79. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

77/2008 FORU DEKRETUA, ekainaren 23koa, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako sinboloei buruzko apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Gobernuak Nafarroako armarri ofizialaren logotipo bat hartzen ahal duela erakundearen irudi gisa, hau da, diseinu grafiko errazago eta gaurkotua, garaian garaiko gustu estetikoen araberakoa.

Aurreikuspen hori garatuz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua onetsi zen, eta dekretu horren 2. artikuluak dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitate guztiek aipatu den multzo grafikoa erabiliko dutela, nahitaez.

Hori hala izanik ere, zentzuzkoa da sinbolo ofizialarekin batera, Nafarroako Gobernuaren irudi korporatiboari nahasterik sortu gabe, noizean behin edo aldi batez beste sinbolo edo logotiporen bat erabiltzeko baimena ematea, Nafarroako Gobernuak sustatzen duen eta herritarren artean ezagutarazi nahi den ekitaldi, ekimen edo jarduera garrantzitsuren bat identifikatzeko.

Sinbolo horiek guztiak batera ager daitezen beharrezkoa da maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua aldatzea eta dagokion aurreikuspena eranstea.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko ekainaren 23ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua aldatzea.

Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua aldatzen da, 6. artikulu hau gehituz:

"6. artikulua.

1. Salbuespenez, eta Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bitartez, zilegi izanen da sinbolo ofizialarekin batera beste sinbolo edo logotiporen bat edo bien konbinazioa erabiltzeko baimena ematea, Nafarroako Gobernuak sustatzen duen ekimen, ekitaldi edo jarduera garrantzitsuren bat identifikatzeko, Nafarroako Gobernuaren irudi korporatiboari nahasterik sortzen ez badio.

2. Halako kasuetan, erabakian bertan azalduko dira sinboloak, logoak edo irudi grafikoak izanen dituen ezaugarri teknikoak eta erabiltzeko baldintzak."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Erregelamenduzko gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari foru dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Tafallan, 2008ko ekainaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0809931