79. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

192/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 12koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak emana, enpresak kanpoan sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzaren araubidea ezartzen duena 2008-2011 aldirako.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko 2008-2011 aldiko Plana, Enpresa Zuzendaritza Nagusiak egina, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren zati da.

Plan horren helburuak dira, besteak beste, oinarri esportatzailea zabaltzea, Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeen kopurua handitzea eta sektore eta azpisektore esportatzaileak gehitzea.

Plana prestatzeko faseetan egiaztatu denez, enpresak kanpoan sustatzeko babesa emateak helburu horiek lortzen laguntzen du. Antzeman da, halaber, beharrezkoa dela aurreko urteetan izandako programak merkatu bakoitzeko enpresen egoerari egokitzea, diru-laguntzen araubidea egonkor mantenduz.

Nazioartekotzeak enpresa-estrategia izan behar du eta, ondorioz, denboran zehar eutsi behar zaio, enpresen eta, horrenbestez, eskualdearen egonkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen lagundu ahal dezan.

Foru agindu honen xedea da enpresak kanpoan sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzen araubidea ezartzea 2008-2011 aldirako.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko dira, Gobernuak araubide hori erabiltzeko baimena eman baitu 2008ko maiatzaren 26ko Erabakiaz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Diru-laguntzaren xedea da Nafarroako enpresei nazioartekotzeko babesa ematea. Horrela gero eta gehiago izanen dira Nafarroako esportazioen hartzaile diren herrialdeak eta sektore esportatzaileak.

Helburu horrekin, laguntza ekonomikoa eskaintzen da enpresen nazioartekotze estrategia garatzeko, herrialdeka sustapen plan berariazkoak burutzeko laguntza finantzarioa emanez.

Nafarroako enpresen arteko baterako sustapen ekintzak ere lehenetsi beharrekotzat jotzen dira. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak laguntza handiagoa eman behar die, baliabideen erabilera eraginkorragoa ahalbidetzen duten heinean. Hori dela eta, sustapen taldeen figura aurreikusten da. Gutxienez hiru enpresak osatutako taldeak dira; enpresa horiek lankidetza akordioa egiten dute, toki jakin batean sustapen plana garatzeko.

2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Eskatzaile bakoitzak diru-laguntzak jaso ahalko ditu herrialde bakoitzerako aurkeztutako planeko sustapen ekintzetarako. Planari lotutako gastuak bakarrik izanen dira diru-laguntzaren xede.

Diru-laguntzaren iraunaldia gehienez ere hiru urtekoa izanen da esportazioak hasteko eta hiru urtekoa esportazioak sendotzeko, hautaturiko herrialdean.

Eskatzailea ekoizpenaren aldetik ezarririk dagoeneko herrialdeetan eginiko sustatze gastuak ez dira diru-laguntzen xede.

Honako gastu hauek dira diruz laguntzen ahal direnak:

1. Atzerriko hizkuntzan eginiko zabaltze-materiala:

Katalogoak, liburuxkak, bideoak sartzen dira, bai eta web-orria sortu edo haren edukiak aukeratutako herrialdeko hizkuntza ofizialean jartzea ere, betiere hizkuntza hori gaztelania ez bada. Ez da sartuko kontzeptu horien ondoriozko autofakturazioa.

Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzaren xede izan daiteke hautaturiko herrialdean ofizialak ez diren atzerriko hizkuntzetan eginiko zabaltze-materiala, betiere zuzeneko lotura ezartzen ahal bada herrialderako sustapen planarekin. Halakoetan ez dira diru-laguntzaren xede izanen foru agindu honen atal hauetan aipatzen diren portzentajeak: 3.1 artikulua, e) eta f) letrak, edo, kasua bada, 3.2 artikulua eta 3.3 artikuluko a) eta b) letrak.

Gaztelaniazko zabaltze-materiala ere diru-laguntzaren xede izan daiteke, atzerritarrentzako gaztelania ikastaroen sustapenerako materiala denean.

2. Publizitatea atzerriko hedabideetan:

Aukeratutako herrialdean zabaltzen diren hedabideetarako prestatutako iragarkiak besterik ez dira sartuko kontzeptu honen barrenean. Publizitate horretan, enpresa eskatzailearen izena eta marka agertu beharko dira.

Argitalpena hainbat herrialdetan zabaltzen bada, planaren xede den herrialdean argitalpenak duen zabalkunde portzentajearen arabera emanen da gasturako diru-laguntza.

3. Patente eta markak atzerrian homologatu, ziurtatu, normalizatu eta erregistratzea:

Barne sartzen dira aukeratutako herrialdera produktuak egokitzeko homologazio, ziurtapen eta normalizaziorako gastuak.

Halaber atal honetan sartzen dira planaren xede den herrialderako patenteak eta markak erregistratzeko gastuak eta, halaber, beharrezko tramiteak egiteko kudeaketa-gastuak.

Era berean, lagungarritzat hartzen dira hautatutako atzerriko herrialdeetako bezeroek eskatzen dituzten ziurtapenak lortzeko auditoretza-gastuak.

Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzaren xede izan daiteke patente eta marka komunitario edo nazioartekoen erregistroa, betiere zuzeneko lotura ezartzen ahal bada herrialderako sustapen planarekin. Halakoetan ez dira diru-laguntzaren xede izanen foru agindu honen atal hauetan aipatzen diren portzentajeak: 3.1 artikulua, e) eta f) letrak, edo, kasua bada, 3.2 artikulua eta 3.3 artikuluko a) eta b) letrak.

4. Merkatu-azterketarako bidaiak:

Aukeratutako herrialderako bidaiak, baldin eta Espainiatik egiten badira.

Merkatua aztertzeko bidaietarako diru-laguntzetan pertsona batek turista-klasean bidaiatzeko eta ostatatzeko gastuak sartzen ahal dira, eta lurraldeko ezarria den bidaia-poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da gehienez ere, foru agindu honen 1. eranskinean aipatzen den poltsaren zenbatekoraino, alegia.

Ondorio horietarako, ez dira bidaia-gastutzat hartuko lekualdaketak.

Bidaiak herrialde bat baino gehiago hartzen baditu, bidaia-poltsa handiena emanen da.

Halaber atal honetan sartuko dira merkataritzako misioak, lankidetzarako bilerak edo azoketara egiten diren bisitak, betiere Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak, Nafarroako Gobernuko departamentuek, sozietate publikoek edo egoitza Nafarroan duten finantza erakundeek antolatuak badira.

5. Azoketan parte hartzea:

Nork bere erakustokia izanik edo beste batzuekin batera parte hartzen duten enpresentzat. Inportatzaileak edo banatzaileak ordezkatuta ere egoten ahal dira. Enpresak inportatzaile edo banatzaile bat baino gehiago baditu herrialdean, haietako bakar batekin parte hartzeko diru-laguntza jasoko du.

Azoka egin beharko da aukeratu den herrialdean. Dena den, Espainiatik kanpo egiten diren mundu mailako azoketan parte hartzeko diru-laguntza jaso ahalko da, azoka horiek zuzeneko lotura baldin badute aukeratutako herrialderako sustapen planarekin. Halakoetan ez dira diru-laguntzaren xede izanen foru agindu honen atal hauetan aipatzen diren portzentajeak: 3.1 artikulua, e) eta f) letrak, edo, kasua bada, 3.2 artikulua eta 3.3 artikuluko a) eta b) letrak.

Kontzeptu hauei ematen ahal zaie diru-laguntza:

-Lekua errentan hartzea.

-Erakustokia dekoratzea.

-Produktuak garraiatzea.

-Laguntza-emaile eta interpreteak kontratatzea.

-Joan-etorriak eta ostatua. Ez dira bidaia-gastutzat hartuko lekualdaketak.

-Izena ematea eta nahitaezko asegurua, hala nola azokaren katalogoan sartzea.

Eskatzaileak lortzen badu ICEX delakoaren laguntza azoka baterako, bidaiarako eta ostatatzeko ezarritako diru-laguntza besterik ez du jasoko.

6. Bezeroen edo bezero izan litezkeenen bisitak:

Diru-laguntza jaso ahalko da planaren xede den herrialdeko bezeroen edo bezero izan litezkeenen ostatu eta bidaia gastuetarako, enpresa eskatzailearen egoitzara etortzen direnean. Pertsona bakoitzeko, jatorrizko herrialderako ezarria den bidaia-poltsaren zenbatekoraino iristen ahal da diru-laguntza gehienez ere, foru agindu honen 1. eranskinean aipatzen den poltsaren zenbatekoraino, alegia.

Pertsona gonbidatuek enpresan ardurako postua izan behar dute. Laguntza hau eman dadin, justifikazio arrazoitua egin beharko da, egitekoak diren jardueren azalpen zehatzean.

7. Bestelako sustapen ekintzak:

Hautaturiko herrialdean sustapen plana gauzatzeko eskatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen sustapen ekintza guztiak sartuko dira atal honetan, baldin eta modu egokian frogatzen bada haien bideragarritasuna.

3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Eskatzaile bakoitzak, kanpoko sustapen ekintzetarako, gehienez ere 40.000 euro jasotzen ahal ditu aurrekontuko ekitaldi batean.

1. Enpresentzat, diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastuaren %25 izanen da diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea, eta irizpide hauen arabera handitu ahal izanen da:

a) Sektore hauetakoa izateagatik, %5: nekazaritzako elikagaiak, automozioa, ekipamendu-ondasunak, bioteknologia, eraikuntza bioklimatikoa, energia berriztagarriak, logistika eta garraioa, aisia, kultura eta turismoa, IKT, osasuna eta nanoteknologia.

b) Enpresa txikia izateko baldintzak betetzen badira, %5.

c) Enpresak esportazio departamentua badu, %5; lanaldi partzialeko esportazio-kudeatzailea kontratatua badu, %2,5.

d) Gehienez %5 gehiago, salmenten artean esportazio portzentaje txikiagoa duten enpresentzat; honela kalkulatuko da: (100-%esportazioa)*0,05.

e) Planaren xedeko herrialdea A taldekoa bada, %5, eta B taldekoa bada, %2,5. Plana herrialde baterako baino gehiagotarako egina bada, diru-laguntzaren portzentajea aldatu eginen da herrialde batetik bestera. Foru agindu honen 2. eranskinean ageri dira talde bakoitzeko herrialdeak.

f) Merkatu batean hasteko plana bada, %15 gehiago lehen urtean, %10 bigarrenean eta %5 hirugarrenean. Enpresa batek merkatu batean hasteko diru-laguntza jaso dezake 3 urtean eta merkatu horretan finkatzeko diru-laguntza beste 3 urtean.

2. Foru agindu honen 4.3 eta 4.4 artikuluetan aipatutako eskatzaileentzat, diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastuaren %50 izanen da, eta faktore hauen arabera handitu ahalko da:

a) Planaren xedeko herrialdea A taldekoa bada, %5, eta B taldekoa bada, %2,5. Foru agindu honen 2. eranskinean ageri dira talde bakoitzeko herrialdeak. Plana herrialde baterako baino gehiagotarako egina bada, diru-laguntzaren portzentajea aldatu eginen da herrialde batetik bestera.

b) Merkatu batean hasteko plana bada, %15 gehiago lehen urtean, %10 bigarrenean eta %5 hirugarrenean. Sustapen-talde edo esportazio-partzuergo batek merkatu batean hasteko diru-laguntza jaso dezake 3 urtean eta merkatu horretan finkatzeko diru-laguntza beste 3 urtean. Taldeko enpresa guztietatik merkatuan esperientzia luzeena duenaren egoeraren araberakoa izanen da portzentaje hori.

3. Foru agindu honen 4.5 artikuluan aipatutako eskatzaileentzat, diru-laguntzaren gutxieneko portzentajea diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastuaren %30 izanen da, eta faktore hauen arabera handitu ahal izanen da:

a) Planaren xedeko herrialdea A taldekoa bada, %5, eta B taldekoa bada, %2,5. Foru agindu honen 2. eranskinean ageri dira talde bakoitzeko herrialdeak. Plana herrialde baterako baino gehiagotarako egina bada, diru-laguntzaren portzentajea aldatu eginen da herrialde batetik bestera.

b) Merkatu batean hasteko plana bada, %15 gehiago lehen urtean, %10 bigarrenean eta %5 hirugarrenean. Atal honetan aipatutako eskatzaileetako batek merkatu batean hasteko diru-laguntza jaso dezake 3 urtean eta merkatu horretan finkatzeko diru-laguntza beste 3 urtean.

4. artikulua. Onuradunak.

Onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte.

Baldintzak betetzen direla frogatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu behar dira.

1. Eskatzaile guztien betebeharrak:

a) Nazioartekotzeko plana edukitzea, herrialdeka ezarria, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak diru-laguntzaren xedetzat hartua.

Diru-laguntzaren xedetzat har dadin, planak enpresaren nazioartekotze estrategiarekin bat etorri behar du. Gainera, proposatzen diren ekintzek bat etorri behar dute ezarritako helburuekin, eta planaren betetze mailari buruzko adierazleak aurkeztu behar dira.

b) Aukeratutako herrialdean gehienez hiru urte lehenagotik jardutea, merkataritzako agente edo langilerik inoiz izan gabe. Baldintza hori bete beharko da aukeratutako herrialdea hastapenekotzat kalifikatu dadin.

c) Aukeratutako merkatuan 3 urte baino lehenagotik jardutea edota hautaturiko helburuan merkataritzako langileren bat izatea, edo izana, eta esportazioen edota merkatu horretako bezeroen kopurua gero eta handiagoa izatea. Baldintza hori bete beharko da aukeratutako herrialdea finkapenekotzat kalifikatu dadin. Aurrekoa gorabehera, eskatzaileak goian aipatu diren magnitudeetan bilakaera positiborik ez duenean ere, hori eskatzailearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik edo kanpoko faktoreen eraginez gertatzen bada, merkatua finkapenekotzat jo ahal izanen da, aurkeztutako planaren arabera.

2. Enpresak izanez gero:

a) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

b) Eskabidea aurkezten den eguna baino urtebete lehenago eratuak izatea, gutxienez.

c) Eskabidea aurkezten den egunean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.

d) ETE-en beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

e) Beren produktu edo zerbitzuren bat izatea.

3. Sustapen-taldeak izanez gero, gutxienez Nafarroako hiru enpresak osatuak izan behar dute, eta enpresa horiek guztiek bete behar dituzte goian azaldutako baldintzak.

4. Esportazio-partzuergoak izanez gero, ezin dira ICEXen programetakoak izan, eta Nafarroan izan behar dute egoitza, edo bestela Nafarroako enpresek haietan gutxienez %25eko partaidetza izan behar dute. Partzuergoan parte hartzen duten Nafarroako enpresen kopuruaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

5. Prestakuntza arloko erakundeek diru-laguntza jaso ahalko dute, baldintza hauek betez gero: helbidea Nafarroan izatea, ez-egoiliarrentzako gaztelania ikastaroak eskaintzea, eta zerbitzu osoa eskaintzea (hizkuntzaren irakaskuntza, ostatua eta astialdiaren kudeaketa).

5. artikulua. Eskabideak aurkeztea eta eskatzen diren agiriak.

1. Aukeratutako herrialdean sustapen ekintzak hasi eta hurrengo hiru hilabeteen barnean aurkeztuko dira eskabideak.

Eskabideak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskabidea postetxean aurkezten bada, gutun-azal irekian eraman beharko da, lehen orriaren goiburuan postetxearen izena eta eskabidea jaso den eguna, tokia, ordua eta minutua jar daitezen. Igorpenaren egiaztagirian ere datu horiek jaso behar dira.

2. Eskabidearen eredua eskura dago www.navarra.es webgunean (Fc7.07.20 inprimakia). Agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak eta kobraturiko laguntzak azaltzen dituena, Fc6.02.02 inprimakiaren araberakoa.

b) ETEa izateari buruzko erantzukizuneko aitorpena, Fc6.02.01 inprimakiaren araberakoa.

c) Eskatzailearen izenean eskabidea sinatzen duen pertsonarentzako ahalordea, eta ahalordedunaren NANa. Ahalordea Merkataritza Erregistroan inskribaturik egonen da, baldin eta aplikatzekoa den merkataritza legeak hala eskatzen badu.

d) Eskatzailea sustapen-taldea izanez gero, lankidetza akordioa, Fc7.07.19 inprimakian egina.

e) Eskatzailea partzuergoa izanez gero, haren eraketa egiaztatzeko agiria.

f) Eskatzailearen nazioartekotze plana, sustapenaren xede den herrialdearen aipamen bereziarekin.

3. Nazioartekotze planean ondokoak bildu beharko dira gutxienez:

a) Eskatzailearen eta egiten dituen jardueren deskribapena.

b) Jardueraren DAFO azterketa, enpresaren alde ahulak eta sendoak, ingurunean eta merkatuan dituen arriskuak eta aukerak.

c) Nazioartekotzeko estrategia.

d) Zeintzuk herrialdetara esportatzen duen.

e) Zeintzuk herrialdetan eginen duen sustapena, eta haietako bakoitzeko, datu hauek:

1. Zergatik aukeratu duen herrialdea.

2. Merkatuko sektorearen azterketa estrategikoa; bertan zehatz azaldu behar dira egungo egoera, ustez izanen den bilakaera, lehiaren esparrua eta lehiakide nagusiak.

3. Herrialdean sartzeko estrategia.

4. Badu banatzailea/agentea/lankidetza-akordioa/merkataritza-ezarpena/ekoiz pen-ezarpena.

5. Zenbat denbora egin duen herrialde horretara esportatzen.

6. Zein ekintza eginen dituen herrialde horretan eskaeraren urtean eta hurrengoan.

7. Ekintzen kronograma.

Entitateak diru-laguntza eskatzen badu herrialde batean sustapena egiteko eta hiru urte igaro aurretik berriz ere diru-laguntza eskatzen badu beste herrialderen batean sustapena egiteko, ez da beharrezkoa izanen planean artikulu honetako 3. idatz-zatiko a, b eta c atalak sartzea.

Entitateak, herrialde batean sustapena egiteko jaso duen diru-laguntzaren epea bukatu ondoren, bere helburuak lortzearren, bere ekintzetan jarraitu nahi badu, plana aurkeztu beharko du, gutxienez ondokoak bilduko dituena:

8. Planaren kudeaketaren eta aurrerapenaren adierazleak.

9. Epe berrian eginen diren ekintzak.

6. artikulua. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskabideak foru agindu honen 3. artikuluan ezarririko irizpideekin bat ebaluatuko dira eta laguntza ebaluazio horren ondorioz gertatzen den portzentajearekin esleituko da.

Espedienteak eskabideak aurkezten direneko hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira eta emanen da haien gaineko ebazpena, aurrekontuetan horretarako dirua dagoeino.

7. artikulua. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak eskabideak ebaluatuko ditu, foru agindu honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraituz. Horretarako aditu independenteen laguntza eskatu ahalko du, planaren konplexutasunak eta bestelako arrazoiak kontuan harturik.

Ebaluazioa bukaturik, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiari dagokio. Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ukatu dela ulertuko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek, zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. artikulua. Egindako gastu eta ordainketak frogatzea.

1. Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan, onuradunek frogatu egin beharko dituzte egindako gastuak eta ordainketak. Horretarako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen justifikazioa (Fc7.07.10 inprimakia, behar bezala beterik).

b) Gogobetetzeari buruzko inkesta, Fc7.07.16 inprimakian egina.

c) Fakturen kopiak.

d) Ordainketen frogagirien kopiak, esaterako, kontuko zordunketenak eta bankuko ordainagirienak.

e) Zabaltze-materiala aurkezten bada, ale bat aurkeztuko da, fakturetan diru-laguntza jasotzeko agertzen den kontzeptu bakoitzeko.

f) Atzerriko hedabideetan publizitatea egin izana frogatzeko, agertu den hedabidearen ale bat aurkeztuko da, eta portadaren eta iragarkiaren kopia bat.

g) Bezeroen edo bezero izan litezkeenen bidaiak frogatzeko, bidaia egin duen pertsonaren bisita-txartela.

h) Ekintzak burutu direla egiaztatzeko behar diren beste guztiak.

Egindako gastutzat joko dira justifikazio epea amaitu aurretik ordaindutakoak.

Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean hala justifikatu ezik laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

2. Diru-laguntzaren xede den jardueraren gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, bi eskaintza aurkeztuko ditu gutxienez, eta hautatakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.

9. artikulua. Diru-laguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Onuradunen bati diru-laguntza kobratzeko eskubidea kentzen bazaio, aurrekontuan nahikoa diru ez izateagatik hasieran baztertu diren beste eskatzaile batzuei eman ahal izanen zaie diru-laguntza hori.

Era berean, hasieran baimendutako aurrekontua handitzeko aukera izan daiteke, dagozkion kontusailetan zenbat diru dagoen.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar zehatzak bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betetzea, gastu eta ordainketen egiaztagiriak aurkezteko epeei dagokienez.

b) Diru-laguntzaren xede diren ekintzak burutu direla egiaztatzen laguntzea, eskatzen diren agiriak eta argibideak emanez.

c) Onuradun izateko baldintzak betetzeari eragiten ahal dion edozein gorabehera Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari jakinaraztea.

2. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta dauzkala egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzei eta jasotako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola Departamentuari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenean, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako baten bat bete ezean, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du edo, bestela, itzuli egin beharko du, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Gainera, aurreko betebehar horietakoren bat zati batean betetzen ez bada, baliteke emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun printzipioa aplikatuta birdoitzea, eta kasu batzuetan baita bidezko kopurua itzuli behar izatea ere.

11. artikulua. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta "de minimis" izaera.

1. Foru agindu honen xede diren diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerrikoek jarduera beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

PIPE programan dauden enpresek ezin dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu programaren hiru faseak eta jarraipen programa amaitu arte; azken hori, gutxienez ere, zuzkidura ekonomikoari dagokionez.

2. Foru agindu honetan araututako diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zergaldiko edozein denboralditan. Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabidearekin batera ematen zaien inprimakian.

12. artikulua. Diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Xedapen gehigarri bakarra.-Urteko deialdia.

Enpresa zuzendari nagusiak baimena emanen du, ebazpen bidez, enpresak kanpoan sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzak, foru agindu honetan araututakoak, emateko urteko deialdiari dagokion gastua egiteko.

Xedapen iragankor bakarra.-2007ko deialdietara bildutako ekintzak.

1. Foru agindu hau argitaratu aurretik egin diren eta diru-laguntzaren xede izan daitezkeen ekintzak:

a) 2007ko urriaren 1etik foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunera bitartean egindako sustapen ekintzak 2007ko laguntza-deialdi hauetan ezarritakoaren bidez arautuko dira:

-Erena Programa (1040/2007 Ebazpena, apirilaren 11koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).

-Natur Programa (1041/2007 Ebazpena, apirilaren 11koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).

-Dibertsifikaziorako Promex programa (1120/2007 Ebazpena, apirilaren 25ekoa, Industria eta Merkatzaritza zuzendari nagusiak emana).

b) 2007ko uztailaren 1etik foru agindu hau argitaratzen den egunera bitartean egindako sustapen ekintzak, berriz, Hasmentako Promex programako deialdian ezarritakoaren bidez arautuko dira (921/2007 Ebazpena, martxoaren 28koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana).

2. Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko eta xedapen honen 1. atalean azaltzen diren ekintzak frogatzeko epea hilabetekoa izanen da. Foru agindu hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilean amaituko, argitalpenaren egun berean.

3. Aurkeztu beharreko agiriak.

Xedapen honen 1. atalean aipatzen diren deialdietan eskatutako agiriak aurkeztu beharko dira. Ez da aurkeztu beharko, ordea, Hasmentako Promex eta Dibertsifikaziorako Promex programetako deialdien 4. oinarrian aipatzen den inkesta, laguntzak baloratzekoa.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko ekainaren 12an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

1. ERANSKINA

HERRIALDEA POLTSA (eurotan)

ALBANIA 870

ALEMANIA 410

ANGOLA 1.730

SAUDI ARABIA 1.220

ALJERIA 360

ARGENTINA 1.730

ARMENIA 1.020

AUSTRALIA 1.940

AUSTRIA 610

AZERBAIJAN 1.220

BANGLADESH 1.530

BELGIKA 410

BIELORRUSIA 1.020

BOLIVIA 1.630

BOSNIA-HERZEGOVINA 610

BOTSWANA 1.840

BRASIL 1.560

BRUNEI 1.940

BULGARIA 920

KAMERUN 1.330

KANADA (EKIALDEKO KOSTA) 1.120

KANADA (MENDEBALDEKO KOSTA) 1.430

TXAD 1.120

TXILE 1.840

TXINA 2.080

ZIPRE 710

KOLONBIA 1.330

KONGO 1.730

HEGO KOREA 2.040

BOLI KOSTA 1.330

COSTA RICA 1.330

KROAZIA 610

KUBA 920

DANIMARKA 410

EKUADOR 1.330

AEB (ERDIALDEA) 1.140

AEB (EKIALDEKO KOSTA) 940

AEB (MENDEBALDEKO KOSTA) 1.460

EGIPTO 820

EL SALVADOR 1.330

ARABIAR EMIRERRIAK 1.220

ESLOVAKIA 610

ESLOVENIA 510

ESTONIA 1.020

ETIOPIA 1.220

FILIPINAK 1.840

FINLANDIA 610

FRANTZIA (HEGO-MENDEBALDEA) 205

FRANTZIA (GAINERAKOA) 360

GABON 1.330

GEORGIA 1.220

GHANA 1.330

GREZIA 560

GUATEMALA 1.330

GINEA BISSAU 920

GINEA CONAKRY 1.020

EKUATORE GINEA 1.120

HOLANDA 410

HONDURAS 1.330

HUNGARIA 710

INDIA 1.560

INDONESIA 1.840

IRAK 1.120

IRAN 1.330

IRLANDA 410

ISLANDIA 920

ISRAEL 820

ITALIA 410

JAMAIKA 1.330

JAPONIA 2.080

JORDANIA 920

KAZAKHSTAN 1.430

KENIA 1.220

KIRGIZISTAN 1.430

KUWAIT 1.220

LETONIA 1.020

LIBANO 920

LIBERIA 1.020

LIBIA 820

LITUANIA 1.020

LUXENBURGO 410

MADAGASKAR 1.840

MALAYSIA 1.840

MALAWI 1.840

MALI 1.220

MAROKO 360

MAURITANIA 820

MEXIKO 1.140

MOLDAVIA 1.120

MONGOLIA 2.040

NAMIBIA 1.840

NEPAL 1.730

NIKARAGUA 1.330

NIGERIA 1.330

NORVEGIA 610

ZEELANDA BERRIA 2.040

OMAN 1.220

PAKISTAN 1.530

PANAMA 1.330

PARAGUAI 1.630

PERU 1.630

POLONIA 710

PORTUGAL 200

PUERTO RICO 1.020

QATAR 1.200

ERRESUMA BATUA 410

AFRIKA ERDIKO ERREP. 1.330

TXEKIA 710

KONGOKO ERREP. DEMOKRATIKOA 1.730

DOMINIKAR ERREP. 920

ERRUMANIA 920

ERRUSIA 1.040

SENEGAL 920

SERBIA-MONTENEGRO 610

SINGAPUR 1.840

SIRIA 920

SOMALIA 1.220

SRI LANKA 1.840

HEGOAFRIKA 1.330

SUEDIA 610

SUITZA 510

THAILANDIA 1.840

TAIWAN 2.040

TUNISIA 410

TURKMENISTAN 1.430

TURKIA 820

UKRAINA 1.120

URUGUAI 1.730

UZBEKISTAN 1.430

VENEZUELA 1.330

VIETNAM 2.040

YEMEN 1.220

ZAMBIA 1.730

ZIMBAWE 1.730

2. ERANSKINA

HERRIALDEA TALDEA

BRASIL A

BULGARIA A

TXINA A

ZIPRE A

AEB A

ESLOVAKIA A

ESLOVENIA A

ESTONIA A

HUNGARIA A

INDIA A

JAPONIA A

LETONIA A

LITUANIA A

MAROKO A

MALTA A

MEXIKO A

POLONIA A

TXEKIA A

ERRUMANIA A

ERRUSIA A

TURKIA A

AUSTRALIA B

AUSTRIA B

BELGIKA B

KANADA B

TXILE B

HEGO KOREA B

DANIMARKA B

ARABIAR EMIRERRIAK B

FINLANDIA B

GREZIA B

IRLANDA B

ISRAEL B

ITALIA B

LUXENBURGO B

MALAYSIA B

HERBEHEREAK B

PORTUGAL B

SINGAPUR B

HEGOAFRIKA B

SUEDIA B

SUITZA B

Iragarkiaren kodea: F0809383