8. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2008 FORU AGINDUA, urtarrilaren 14koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Cortesko "Carmen Bellido" zahar-etxeko bizilagunei laguntzeko gutxieneko eta funtsezko zerbitzuak arautzen dituena.

Cortesko "Fundación Carmen Bellido" zahar-etxeko enpresa batzordeak, horretarako idazkia aurkeztu ondotik, zentroko langile guztien lanuzte mugagaberako deia iragarri du. 2008ko urtarrilaren 15ean hasiko da.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan lanuztea egiteko onartzen den eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, Konstituzioak berak dioen bezala. Konstitituzioari buruzko jurisprudentziak behin eta berriro adierazi duenez, gutxieneko zerbitzu horiek proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak kontuan hartuz ezarri behar dira eta horretarako arrazoiak eman beharko dira.

Zahar-etxeak ezin dira eskutik utzi, horrek bertan bizi diren pertsonei zaintzan, osasunean eta bizitzan kalte eginen bailieke.

Zentro horiek beren instalazioetan zaindu eta lagundu beharreko pertsonak hartzen dituzte, barnetegi araubidean. Pertsona horiek zainketa pertsonala behar dute beren oinarrizko beharretarako, horiek gabe kalte larriak hartzen ahal baitituzte osasunean.

Lanuzterako deialdiaren aurrean Cortesko "Fundación Carmen Bellido" zahar-etxeko laguntza zerbitzua ezin da bertan behera utzi. Izan ere, gizartearendako funtsezko zerbitzua da eta haren hartzaileak hirugarren adineko pertsonak direnez, gorabehera larri batzuk gertatzen direla behar da kontuan hartu. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak hil edo biziko prestazioetarako eskubidea du eta eskubide horrek lehentasuna du lanuzterako eskubidearen aldean eta gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak bereziki babestu behar dituzte agintari publikoek.

Beraz, gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira, Konstituzioak lanuzterako aitortzen duen eskubidea errespetatu eta herritar horiei ongizate pertsonala bermatzen dietenak, Espainiako Konstituzioko 28., 49. eta 50. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita Lan Harremanei buruzko Arautegiaren aldaketari buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuko 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikulua, "Fundación Carmen Bellido" zahar-etxeko Lanuzterako Batzordea ados ez dagoela, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Cortesko "Fundación Carmen Bellido" zahar-etxeko Enpresa Batzordeak 2008ko urtarrilaren 15etik aurrera dei egin duen lanuzte mugagabea ondoren zehazten diren gutxieneko eta funtsezko zerbitzu hauek errespetatuz burutuko da:

a) Erizaintzako laguntzaileak.

-Goizeko txanda: 3 laguntzaile 7:00etatik 15:00ak bitarte eta 1 laguntzaile 8:00etatik 12:00ak bitarte.

-Arratsaldeko txanda: 2 laguntzaile 15:00etatik 22:00ak bitarte eta 1 laguntzaile 16:30etik 22:00ak bitarte.

-Gaueko txanda 1 laguntzaile 22:00etatik 7:00ak bitarte.

b) Garbitzaileak.

-Goizeko txanda: 2 langile, bata 6:00etatik 14:00ak bitarte eta bestea, 7:00etatik 15:00ak bitarte.

-Arratsaldeko txanda: 1 langile 14:00etatik 22:00ak bitarte.

-Gaueko txanda 1 langile 22:00etatik 6:00ak bitarte.

c) Erizainak.

Egunero 1 erizain 8:00etatik 13:00ak bitarte.

d) Sukaldariak.

Egunero, 1 sukaldari.

e) Administrazioaren koordinatzaileak.

Egunero, 1 langile.

2. Erabiltzaileei lagundu ohi dieten gutxieneko zerbitzuetako langileek burutuko dituzte aurreko artikuluan aipatzen diren funtsezko zerbitzuak, erabiltzaile haien egoera gutxieneko zerbitzutzat joa bada.

3. Lehen idatz-zatian aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik eman ezik edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuko 16. artikuluan xedaturikoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun beharko dute.

4. Aurreko ataletan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko lanuztea arautzen duen legeriak langileendako onartzen dituen eskubideei.

5. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Cortesko "Fundación Carmen Bellido" zahar-etxeko Lanuzterako Batzordeari eta haren legezko ordezkariari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 14an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0800543