79. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

107/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, interes turistiko eta artistikoko ondasun partikularrak irekitzea sustatzeko 2008. urterako laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroak jabetza partikularreko ondare arkitektoniko eta kultural aberatsa du, lurralde osoan barreiatua. Vianako Printzea-Turismo eta Kultura Departamentuak Foru Komunitateko eskaintza turistiko handiagoa eta hobea izateko aukera honetaz profitatu nahi izan du, ildo horretan lan egiteak jarduera ekonomikoa sortuko duelakoan, enpresa elkarteek nahiz partzuergoek eta jarduera turistiko eta kulturalen enpresek baliatu ahal izanen dituzten negoziorako bide berriak jorratuko baititu edo jorratzen lagunduko.

Xede horrekin beraz, Vianako Printzea-Kultura eta Turismo Departamentuak laguntzak emateko deialdi hau egin du, interes turistiko eta artistikoa duten ondasun partikularrak ireki daitezen sustatu eta bultzatzeko. Helburuak dira ondasunak irekitzeak ekar ditzakeen gastuak murriztea, bisitariei, bertakoei nahiz kanpokoei, aukera ematea ezagutzen erraza ez den ondarea ezagutzeko, eta jarduera ekonomiko berriak sortzea.

Diru-laguntzak konkurrentzia-lehiaketaren araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren eta, arauetan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu bitarte banatuko dira.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "2008an interes turistiko eta artistikoko ondasun partikularrak irekitzeko laguntzak" emateko deialdiaren arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

2. Gehienez ere 15.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntza horietarako, 2008ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "interes turistiko eta artistikoa duten ondasunak irekitzeko programa" izeneko A10001 A1120 4809 432300 kontusailaren kontura.

3. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu Hartzailetza Delegatuari jakinaraztea, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 2an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

2008AN INTERES ARTISTIKOA ETA KULTURALA DUTEN ONDASUN PARTIKULARRAK IREKITZEA SUSTATZEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN ARAUAK

1. Xedea.

Arau hauen xedea da Nafarroan dauden eta interes artistiko eta kulturala duten ondasunak bisitarientzat irekitzea sustatzeko partikularrei laguntzak emateko araubidea arautzea.

2. Aurrekontuko zuzkidura eta laguntzak emateko prozedura.

2008ko gastuen aurrekontuan xede horretarako kontusail bat dago, 15.000 eurokoa, "interes turistiko eta artistikoa duten ondasunak irekitzeko programa" izenekoa (A10001 A1120 4809 432300 kontusaila).

3. Onuradunak.

Foru agindu honetan aurreikusten diren laguntzak interes turistiko eta artistikoa duten ondasunen jabe diren partikularrek eskuratu ahal izanen dituzte.

4. Laguntzen barruan sartzen diren proiektuak, erreferentzia aldia eta betebeharrak.

Deialdi honetan sartu ahal izanen dira ondasunak 2008ko abuztuaren 1etik urriaren 30era bitarte, biak barne, asteburuetan eta jaiegunetan bisitarientzat irekitzeko laguntzen eskaerak.

Horretarako, jabeak erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharko du, bere jabetzako ondasunean bisitariei gertatu ahal zaizkien gorabeherak estaltzeko.

Deialdi honen menpe eman daitekeen diru-laguntzaren xedea da ondasuna irekitzeak ekar ditzakeen gastuen ordaina ematea, hala nola: Emandako denbora, argia, garbitasuna, kasuan kasuko asegurua kontratatzea.

5. Laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzak itzuli beharrik gabekoak izanen dira, 60, 80 eta 100 eurokoak aurreikusitako bisita bakoitzeko, eskaintzen den ondasunaren ezaugarrien eta bisita motaren arabera, 7. arauan aurreikusi den baremoan lortzen den puntuazioa kontuan hartuta:

PUNTUAZIOA DIRU-LAGUNTZA

50 puntutik 60 puntura 60,00

61 puntutik 75 puntura 80,00

76 puntutik 100 puntura 100,00

6. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak norgehiagoka araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren eta, hurrengo arauan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu bitarte banatuko dira.

7. Baremoa.

Deialdiko 2. arauan adierazitako zenbatekoa akitu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, alderdi hauek baloratuko dira:

a) Ondasunaren interesa: %40 gehienez.

b) Eskainitako bisitaren ezaugarriak eta edukia: %20 gehienez.

c) Eskainitako bisita kopurua (*): %20 gehienez.

d) Bisita bakoitzeko bisitarien kopurua: %20 gehienez.

(*) Baremoaren ondorioetarako, 10 bisita baloratuko dira gehienez, gehiago eskaintzen direnean ere.

8. Eskabideak.

Ondasun bakoitzerako eskaera bakarra aurkeztuko da Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskabidea Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Zinpeko adierazpena, eskatzailea bisita programan sartzeko proposatzen den ondasunaren jabea dela adierazten duena.

b) Ondasunaren ezaugarriei eta historiari buruzko txosten labur bat, interesa justifikatzen duena.

c) Eskainitako bisitaren ezaugarriak.

d) Aurreikusitako bisita kopurua, bisita bakoitzeko onartzen den bisitari kopurua, datak eta proposatutako ordutegiak.

e) Ondasunaren argazkiak.

Deialdi honetaz baliatuz eskaera aurkezteak berarekin dakar onartzea Vianako Prinzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, behin deialdia ebatzirik, ondasun guztiak irekitzeko programa egokitzat jotzen duen moduan sustatzeko aukera. Sustapen horretan sartu ahal izanen da ondasunaren kanpoko argazki bat, irekitzeko datak eta ordutegiak eta eskatzaileak emandako datu esanguratsuenak.

9. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Eskabideen tramitazioa.

Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, edo datu edo agiri osagarriak behar izanez gero, interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezala, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Eskabidea behar bezala bete dela eta zuzen dagoela, espedientea 7. arauan ezarritakoarekin bat baloratuko da eta lortutako puntuazioaren arabera tramitatu eta ebatziko dira. Balorazioa hauek eginen dute: Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak edo hark eskuordetutako pertsonak gidatutako batzorde batek, Antolamendu Ataleko buruak, Turismoko Produktuak Garatzeko eta Kalitateko Ataleko buruak eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko teknikari batek; teknikaria idazkari lanetan arituko da.

Epe hori bukatutakoan, kudeaketa organoak proposamena igorriko du, Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Berariazko ebazpena jakinarazteko, gehienez ere hiru hilabete izanen dira, eskabidea aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Ebazteko epea eten eginen da argibide edo agiri osagarriak eskatzen direnean. Etenaldia errekerimendua jakinarazten denean hasi, eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea bukatzean.

Laguntzen emakida azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren webgunean:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

11. Gastua justifikatzea eta laguntzak ematea

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak onetsitako dirulaguntza guztia batera ordainduko da, Turismo Zerbitzuan lortu daitekeen ziurtagiria eta dokumentazioa Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan aurkeztu ondoren:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

-4. arauan aipatzen den aseguruaren ordainagiria.

-Balorazio txostena, eskatzaileak sinatua, egiaz egindako bisiten kopurua eta bisitariena gutxienez adieraziko duena, eta aipatutako orrian ezarritako ereduarekin bat datorrena.

12. Onuradunen betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:

a) Aurreko arauan aipatzen den dokumentazioa 2008ko urriaren 15a baino lehen aurkeztea.

b) Ondasunak eskabidean aurreikusitako egun eta ordutegietan irekita izatea.

c) Laguntzen deialdi honekin zerikusia duten eta Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzura igortzen diren jakinarazpen eta/edo agiri guztiak zerbitzu horretara zuzendutako eskabide-orriaren bidez egin beharko dira eta Erregistro Publikoan aurkeztu.

d) Gastua Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak diruz lagundu duela aditzera eman beharko da eta, sustapenerako materialean, halakorik eginez gero, Foru Komunitateko marka turistikoa jarri beharko da, Turismo Zuzendaritza Nagusiko irudiaren eskuliburuan ezarritako arauei jarraikiz.

e) Zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aipatutako gainerako betebeharrak.

13. Emandako laguntzen publizitatea.

Deialdi honen bidez emandako diru-laguntzak eta haien onuradunak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren webgunean eta departamentuak argitaratzen dituen buletin turistikoetan agertuko dira. 14. Laguntzen bateragarritasuna

Laguntza hauek ez dira bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek edo beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

15. Laguntzen ezeztapena, arau-hausteak eta zehapenak.

4.9. arauan aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan egindako iruzur edo nahasteak izateak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako onurak ezeztatzea eta, bidezko bada, eskuratutakoak itzuli beharra eta berandutze interesak ordainarazi ahal izatea. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru arau horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

16. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta arauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso horiek deialdia eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.

Iragarkiaren kodea: F0808637