8. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ANTSOAINGO, BERRIOBEITIKO, BERRIOZARKO, ITZAKO ETA TXULAPAINGO UDALEN GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEA

Estatutuen aldaketa

Mankomunitate honen Batzar Orokorrak, 2006ko abenduaren 21ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Estatutuen aldaketa. Gero aldaketa hori jendaurrean egon zen hilabetez Mankomunitateko udalen iragarki oholetan, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu. Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2007ko maiatzaren 3an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen Estatutuen aldaketa, eta ondoren Toki Administrazioko Departamentuak adostasun txostena eman zuen. Behin Mankomunitateko udalek osoko bilkuretan onetsirik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 50.3 artikuluak 50.1.6 artikuluari dagokionez xedatutakoarekin bat, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen da haren testu osoa. Hona hemen:

ZIOEN AZALPENA

Ia hamabost urte dira mankomunitate honen Estatutuak onetsi zirela eta orain arte ez zaie inolako aldaketarik egin. Dagoeneko beharrezkoa da haiek aldatzea, denborak aurrera egin ahala sortu den antolaketa, gizarte eta lege egoera berriari egokitzeko.

Aldaketa honen helburu nagusia udal bakoitzak Batzar Orokorrean dituen ordezkarien kopurua aldatzea da, proportzio berria ezarriz, alegia, ordezkaritza izateko eskubidea ematen duen biztanle kopurua handituz. Izan ere, biztanleriarekin batera, Batzar Orokorreko kideen kopurua gehiegi hazi da, eraginkortasunaren eta kudeaketaren kalterako, eta laster benetan ezinezkoa izanen da batzarkide kargu guztiak betetzea.

Aldaketa honetan, bidenabar, zenbait manuren testua hobetu da, manu batzuk gehitu eta beste batzuk kendu dira eta sistematika berria ezarri, zeina aldatu nahi diren Estatutuen indarraldian izandako esperientzia praktikoaren emaitza baita.

ATARIKO TITULUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo udalek beren borondatez mankomunitatea osatu dute beren eskumeneko zerbitzuak antolatzeko. Zerbitzuok Estatutuen II. kapituluan azaltzen dira.

2. artikulua. Mankomunitate honek, aurreko artikuluan aipatutako entitateek osaturiko toki entitate gisa, nortasun juridikoa izanen du, baita bere xedeak betetzeko gaitasun juridiko osoa eta autonomia ere, eta Estatutu hauetan xedatutakoaren bidez arautuko da.

3. artikulua. Toki entitate honek "Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatea" izanen du izena.

Izena aldatu ahal izateko beharrezkoa izanen da Batzar Orokorrak erabakia hartzea legezko kideen gehiengo osoaren adostasunez.

Mankomunitateko lehendakaria zein herritako zinegotzia den, han izanen du unean uneko egoitza Mankomunitateak.

4. artikulua. Une bakoitzean Mankomunitatea osatzen duten toki entitateen mugapeek osatuko dute haren lurralde eremua.

5. artikulua. Mankomunitateak, bere eskumeneko eremuan, Legean ezarritako ahalmenak ditu.

II. KAPITULUA

Xedea

6. artikulua. 1. Mankomunitatearen xedea izanen da bera osatzen duten udalen eskumeneko gizarte zerbitzuak egitea, udalek horien ardura ematen badiote. Bereziki gizarte zerbitzu oinarrizkoak eginen ditu, eta une bakoitzean gaiari buruz indarra duten xedapenei jarraituko die.

2. Kide diren udalen eskumeneko bestelako zerbitzuak ere egiten ahal ditu, udalek haien ardura emanez gero, une bakoitzean gaiari buruz indarra duten xedapenetan ezarritako moduan.

7. artikulua. Mankomunitateak udalen beste eskumen batzuk erabili ahal izanen ditu, haien titulartasuna bere gain hartuta.

8. artikulua. Mankomunitateak, bere xedeari eragiten dioten gaietan, eskumenak erabiltzeko delegazioa onartu ahal izanen dio edozein administrazio publikori, baita eskumenen transferentzia edo deszentralizazioa ere.

III. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

9. artikulua. Mankomunitatea eta bere kide diren toki entitateak elkarrekin ariko dira zerbitzuak ahalik eta hobekien ematearren, behar diren informazio, laguntza eta babesa elkarri eskainita.

10. artikulua. Mankomunitatearen eta gainerako administrazio publikoen arteko lankidetza ekonomiko, tekniko eta administratiboa gauzatzeko, administrazio hitzarmenak sinatuko dira.

IV. KAPITULUA

Nahitaezko organoak eta borondatezkoak.

11.artikulua. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa organo hauen esku daude:

A) Mankomunitateak nahitaezko organo hauek ditu:

-Lehendakaritza.

-Lehendakariordetza.

-Batzar Orokorra.

Batzar Orokorra da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskurantzak izanen ditu, baita antolamendu juridikoak aitortzen dion beste edozein ere.

B) Mankomunitateak borondatezko organo hauek izan ditzake:

-Batzorde Iraunkorra.

Mankomunitateko Batzar Orokorrak Mankomunitateko Batzorde Iraunkorra sortzea erabaki ahal izanen du. Batzorde Iraunkorraren osaera, eginkizunak eta eskumenak hura sortzeko erabakian ezarriko dira, eta lehendakariak haren esku utzi ahal izanen ditu beste eskumen batzuk.

-Batzar Orokorrak sortzen duen beste edozein organo.

Erregelamendu Organikoaren bidez beste organo batzuk ezarri eta arautu ahal izanen dira, aurrekoen osagarriak.

I. TITULUA

Nahitaezko organoak

I. KAPITULUA

Batzar Orokorra

1. ATALA

Osaera

12. artikulua. Mankomunitateko Batzar Orokorrak Mankomunitateko udalak ordezkatuko ditu. Kide hautetsiek osatuko dute. Mankomunitateko udalen ordezkariek osatuko dute Batzar Orokorra. Beren entitateetan zinegotzi karguaren jabe izan behar dute.

Batzar Orokorreko kide izaten hasiko dira Udalak horretarako izendatu izanaren jakinarazpena jaso eta Batzar Orokorrari horren berri ematen zaionean.

13. artikulua. Mankomunitateko udalen ordezkari kopuruen arteko proportzioa honakoa izanen da:

Mankomunitateko udal guztiek gutxienez ordezkari bat izanen dute, biztanle kopurua edozein izanda ere.

Ordezkari horrez gain, 2.501 biztanle edo gehiago dituzten udalek ordezkari bat izanen dute 2.500 biztanleko edo zatikiko.

Biztanleria zehazteko, toki hauteskundeak egiterakoan udalerriek dituzten biztanleria kopuru ofizialak hartuko dira oinarritzat.

14. artikulua. Ordezkariak hautatzea eta kargua uztea

1. Udalek nahierara hautatu eta berrituko dituzte beren ordezkariak. Toki hauteskunde bakoitzean izendapena berritu behar da nahitaez.

Udalak ordezkariren bat aldatzen badu haren agintaldia amaitu aurretik, Mankomunitateari jakinarazi beharko dio eta besterik gabe ordezkari horrek Batzar Orokorreko kide izateari utziko dio. Hilabete iragan baino lehen Udalak beste ordezkari bat izendatu beharko du.

Mankomunitateko batzarkideek, orokorrean, beren kargua utziko dute honelakoetan:

a) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzar Orokorreko kide diren aldetik lanean jarraituko dute beren ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, bakarrik administrazio arruntaz arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da erabakirik hartzen ahalko legez gehiengo kualifikatua behar bada horretarako.

b) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi edo Mankomunitateko Batzar Orokorreko kide izateko karguari uko egiteagatik.

2. Udalbatzak erabakita, bere borondatez edo beste edozein arrazoirengatik batzarkide batek Udaleko zinegotzi kargua uzten badu, Udalak Mankomunitateari jakinarazi beharko dio eta besterik gabe hark Batzar Orokorreko kide izateari utziko dio. Hilabete iragan baino lehen Udalak beste ordezkari bat izendatu beharko du.

2. ATALA

Eraketa

15. artikulua. 1. Batzar Orokorra eratzeko ezarritako egun berean, Mankomunitateko batzarkide alde eginek bilkura berezia eginen dute, aurreko bilkuraren akta onesteko xede bakarrarekin.

2. Batzar Orokorra jendaurreko bilkuran eratuko da, udal hauteskundeen ondoko 4 hilabeteko epean, lehendakari alde eginak deiturik.

Horretarako Adin Mahaia eratuko da. Ekitaldian diren hautetsi zaharrenak eta gazteenak osatuko dute, Mankomunitateko idazkariak lagundurik.

Bertaratuen identitatea eta kopurua egiaztatu ondoren, Mahaiak Batzarra eratutzat joko du batzarkide hautetsien gehiengo osoa bildu bada.

Bestela, bilkura bi egun geroago eginen da eta Batzar Orokorra eratuko da bertaratzen diren batzarkideen kopurua edozein dela ere.

3. Mankomunitateko batzarkideei hauteskunde legeen arabera Udaleko agintaldia amaitzen zaienean Mankomunitateko Batzarreko agintaldia ere amaituko zaie.

Agintaldia bukatutakoan batzarkideek beren eginkizunetan jarraituko dute, administrazio arrunterako soilik, harik eta Batzar Orokor berria eratzeko bilkura egin arte, eta bitarte horretan inola ere ezin izanen dute legez gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik hartu.

3. ATALA

Bilkuren araubidea

16. artikulua. 1. Batzar Orokorrak hiru hilean behin eginen du bilkura arrunta.

Orobat, egokitzat jotzen diren bilkurak eginen dira, bai Mankomunitateko lehendakariak deituta edo batzarkideen lautik batek eskatuta.

2. Mankomunitateko kide anitzeko organoek bilkura arruntak izanen dituzte aldez aurretik ezarritako aldikotasunez, eta bilkura bereziak ere bai, gainera presakoak izan daitezkeenak.

3. Oro har, erabakiak bertaratutako batzarkideen gehiengo soilaz hartuko dira. Legean edo Erregelamendu Organikoan hala xedatzen denean, gehiengo kualifikatuaren botoa beharko da.

17. artikulua. 1. Bilkura arrunterako deialdia gutxienez sei egun natural lehenago egin behar da, ordezkariek gaiak aztertu ahal ditzaten, indarra duen araudiari jarraikiz.

Deialdietan bilkuraren eguna, ordua eta tokia agertuko dira. Zilegi izanen da deialdia udalei igortzea haiek batzarkideei helaraz diezaieten.

Mankomunitateko kide anitzeko organoen bilkurak Mankomunitateko edozein udaletan egin ahal izanen dira.

2. Egoitza aldatu ahal izanen da, Batzar Orokorreko legezko kideen bi herenen botoez hala erabakitzen bada.

3. Aurreko puntuaren haritik, udalek Mankomunitateari nahitaez utzi behar diote beren egoitzak erabiltzen, kide anitzeko organoen bilkurak egiteko.

18. artikulua. 1. Deialdiari aztergaien zerrenda erantsiko zaio, ordezkariek ebatzi beharreko gaiak aztertu ahal ditzaten, eta dagozkien agiriak batzarkideen eskura egonen dira Mankomunitatearen bulegoetan, deialdia bidaltzen den egunetik.

2. Batzar Orokorreko kideen botoa pertsonala eta delegaezina da.

19. artikulua. Erabakiak hartuko dira Nafarroako toki entitateen erabakien gaineko araubideaz indarra duen araudiaren ariora, salbu eta Estatutu hauetan xedatutakoa.

20. artikulua. Batzar Orokorreko legezko kideen gehiengo absolutuak aldeko botoa ematea beharrezkoa izanen da erabakiak hartu ahal izateko, ondoko kasuetan:

1. Ordenantzak eta erregelamenduak onesteko eta aldatzeko, zerbitzuen erabiltzeari edo Mankomunitatearen funtzionamendu araubideari eragiten badiote eta haren eskumenekoak badira.

2. Mankomunitatean kide berriak onartzeko.

3. Estatutu hauek onesteko eta aldatzeko.

4. Mankomunitatearen kontuak onesteko.

4. ATALA

Eskumen eta eskurantzak

21. artikulua. Mankomunitateko Batzar Orokorrari dagozkio eskurantza hauek:

1. Lehendakaria hautatzea, zentsura mozioaren bidez kargutik kentzea eta hark aurkeztutako konfiantza galdea bozkatzea, hauteskundeei buruzko legeria orokorrari jarraituz.

2. Organo deskontzentratuak sortzea, egoitza lekuz aldatzea, Mankomunitatearen izena edota logotipoa aldatzea.

3. Erregelamendu Organikoa eta Mankomunitatearen eskumeneko gainerako xedapen orokorrak onestea.

4. Zerga bidezko baliabide berezkoak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumenen barneko arloei dagozkien gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

5. Kontu Batzorde Berezi bilakatzea, kontuak hasiera batean onetsi aurreko txostena emateko.

6. Beste administrazio publiko batzuek egiten duten eskumen delegazioa onartzea.

7. Langileen plantilla eta lanpostuen zerrenda onestea, funtzionarioen ordainsari osagarri finkoen eta aldizkakoen zenbatekoa ezartzea, eta behin-behineko langileen kopurua eta araubidea ezartzea.

8. Egintza administratibo eta judizialak bideratzea eta Mankomunitatea defendatzea bere eskumeneko gaietan.

9. Beste administrazio publikoekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko hitzarmenak onestea.

10. Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, lehendakariari dagozkionak izan ezik.

11. Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazio edo kontzesioa bere eskumena bada, eta aurrekontuetan oraindik aurreikusirik ez badaude.

12. Kreditu eta diruzaintza eragiketak ituntzea, lehendakariari dagozkionak izan ezik.

13. Ondasun eta eskubideen erosketak eta ondarearen besterentzeak, lehendakariari dagozkionak izan ezik.

14. Zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko behar diren neurriak hartzea.

15. Urtero egindako lanaren berri ematea udalei, ekitaldian zerbitzuak nola funtzionatu duen eta Mankomunitateak nola jardun duen azaltzen dien memoriaren bidez.

16. Gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzea eta zerbitzuak gainbegiratzea.

17. Onesteko gehiengo berezia behar dutelako, Batzar Orokorrari dagozkion eskurantzak.

18. Legeek espresuki haren gain uzten dituen gainerakoak.

19. Udalen osoko bilkuren gainerako eskurantzak, baldin eta beste organo batzuei ez badagozkie, Estatutu hautetan ezarritakoaren arabera.

Batzar Orokorrak lehendakariaren esku uzten ahal du, osorik edo zati batean, bere eskurantzetatik edozein, salbu eta indarra duen legeria aplikagarriaren arabera onesteko gehiengo kualifikatua behar dutenak edo delegaezinak direnak.

II. KAPITULUA

Lehendakaria eta lehendakariordea

1. ATALA

Lehendakariaren eskumen eta eskurantzak

22. artikulua. Mankomunitateko lehendakariari eskurantza hauek dagozkio:

1. Mankomunitateko organo guztien bilkura deiak egitea eta bilkuretan buru izatea, kalitateko botoaz berdinketak haustea, eta hartzen diren legezko erabakiak argitaratu eta bete daitezen agintzea.

2. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa zuzentzea eta haren zerbitzu eta obrak ikuskatu eta bultzatzea.

3. Mankomunitatea ordezkatzea hala egintza publikoetan nola jarduera eta negozio juridikoetan: besteak beste, kontratu edo hitzarmenak formalizatzea, eskritura, agiri eta polizak sinatzea eta bankuetako kontu eta negozioak irekitzea; halaber, prokuradoreei ahalordeak ematea judizioan edo judiziotik kanpo agertzeko, behar izanez gero, Batzar Orokorrak kasu bakoitzean erabakitzen dituen ahalmenekin.

4. Aurrekontuen proiektua egitea, idazkariak eta kontu-hartzaileak lagundurik, eta Batzar Orokorrari aurkeztea; gastuak xedatzea bere eskumeneko eremuan eta ordainketa aginduak ematea, dirusarreren formalizazioa dakarten agiriak baimentzea eta kontuak ematea, eta garapen eta kudeaketa ekonomikoez arduratzea onetsitako aurrekontuaren arabera.

5. Lan eskaintza publikoa onestea, Batzar Orokorrak onetsitako aurrekontuarekin eta plantillarekin bat; langileak hautatzeko proben eta lanpostuak betetzeko lehiaketen oinarriak onestea; eta ordainsari osagarriak banatzea, baldin eta finkoak eta aldizkakoak ez badira.

6. Langile guztientzat buru nagusia izatea, eta haien izendapena eta zehapenak erabakitzea, baita Mankomunitateko funtzionarioak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratudunak iraiztea ere, eta horren berri Batzar Orokorrari ematea, azken bi kasu horietan, egiten den hurrengo lehenbiziko bilkuran.

7. Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Mankomunitatea defendatzea bere eskumeneko gaietan, baita beste organo bati delegatu dizkionean ere, eta presakoa denean, Batzar Orokorraren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan Batzar Orokorrari berari eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

8. Agintariei eginiko desobeditzeak edo ordenantzen kontra eginiko arau-hausteak zehatzea, beste organo batzuen eskurantza denean salbu.

9. Era guztietako kontratazio eta kontzesioak egitea, horien zenbatekoa gehienez aurrekontuko baliabide arrunten %10 bada eta gehienez lau urte irauten badute, betiere urte guztietako zenbatekoen baturak aipatutako portzentaje hori gainditu gabe (lehenbiziko ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten %10).

10. Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, horien kontratazio edo kontzesioa bere eskumena bada, eta aurrekontuetan aurreikusirik badaude.

11. Kreditu eragiketak ituntzea, ekitaldi ekonomiko bakoitzean horien guztizko zenbatekoak baliabide arrunten %10 gainditzen ez badu, salbu eta diruzaintzako eragiketetan; hauek bere eskumenekoak izanen ditu baldin eta indarreko eragiketen zenbatekoak, guztira, aurreko ekitaldian likidatutako dirusarrera arrunten %15 gainditzen ez badu.

12. Ondasun eta eskubideak kostu bidez eskuratzea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, baita ondasunak besterentzea ere, aipatu portzentajea gainditzen ez badute, kasu hauetan:

a) Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan aurreikusia badago.

b) Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan aurreikusi ez bada.

13. Bere erantzukizunpean eta Batzar Orokorrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzar Orokorrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

14. Entitatearen egintza eta agiriez jaulkitzen diren ziurtagiriak ikus-onestea bere sinaduraren bitartez.

15. Mankomunitatearen zerbitzuek ongi funtzionatzeko eta haren xedeak egokiro betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, Batzar Orokorrari gordetzen zaizkionak eta udaletako alkateei dagozkienak izan ezik.

16. Erregelamendu Organikoak ematen dizkion beste eginkizunak, eta orobat Legeak toki entitateei esleitzen dizkienak zein organori zehaztu gabe.

Lehendakariak bere eskurantza orokorrak delegatu ahal izanen ditu, sortzen diren kide anitzeko organoen esku nahiz organo horietako edozein kideren esku utziz. Halaber delegazio bereziak egin ahal izanen ditu, Batzar Orokorreko edozein kideri afera zehatzak zuzendu eta kudeatzeko ardura emanez. Indarra duen legeria aplikagarriaren arabera delegaezinak diren eskurantzak salbuetsiko dira.

2. ATALA

Lehendakariordearen eskumen eta eskurantzak

23. artikulua. 1. Lehendakariordeari dagokio lehendakariaren ordez aritzea haren eginkizun guztietan, hura kanpoan bada, eri edo ezindurik bere eskurantzak erabiltzeko, baita lehendakaritza hutsik dagoenean ere, lehendakari berriak kargua hartu arte.

2. Lehendakariak eta Batzar Orokorrak berariaz delegatzen dizkioten eskurantzak ere izanen ditu eta bere jarduketen erantzule izanen da Batzar Orokorraren aurrean.

3. ATALA

Lehendakaria eta lehendakariordea hautatzea

24. artikulua. 1. Mankomunitateko Batzar Orokorrak lehendakaria izendatuko du. Lehendakariak Batzar Orokorra ordezkatuko du pertsona fisiko edo juridikoekiko harremanetan, eta Batzar Orokorrak berak nahiz Estatutu hauek ematen dizkioten eginkizunak beteko ditu.

2. Batzar Orokorra eratzen den bilkuran hautatuko da Mankomunitateko lehendakaria, prozedura honi jarraituz:

a) Beren hautagaitza aurkezten duten kide guztiek lor dezakete kargua.

b) Lehen bozketa egin eta Batzar Orokorreko lehendakari hautetsi izendatuko da Batzar Orokorrean eskubidea duten kideen botoen gehiengo osoa lortzen duen kidea.

c) Kide batek ere ez badu lortzen aurreko paragrafoan aipatutako gehiengoa, bigarren bozketa eginen da eta emandako botoen gehiengo soila lortzen duena izendatuko da.

d) Berdinketa gertatuz gero, biztanle kopuru handieneko toki entitatearen ordezkari den kidea izendatuko da hautetsi.

e) Entitate beraren ordezkari diren kideen arteko berdinketa gertatuz gero, zozketa eginen da hautetsia izendatzeko.

Lehendakariaren hautapenean bigarren boto kopururik handiena lortzen duena izanen da lehendakariorde.

Lehendakaria eta lehendakariordea berehala jabetuko dira karguaz, bilkura berean.

3. Lehendakariak eta lehendakariordeak uko egiten ahalko diote karguari, Batzar Orokorreko kide izatetik gelditu gabe. Horretarako, ukoaren idazkia aurkeztu beharko diote Batzar Orokorrari, eta hamar egun baliodun iragan baino lehen hark jakitun dela adierazteko erabakia hartu beharko du.

4. Ukoagatik, heriotzagatik edo epai irmoagatik haien kargua hutsik geratuz gero, berariaz bilkura eginen da kargua betetzeko. Batzar Orokorrak ukoa onartu, karguduna hil edo epaia jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean eginen da bilkura deia, ezarritako prozedurari jarraituz.

Batzar Orokorra jakitun jarri ondoren lehendakaritza eta lehendakariordetza hutsik badaude, lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko hurrengo bilkurarako deia Mankomunitateko idazkariak eginen du, Batzar Orokorra egin eta hamar egun balioduneko epean.

II. TITULUA

Ondasunak

25. artikulua. Mankomunitatearen ondarea osatuko dute bereak dituen jabari publikoko edo ondareko ondasun, eskubide eta akzio guztiek.

Mankomunitateko jabari publikoko ondasunak dira erabilera edo zerbitzu publikorako diren higiezinak eta baita legez izaera hori dutenak ere.

Mankomunitateak, bere ondasunei dagokienez, Legeak toki entitateei ematen dizkien ahalmen orokorrak ditu.

III. TITULUA

Araubide ekonomikoa

26. artikulua. Baliabide hauek osatuko dute Mankomunitatearen ogasuna:

a) Zuzenbide pribatuko dirusarrerak.

b) Dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko bestelako dirusarrerak.

c) Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzu edo jarduerak egiteko tasak.

d) Mankomunitatearen eskumeneko obrak egiteko edo zerbitzuak ezartzeko, zabaltzeko eta hobetzeko kontribuzio bereziak.

e) Prezio publikoak.

f) Kreditu eragiketetatik heldu direnak.

g) Isunak.

h) Mankomunitatea osatzen duten entitateen ekarpenak. Urteko ekarpen arruntak Mankomunitateko udalerrietako biztanle kopuruari buruzko azken datu ofizialen arabera zehaztuko dira.

i) Legez dagozkion bestelako dirusarrera guztiak.

27. artikulua. 1. Aurrekontu arrunta betetzeko Mankomunitateak hartzen dituen betebehar eta zorren erantzuleak Mankomunitateko udalak izanen dira, Mankomunitateak ez baditu ordaintzen.

Mankomunitateko entitate bakoitza Mankomunitateak ordaindu gabeko zorren zati baten erantzulea izanen da, bere udalerriko biztanle eskubidedunen kopuruari dagokion zatiarena, hain zuzen ere, biztanleen udal erroldaren azken eguneratzearen arabera.

2. Mankomunitateko udalek beren baliabide eta jabego guztiak jartzen dituzte Mankomunitatearen zorren bermetzat, bakoitzak dagokion proportzioan, Estatutu hauetan xedatutakoarekin bat.

Hori dela eta, baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan Mankomunitateari zor dizkioten kopuruak, horiek Mankomunitateari ordaintzeko.

3. Mankomunitateko udalek haren zorrak ordaintzeko betebeharra hartzen dute. Udal bakoitzak bere udalerriko biztanle eskubidedunen kopuruaren araberako proportzioan ordainduko du, Mankomunitatearen baliabideak nahikoa ez badira.

4. Mankomunitateak Nafarroako Gobernuari eskatu ahal izanen dio berak ordain diezazkiola udalen ekarpenak, udalen ordez eta haien kontura, Mankomunitateak eskatu arren udalek ekarpena ordaintzen ez dutenean.

IV. TITULUA

Langileak

28. artikulua. 1. Mankomunitateak behar dituen langileak izanen ditu. Batzar Orokorrak onetsiko duen plantillan zehaztuko dira langileen kopurua, kategoria eta eginkizunak.

2. Mankomunitatearen zerbitzuko langileak funtzionarioak, administrazio kontratudunak eta lan kontratudun finkoak edo aldi baterakoak izanen dira, legerian eta plantilla organikoan xedatutakoarekin bat.

Idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintza eginkizunak mankomunitateentzat indarra duen legerian ezarritakoari jarraituz beteko dira.

3. Mankomunitateak bere zerbitzuetarako behar dituen langileak kontratatuko ditu. Bere plantilla organikoari eta indarra duen araudiari jarraituz beteko ditu lanpostuak.

Langileak lan arloko eta gizarte aurreikuspeneko xedapenen eraginpean egonen dira. Beraz, izendapenek ez dute udal funtzionario izateko biderik emanen.

V. TITULUA

Estatutuen aldaketa

29. artikulua. 1. Estatutuak aldatzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko foru legerian ezarritako prozedura bete behar da.

2. Batzar Orokorraren proposamenak abiaraziko du aldaketa prozesua. Horretarako Batzar Orokorreko legezko kideen gehiengo osoaren baiezko botoa beharko da.

3. Aldaketaren xede bakarra Mankomunitatearen antolaketa edo funtzionamendua indarra duten legeei egokitzea denean nahikoa izanen da Batzar Orokorrak aldaketa onestea kideen gehiengo osoaren baiezko botoaz.

VI. TITULUA

Kide berrien onarpena

30. artikulua. 1. Batzar Orokorrak definitutako arrazionaltasun eta zuzentasun irizpideekin bat eta Nafarroako Gobernuak onetsitako planifikazioaren arabera, Mankomunitatean sartu ahal izanen dira hala eskatzen duten udalak.

2. Udal batek atxikipen eskabidea aurkeztu ondoren izapide hauek egin behar dira:

a) Batzar Orokorrak adostasun txostena eman behar du, bere legezko kideen gehiago osoaren baiezko botoaz hartutako erabakiaren bidez.

b) Jendaurrean azaldu behar da 15 egun baliodunean.

c) Epe hori alegaziorik gabe iraganez gero, atxikipena behin betikotzat hartuko da. Bestela, Batzar Orokorrak, bere kideen legezko kideen gehiengo osoaz, aurkeztutako erreklamazio edo iradokizunak ebatziko ditu eta behin betiko erabakia hartuko du.

VII. TITULUA

Kideak banantzea

31. artikulua. 1. Udalak Mankomunitatetik irten ahal izanen dira egokitzat jotzen badute. Udalaren osoko bilkuran eta gehiengo osoz hartu behar da erabakia.

2. Urteko laugarren hiruhilekoa hasi baino lehen hartu behar da erabakia.

3. Mankomunitatetik banantzeko erabakia hartu eta hurrengo ekitaldian hasiko dira erabakiaren ondorio ekonomikoak.

4. Aurreko idatz-zatietan ezarritako prozedurari loturik, Mankomunitateko kide diren entitateetako batzuen bananketa onartu ahal izanen da. Horretarako, eskatzaileak bermatu egin beharko du bere eremuko zerbitzu eta jarduerak behar bezala egiten ahalko dituela, bere banantzeak ez diela kalterik eginen Mankomunitatearen interes orokorrei eta Mankomunitateak zerbitzua egiten jarraitu ahal izanen duela.

5. Batzar Orokorreko legezko kideen bi herenen botoaz onartu behar da erabakia. Bertan zehaztuko da zer ondorio izanen dituen bananketak Mankomunitatearen eta harengandik bananduko den entitatearen ondasun, eskubide eta betebeharretan.

VIII. TITULUA

Mankomunitatea desegitea

32. artikulua. Mankomunitatea desegiteari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko foru legerian xedatutakoari jarraituko zaio. Mankomunitatea desegiteko erabakia Batzar Orokorreko legezko kideen bi herenen botoaz hartu behar da. Erabaki horretan zehaztuko da zer ondorio izanen dituen desegiteak ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, eta osagarri gisa aplikatuko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea, Toki Korporazioen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamendua eta toki korporazioei aplikatu beharreko lege edo erregelamenduetako gainerako xedapenak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Estatutu hauen 13. artikuluan xedatutakoa 2007. urteko toki hauteskundeetatik aurrera aplikatuko da eta orduan hartuko du indarra, Mankomunitateko Batzar Orokorreko kideen karguak berrituko baitira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe geldituko dira Mankomunitate honen lehengo Estatutuak, 1992ko martxoaren 23ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zirenak, 36 zenbakian.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra. Mankomunitate honen iraupena mugagabea da. Estatutuen aldaketa honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoarekin bat, xedapen iragankor bakarrean ezarritakoa salbu.

Berriozarren, 2007ko azaroaren 30ean.-Jarduneko lehendakaria, José Antonio Navidad Piquero.

Iragarkiaren kodea: L0719102