81. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

195/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzaren araubidea ezartzen duena 2008-2011 aldirako.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planak (2008- 2011) Nafarroako txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko programa baten ezarpena aurreikusten du.

Programa horren xedea da hirialdeetako saltokien lehiakortasuna handitzea, kontsumitzaileek beren beharretarako modu egokian jaso dezaten produktuak banatzeko zerbitzua, eta merkataritza enpresen errentagarritasuna hobetu dadin.

Planean, beste neurri batzuen artean, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematea aurreikusten da saltokiak modernizatzeko, lehentasunezko proiektuen araberako mailaketa eginez (hiriko merkataritza guneak, landa eremuak, udal merkatuak, familia enpresen ondorengotza, "eskura dauden dendak" eta familia negozioen ondorengotza).

Saltokien irudia hobetzeko eta kudeaketarako diru-laguntzak ere eman nahi dira, honelako proiektuetan: Kabinete Teknikoaren Zerbitzua, enpresak elkartzeko proiektuetan parte hartzea, eta UNE 175001 arauari egokitzea.

IKTen aplikazioari dagokionez, Planean beharrezkotzat jotzen da merkatarien elkarteen ekimenak bultzatzea, Internet sarearen bitartez zerbitzuak emateko eta bezeroen leialtasuna lortzeko sistemak gara daitezen.

Foru agindu honen xedea da txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzaren araubidea ezartzea 2008-2011 aldirako.

Nafarroako Gobernuak, 2008ko ekainaren 9ko Erabakiaren bidez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari baimena eman dio txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntza banakako ebaluazioaren bitartez emateko.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak foru agindu honetako proiektuari buruz aldeko txostena egin du 2008ko ekainaren 3ko bilkuran, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 63.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru agindu honetan ezartzen den diru-laguntzaren araubideari abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamendua aplikatu behar zaio, Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei nola aplikatu arautzen duena (EEAO L 379, 2006ko abenduaren 2koa).

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Diru-laguntza honen onura publikoa hirialdeetako saltokien lehiakortasuna handitzean datza, kontsumitzaileek beren beharretarako modu egokian jaso dezaten produktuak banatzeko zerbitzua, eta merkataritza enpresen errentagarritasuna hobetu dadin.

2. artikulua. Laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Diruz lagunduko dira foru agindu honen II. tituluan zehazten diren inbertsio proiektuak, honako hauek, hain zuzen ere:

A) Aktibo finkoetan inbertsioak egitea:

A. 1) Saltokiak modernizatu, handitu edo/eta zaharberritzea.

A. 2) Lehenesten diren merkataritza proiektuetan enpresa berri bat sartzea.

B) Irudiaren hobekuntza eta kudeaketa:

B.1) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua.

B.2) Enpresak elkartzeko proiektuetan parte hartzea.

B. 3) Merkataritzan kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak.

C) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) aplikatzea.

C.1) Merkatarien elkarteek garatutako proiektuak.

C.2) Banakako saltokien arteko loturak.

3. artikulua. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen inbertsioak.

Diru-laguntzaren xede izan daitezke aktibo finkoetan egiten diren inbertsioak, baldintza hauek betetzen badira:

1. Nafarroan eta hirialdean dagoen txikizkako saltoki batean egin behar da inbertsioa. Txikizkako merkataritzako jarduerak saltokietatik kanpo egiten badira, ez da baldintza hori bete beharko.

Saltoki batean jarduera desberdinak egiten badira, babestu nahi den merkataritza motari zuzenean lotutakoak baizik ez dira izanen diru-laguntzaren xede. Bereziki, barnean dastalekua duten janari eta edari dendei laguntza ematen ahalko zaie baldin eta dastalekuak salmenta-azaleraren %40 baino gehiago hartzen ez badu.

2. Foru agindu honen II. tituluan diru-laguntza jaso dezaketen proiektuetarako ezartzen diren baldintza berariazkoak betetzea.

3. Diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak ordaintzeko ez da diru-laguntzarik emanen.

4. Leasing bidez finantzaturik eskuratzen diren aktiboak diru-laguntzaren xede izanen dira, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

5. Laguntzen onuradunek beren jabetzako ondasunetan egin behar dute inbertsioa, leasing bidez finantzaturiko ondasunak salbu, eta zuzen-zuzenean egin behar dute ondasun horien kudeaketa ekonomikoa.

4. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzaren eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte.

Diru-laguntzaren xede diren jardueren araberako baldintza berariazkoak ere bete beharko dituzte, foru agindu honen II. tituluan ezarritakoak.

5. artikulua. Betebeharrak frogatzea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarrita dauden debekuetako bat ere ez duela frogatzeko, diru-laguntzaren eskatzaileak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, Fc6.02.02 inprimakian egina.

2. Bigarren tituluan aipatzen diren berariazko betebeharrak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Pertsona juridikoa bada: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren kopia eta horren aldaketena, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak merkataritzako pertsona juridikoak badira. Gainerako sozietate eta erakundeek eraketaren egiaztagiriaren kopia (dagokion Erregistroan inskribatutako egiaztagiria).

Ez dute eskatzailearen nortasunaren frogagiririk aurkeztu beharrik izanen Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ematen dituen diru-laguntzak jasotzeko asmoz lehenengo aldiz aurkezten diren eskatzaileek, baldin eta jakinarazten badute agiria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duela. Kasu horretan, agiria noiz eta zein organori aurkeztu zitzaion zehaztu beharko dute eta beren erantzukizunpean adierazi beharko dute ez dela aldaketarik izan.

Lehenago Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren diru-laguntzaren bat jaso dutenek aski izanen dute erantzukizuneko aitorpena egitea, dokumentazio hori aurkeztu zenetik aldatu ez dela adierazteko.

b) Merkataritza-sozietateek onetsi den azken ekitaldiari buruzko urteko kontuak aurkeztu beharko dituzte eta gainerako eskatzaileek azken ekitaldiko galera-irabazien kontua eta egoeraren balantzea.

c) Eskatzailea ETEa dela dioen erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera. Aitorpen hori Fc6.02.01 ereduaren arabera egin behar da.

6. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskabidea postetxean aurkezten bada, kartazal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskaera jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Eskabideak aurkezteko epeak honakoak izanen dira, diruz laguntzeko jarduera motaren arabera:

A) Aktibo finkoetan inbertsioak egitea: inbertsioak hasi aurretik.

"Familia enpresaren ondorengotzarako" diru-laguntza eskatu nahi bada, ondorengotza gertatu eta urtebeteko epean aurkeztu beharko da eskabidea, eta ondorengotza gertatu dela frogatzeko, titular berria Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan inskribatu izanaren agiria aurkeztuko da.

B) Irudiaren hobekuntza eta kudeaketa: foru agindu honen 18. artikuluan jarduketak egiteko ezarri diren epeak amaitu eta hilabeteko epean.

C) IKTen aplikazioa: inbertsioak hasi aurretik.

3. "Txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzarako eskabidea" izeneko Fc7.06.05 inprimakian eginen da eskaera, eta horrekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Foru agindu honen 5. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla frogatzeko agiriak.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskuratu diren beste laguntzei ("de minimis" laguntzak barne) buruzko erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.02 ereduaren araberakoa.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimaki jatorrizkoa, baldin eta inoiz ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso.

d) Justifikazio-memoria, gutxienez ondokoak azalduko dituena: enpresaren aurrekarien deskribapena, inbertsioak egiteko arrazoiak, bete nahi diren helburuak, eginen diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda balioztatua, burutzeko aurreikusi diren epeak.

Foru agindu honetan aipatzen diren aitorpen-eredu eta inprimaki guztiak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (http://www.navarra.es) eskura daitezke.

4. Eskabideak ez baditu betetzen aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio ezarritako epean zuzen dezala, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi egin behar zaio interesdunari.

7. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen da. Hala, eskabideak aurkezten diren ordenari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta ebaluazioa egiteko behar diren alderdi guztietan osorik dagoen dokumentazioa aurkezten dutenak lehenetsiko dira.

Gainerako eskaerak aurrekontuan dirua egotearen baldintzapean geldituko dira, eta dokumentazio osagarria jasotzen den hurrenkeran emanen dira ebazpenak, aurrekontuan behar adina diru dagoen bitartean.

Eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntzak esleitzeko, II. tituluan jarduera motaren arabera ezarritako irizpideak erabiliko dira.

8. artikulua. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

"Aktibo finkoetan inbertsioak egiteko" eta "IKTak aplikatzeko" diru-laguntza bakarrik eskatzen bada, Zerbitzuak interesdunari jakinaraziko dio foru agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituela, ezertan eragotzi gabe ebaluazio zehatzago batek izan dezakeen emaitza, eta epea ezarriko dio inbertsioa egin duela frogatzeko, hurrengo artikuluan ezartzen den moduan.

Diru-laguntzak emateaz eta frogatutako ekintzei dagozkien ordainketez ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, inbertsioaren justifikazioa aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori iragan eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, ulertzen ahalko da eskaera ukatu dela.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. artikulua. Egindako gastu eta ordainketak frogatzea.

1. Onuradunek "Inbertsioen justifikazioa" izeneko Fc7.06.04 inprimakia aurkeztuko dute egindako gastuak eta ordainketak frogatzeko, eta agiri hauek erantsiko dituzte:

a) Egindako jardueren memoria zehatza eta, horren barnean, helburuak zenbateraino bete diren adieraziko duen balorazioa, eta saltokiaren barnealdearen eta kanpoaldearen froga grafikoa, bertan egin diren jarduketak egiaztatu ahal izateko.

b) Fakturak eta dagozkien ordainagiriak, adibidez erreziboak, letrak eta bankuko zordunketak.

c) Berariazko agiri hauek, diru-laguntzaren xede den proiektu motaren arabera:

-Aktibo finkoetan inbertsioak egitea: lanpostuak mantendu edo sortu direla frogatzen duten agiriak.

-Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: jarraipen-fitxan aurreikusitako ekintzen frogagiriak eta ezarri direlako adierazpena.

-Enpresak elkartzeko proiektuetan parte hartzea: kasuan kasuko merkatari-elkarteko kidea izatearen frogagiria.

-Kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: arauaren zein puntu gainditu behar den adieraztea eta lehen ziurtagiriaren auditoretza gainditu izanaren frogagiria.

-IKTen aplikazioa -banakako saltokien arteko lotura-: diru-laguntzaren xede diren saltokien zerrenda.

2. Ekintzen justifikazioa epe hauetan aurkeztu beharko da:

A) Aktibo finkoetan inbertsioak egitea: Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak berariaz ezartzen duen epean.

B) Irudiaren hobekuntza eta kudeaketa: diru-laguntzarako eskabidearekin batera.

C) IKTen aplikazioa: Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak berariaz ezartzen duen epean.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean agirietako baten bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, Departamentuak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

3. Artikulu honetan ezarririko moduan eta epean justifikaziorik aurkeztu ezik, diru-laguntza ukatuko da.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, ematen den inprimakiko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Onuradunek diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 5 urtez edukiko dituzte enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren bizitza baliagarriak iraun bitartean, laburragoa bada. Erregistro publikoan inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, aldiz, aipatu epea gutxienez 7 urtekoa izanen da. Epe horiek inbertsioak abian jartzen diren egunetik hasiko dira zenbatzen.

3. Diru-laguntzaren onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren jarduerek finantzaketa publikoa dutela.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako baten bat bete ezean, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere.

11. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" izaera.

1. Txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzarekin batera bestelako diru-laguntzak jasotzen ahal dira, beste administrazio publiko batzuenak edo Estatuko zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatuenak eta norbanakoenak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ezarritakoez gainera.

Aurrekoa gorabehera, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Foru agindu honetan araututako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (EEAO L 379, 2006-12-2koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

12. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

II. TITULUA

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

I. KAPITULUA

Aktibo finkoetan inbertsioak egitea

13. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Inbertsio proiektu hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

A.1) Saltokiak modernizatu, handitu edo/eta zaharberritzea.

A.2) Lehenesten diren merkataritza proiektuetan enpresa berri bat sartzea. Merkataritza proiektu hauek lehenesten dira:

a) Hiriko merkataritza guneak (HMG): ahalmen nahikoa duten udalerrietako edo hirialdeetako lehentasunezko esku-hartze eremuetan kokaturik dauden saltokietan egiten diren inbertsioak, "Nafarroako udalerrietan hiriko merkataritza guneak garatzeko ahalmenaren azterlanean" ezarritakoarekin bat.

Lehentasunezkotzat jo daitezen, udalerriak Enpresa Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko dio hiriko merkataritza gunearen proiektua foru agindu honetan ezarritako araubidean sar dezan.

Enpresa Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez adieraziko du proiektua lehentasunezkoa den ala ez.

Lehentasunezkotzat jotzen badu, enpresek diru-laguntza eskatu ahal izanen dute, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera.

b) Landa eremuak: 3.000 biztanletik beherako udalerrietako saltokietan egiten diren inbertsioak, Iruñerrikoak izan ezik.

c) Eskura dauden dendak: "eskura dauden dendak" izeneko sareko saltokietan egiten diren inbertsioak.

d) Hiri garapen berriak, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak hala zehazten dituenak.

e) Udal merkatuetako kontzesiodunak.

f) Familia enpresen ondorengotzak baldintza hauek bete beharko ditu:

-Finkatuta dagoen, hots, sektorean 10 urte baino gehiago daramatzan merkataritza enpresa bat eskualdatu behar da, adinagatiko edo nahitaezko erretiroa dela-eta.

-Belaunaldi batetik besterako ondorengotza izan behar da, familia barnekoa izan zein ez.

-Merkataritza jarduera bera mantenduko dela bermatu behar da.

g) Nafarroako hiri merkataritza garatu eta sendotzeko interes berezia dutelakoan Enpresa Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen proiektuak.

14. artikulua. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen inbertsioak.

Diru-laguntzaren xede den inbertsioak hurrengo baldintzak bete behar ditu:

1. Kontzeptu hauetakoren bati egokitzea:

a) Lokalak zaharberritzea eta horiek egokitzeko obra zibila.

b) Aktibo finko berriak eskuratzea, hala nola:

-Merkataritzako altzariak eta ekipamendua, makineria, garraiatzeko merkataritza gaiak, turismoak izan ezik.

-Ekipamendu informatikoak eta softwarea (web orriak egiteko eta sarean sartzeko hasierako gastuak eta banda zabalaren bidez Interneteko konexioa egiteko kostua barne).

-Frankizietan eta udal merkatuan sartzeko, erosketa-zentralei hasieran atxikitzeko eta bestelako enpresa elkarteetan sartzeko kanonen gastuak.

-Aktibo finkoan egindako beste edozein inbertsio, merkataritza jarduerarako beharrezkoa bada.

2. Saltoki bakoitzeko gutxieneko inbertsioa, diru-laguntza lortu ahal izateko egin behar dena, foru agindu honen I. eranskineko a) atalean enpresaren tamainaren arabera ezarritakoa izanen da.

3. Diru-laguntzarako eskabidea aurkezten den egunetik hasita 18 hilabeteko epean egiten diren inbertsioek jaso ahal izanen dute diru-laguntza.

15. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Ondoko baldintzak betetzen dituzten txikizkako saltokiek jaso ditzakete diru-laguntza hauek:

1. Haien jarduera nagusia CNAE-93ko jarduera hauetakoren bat izatea, abenduaren 18ko 1560/1992 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera:

-50.302 multzokoak (bitartekariak eta katalogoa izan ezik).

-52.1 eta 52.5 bitarteko multzoetakoak.

-52.620 eta 52.632 multzoetakoak (saltzaile ibiltariak bakarrik).

2. ETE-en beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

3. Jarduera egiteko Administrazioaren baimen edo kontzesio berezirik behar ez izatea.

4. Diru-laguntza eskatzen duten egunaren aurreko urtebetean, gutxienez, merkataritzako jarduera Nafarroan egin izana.

Ez zaie baldintza hori eskatuko 13. artikuluan aipatzen diren "lehentasunezko proiektuak" garatzen dituzten enpresei.

Baldintza hori betetzat emanen zaie, halaber, eskabidea aurkezteko garaian urtebete baino gutxiago eratuta daramaten enpresei, baldin eta titularrak edo %50eko partaidetza duen bazkideren batek frogatzen ahal badu merkataritzan jardun duela urtebetez, berak bakarka edo bera partaide zuen sozietatearen barnean.

16. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa, eta emateko irizpideak.

1. Diru-laguntza inbertsioaren portzentaje jakin bat izanen da, eta ondoren azaltzen diren irizpide objektiboei jarraituz emanen da. Irizpideen ponderazioa foru agindu honen I. eranskinean dago.

a) Diru-laguntza jaso dezakeen inbertsioaren bolumen erlatiboa.

b) Lehentasunezko proiektu mota.

c) Inbertsio proiektuaren zuzeneko ondorio gisa lanpostuak mantendu edo sortzea.

2. Saltoki bakoitzeko, gehienez 70.000 euroko diru-laguntza emanen da diru-laguntzaren portzentaje handiena lortzen den kasuetan, enpresaren tamainaren arabera, aurreko irizpideei jarraituz. Portzentaje txikiagoa lortzen denean diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa proportzionalki murriztuko da.

II. KAPITULUA

Irudiaren hobekuntza eta kudeaketa

17. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Nafarroako saltokien irudiaren hobekuntzarako eta kudeaketarako diru-laguntza emanen da, jarduketa hauei loturik egonez gero:

B.1) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: Nafarroako Gobernuaren Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuak emandako gomendioen ondorioz inbertsioak egin dituzten enpresak. Laguntzak eskuratu ahal izateko, jarraipen-fitxan ageri diren ekintza guztiak egin direla frogatu beharko da.

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planean aurreikusten den zerbitzu honen helburua da txikizkako saltoki batek egun duen egoera aztertzea eta establezimenduaren kudeaketa modernizatu eta hobetzeko gomendio teknikoak egitea, horrela errentagarriagoa izanen delako eta sektorean lehiakorragoa ere izanen delako.

Diru-laguntza hori jaso ahal izanen dute foru agindu honen 19. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten txikizkako merkataritza enpresek.

B.2) Enpresak elkartzeko proiektuetan parte hartzea: erosketa-zentraletako eta hiriko merkataritza guneetako enpresentzako edo udal merkatuetako txikizkako kontzesiodunentzako inbertsioak, elkarteetan sartu eta horien irudi komunera egokitu daitezen.

Diruz laguntzeko moduko inbertsioak izan daitezen, erakundeak inbertsioak egiten hasi baino lehen eskatu beharko dio Enpresa Zuzendaritza Nagusiari proiektua foru agindu honetan ezarritako araubidean sar dezan.

Enpresa Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez adieraziko du proiektua diruz laguntzeko modukoa den ala ez.

Proiektua diruz laguntzeko modukotzat onartuz gero, enpresa elkartuek diru-laguntza eskatu ahal izanen dute, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera.

B.3) Merkataritzan kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: diru-laguntza jaso ahal izanen dute UNE 175001 "Saltoki txikietako zerbitzuaren kalitatea" arau multzoaren arabera lehenengo ziurtagiria lortzeko beharrezkoak diren inbertsioak egin behar dituzten enpresak.

18. artikulua. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen inbertsioak.

Diru-laguntzaren xede den jarduerak hurrengo baldintzak bete beharko ditu:

1. Aurreko artikuluan aurreikusitako jarduketen ondorioz irudia hobetzeko eta jarduera kudeatzeko egin behar diren inbertsioak, kontzeptu hauetakoak:

a) Lokalak zaharberritzea eta horiek egokitzeko obra zibila.

b) Aktibo finko berriak eskuratzea, hala nola:

-Merkataritzako altzariak eta ekipamendua, makineria, garraiatzeko merkataritza gaiak, turismoak izan ezik.

-Ekipamendu informatikoak eta softwarea (web orriak egiteko eta sarean sartzeko hasierako gastuak eta banda zabalaren bidez Interneteko konexioa egiteko kostua barne).

-Frankizietan eta udal merkatuan sartzeko, erosketa-zentralei hasieran atxikitzeko eta bestelako enpresa elkarteetan sartzeko kanonen gastuak.

-Aktibo finkoan egindako beste edozein inbertsio, merkataritza jarduerarako beharrezkoa bada.

2. Gutxienez 1.000 euroko inbertsioa egin beharko da.

3. Diruz lagunduko dira hurrengo epeen barruan egiten diren jarduketak:

B.1) Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: urtebete, Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzuaren jardueren fitxa onesten den egunetik. Hala ere, epe hori luzatu eginen da egin beharreko inbertsioen ezaugarriak direla-eta epe luzeagoa behar bada eta aipatu fitxan horrela ezartzen bada.

B.2) Enpresak elkartzeko proiektuetan parte hartzea: proiektua diruz laguntzeko modukoa dela onesteko ebazpenean (aurreko artikuluan aipatu den horretan) ezartzen den epean.

B.3) Kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: lehenengo ziurtagiriaren auditoretza gainditu aurreko 6 hilabeteko epean.

19. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintza berariazkoak.

Irudia hobetzeko eta kudeaketarako diru-laguntzaren onuradunak izanen dira hurrengo baldintza berariazkoak betetzen dituzten txikizkako merkataritza enpresak:

1. Haien jarduera nagusia CNAE-93ko 52.1 multzokoa edo 52.5 multzokoa izatea, abenduaren 18ko 1560/1992 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2. Enpresa txikien beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

3. Jarduera egiteko Administrazioaren baimen edo kontzesio berezirik behar ez izatea.

20. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Irudia hobetzeko eta kudeaketarako diru-laguntza inbertsioaren %30 izanen da, baina jarraian jarduera bakoitzerako ezartzen diren mugak kontuan hartuta:

-Merkataritzako Kabinete Teknikoaren Zerbitzua: 9.000 euro.

-Enpresak elkartzeko proiektuetan parte hartzea: 9.000 euro.

-Kalitatearen ezaugarria ezartzeko hobekuntza ekintzak: 4.500 euro.

III. KAPITULUA

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzea

21. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Diru-laguntza emanen da informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) aplikatzeko, ondoko jarduketak eginez:

C.1) Merkatarien elkarteek garatutako proiektuak: merkatarien elkarteek zerbitzuak Internet bidez emateko sistemak ezarri eta garatu ahal izateko egindako inbertsioak, besteak beste honako hauek:

a) Elkarteek beren bazkideei ematen dizkieten zerbitzuak hobetzen lagun dezaketen sare informatikoak ezartzea.

b) Bazkide diren establezimenduek salmentak egitea elkarteak sarean duen atariaren bidez.

c) Bezeroen leialtasuna lortzeko sistemak ezarri eta garatzea.

C.2) Banakako saltokien arteko loturak: elkarte bateko merkatariak elkarteari lotutako proiektuak abiarazi eta garatzeko euren artean edo elkartearen egoitzarekin sarearen bidez konektatuta egoteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren inbertsioak.

22. artikulua. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen inbertsioak.

Diru-laguntzaren xede den inbertsioak hurrengo baldintzak bete behar ditu:

1. Merkatarien elkarteek egindako proiektuak: ekipamendu eta aplikazio informatikoetan egindako inbertsioak, eta aurreko artikuluan aipatutako proiektuak ezarri eta garatzeko beharrezkoa den aholkularitza teknikoa.

Aholkularitzarako gastuek diru-laguntza jaso ahal izanen dute inbertsioa gauzatua bada.

Diru-laguntzarako eskabidea aurkezten den egunetik hasita 9 hilabeteko epean egiten diren inbertsioek jaso ahal izanen dute diru-laguntza.

2. Banakako saltokien arteko loturak: inbertsioak informatikako ekipo eta aplikazioetan, elkartze-proiektuak abian jartzeko edo garatzeko, gutxienez 5 saltoki biltzen dituzten programa elkartuetan.

Diru-laguntzarako eskabidea aurkezten den egunetik hasita 3 hilabeteko epean egiten diren inbertsioek jaso ahal izanen dute diru-laguntza.

23. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintza berariazkoak.

IKTak aplikatzeko diru-laguntzaren onuradun izanen dira hurrengo baldintza berariazkoak betetzen dituztenak:

C.1) Merkatarien elkarteak eta merkataritza elkartuko entitateak, ezaugarri eta helburu berdintsuak dituztenak, gehienbat merkataritzako ETE-ek osatuak eta gehienbat Nafarroan kokatuak, elkarren mendekoak ez direnak.

C.2) Merkataritzako txikizkako ETE-ak, jarduera nagusia CNAE-93ko 52.1 eta 52.6 bitarteko multzoetakoa dutenak, aurreko ataleko baldintzak betetzen dituen merkatari elkarteren bateko kideak, beren eskabidea 5 dendak edo gehiagok osatutako proiektu elkartuetan aurkezten dutenak.

24. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

IKTak aplikatzeko diru-laguntza inbertsioaren %30 izanen da, baina jarraian jarduera bakoitzerako ezartzen diren mugak kontuan hartuta:

C.1) Merkatarien elkarteek garatutako proiektuak. 15.000,00 euro.

C.2) Banakako saltokien arteko loturak: 1.800,00 euro saltoki bakoitzeko.

Lehen xedapen gehigarria.-Urteko deialdia.

Enpresa zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, urteko deialdia onetsiko du, txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzak, foru agindu honetan araututakoak, emateko.

Ebazpen horren bitartez, urteko deialdiari dagokion gastua egiteko baimena emanen da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Diru-laguntzaren araubidean sartutako proiektuak.

Honako proiektu hauek diruz laguntzeko modukoak izaten segituko dute foru agindu honetan ezarritako diru-laguntzen araubidean:

-Denda elkartuak "Master Cadena" erosketa-zentralaren irudi komunera egokitzea (4215/2007 Ebazpena, abuztuaren 17koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).

-Denda elkartuak "VISION & CO" erosketa-zentralaren irudi komunera egokitzea (5020/2007 Ebazpena, urriaren 31koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana).

-Denda elkartuak "GRUPO CARNICERO NARAGI" erosketa-zentralaren irudi komunera egokitzea (694/2008 Ebazpena, otsailaren 27koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana).

-Denda elkartuak "BdB" erosketa-zentralaren irudi komunera egokitzea (695/2008 Ebazpena, otsailaren 27koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana).

-Iruña-erdialdeko Hiriko Merkataritza Gunea (1410/2008 Ebazpena, apirilaren 30ekoa, Enpresa zuzendari nagusiak emana).

Xedapen iragankor bakarra.-2008ko deialdia.

2008ko urtarrilaren 1etik foru agindu honek indarra hartzen duen egunera bitartean hasitako inbertsioek jaso ahal izanen dituzte diru-laguntza hauek. Diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean indargabetu eginen dira hemen xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, azaroaren 30eko 388/2006 Foru Agindua, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, merkataritzaren sektorea indartzeko programa diruz laguntzeko araubidea ezartzen duena.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2011ko abenduaren 31ra arte iraunen du indarrean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 12an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

I. ERANSKINA

Aktibo finkoetan inbertsioak egiteko diru-laguntza emateko irizpideen ponderazioa

1. Foru aginduaren 16. artikuluan ezarritako irizpideen ponderazioa honela eginen da:

a) Diru-laguntza jaso dezakeen inbertsioaren bolumen erlatiboa; horren arabera zehaztuko da oinarrizko diru-laguntzaren portzentajea.

Enpresaren tamaina Gutxieneko inbertsioa Diru-laguntzaren %

Mikroenpresa 30.000 15

Txikia 45.000 15

Ertaina 150.000 0

b) Lehentasunezko proiektuak; horren arabera zehaztuko da aurreko ataleko diru-laguntza oinarrizkoa zenbat gehitu behar den.

Mikroenpresa HMG eremu nagusiak 10

eta txikia HMG bigarren mailako eremuak 5

Landa eremuak, 1.500 biztanletik beherako uda-

lerriak 10

Landa eremuak, 1.500-3.000 biztanleko 5

udalerriak

Eskura dauden dendak 10

Hiri garapen berriak, eguneroko 10

produktuak

Hiri garapen berriak, egunerokoak ez diren 5

produktuak

Merkatuetako kontzesiodunak 10

Familia enpresen ondorengotza 10

Ertaina HMG eremu nagusiak 10

HMG bigarren mailako eremuak 5

Landa eremuak, 1.500 biztanletik beherako uda-

lerriak 10

Landa eremuak, 1.500-3.000 biztanleko 5

udalerriak

Enpresa zuzendari nagusiak adierazi ahal izanen du proiektu bat interes berezikoa dela, eta berari gehieneko portzentajea esleitu, %10ekoa, hain zuzen ere, ondoko alderdi hauek kontuan hartuz:

-Garapenerako arazoak dituzten tokietan egotea.

-Toki bateko merkataritza jarduerari eustea.

-Proiektuaren garrantzia estrategikoa.

c) Lanpostu egonkorrak mantendu edo sortzea: aurreko a) eta b) ataletako diru-laguntzaren portzentajea igo eginen da.

-Mikroenpresak: lanpostuei eusten bazaie, oinarrizko diru-laguntzaren portzentajeari puntu bat erantsiko zaio, eta lanpostu berriak sortzen badira, puntu bat gehiago erantsiko da sortutako lanpostu bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu gehiago.

-Enpresa txikiak: lanpostuei eusten bazaie, oinarrizko diru-laguntzaren portzentajeari puntu bat erantsiko zaio, eta lanpostu berriak sortzen badira, puntu bat gehiago erantsiko da sortutako 2 lanpostuko, gehienez ere 5 puntu gehiago.

-Enpresa ertainak: diru-laguntzaren portzentajeari puntu bat gehituko zaio sortutako 3 lanpostuko, gehienez ere 5 puntu gehitu arte.

2. Diru-laguntza jaso ahal izateko, baldintza hau bete behar da: a) eta b) atalen arabera, diru-laguntzaren portzentajea gutxienez ere 5 puntukoa izatea.

Iragarkiaren kodea: F0809433