79. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1E/2008 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Enpresa zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen 2008. urteko deialdia onesten duena.

Maiatzaren 23ko 208/1991 Foru Dekretuak laguntza esparrua ezartzen du Nafarroan kokatuta dauden enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.

Deialdia prestatzeko kontuan hartu dira esparru programa, 2008-2011 urteetarako Nafarroako 3. Plan Teknologikoan ezarririko irizpideak, Nafarroako Gobernuaren 2001eko otsailaren 19ko Erabakiaren xedapenak eta, bereziki, aurretik xede berarekin egin diren deialdien balorazioa.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20ko Erabakiaren bidez, baimena eman du diru-laguntzak banakako ebaluazioko araubidean eman daitezen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat. Halaber, deialdia finantzatzeko urte anitzeko gastu konpromisoa baimendu du Nafarroako Gobernuak, 2008ko maiatzaren 19ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 41.5 artikuluari jarraikiz.

Deialdiko diru-laguntzak, zabalkunderako, sentsibilizaziorako eta dinamizaziorako aurreikusi eta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituztenak izan ezik, "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (L 379 AO, 2006-12-28koa). Azkenik, aditzera ematen da diru-laguntzak Europar Batasuneko Feder funtsek hein batean finantzatzen dituztela.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak emateko 2008ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak finantzatzeko gastua baimentzea. Gastu horiek 2008ko eta 2009ko ekitaldietako hurrengo kontu-sailetatik finantzatuko dira, harturiko eskaeren arabera kontu-sailen artean izan litezkeen doitzeak eta ekitaldietako aurrekontuetan dagoen diruaren arabera esleituriko zenbatekoak handitzeko aukera galarazi gabe:

2008ko ekitaldirako kontu-sailak:

-840001/81210/4709/467300 kontu-sailetik, 100.000,00 euro.

-840001/81210/4709/467302 kontu-sailetik, 500.000,00 euro.

-840001/81210/4819/467300 kontu-sailetik, 100.000,00 euro.

Guztira, 700.000,00 euro

2009ko ekitaldirako kontu-sailak, aurreko urteetakoen baliokideak:

-840001/81210/4709/467300 kontu-sailetik, 3.164.000,00 euro.

-840001/81210/4819/467300 kontu-sailetik, 500.000,00 euro.

Guztira, 3.664.000,00 euro

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2008ko ekainaren 10ean.-Enpresa zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzetarako 2008ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.-Xedea.

Diru-laguntzek bi onura dakarzkiote jendeari. Alde batetik, enpresak berritzeko proiektu eta prozesuak bultzatzen dituzte, haien lehiakortasuna hobetzearren. Bestetik, zabalkundea, sentsibilizazioa eta erakusketa sustatzen dituzte, enpresen artean berrikuntzaren kultura zabaltzearren.

Jarduera hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

A.-Kudeaketa sistemak.

B.-Berrikuntzak.

-Antolaketa arloa.

-Diseinu arloa.

-I+G+b arloa.

-Lankidetza arloa.

C.-Langile teknikoen prestakuntza.

D.-Zabalkundea, sentsibilizazioa eta dinamizazioa.

-Zabalkundea eta sentsibilizazioa.

-Dinamizazioa.

Deialditik kanpo gelditu dira informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin lotutako jarduerak, aurreko urteetan diru-laguntza jaso zutenak, salbu eta 3. oinarriko D. 2 puntuan dinamizaziorako ageri direnak.

Enpresa zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 1370/2008 Ebazpenaren bidez, ETEentzako, mikroenpresentzako eta langile autonomoentzako IKT diru-laguntzen 2008. urteko deialdia onetsi zen. Bertan, deialdian lehenago sartutako jarduerak babespean gelditzen dira.

2. oinarria.-Onuradunak.

Onuradun izan ahal izateko, diru-laguntza hauek eskatzen dituztenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira, jarduera ekonomikoa burutzen dutenak eta Nafarroan daudenak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezartzen dituen baldintza orokorrak bete beharko dituzte. Hori frogatzeko, laguntzaren eskatzaileek erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute, ezarritako inprimaki ereduaren araberakoa. Entitate publikoak betebehar orokor horietatik salbuetsiak daude.

3. Halaber, jardueren arabera, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko baldintzak bete beharko dituzte:

a) A. "Kudeaketa sistemak" izeneko diru-laguntzen eskatzaileek ETE izaera izan beharko dute, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak maiatzaren 6an eman 2003/361 Gomendioan xedaturikoaren arabera.

Baldintza hori frogatzeko, eskatzaileek "ETE izaerari buruzko erantzukizuneko aitorpena" aurkeztuko dute, ezarritako inprimaki ereduaren araberakoa.

Diru-laguntza ezin izanen dute jaso ez administrazio publikoek, ez erakunde autonomoek, ez horiek zuzenean partaidetutako enpresek.

b) B. "Berrikuntzak" eta C. "Langile teknikoen prestakuntza" izeneko jardueren kasuan, administrazio, erakunde eta enpresa publikoek ezin izanen dute diru-laguntza eskatu.

c) D. "Zabalkundea, sentsibilizazioa eta dinamizazioa" izeneko jardueretarako laguntzen eskatzaileek, modu ohikoan eta irabazi-asmorik gabe, beren bitartekoak baliatuz edo elkarte, federazio edo beste integrazio modu batzuen bitartez, enpresei laguntza zerbitzua ematen dieten erakundeak izan beharko dute, baldin eta nortasun juridikoa badute.

Diru-laguntza hori administrazio, erakunde eta enpresa publikoek eskatzen ahalko dute.

3. oinarria.-Diru-laguntzen xede diren gastuak eta diru-zenbatekoa.

Diruz lagundu behar den jardueraren arabera, diru-laguntzen xede diren gastuak eta diru-zenbatekoa oinarri honetan adierazten dira.

Edonola ere, gastu hauek ez dute inola ere diru-laguntzarik jasoko, alde batera utzita jarduera zein den:

-Enpresa elkartu edo lotuekin eginiko gastuak, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak maiatzaren 6an eman 2003/361 Gomendioan xedaturikoaren arabera.

-Diru-laguntzaren xede diren jarduerekin lotzen ahal den softwarea edo hardwarea erostea, oinarri honen D. 2 atalean ezarritakoa izan ezik.

-Jarduera iraunkorra edo aldizkakoa egiten duten zerbitzuak eta enpresaren ohiko funtzionamendu gastuekin lotuta daudenak.

-Jarduketa bererako aldez aurretik diru-laguntza eskatu bada, hala adierazi beharko da eta 7. ataleko (Jarduketa justifikatzen duten berariazko premia zehatzak) "Diru-laguntza eskaera" izeneko inprimakian justifikatuko da beste jarduketa horren arrazoia. Nolanahi ere, azken hiru urteotan bildutako diru-laguntzaren zenbateko osoak ez du oinarri hauetan jarduketa bakar baterako ezarritako gehieneko kopurua gaindituko.

Diru-laguntzaren xede diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa hauexek izanen dira:

A.-Kudeaketa sistemak.

Diru-laguntzen xede izan daitezke kanpo aholkularitzaren gastuak, auditoretzarenak eta ziurtapenarenak, lehen ziurtapena eskuratzeko honako hauetan:

-Kalitatea kudeatzeko sistemak, ISO 9001, ISO TS 16949 eta ISO 17025 arauei jarraikiz.

-Lan segurtasunaren eta osasunaren administraziorako kudeaketa sistema OHSAS 18001 arauari jarraikiz.

-Ingurumen kudeaketa diseinua eta garapen - ekodiseinua prozesuan, UNE 150301 arauari jarraikiz.

-I+G+b kudeatzeko sistemak, UNE 166.002 arauari jarraikiz, eta zaintza teknologikoko sistemak, UNE 166.006 arauari jarraikiz.

-Softwarearen kalitatea kudeatzeko sistemak, hauei jarraikiz: ISO/IEC 15504 araua, edo CMNI edo SPICE ereduak, 2. mailatik 5.era bitarte.

-Ingurumen kudeaketaren ezarpena eta ziurtapena, ISO 14001 arauari jarraikiz, lagungarria izanen da, ISO 9001 arauarekin batera lortzen bada.

-Energia kudeatzeko sistemak, UNE 216301 arauari jarraikiz.

Diru-laguntzaren portzentajea diruz lagun daitezkeen gastuen %40 izanen da.

Edonola ere, jarduketa bakoitzeko diru-laguntza, gehienez ere, 20.000 eurokoa izanen da.

B.-Berrikuntza.

B. 1.-Antolaketa arloa.

Diru-laguntzaren xede dira kanpo aholkularitzaren gastuak, honetarako:

-Gogoeta eta plangintza estrategikoa, DAFO azterketa edo kokapenak aztertzeko beste metodologiaren bat erabiliz. Diru-laguntzaren portzentajea %50 izanen da.

-Ezagupena kudeatzea (ezagupena identifikatu, atzeman, ebaluatu, banatu eta aplikatzea). Diru-laguntzaren portzentajea %50 izanen da.

-Hobekuntza teknologikoko planak egitea, produktuetan, prozesuetan eta zerbitzuak egitean, atzemandako arazoei berariazko irtenbideak emateko. Besteak beste, jarduera horien artean hauek sartuko dira: plantako banaketak, instalazioak tokiz aldatu behar ez direnean edo instalazio berria behar ez denean; biltze eta banatze sistema logistikoak; eta abar. Diru-laguntzaren portzentajea %30 izanen da.

B. 2.-Diseinu arloa.

Diru-laguntzaren xede dira kanpo aholkularitzaren gastuak, honetarako:

-Produktua diseinatzeko: produktu berrien ezaugarri funtzionalak, estetikoak eta ergonomikoak, edo ezaugarri horien diseinua lehendik dauden produktuetara moldatzea. Marketin eta merkatu-azterlanak kanpoan gelditzen dira. Diru-laguntzaren portzentajea %30 izanen da.

-Materialak ordezteko eta bizi zikloko azterketak, aurreko puntuak aipatutako jarduketekin lotzen direnean. Diru-laguntzaren portzentajea %30 izanen da.

-Prozesua simulatzeko eta prototipo lasterra egiteko zerbitzuak kontratatzea, aurreko puntuetan aipatutako jarduketekin lotzen direnean. Diru-laguntzaren portzentajea %30 izanen da.

B. 3.-I+G+b arloa.

Diru-laguntzaren xede dira kanpo aholkularitzaren gastuak, honetarako:

-Europako edo nazioarteko ikerketa eta garapen teknologikoko programetan parte hartzeko partzuergoak sortzeko proposamenak prestatu eta negoziatzea. Proposamenek proiektu zehatzak bildu beharko dituzte. Diru-laguntzaren portzentajea %50 izanen da.

-Bidegarritasun tekniko-ekonomikoaren azterlana, I+G+b jarduerak prestatze aldera. Diru-laguntzaren portzentajea %50 izanen da. Azterlan mota hori zentro teknologikoen, ikerketa zentroen edo arlo horretan trebeak direla frogatzen duten aholkuemaile tekniko espezializatuen bidez eginen da.

-Zaintza estrategikoa eta berrikuntzaren plangintza, berrikuntza kudeatzeko eta aurreikuspen teknologikorako tresnak ezarriz edo erabiliz. Diru-laguntzaren portzentajea %60 izanen da.

-Nazioarteko patenteak eskatzea. Espainian patentea eskatu eta ondoko 31 hilabeteetan sortutako gastua sartuko da.

Atzerrian aurkezturiko eskaeren ezinbesteko betebeharra da haien lehentasuna izatea, Parisko Batasuneko Hitzarmenari jarraikiz, Espainian erabiltzen ahal den patente edo eredu bat eskatzea, nazioarteko PCT eskaera bat, Espainiako Patente eta Marken Bulegoan aurkeztua, hura baita hartu behar duen bulegoa PCT Tratatuaren arabera, edo Europako patente baterako eskaera, Espainiako Patente eta Marken Bulegoan aurkeztua, urriaren 10eko 2424/1986 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez aplikatzen da Europako patenteak emateko hitzarmena, 1973ko urriaren 5ean Munichen prestatu zena.

Eskaerak eginak behar dute izan 2005eko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra bitarte. Diru-laguntzaren portzentajea %50 izanen da.

B. 4.-Lankidetza arloa.

Diru-laguntzaren xede izan daitezke kanpo aholkularitzaren gastuak, enpresen arteko egiturak, jarduera berritzaileekin lotuak eta luzaz irautekoak, sortzea helburu dutenak. Lankidetza hori sektorekoa izaten ahal da edo produktuaren balioaren kateko enpresak hartzen ahal ditu. Diru-laguntzaren portzentajea %30 izanen da.

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izanen da enpresako. Taldeka egiten diren jarduketen kasuan, 6. oinarrian ezarri bezala, enpresa bakoitzeko izanen da gehieneko zenbateko hori.

C.-Langile teknikoen prestakuntza.

Diru-laguntza emanen da jarduera hauek egiteko matrikula, joan-etorri, lokalen alokairu eta egonaldi gastuetarako: ikastaroak, prestakuntza ikastaro laburrak, egonaldi laburrak estatuko zein atzerriko zentro edo enpresetan. Jarduera horien xedea da teknologiak ikastea edo enpresa berritzeko jarduerei loturiko prozesu teknologiko berritzaileak ezartzea. Propio eta banan-banan diseinatu edo egokituko dira enpresa edo erakunde bakoitzerako langileak espezializatu eta presta daitezen.

Diru-laguntzaren portzentajea diru-laguntzen xede diren gastuen %50 izanen da, 6. oinarrian aipatzen diren irizpideen arabera. Diru-laguntza 20.000 eurokoa izanen da gehienez jarduketa bakoitzeko.

Taldeka egiten diren jarduketen kasuan, 6. oinarrian ezarri bezala, enpresa bakoitzeko izanen da gehieneko zenbateko hori.

Ez dira langile teknikoen prestakuntza gisa diruz lagunduko honako hauek:

-Masterrak, ikastaro arautuak edo ohikoak eta jende guztiarentzako irekiak direnak, hots, elkarteek, aholkularitzek edo bestelako entitateek aldizka prestakuntza jarduera gisa antolatzen dituztenak.

-Arlo hauetako prestakuntza: kalitatea kudeatzeko sistemak, kudeaketarako sistema integratuak (ERP, CRM,..), diseinu programak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

-Erakundeak lehendik ezagunak dituen edo edukiaren aldetik errepikapena dakarten gaien gaineko prestakuntza.

-Plantillaren %30 baino gehiago edo 20 langile baino gehiago hartzen dituzten prestakuntza jarduerak.

D.-Zabalkundea, sentsibilizazioa eta dinamizazioa.

D. 1.-Zabalkundea eta sentsibilizazioa.

Diruz laguntzen ahal dira kanpoko gastuak (aholkularitza, publizitatea, lokalen alokairua, etab.), eta barnekoak (langileak, agirien prestaketa, etab.), deialdiaren xede diren zerbitzuak erabiltzeko helburuarekin egiten diren zabalkunde eta sentsibilizazio jardueretarako erabiltzen direnak. Zerbitzu horiek 3. oinarriko B. 1, B. 2 eta B. 4 puntuetan adierazten dira.

Eskaeran zehaztu beharko dira jarduketa zein enpresa sektoreri zuzentzen zaion eta azalduko diren enpresen kopuruaren zenbatespena. Beste alde batetik, eta gutxienez ere astebete lehenago, departamentuari jakinaraziko zaio jarduketaren hasiera zein egunetan eta ordutan izanen den, egokitzat joz gero, hartara joan ahal izateko.

Diru-laguntzaren portzentajea diru-laguntzen xede diren gastuen %100 izanen da, 6. oinarrian aipatzen diren irizpideen arabera. Diru-laguntza 75.000 eurokoa izanen da gehienez jarduketa bakoitzeko. Barneko gastuek ezin izanen dute jardueraren kostu osoaren %50 gainditu.

D. 2.-Dinamizazioa: zerbitzuak Interneten bidez egitea.

Diru-laguntzen xede dira kanpoko aholkularitzaren eta berariazko softwarearen gastuak, zerbitzu berri edo zaharrak Interneten bidez egiteko sistemak ezartzearekin lotuak.

Diru-laguntzaren portzentajea diru-laguntzen xede diren gastuen %70 izanen da, 6. oinarrian aipatzen diren irizpideen arabera. Diru-laguntza 40.000 eurokoa izanen da gehienez jarduketa bakoitzeko.

4. oinarria.-Diru-laguntzaren xedeko gastuak eta ordainketak aukeratzeko epea.

Diru-laguntzen xede diren jarduerak 2007ko ekainaren 1etik 2009ko urriaren 31ra bitarte gastatu eta pagatu beharko dira, hauek izan ezik:

-A. 1 ataleko kalitatea kudeatzeko sistemen ziurtagiria; ziurtagiria eskuratu aurreko 12 hilabeteetan sortutako gastua sartuko da. Ziurtagiria eskuratu ez bada, aurreko lerroaldean xedatutakoari jarraituko zaio.

-B. 3 ataleko nazioarteko patenteen eskaera; Espainian patentea eskatu eta ondoko 31 hilabeteetan sortutako gastua sartuko da.

5. oinarria.-Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 2008ko abenduaren 30era bitarte, egun hori barne, izanen da.

Eskaerak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira, http://www.navarra.es / home-es / Catalogo+de+servicios / Ayudas/Innovacion on+Empresa+y+Empleo/2002A10IIK.htm ("Lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak") helbidean eskura dauden inprimakien bidez:

a) Lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzetarako eskabidea, inprimaki ereduaren araberakoa.

b) Erantzukizuneko aitorpena, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzearen eta kobraturiko gainerako laguntzen gainekoa, de minimis laguntzak barne.

c) ETEa izateari buruzko erantzukizuneko aitorpena, "Kudeaketa sistemak" izeneko A. ataleko jardueren kasuan.

d) BEZa edo baliokidea enpresarentzako benetako gastua bada, enpresak hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Halaber, onuradunak hainbanaketa araubidean badaude, kostu hori kalkulatzeko oinarria izanen da diru-laguntza eman aurretik amaitu den azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa. Kasu horretan, azken emaitza aurkeztu beharko dute, haien betebehar fiskalen likidazioan.

e) Aukeratutako aurrekontuaren kopia, bertan jasotzen diren lanen zenbatekoaren xehekapen osoa eta guzti. Jardueraren aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa bada, eskatzaileak erantsi beharko du hornitzaileak aukeratzeko justifikazioaren inprimakia, behar bezala betea.

Eskaerak eta aurkeztutako gainerako agiriek aipatutako baldintzak betetzen ez badituzte, edo osorik ez badaude, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

6. oinarria.-Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak eskaerak aztertu, eta diru-laguntzak esleituko ditu, irizpide hauen arabera:

-Eskaera diru-laguntzen xede diren 3. oinarriko jardueretarikoren batekin bat etortzea.

-Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eman beharreko diru-laguntzarako eta, hala zehazten denean, aurrekonturako ezarririko gehieneko portzentajeak kontuan hartuko dira.

-Ekintza kolektiboen kasuan, ondorio suspertzailea eta jarduketak sortzen dituen sinergiak frogatu beharko dira. Diru-laguntza banakako ekintza bati legokiokeena baino %20 handiagoa izanen da.

Ezin izanen dira horretaz baliatu kalitatea kudeatzeko sistemen ziurtapena lortzea helburu duten jarduketek, ISO 9001 eta ISO 14001 arauei jarraikiz.

7. oinarria.-Laguntza emateko ebazpena.

Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarririko irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, beharrezko baderitzo, argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Ebaluazioa bukaturik, organo instruktoreak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena beranduenez ere eskaera aurkezten den datatik sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da, administrazioaren isiltasunaren bidez.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.-Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Jarduerak egin ondoren onuradunek, diru-laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean, agiri hauek aurkeztuko dituzte:

-"Jarduketaren eta gastuen justifikazioa" izeneko inprimakia eta, horrekin batera, fakturak eta horiek justifikatzeko agiriak eta inprimakian azaltzen diren gainerako agiriak, ordainketen eta gastuen trazabilitatea eta lagundutako jarduerarekin duten lotura agerian gera daitezen. Inprimaki hori Interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.navarra.es / home-es / Catalogo+de+servicios / Ayudas /Innovacion+Empresa+y+Empleo / 2002A10IIK.htm ("Lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzak").

-"Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea" izeneko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada. Inprimaki hori behar bezala beterik aurkeztu beharko da, onuradunak sinatua eta dagokion bankuak zigilatua, eta helbide honetatik behera kargatzen ahalko da: http://www.navarra.es / home-es / catalogo+de+servicios / todos+los+ser vicios /asistentes / impresos+de+tesoreria.htm.

Frogagiriak azterturik, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Aurreko oinarrian ezarririko moduan egin eta justifikatu beharko dituzte onuradunek diru-laguntzen xede diren jarduerak. Jarduera bat egin ezik edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean justifikatu ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

2. Halaber, onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko, eskaeran baimena ematen zaio departamentuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituela egiaztatzeko.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

10. oinarria.-Diru-laguntzen bateragarritasuna eta "de minimis" izaera.

1. Diru-laguntzak bateragarriak dira instituzioek onuradunentzat dituzketen antzeko babes lerroekin, baina enpresen ekarpena %30ekoa izanen da gutxienez, aurrekontuaren %100 emateko aukera duten jardueretan izan ezik (D. 1 jarduerak. Zabalkundea eta sentsibilizazioa).

2. Deialdiko diru-laguntzak, zabalkunderako, sentsibilizaziorako eta dinamizaziorako aurreikusi eta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten dituztenak izan ezik, "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (L 379 AO, 2006-12-28koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresentzako, hiru zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskaerak aurkezten dituztenean. "De minimis" laguntzen baturak, diru-laguntza hau barne, gehieneko mugak gainditzen baditu, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga horiek ez gainditzeko.

11. oinarria.-Bestelako laguntzak eskatzeko aukera.

Diru-laguntzetarako eskaerako jarduerak beste laguntza batzuen xede direnean, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak eskaera araubide hartara bideratzen ahalko du, betiere interesdunari kalterik egiten bazaio eta horren berri behar denean ematen bazaio.

12. oinarria.-Oinarrien aurkako errekurtsoa.

Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: zein urtetako deialdia den, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0809321