8. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2007ko abenduaren 17koa, departamentuarteko batzorde bat sortzen duena "Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan integratua" berrikusteko prozesuan hiri-hondakinen arloan egin behar behar diren jarduketak koordinatzeko.

Hiri-hondakinen kudeaketa 1989. urtean planifikatu zen, orduan zehaztu baitzen zaborra udalek eta kontzejuek (gehienetan mankomunitateetan elkarturik) bildu eta tratatzeko plan zuzentzaile bat, Nafarroako eskualdeetan oinarritua. Horrez gainera, ordutik aurrerako finantza laguntza ere zehaztu zen, Toki Azpiegituren Planen bidez bideratu dena.

90eko hamarkadan Europako herrialde batzuek ahalegin handia egin zuten arlo honetan eta estrategiak, araudiak eta finantza programak prestatu zituzten, kasu askotan hondakinen gaia giltzarritzat jo baitzen. Espainian ere aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren. Izan ere, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legea onestea oso jauzi kualitatibo handia izan zen hondakinak gure herrialdean kudeatzeko estrategia orokorrari begira.

Testuinguru horretan, Nafarroako Gobernuak 1999ko urriaren 25ean egindako blikuran, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak proposaturik, "Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratua" onetsi zuen (hemendik aurrera NHKPI), aipatutako legearen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat. Horri esker, lehen aipatutako 1989ko plan zuzentzailean ezarritako kudeaketa ildoak nabarmen gainditu ziren.

NHKPIaren helburua Nafarroako hondakinen arazoa ikuspegi orokor batetik aztertzea da, haien jatorria kontuan hartu gabe, kutsaduraren prebentzioaren eta haren kontrol integratuaren ikuspegi batetik abiatuta, ingurumen kudeaketaren arloan gaur egun dauden joerekin bat etorriz.

NHKPIan lege-esparru aplikagarria finkatzeaz gainera, hondakinen kategoria guztien egoearen diagnostikoa egiten da, eta lan-ildo nagusi batzuk zehazten dira. Horren ondorioz, bost jarduketa programa finkatu dira (hiri-hondakinak, hondakin berariazkoak, industria hondakinak, nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak eta hondarreko materia organikoaren kudeaketa integratua). Beste hiru kapituluetan eskumenak, antolaketa eta finantza arloa finkatzen dira, hurrenez hurren. Azkenik, planaren segimendu eta eguneratzea egiteko baliabide batzuk aurreikusten dira.

NHKPIaren arabera, plana 5 urteren buruan berrikusi behar zen. Epe hori bukatu denez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak berrikusteko lehenbiziko lanak hasi ditu: hondakinen lerro guztien inbentario eguneratuak egin dira eta neurri berriak proposatzeko hasierako fasea ireki da, planen eta programen ingurumen ebaluazio estrategikoaren esparruan eta prozesu horretan beharrezkoa den parte-hartze publikoa aintzat hartuz.

Hiri-hondakinen programari dagokionez, zenbait inguruabar direla kausa ez dira bete planaren aurreikuspenak. Hori konpondu nahirik, Nafarroako hiri-hondakinen Partzuergoa sortu da, Nafarroako Gobernuaren eta hondakinen mankomunitate batzuen ordezkariak biltzen dituena, hiri-hondakinen tratamendua batera kudeatzeko. Partzuergoaren eginkizunen artean, orobat, NHKPIa aldatzeko proposamenak egitea dago.

Hori guztia kontuan harturik, beharrezkoa da departamentuarteko batzorde bat eratzea, Toki Administrazioko Departamentuko eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko ordezkariek osatua, departamentu horiek NHKPIa hiri-hondakinei dagokienez eguneratzeko egin beharreko jarduketak koordinatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Departamentuarteko batzorde bat sortzea "Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan integratua" berrikusteko prozesuan Toki Administrazioko Departamentuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hiri-hondakinei dagokienez egin behar dituzten jarduketak koordinatzeko.

2. Departamentuarteko Batzordea Toki Administrazioko Departamentuari atxikita egonen da.

3. Departamentuarteko Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako hiri-hondakinen kudeaketaren egoera aztertu eta baloratzea eta egoera erregularizatu bitartean hartu beharreko neurriak aztertzea.

b) Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan integratua berrikusteko lanak bitartean egin beharreko jarduketak koordinatzea.

4. Departamentuarteko Batzordea honako hauek osatuko dute:

-Batzordeburua: Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria.

-Batzordeburuordea: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilaria.

-Kideak: Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Hondakinen Ataleko burua, Udal Zerbitzuak eta Tokian Tokiko Funtzio Publikoa Antolatzeko Zerbitzuko zuzendaria eta NILSAko zuzendari kudeatzailea.

Idazkaria: organo kolegiatuko kide bat, batzordeak berak izendatua.

5. Eztabaidatu beharreko gaien edukiaren arabera, batzordeburuak gonbidatuta, Foru Komunitateko Administrazioaren beste unitate batzuetako edo beste erakunde publiko batzuetako titularrak sartzen ahalko dira Departamentuarteko Batzordean.

6. Erabaki honetan aurreikusitako berezitasunak galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean organo kolegiatuei buruz ezarritako arauek zuzenduko dute Batzordea.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko abenduaren 17an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0719507