81. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

194/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, merkataritzaren sektoreko 2008-2011 aldiko trebakuntza programarako diru-laguntzen araubidea ezarri duena.

ARRAZOIEN AZALPENA

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko II. Planak (2008- 2011) taldeak merkataritzaren sektoreko trebakuntza programa baten ezarpena aurreikusten du.

Programa honen helburua Nafarroako merkataritzaren egitura modernizatzea da, ondoko ekintza hauen bitartez: merkataritzako enpresaburu, langile eta teknikarien profesionalizazioa hobetzea; horietatik trebakuntza maila baxua dutenak birtziklatzea; eta enpresak kudeatzeko teknika eta bitarteko berriak jartzea haien esku.

Planean neurri hauek jaso dira, besteak beste: berariazko ikastaroak behar diren sektoreetako pertsonentzat gai jakin batzuen inguruko trebakuntza antolatzen laguntzea; lanbidea hobetu nahi duten enpresaburuentzako (prestakuntza dutenentzako zein ez dutenentzako) biriziklatze-ikastaroak antolatzea; sektoreko langileen enpleguen kalitatea hobetzea trebakuntzaren bitartez.

Ildo beretik, Planean hainbat neurri ezarri dira trebakuntzaren arloan IKTak aplikatzeko: urruneko ikastaroak, linean ikasteko aukera ematen dutenak, antolatzea, eta merkataritzako trebakuntza programetan sektorean aplika daitezkeen teknologia berriei buruzko ikastaroak eta mintegiak sartzea.

Foru agindu honen xedea merkataritzaren sektoreko 2008-2011 aldiko trebakuntza programarako diru-laguntzen araubidea ezartzea da.

Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak foru agindu honetako proiektuari buruz aldeko txostena egin du 2008ko ekainaren 3ko bilkuran, Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 63.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru agindu honetan ezartzen den diru-laguntza araubideari Europako Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 68/2001 Erregelamendua aplikatu behar zaio, EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak, trebakuntzarako laguntzen aplikazioari buruzkoa. Laguntza horien aplikazioaldia luzatu egin zuen Batzordearen 2006ko abenduaren 20ko 1976/2006 Erregelamenduak.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat, hauxe

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Hauxe da diru-laguntza hauen xedea: merkataritzaren sektoreko agenteentzako prestakuntza espezializatuko eskaintza sustatzea, merkatarien elkarteekin eta beste entitate eta erakunde batzuekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskainitako lanerako etengabeko prestakuntzaren osagarri izanen dena.

Halaber, sektoreari ezagutzera eman nahi zaizkio, haren elkarteen bitartez, merkataritza dinamizatzeko esparru nazionalean eta nazioartekoan izandako esperientziak.

2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Ondoko jarduera hauek jaso dezakete diru-laguntza:

A.-Prestakuntza jarduerak antolatzea:

A.1) Gai monografikoetan sakonduko duten edo merkataritzako banaketaren oinarrizko alderdiak landuko dituzten jardunaldi, biltzar, mintegi monografiko eta sentsibilizazio jarduerak, sektoreko estamentu guztien arteko harremana izateko eta ezagutzak eta esperientziak bateratzeko aukera emanez. Jarduera hauek 2 ordu iraunen dute gutxienez.

A.2) Ikastaroak; ondokoak bete behar dituzte:

-Merkataritzako enpresen kudeaketa edota sektore honetako langileen espezializazioa landu behar dute, eta beraien helburua Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskainitako lanerako etengabeko prestakuntza osatzea izan behar da.

-Gutxienez 15 lagunek hartu behar dute parte ikastaro bakoitzean, eta gehienak merkatariak izan behar dira. Salbuespen gisa, parte-hartzaile gutxiago onartuko dira merkatarien elkarteek antolatutako ikastaroetan, baldin eta aurrean ezarritako kopurura heltzeko arrazoi objektiboak badaude. Arrazoi horiek eskabidean azaldu behar dira eta Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak onartu beharko ditu.

-20 ordu iraun behar du gutxienez.

B.-Prestakuntza jardueretan parte hartzea.

B.1) Nafarroatik kanpo antolatutako biltzar, jardunaldi tekniko, mintegi monografiko eta hitzaldietan parte hartzea.

B.2) Merkatarien elkarteek eta sektorearekin zuzenean lotutako irabazteko asmorik gabeko bestelako erakundeek antolatutako arakatze bidaietan parte hartzea, merkataritza eremuak kudeatzeko ereduak eta Nafarroaren antzeko egoeran dauden hirietako merkataritza biziberritzen laguntzeko eginkizun egokiak eta esperientzia arrakastatsuak gertu-gertutik ezagutu ahal izateko.

Bidaia horiek diru-laguntza jaso ahal izan dezaten, erakunde antolatzaileak, bidaiari hasiera eman aurretik, Enpresa Zuzendaritza Nagusiari eskatu behar dio foru agindu honek araututako diru-laguntzan sartzeko.

Enpresa Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bidez onartu edo ukatuko du bidaia diru-laguntzaren barruan sartzea.

Onartzen badu, parte hartzen duten elkarteek diru-laguntza eskatu ahal izanen dute, foru agindu honetan xedatutakoari lotuta.

3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzen portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak ondoko hauek dira, jardueraz jarduera:

A.-Prestakuntza jarduerak antolatzea.

Sortutako defizitaren %100eko diru-laguntza jasotzen ahalko dute, muga antolaketaren gastu guztien %50 dela. Muga hau %70ekoa izango da merkatarien elkarte batek ekitaldi berean merkataritza jarduketarako programa bat garatzeko dirulaguntza jasotzen duenean.

Jarduerek sortzen duten defizita zehazteko ondoko dirusarrera eta gastuak hartuko dira kontuan:

Gastuak: hizlarien kontratazioa, jardueraren promozioa, jardueraren euskarri den dokumentazioaren edizioa eta jarduerak berarekin dakartzan gainerako gastu arruntak (erakunde eskatzailearen langileen gastuak ezin dira sartu).

Dirusarrerak: erakunde antolatzailearenak, parte-hartzaileen inskripzioen dirusarrerak, beste entitate babesle batzuen diru-ekarpenak eta jarduerari zuzenean loturiko bestelako dirusarrera arruntak.

Hala ere, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa jarduera bakoitzeko ondokoa izango da:

A.1) Jardunaldiak, biltzarrak, mintegi monografikoak eta sentsibilizazio jarduerak: 6.000 euro.

A.2) Ikastaroak: gehieneko zenbatekoa ondoren azalduko diren bietatik txikiena izanen da:

-10 euro ikasle eta orduko.

-6.000 euro.

B.-Prestakuntza jardueretan parte hartzea.

B.1) Nafarroatik kanpoko jardueretan parte hartzea: inskripzio, joan-etorri, ostatu eta otorduen gastuen %50, gehienez 600 euro jarduera bakoitzeko.

Diru-laguntzak pertsona baten asistentzia hartuko du elkarteko, eta urtean bi jarduera elkarteko gehienez.

B.2) Arakatze bidaietan parte hartzea: diru-laguntzak inskripzio, joan-etorri, ostatu eta mantenuaren gastu guztiak hartuko ditu, gehienez ere 600 euro parte-hartzaileko.

Elkarte bakoitzeko bi pertsonaren parte-hartzea finantzatuko da gehienez.

4. artikulua. Onuradun izateko baldintzak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek, diru-laguntza jaso dezaketen jardueren arabera, ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:

A.-Prestakuntza jarduerak antolatzea.

Merkataritzaren sektoreko agenteendako prestakuntza jarduerak antolatzen dituzten merkatarien elkarteak, irabazteko asmorik gabeko elkarteak eta merkatarien elkarteen federazioak. Helbidea, betiere, Nafarroan izan behar dute.

B.-Prestakuntza jardueretan parte hartzea.

Merkatari elkarteak eta antzeko ezaugarri eta helburuak dituzten erakundeak, legez osatuak badira eta behar den ordezkaritza badute. Ekintzetan parte hartzen dutenak erakunde eskatzaileko kudeatzaile edo Zuzendaritza Batzordeko kide izan behar dira.

5. artikulua. Betebeharrak frogatzea.

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarrita dauden debekuetako bat ere ez duela frogatzeko, diru-laguntzaren eskatzaileak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, Fc6.02.02 inprimakian egina.

2. Aurreko artikuluan aipatzen diren berariazko betebeharrak agiri hauek aurkeztuz frogatu beharko dira:

a) Diru-laguntzarako eskabidea lehenbizikoz aurkezten duten entitateentzat:

-Eskatzailearen nortasuna frogatzen duten agiriak. Horretarako honelako agiriak aurkeztuko dira: eraketaren eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren kopia.

b) Lehenago ere diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu izan duten entitateentzat:

-Eskatzailearen datuak aurkeztu zirenetik aldatu ez direla dioen erantzukizuneko aitorpena, edo, aldaketaren bat izan bada, horren egiaztagiriak.

Ez dute eskatzailearen nortasunaren frogagiririk aurkeztu beharrik izanen Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ematen dituen diru-laguntzak jasotzeko asmoz lehenengo aldiz aurkezten diren eskatzaileek, baldin eta jakinarazten badute agiria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duela. Kasu horretan, agiria noiz eta zein organori aurkeztu zitzaion zehaztu beharko dute eta beren erantzukizunpean adierazi beharko dute ez dela aldaketarik izan.

Lehenago Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren diru-laguntzaren bat jaso dutenek aski izanen dute erantzukizuneko aitorpena egitea, dokumentazio hori aurkeztu zenetik aldatu ez dela adierazteko.

6. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskabidea postetxean aurkezten bada, gutun-azal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskaera jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Aurreko urteko azaroaren 1etik aribideko urteko urriaren 31ra bitartean egindako edo egiteko diren ekintzetarako eskabideak ondoko epealdi hauetan aurkeztu behar dira:

-Prestakuntza jarduerak antolatzea: otsailean.

-Prestakuntza jardueretan parte hartzea: abuztuaren 31ra arte, bera barne.

3. Eskaera egiteko "Merkataritzaren sektoreko trebakuntza programarako diru-laguntzaren eskabidea" izeneko Fc7.06.08 inprimakia erabili behar da, eta horrekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Aurreko artikuluan ezarririko betebeharrak frogatzen dituzten agiriak.

b) Erakundearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, behar izanez gero, horien ahalordetzea.

c) Eskatzailea merkatari elkartea izanez gero, elkartearen akta- liburuaren kopia konpultsatua; bertan agertu behar da nola Batzarrak diru-laguntzaren xede den trebakuntza plana onetsi duen.

d) Prestakuntza jarduerak antolatzea:

-Aurreko urteko azaroaren 1etik aribideko urteko urtarrilaren 31ra arte egindako jardueretarako, foru agindu honen 9. artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu behar dira.

-Aribideko urteko otsailaren 1etik urriaren 31ra bitartean egitekoak diren jardueretarako: ekintza bakoitzari buruzko memoria bat, ondokoak zehazten dituena: prestakuntza jardueraren izenburua, edukia eta arduradunaren izena; iraupena, egiteko tokia eta egunak; hartzaileak eta partaide kopurua; jarduera gauzatzeko behar diren baliabideak, langileak eta haien kualifikazioa; dirusarreren eta gastuen kontusail garrantzitsuenen azalpena; eta 7. artikuluan ezarritako ebaluazio irizpideen azalpena.

e) Prestakuntza jardueretan parte hartzeko:

-Aurreko urteko azaroaren 1etik aribideko urteko uztailaren 31ra arte egindako jardueretarako, foru agindu honen 9. artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu behar dira.

-Aribideko urteko abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitartean egitekoak diren jardueretarako: jarduerari buruzko memoria, programarekin (edo egitekoen laburpena) eta aurreikusitako gastuen kontu-sail nagusiak.

f) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskuratu diren beste laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, Fc7.06.16 ereduaren araberakoa.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimaki jatorrizkoa, baldin eta inoiz ez bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso.

Foru agindu honetan aipatzen diren aitorpen-eredu eta inprimaki guztiak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (http://www.navarra.es) eskura daitezke.

4. Eskabideak ez baditu betetzen aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio ezarritako epean zuzen dezala, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi egin behar zaio interesdunari.

7. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntzak ondoko irizpide objektibo hauei jarraikiz emanen dira:

A.-Prestakuntza jarduerak antolatzea.

Diru-laguntza ematea eta eskatutako prestakuntza jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa 3. artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeen eta mugen arabera erabakiko da, honako balorazio irizpideak aplikatuz:

a) Edukiak Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2008-2011 planean ezarritako jarduketa ildo eta neurriei egokitzen diren. %35 balioko du.

b) Espezializazioa, jardueraren edukiari eta hartzaileei dagokienez. %35 balioko du.

c) Jardueraren xede den kolektiboaren edo lurraldearen hedapena. %20 balioko du.

d) Erakunde bakoitzak aurreko ekitaldian diru-laguntza hauen xede izan ziren prestakuntza jarduerak zenbateraino egin eta bete dituen. %10 balioko du.

B.-Prestakuntza jardueretan parte hartzea.

1. Diru-laguntza har dezaketen jarduerei dagokien zenbatekoa 3. artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeen eta mugen arabera kalkulatuko da.

2. Urtero baimendutako aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman beharreko diru-laguntza guztien zenbatekoa baino txikiagoa bada, entitate bakoitzak aurreko ekitaldian programa honetan diruz lagundutako jarduerak zenbateraino bete zituen aztertuko da eta horren portzentajea aplikatuko zaio aurreko zenbatekoari.

3. Aurrekontuko diru kopurua aurreko puntuaren arabera eman behar diren diru-laguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.

4. Aurrekontuan diru gehiago baldin badago eskura ekitaldian zehar, edo emanda zeuden diru kopuruak askatzen badira, laguntzaren osagarri bat ematen ahalko da, betiere 3. artikuluan ezarritako portzentajeetaraino eta diru kopuruetaraino.

8. artikulua. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateaz eta frogatutako ekintzei dagozkien ordainketez ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaerari ezetza eman zaiola pentsatu behar da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. artikulua. Egindako gastu eta ordainketak frogatzea.

1. Onuradunek egindako gastuak eta ordainketak frogatu behar dituzte. Horretarako, merkataritzaren sektoreko trebakuntza programarako diru-laguntzak justifikatzeko Fc7.06.09 inprimakia erabili beharko du eta hurrengo agiriak aurkeztu beharko ditu:

a) Prestakuntza jarduerak antolatzea:

-Prestakuntza jardueraren ebaluazio-txostena, eta horretan honakoak jasoko dira: prestakuntza jardueraren izenburua, edukia eta arduradunaren izena; iraupena, egiteko tokia eta egunak; hartzaileak eta parte-hartzaileen kopurua; jarduera gauzatzeko behar diren baliabideak, langileak eta haien kualifikazioa; eta 7. artikuluan ezarritako ebaluazio irizpideen azalpena.

-Parte-hartzaileen zerrenda Fc7.06.09 ereduari jarraituz eta, ikastaroak izanez gero, haien parte-hartzailetzaren eguneroko agiriak, behar bezala izenpetuak.

b) Prestakuntza jardueretan parte hartzeko:

-Jardueren txosten-ebaluazioa eta programa edo edukien laburpena.

-Elkarte edo erakundearen eta parte-hartzailearen arteko harremana frogatzen duten agiriak.

c) Egindako ekintzen frogagiriak: frogagiri gisa fakturak eta ordainketak egin izanaren agiriak, hala nola bankuko ordainagiriak, letrak eta bankuko karguak, aurkeztuko dira.

Jarduera bat baino gehiagoren kontzeptuak jasotzen dituen fakturetan dirulaguntza jaso dezakeen jarduera bakoitzaren zenbatekoa ongi zehaztu beharko da.

2. Ekintzen justifikazioa epe hauetan aurkeztu beharko da:

a) Prestakuntza jarduerak antolatzea.

-Aurreko urteko azaroaren 1etik aribideko urteko urtarrilaren 31ra arte egindako ekintzak: diru-laguntzarako eskabidearekin batera.

-Otsailaren 1etik urriaren 31ra arte egindako jarduerak: azaroaren 15era arte, egun hori barne.

b) Prestakuntza jardueretan parte hartzea.

-Aurreko urteko azaroaren 1etik aribideko urteko uztailaren 31ra arte egindako ekintzak: diru-laguntzarako eskabidearekin batera.

-Abuztuaren 1etik urriaren 31ra arte egindako jarduerak: azaroaren 15era arte, egun hori barne.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean agirietako baten bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, Departamentuak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

3. Artikulu honetan ezarririko moduan eta epealdian justifikaziorik aurkeztu ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

10. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epealdi hauetan emanen da:

-Aurreko urteko azaroaren 1etik aribideko urteko urtarrilaren 31ra arte egindako ekintzetarako: laguntza ematea eta ordainketa batera eginen dira.

-Otsailaren 1etik urriaren 31ra arte egindako ekintzetarako: aurreko artikuluan aipatzen diren agiriak, proiektuko ekintzak frogatzen dituztenak, aztertu ondoren pagatuko dira.

11. artikulua. Baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emanda dagoela, jardueraren bat, dena delakoagatik, egiten ez bada, onuradunak horren berri eman beharko dio Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari (Merkataritzarako Zerbitzuen Atala) jakin bezain laster, eta nahitaez irailaren 30a baino lehen.

Horrek berekin ekar dezake emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzea, eta askatzen diren kopuruak aurrekontuan nahikoa diru ez izateagatik hasieran baztertu diren beste eskatzaile batzuei eman ahal izanen zaizkie.

Adierazitako egunetan egin ezean, antolatu gabeko jarduerak gauzatu gabekotzat joko dira, foru agindu honen 7. artikuluaren arabera hurrengo urteko deialdian aplikatu behar den "gauzatze maila" kalkulatzeko orduan.

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, ematen den inprimakiko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Diru-laguntzaren kontzesioaren ebazpena jakinarazi ondoren garatzen diren ekintzetarako, onuradunak, gutxienez ere astebete lehenago, prestakuntza ekintza zer egunetan, zer ordutan eta non izanen den adierazi beharko du.

3. Irabazteko asmorik gabeko entitateek egindako jarduerak badira, haien publizitatea eginen da eta haien parte-hartzaileak irizpide objektiboei jarraikiz aukeratuko dira.

4. Diru-laguntzaren onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren jarduerek finantzaketa publikoa dutela.

Publizitate horretan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jartzen bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan eginen da.

5. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako baten bat bete ezean, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere.

13. artikulua. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira ekintza beretarako elkarte edo entitate antolatzaileak hartzen dituenekin.

14. artikulua. Europar Batasuneko arauak, aplikatu beharrekoak.

Europako Batzordearen 2001eko urtarrilaren 12ko 68/2001 Erregelamendua, EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak trebakuntzarako laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Laguntza horien aplikazioaldia luzatu egin zuen Batzordearen 2006ko abenduaren 20ko 1976/2006 Erregelamenduak.

15. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Xedapen gehigarri bakarra.-Urteko deialdia.

Enpresa zuzendari nagusiak ebazpen bidez onetsiko du merkataritzaren sektoreko trebakuntza programarako diru-laguntzen urteko deialdia, foru agindu honetan araututakoa.

Ebazpen horretan urteko deialdiko gasturako baimena emanen da, eta, behar izanez gero, eguneratze hauek eginen dira:

-Diru-laguntza jaso dezaketen jardueren betekizunak, 2. artikuluan ezarritakoak, eguneratuko dira.

-Foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako gehieneko portzentajeak eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak eguneratuko dira.

-Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak, 7. artikuluan ezarritakoak, eguneratuko dira.

Xedapen iragankor bakarra.-2008ko deialdia.

2008ko diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra eta 2011ko abenduaren 31ra arte iraunen du indarrean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 12an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0809432