79. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

ERABAKIA, 2008ko ekainaren 17koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Hegoalderanzko erdilotunea, Valtierran, Nafarroako AP-15 autobidean" izeneko oinarrizko proiektuan jasotako obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak apirilaren 23an emandako 38/2008 Foru Aginduaren bidez, "Hegoalderanzko erdilotunea, Valtierran, Nafarroako AP-15 autobidean" izeneko proiektua behin-behinekoz onetsi eta jendaurrean jarri zen.

Ikusita hobetu nahi den errepideak zirkulazio handia duela eta bide tarte horiek lehenbailehen aldatu behar direla, istripuak saihestu eta zirkulazioa hobetuko bada, komenigarria da lanak ahalik eta lasterren egitea; beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak arindu ahal izateko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "Hegoalderanzko erdilotunea, Valtierran, Nafarroako AP-15 autobidean" izeneko oinarrizko proiektuan jasotako obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko kalkulatu den gastua 100.000,00 eurokoa da eta 2008ko aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzea" izeneko 610000 61340 6001 453200 kontusailaren kargura ordainduko da.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien salan, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau jakinaraztea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetze Atalari, Idazkaritza Nagusi Teknikoko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu horretan duen Kontu-Hartzailetza Delegatuari.

Iruñean, 2008ko ekainaren 17an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0809650