79. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

106/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, turismoko ETE eta mikroETEei informatizaziorako, seinaleetarako eta ekipamendurako laguntzak emateko 2008ko deialdia onesten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak hainbat jarduketa sustatu eta bultzatu ditu bai turismoko establezimendu berriak sortzeko eta bai lehendik daudenak eraberritzeko ere, zenbait aurrekontu lerroren bitartez, eta horien hartzaile nagusiak, baina ez bakarrak, turismoko ETEak izan dira. Ildo horretatik, 2008ko gastuen aurrekontuan, Parlamentuko zuzenketa baten bitartez, "ETEak eta mikroETEak sustatu eta babestea" helburu duen aurrekontu lerro berri bat sartu da. Hori bat dator erabat departamentua egiten ari den lanarekin, eta, aldi berean, bide eman du turismoko establezimendu eta enpresentzat interesgarriak diren alderdi batzuk aintzat hartzeko.

Ildo beretik, deialdian sartu diren kontzeptuek itxuraz ez dute inbertsio handien beharrik, baina kontuan hartzekoa izan daiteke ETE batek eta are gehiago mikroETE batek haietan egin behar duen ahalegina. Establezimenduaren kudeaketa eta zerbitzu eskaintza hobetzen lagunduko dute, ordea.

Deialdi hau konkurrentziaren bidez ebatziko da. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, erregistraturiko guztiak aztertuko dira eta erabakiko da zeinek betetzen dituen eta zeinek ez deialdian ezarritako irizpideak, baina ez da lehiarik izanen. Banaketa-formula hauxe izanen da: diru-laguntzetarako dagoen diru kopurua onuradunen artean proportzionalki banatuko da. Hori horrela izanen da, deialdiko enpresaburuek izan ditzaketen ekimen guztiak direlako interesgarriak, eta horiei guztiei lagundu beharra, zalantzarik gabekoa. Deialdi honetan sartutako arloetan benetan inbertitu nahi duen enpresaburuak, inolako laguntzarik ez badu, ziur aski atzera eginen du edo jarduketa batzuk geroratu eginen ditu. Baina, esperientziak erakusten digunez, laguntzarako aukerarik bada, nahiz eta uneren batean haren portzentajea pixka bat murrizten ahal den, inbertsioa eginen da eta horrek ezbairik gabeko hobekuntza ekarriko dio sektore osoari.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz, hauxe

AGINDU DUT:

1. Turismoko ETE eta mikroETEei informatizaziorako, seinaleetarako eta ekipamendurako laguntzak emateko 2008ko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

2. Baimena ematea 150.000,00 euroko gastua egin dadin, 2008ko gastuen aurrekontuko "ETEak eta mikroETEak sustatu eta babestea" izeneko A10001 A1120 7709 432307 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau honakooi jakinaraziko zaie behar diren ondorioak izan ditzan: Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuari, Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, kontu-hartzaile delegatuari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALari.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko ekainaren 2an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria.

NAFARROAKO TURISMOAREN ARLOKO MIKROENPRESEN ETA ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN INFORMATIZAZIORAKO, SEINALEETARAKO ETA EKIPAMENDURAKO DIRU-LAGUNTZEN 2008KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea turismoaren arloko mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei ondoren zehaztuko diren inbertsioetarako diru-laguntzak emateko oinarriak onestea da:

1.-MikroETEtzat hartzen diren turismo establezimenduen informatizazioa.

2.-Turismo establezimenduen ekipamendua zerbitzu osagarriak eskaintzeko.

3.-Turismo establezimenduen seinalizazioa.

4.-MikroETEtzat hartzen diren turismo aktiboko eta kultur turismoko enpresen ekipamendua.

2. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertain (ETE) diren Nafarroako Foru Komunitateko turismo aktiboko eta kultur turismo establezimenduen titularrak. Ezinbestekoa da establezimendua turismo erregistroan behar bezala inskribatuta egotea deialdi honetako eskabideak aurkezteko epealdia amaitzen denerako.

Deialdi honen ondorioetarako, mikroenpresa edo ETE dira mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoa betetzen dutenak.

3. Deialdian sartzen ahal diren inbertsioak eta erreferentzia aldia.

Deialdi honetan sartzen ahal dira 2008ko urtarrilaren 1etik 2008ko azaroaren 15era bitartean aktibo finko materialetan egiten eta fakturatzen diren inbertsioak, ondoko kontzeptu hauetako bati dagozkionak.

-Turismoaren arloko enpresen kudeaketako ekipo informatikoak erostea.

-Internet erabiltzeko ekipamendua.

-Beste ekipo batzuk: Inprimagailuak, eskanerrak, etab.

-Kudeaketako eta segurtasuneko programa informatikoak.

-Ostatuek eta jatetxeek ekipamendua erostea bezeroei jarduera osagarriak eskaintzeko.

-Turismo establezimenduen eta turismo aktiboko eta kultur turismoko enpresen kanpoko seinaleak. Hauek Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak seinaleez emandako arautegia bete behar dute.

-Turismo aktiboko eta kultur turismoko enpresek ekipo eta material bereziak erostea.

Ondokoak deialditik kanpo daude: sakelako telefonoak; faxak; musika edo irudi trinkotua grabatu edo erreproduzitzeko ekipamendu generikoa; argazki kamerak; telebistak eta sintonizazio tresnak; bideokontsolak; ekipo informatikoei lotutako altzariak; diruz laguntzen diren ekipamenduetarako beharrezkoak ez diren kableak; turismo aktiboko eta kultur turismoko enpresen azpiegitura finkoa; turismo aktiboko eta kultur turismoko establezimenduen barruko seinaleak.

Ez da emango diru-laguntzarik leasing edo renting kontratuen bitartez finantzatzen diren inbertsioetarako.

4. Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honetako konpromisoak finantzatzeko gehieneko aurrekontu zuzkidura 150.000 eurokoa da, eta 2008ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "ETEak eta mikroETEak sustatu eta babestea" izeneko A10001 A1120 7709 432307 kontusailaren kargura eginen da. Kopuru horretatik 100.000 euro mikroenpresa eta mikroETEentzat dira eta 50.000 euro enpresa txiki eta ertainentzat, 2. oinarrian emandako definizioarekin bat etorriz. Diru-laguntza eskaerek deialdi honi esleitutako kontusaileko dirua gainditzen badute, diru-laguntza kopuruak hainbanatu eginen dira, dagoen diruari egokitzeko.

5. Araubide juridikoa.

Deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean emandako 1998/2006 EE Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (EEAO, 2006ko abenduaren 28koa). Erregelamendu horretan zehazten da nola aplikatu behar zaizkien EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei. Horrelako diru-laguntzetan enpresa onuradunak gehienez ere 200.000 euro jaso ditzake hiru zerga ekitalditan. Beraz, hiru zerga ekitalditan de minimis laguntzaren bat jaso duten enpresek horren berri eman behar diote Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari.

6. Laguntzen zenbatekoa eta muga.

Deialdi honen oinarriei lotuta ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, eta beraien zenbatekoa onartutako inbertsioaren %30 izango da. MikroETEen inbertsioen kasuan, diru-laguntzaren ehunekoa handiagoa izango da: %40. Ondoren inbertsio mota bakoitzaren mugak zehaztuko dira:

Ekipamendu informatikoa 2.000 0

Zerbitzu osagarrietarako ekipamendua 8.000 16.000

Turismo establezimenduen seinalizazioa 1.000 2.000

Turismo aktiboko eta kultur turismoko

enpresen ekipamendua 10.000 0

Diru-laguntza kalkulatzerakoan, onartutako inbertsiotik Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) zenbatekoa kenduko da.

Ez da emango diru-laguntzen aurrerakinik, ez osorik, ez partzialik.

7. Gutxieneko inbertsioa.

Inbertsioek (BEZa sartu gabe) jarraian ematen diren zenbatekoak gainditu behar dituzte, deialdira biltzen ahal den inbertsio-lerro bakoitzeko:

Ekipamendu informatikoa 1.000 0

Zerbitzu osagarrietarako ekipamendua 2.000 6.000

Turismo establezimenduen seinalizazioa 600 600

Turismo aktiboko enpresen ekipamendua 3.000 0

8. Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek edo beste administrazio publikoek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin.

Hala ere, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3. artikuluan ezarri den bezala, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino gehiago. Halaber, kontuan hartuko dira Batzordeak 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 EE Erregelamenduaren 2. artikuluan ezarritako mugak.

9. Betekizun eta baldintza orokorrak.

Deialdi honetako laguntzak baliatu ahal izateko, ondoko betekizun eta baldintzak beharko dira bete:

1.-Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioek eskabidearekin batera aurkeztutako kronograman ezarritakoaren arabera bukatzea, betiere aurrekontuko ekitaldi honetan.

2.-Turismo establezimenduak eta turismo aktiboko eta kultur turismoko enpresak turismo erregistroan inskribaturik egotea deialdi honetako eskabideak aurkezteko epealdia amaitzen denerako.

3.-Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan behar dute.

10. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Deialdi hau lehiarik gabe ebatziko da. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, erregistraturiko guztiak aztertuko dira eta erabakiko da zeinek betetzen dituen eta zeinek ez deialdian ezarritako irizpideak. Aitzitik, banaketa-formula hauxe izanen da: diru-laguntza jasotzen duten guztien artean laguntzetarako dagoen diru-zenbateko osoa hainbanatuko da.

11. Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ezarritako ereduaren araberako eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroan (Iruñeko Navarrería kaleko 39an) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan aurkeztu behar dira, eta horretarako epealdia hogeita hamar egun naturalekoa izango da deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidea Turismo Zerbitzuan eta Interneteko helbide honetan eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Behar bezala formalizatu eta betetako eskabidearekin batera, eskaera ereduan zehaztutako agiriak eta, edonola ere, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasuna.

a.1 NAN/IFZ.

a.2 Aldaketa sozialen eskritura (turismo erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

a.3 Notario-ahalordea eta ahaldunaren NANa, halakorik bada.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa.

b.1 Inbertsioa justifikatzeko memoria.

b.2 Aurrekontua, kontzeptuen arabera zehaztua.

b.3 Inbertsioa egiteko kronograma.

b.4 Ikus-onetsitako obra proiektua, halakorik bada.

b.5 Udalean egindako obra lizentziaren eskabidearen kopia edo, hala badagokio, obra lizentzia beraren kopia edo, kasua bada, obra lizentziarik behar ez duela adierazten duen ziurtagiria.

c) Beste batzuk.

c.1 Mikroenpresa edo ETEtzat hartzeko baldintza guztiak betetzen dituelako erantzukizuneko aitorpena, Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioari jarraikiz eta berariaz ezarritako ereduarekin bat etorriz.

c.2 Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan, aurtengoa barne, administrazio honek edo beste batzuek "de minimis" arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

c.3 Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioetarako eskatu edo hartutako beste laguntza batzuen zinpeko aitorpena.

c.4 Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, webgune honetatik har daitekeena:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Todos+los+ser-

vicios/Asistentes/Impresos+de+Tesorería.htm

c.5 Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako egoera debekatu batean ez dagoela dioena, eta luzatzen den ereduaren araberakoa.

12. Diru-laguntzen eskaerak tramitatzea eta ebaztea.

Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola pentsatuko dela eta espedientea artxibatuko dela.

Eskaerak aztertutakoan, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak ebazpen proposamena aurkeztuko du, Turismo zuzendari nagusiak deialdia ebatz dezan. Ebazpena banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei eskabidean adierazitako egoitzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

Deialdia ebazteko 3 hilabeteko epea izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Epe hori betetzen bada jakinarazpenik egin gabe, eskaera ez dela onartu ulertuko da.

Laguntzen emakida Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren web orri honetan:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

13. Inbertsioa frogatzea eta egiaztatzea, eta diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzak ordaintzeko, haren xedea bete dela frogatu beharko da, bai eta egindako inbertsioa ere, honela:

a) Behin betiko fakturak (jatorrizkoak eta kopiak) deialdiaren 11. oinarrian ezarritako tokietan aurkeztuta, konpultsatzeko. Fakturek bat etorri behar dute diru-laguntzaren eskabidearekin aurkeztutako dokumentazioarekin, eta fakturazio betebeharrei eta bankuko ordainagiriei buruzko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuari lotu behar zaizkio.

b) Fakturak ordaindu direla frogatzea. Ordainketak banku euskarrien bitartez egiaztatzea ahalbideratzen duen zeinahi baliabideren bidez egin behar dira. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

c) Halaber, justifikazioan diruz lagundu diren jarduerak finantzatzeko erabili diren diru zenbatekoak nondik sortu diren eta nola aplikatu diren kreditatu beharko da. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 27. artikuluak xedatzen duena aplikaturik.

Frogagiri horiek zenbaki korrelatiboak eduki behar dituzte, eta berarekin batera Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak emandako formularioa aurkeztu behar da. Web orri honetan ere eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

Formularioa behar bezala bete behar da eta bertan faktura guztiak agertu behar dira, egin diren hurrenkera berean.

Oinarri honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epealdia 2008ko azaroaren 30era artekoa izango da.

Oro har, diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa bere alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.

Proiektuaren %80tik behera gauzatu bada, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta bidezko izanen du emandako diru-laguntza ezeztatzea.

14. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebeharrak izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak egitea eta 13. oinarrian ezarritako epealdian frogatzea.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua ezin bada gauzatu, idatziz jakinaraztea, gutxienez inbertsioak bukatzeko aurreikusitako data baino 4 hilabete lehenago. Horren berri ez bada ematen, hurrengo deialdian kontzeptu beragatik diru-laguntza eskatzeko eskubidea galduko da.

c) Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

d) Diru-laguntzaren xede diren ondasunak turismo jarduerari lotuta edukitzea 5 urtean gutxienez. Diru-laguntza ordaintzen den egunean hasiko da epealdia kontatzen.

f) Xede berarekin beste diru-laguntzaren bat eskatu edo jasoz gero, horren berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari.

g) Laguntza jasotzen duen jardueraren inguruko informazio guztietan Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza duela azaltzea, eta obrak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren laguntzaz finantzatu direla adierazten duen plaka bat (eredua emanen da) jartzea ongi ikusten den toki batean.

h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

15. Laguntzak bertan behera uztea, arau-hausteak eta zehapenak.

14. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, onuradunak datu edo informazio faltsuak edo desitxuratuak ematen baditu, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak diren egintza edo gorabeherak ezkutatzen baditu edo horiek egiaztatzeko lanak oztopatzen baditu, espedientea tramitatu ondoren laguntzak baliogabetuko dira eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira, berandutza-korrituak gehituta. Era berean bidezkoa izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan, eta bertan adierazitako ondorioak sortuko dira.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua. Bi errekurtso horiek deialdia eta ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean jarri beharko dira, hurrenez hurren.

Iragarkiaren kodea: F0808638