8. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

4/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 14koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, gazteak emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidea aitortzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen duena, azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuak arautzen duenaren arabera.

Azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuak gazteak emantzipatzeko oinarrizko errenta arautzen du, talde horri bere emantzipazioa errazten laguntzeko neurri batzuk hartzen baititu, alokairuko etxebizitza duinak eskuratu ahal ditzan.

Horri dagokionez, errege dekretu hartako 4.1 eta 7. artikuluetan xedatzen denez, emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidearen aitorpenaren ondoriozko laguntzak Etxebizitza Ministerioak autonomia erkidegoekin izenpetu beharreko lankidetza hitzarmenekin bat kudeatuko dira. Horretarako, 2008ko urtarrilaren 9an, Etxebizitza Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hitzarmen bat sinatu zuten emantzipatzeko oinarrizko errenta Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko.

Bestaldetik, azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuko 4. artikuluaren 2. idatz-zatiak xedatzen du errentamendu-kontratuaren xede den etxebizitza zein autonomia erkidegotan dagoen eta bertako organo eskudunari dagokiola emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidea aitortzeko espedientea tramitatu eta hari buruzko ebazpena ematea.

Horrekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak emantzipatzeko oinarrizko errenta kudeatzeko prozedura ezartzen du foru agindu honen bidez.

Hori horrela, emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidea Nafarroako Foru Komunitatean aitortzeko prozedura ezartzen du foru agindu honek. Kontu batzuk arautzen ditu, hala nola: emantzipatzeko oinarrizko errentaren eskabideak aurkezten ahalko diren bulegoak, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak, emantzipatzeko oinarrizko errenta aitortzeko ebazpenaren oinarrizko edukia, aurkezten diren eskabideak eta, bidezko bada, izan litezkeen errekurtsoak tramitatu eta haien gainean ebazteko eskumena izanen duten organoak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea gazteak emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidea aitortzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzea da, azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuak arautzen duenaren arabera.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetarako emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidea aitortzeko prozedurari aplikatuko zaio.

3. artikulua. Onuradunak eta laguntzak.

1. Azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuko 2. artikuluan ezartzen diren betebeharrak betetzen dituztenek hartzen ahalko dute emantzipatzeko oinarrizko errenta, maiztasunez eta modu iraunkorrean bizi edo biziko diren errentamendu-kontratuaren titular badira edo izanen badira.

2. Laguntza motak, zenbatekoa, baldintzak, espedienteko betebeharren frogak, bateragarritasunak eta gainerako zehaztapenak errege dekretu hartan ezartzen direnak dira.

4. artikulua. Prozedura.

1. Azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuko 4. artikuluan eta Etxebizitza Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak 2008ko urtarrilaren 9an sinaturiko hitzarmenean xedaturikoarekin bat, departamentuari dagokio emantzipatzeko oinarrizko errenta osatzen duten laguntzak eskuratzeko bide ematen duten betebeharrak betetzen direla aitortzea, laguntza horiek kobratzeko eskubidea adierazten duten behin-behineko eta behin betiko ebazpenak emanez, kasuan-kasuan.

2. Emantzipatzeko oinarrizko errenta emateko prozedura errege dekretu hartako 4. artikuluan eta foru agindu honetako hurrengo artikuluetan ezartzen da.

5. artikulua. Eskaerak eta agiriak.

1. Eskabideek www.vinsa.es webguneko eredu normalizatuari jarraituko diote eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusira igorriko dira, Viviendas de Navarra, S.A. enpresak Iruñeko Eneko Aritza kaleko 21aren gibel aldean eta Tuterako J.A. Fernández kaleko 41ean prestatuko dituen bulegoen bidez

2. Interesdunek eskabidea aurkeztearekin batera baimena emanen diote kudeaketa organoari ziurtagiriak bil ditzan eta betebeharrak betetzen edo mantentzen direla egiaztatzeko behar dituen argibideak administrazio edo erakunde publikoei eta kreditu entitateei eska diezazkien, azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuko 8. artikuluan xedatu bezala.

3. Dirulaguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NAN/AIZ edo errentamendu-kontratuaren titularrak ezagutarazten dituen agiri ofiziala. Europar Batasunetik kanpokoak izanez gero, hemen legez eta modu iraunkorrean bizi direla frogatzen duten agiriak, Atzerritarren Idenfikazio Agiria aurkeztuz.

b) Errentamendu-kontratua, etxebizitza errentan hartu baino lehen emantzipatzeko oinarrizko errentarako behin-behineko eskubidea eskatzen dutenen kasuan izan ezik, foru agindu honetako 7.3 artikuluan xedaturikoarekin bat aurkeztuko baitute.

c) Dirusarreren ohiko iturrien frogak.

-Beste inoren konturako langileak: hartzekoen ziurtagiria, interesdunaren dirusarrerak frogatzen dituena, entitate kontratatzaileak emana.

-Ikerketa bekadunak eta aldizkako prestazio sozial publikoen hartzaileak: administrazioaren ebazpena, urtean urteko dirusarrerak frogatzen dituena.

-Enpresaburuak, profesionalak edo artistak: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpena edo interesdunaren erantzukizunpeko aitorpena.

d) Lan esperientziaren ziurtagiria:

-Gizarte Segurantzako afiliatuak: lan bizitza, eskabidea aurkeztu baino lehenagoko sei hilabeteetakoa, gutxienez.

-Gizarte Segurantzan sartu beharrik ez daukatenak: kasuan kasuko gizarte aurreikuspeneko araubideko ziurtagiria eta zenbakia, non gutxienez ere eskabidea aurkeztu baino lehenagoko sei hilabeteetako lan bizitza agertuko baita.

-Eskabidea aurkezten denetik aurrera gutxienez ere sei hilabetez dirusarrera iturri bat izatea espero dutenak: entitate kontratatzailearen ziurtagiria, lan harremanaren iraupena eta hartu beharreko dirusarrerak adieraziko dituena edo, bestela, indarreko lan-kontratua.

4. Eskabideko ereduaren ataletan, eskatzaileek adierazpen hauek bete beharko dituzte:

-Erantzukizunpeko aitorpena, errentatzailearekin ahaidetasun harremanik ez duela dioena, azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuko 2.2.a) artikuluarekin bat.

-Erantzukizunpeko aitorpena, dirusarreren ohiko iturri bat daukala dioena, eta urteko zenbatekoa, euro gordinetan, gutxi gorabehera.

-Erantzukizunpeko aitorpena, etxebitzaren titularrak ez direla dioena, salbu eta horren erabilera eta luperketa ez badute, azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuko 2.2.b) artikuluarekin eta hirugarren xedapen gehigarriarekin bat.

-Erantzukizunpeko aitorpena, errentamendu-kontratuaren xede den etxebizitza interesdunaren ohiko etxebizitza iraunkorra dela edo izanen dela dioena.

-Eskaturiko edozein betebehar betetzetik gelditzean, hori jakinarazteko konpromisoa.

-Alokairu-kontratua bukatzean edo errenta kobratzeari uztean, 600 euroko mailegua itzultzeko konpromisoa.

-Erantzukizunpeko aitorpena, emantzipatzeko oinarrizko errenta eskuratzeko eskatzen diren gainerako betebeharrak ezagutu eta onartzen dituztela dioena.

6. artikulua. Eskabideen zuzenketa.

Eskabideek behar diren betebeharrak bete ezik edo aginduzko agiriak bildu ezik, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epe luzaezinean akats hori zuzendu edo behar diren agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, ulertuko dela bere eskaera bertan behera utzi duela.

7. artikulua. Eskabideen gaineko ebazpena.

1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia izanen da organo eskuduna emantzipatzeko oinarrizko errenta behin-behinekoz edo behin betikoz onartzeko edo, bidezko bada, ukatzeko ebazpen espresua emateko, arrazoiak adierazirik. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

Ematen den ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. artikuluan ezartzen diren epeetan.

2. Emantzipatzeko oinarrizko errenta aitortzeko ebazpenak gutxienez ere kontu hauek bilduko ditu:

a) Espedientearen zenbakia.

b) Onuradunaren izen-deiturak eta nazionalitatea.

c) Emantzipatzeko oinarrizko errentaren zenbatekoa, hartu beharrekoa.

d) Alokairuaren errentaren hileroko zenbatekoa.

e) Laguntzaren iraupenaren gehieneko epea.

f) Onuradunak errentatzaileari hilero pagatu beharrekoa zer banku-kontutatik transferituko dion eta harexen zenbakia.

g) Errentatzaileak errenta kobratuko dueneko banku-kontuaren zenbakia.

h) Onuradunak laguntza kobratzeko banku-kontuko zenbakia, f) atalean aipatzen dena ez bada.

i) Alokairu-kontratuaren xede den etxebizitzaren katastroko erreferentzia.

j) Errentan hartzen den etxebizitzaren identifikazioa eta kokagunea.

k) Errentatzailearen izen-deiturak.

3. Interesdunak etxebizitza errentan hartu baino lehen eskatzen ahalko du behin-behinekoz aitor dakiola emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidea. Kasu horretan, behin-behinekoz aitortzeko ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean iraungiko da. Epe horretan, onuradunak beste eskabide bat aurkeztu beharko du, errentamendu-kontratuarekin eta horri buruzko erantzukizunpeko aitorpenekin batera, organo eskudunak ebazpena behin betikotzat jo dezan. Kasu horretan, alokairu-kontratua aurkezten deneko hilabetetik aurrera kobratuko da laguntza.

4. Etxebizitza zuzendari nagusiak interesdunari ebazpena jakinaraziko dio, bi aletan, eta, harekin batera, Etxebizitza Ministerioari. Ministerioak, bidezko diren izapideak egin ondoren, kreditu entitate laguntzaileari aginduko dio laguntzak pagatu ditzala.

5. Interesdunari Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatu bezala jakinaraziko zaio.

6. Interesdunak laguntzak hartzeko bide den kreditu entitate laguntzailean aurkeztuko du emantzipatzeko oinarrizko errentarako eskubidearen behin betiko aitorpenari buruzko ebazpena.

7. Azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuaren bidez arautu diren laguntzak hartzeko baldintza eta betebeharrak bete ezik, haiek kobratzeko eskubidea galduko da eta harturiko dirua itzuli beharko da, berandutze interesak barne, dirulaguntzei buruz aplikatzekoa den arautegian xedaturikoarekin bat, Zigor Kodeko 392. artikuluan xedaturikoa deusetan galarazi gabe, prozedura aurrera eramaten ari deino, aurkezturiko agiri batean kode horretako 390. artikuluan aipatzen diren faltsukeriak atzematen badira.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 14an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.

Iragarkiaren kodea: F0800545