8. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

454/2007 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Zirauki-Mañeruko Hondakin Uren Tratamendua" oinarrizko proiekturako, Zirauki eta Mañeruko udal mugapeetan hondakin uren araztegiraino aireko linea, hoditeria eta kolektoreak jartzeko. NILSAk sustatu du.

2007ko abuztuaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskabidea aurkeztu eta lau hilabeteko epean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena emateko ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Zirauki-Mañeruko Hondakin Uren Tratamendua" oinarrizko proiekturako, Zirauki eta Mañeruko udal mugapeetan hondakin uren araztegiraino aireko linea, hoditeria eta kolektoreak jartzeko. NILSAk sustatu du.

2. Baimena baldintza hauen menpe egonen da:

-Kolektoreek ahalik eta ukipen txikiena eginen diote azken tarteari, mediterraneoko sastrakadia duen muinoari; hau da, Ziraukiko kolektoreak 3059 k.p.tik hondakin uren araztegiko mugaraino eta Mañeruko kolektoreakn 1750 k.p.tik 1900 k.p.ra doan tartean. Horretarako, kota baxuagoan diseinatzeko aukera aztertuko da eta, betiere, zabalera mugatua izanen du eta muinoak zuen soslaia lehen bezala utziko da obraren azken fasean (landarerik gabeko ezponda duen berma batek sortuko lukeen begi-inpaktua saihestu nahi baita). Azkenik, tarte osoa ereinen da edo hidroereintza erabiliko da.

-Ziraukiko kolektoreak ataka gurutzatzen duenean (7. orrian, 9. planoa) lurrerauzketarik gabe eginen da, hau da, hodiak sartuz, oinarrizko proiektuan ezarri bezala.

-Kolektorea jartzeko, erreken edo hezeguneen parez-pare doanean, ibaibidearen ezpondako goiko lerrotik gutxienez 2'5 metroko tartea utzi beharko da. Hori bereziki zainduko da lezkadiaren bidean (Gesalieta alderdian, Mañeruko 1. poligonoko 933. lurzatian) eta hustubidearen tartean (hondakin uren araztegitik Salado ibairaino).

-Prebentzio neurrien artean, Ingurumen ukipenetarako azterlanean daudenez gain, lezkadia balizez markatuko da Gesalieta alderdian.

-13'2 kV-ko aireko linea elektrikoaren proiektuan 4. euskarria birkokatuko da (1. planoa: goi tentsioa-kokapena) berezko landaredia duen muinoan ukipenik ez egiteko. Hala ere, linearen trazadura lur azpikoa izatea gomendatzen da.

-Obra balia daiteke ingurumenean hobekuntza txikiak egiteko trazaduran zehar. Ingurumen ukipenetarako azterlanean dauden landaketez gain, gomendatzen da Salix eleagnus espeziea landatzea honako ubide edo hezeguneetan.

-Hondakin uren araztegiaren ekialdean dagoen erreka eta haren jarraipena Salado ibaian bukatzen den arte.

-Ziraukiko 4. poligonoko 838. lurzatia, kolektoreak erreka zeharkatzean ukituko baitu.

-Salado ibaiarekin bat egiten duen tokian aurreikusitako landaketa 5 unitatetik 15era handituko da.

-Gesalieta alderdian lezkadiaren mendebaldeko muga.

Zentzu berean, bide bazter batean den higadura (Ingurumen ukipenetarako azterlaneko 11. argazkia) zuzentzea eta gune horretan eta arestian aipatu atakan diren harriak edo lurrak zabaltzea gomendatzen da.

-Azkenik, sustatzaileak Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2007ko maiatzaren 3ko txosteneko baldintzak bete beharko ditu.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Baimen Bulegoari, Zirauki eta Mañeruko Udalei eta NILSAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 19an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0719585