifikazioa" izeneko Fc7.06.04 inprimakia erabiliko du eta hurrengo agiriak erantsiko ditu:

a) Egindako jardueren memoria zehatza eta, horren barnean, helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa, eta froga grafikoa, bertan egin diren jarduketak egiaztatu ahal izateko.

b) Egin diren inbertsioen frogagiriak, hau da, fakturak eta ordaindu izanaren banku agiriak: ordainagiriak, letrak eta bankuko zordunketak.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean agirietako baten bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, Departamentuak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

3. Artikulu honetan ezarririko moduan eta epean justifikaziorik aurkeztu ezik, emandako diru-laguntza gutxituko da eta diru-laguntza itzuli beharko da.

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, ematen den inprimakiko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Diru-laguntzaren xede diren ondasunak enpresaren jarduerari atxikita eduki behar dira, gutxienez 5 urtez edo, bestela, erabilera aldia amaitu arte, 5 urtetik beherakoa baldin bada, eta ez dira eskuz aldatuko, errentan jarriko edo haien erabilera hirugarrenei lagako. Erregistro publikoan inskriba daitezkeen ondasunak badira, epe hori gutxienez 7 urtekoa izanen da. Epe horiek inbertsioak abian jartzen diren egunetik hasiko dira zenbatzen.

3. Diru-laguntzaren onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren jarduerek finantzaketa publikoa dutela.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako baten bat bete ezean, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere. Zehazki, mailegu edo errentamendu finantzarioaren eragiketa ezarritako epea baino lehen zati batean edo osorik amortizatzen bada, eman den diru-laguntzaren interesei dagokien zatia doituko da.

13. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" izaera.

1. Merkataritzako enpresetan inbertsioak egiteko finantza kostua murrizteko diru-laguntzarekin batera bestelako diru-laguntzak jasotzen ahal dira, beste administrazio publiko batzuenak edo Estatuko zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatuenak eta norbanakoenak, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ezarritakoez gainera. Emandako beste diru-laguntza edo hobariak kontuan hartuko dira kalkulurako.

Onuraduna enpresa arteko egitura bada eta foru agindu honen 6.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira, diru-laguntza hau bateragarria izanen da merkataritzako taldeak sustatu eta kudeatzeko 2008-2011 aldirako aurreikusitakoekin.

Aurrekoa gorabehera, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Foru agindu honetan araututako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (EEAO L 379, 2006-12-2koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

14. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Lehen xedapen gehigarria.-Urteko deialdia.

Enpresa zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, urteko deialdia onetsiko du, merkataritzako enpresetan inbertsioak egiteko finantza kostua murrizteko diru-laguntzak, foru agindu honetan araututakoak, emateko.

Ebazpen horren bitartez, urteko deialdiari dagokion gastua egiteko baimena emanen da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Diru-laguntzaren araubidean sartutako proiektuak.

Honako proiektu honek diruz laguntzeko modukoa izaten segituko du foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzen araubidean: "Iruña-Erdialdeko Hiriko Merkataritza Gunea", Enpresa zuzendari nagusiak apirilaren 30ean emandako 1410/2008 Ebazpenaren bidez onetsia.

Xedapen iragankor bakarra.-2008ko deialdia.

Foru agindu hau ez zaie aplikatuko berak indarra hartu baino lehen hasi diren "Mailegu edo finantza errentamenduko eragiketen finantza kostua murrizteko" prozedurei; aitzitik, prozedura horiei lehengo araudia aplikatuko zaie.

Eskabidea 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu dutenei, ordea, foru agindu honek indarra hartu baino lehen diru-laguntza ematea ebatzi bada, gehigarri bat emanen zaie, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera legokiekeen diru-laguntzaren araberakoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean indargabetu eginen dira hemen xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, azaroaren 30eko 388/2006 Foru Agindua, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, merkataritzaren sektorea indartzeko programa diruz laguntzeko araubidea ezartzen duena.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2011ko abenduaren 31ra arte iraunen du indarrean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 12an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0809434