79. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

59/2008 FORU DEKRETUA, ekainaren 9koa, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duena.

ARRAZOIEN AZALPENA

Foru dekretu honek zenbait aldaketa egiten ditu martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduan.

Tributu Harmonizazioari buruzko abenduaren 26ko 2/2005 Legegintzako Foru Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37. artikuluko Bi.1.6 atala aldatu zuen, araubide bereziko edo sustapen publikoko babes ofiziala duten etxebizitzen emateetan %4ko zerga tasa aplikatu behar dela dioen atala, hain zuzen ere. Horrelako etxebizitzengatik zerga murriztua ordaindu ahal izan dadin erosleak zenbait baldintza eta inguruabar bildu behar ditu etxebizitzaren erabilerari dagokionez. Erregelamenduaren 17 bis.Bat artikuluan egiten den aldaketaren bidez, hura legezko xedapenera egokitzen da, eta etxebizitzaren erosleari tasa murriztua aplikatzeko eskubidea sortzen dioten inguruabarrak frogatzeko modua ezartzen da aldi berean.

Tributu Harmonizazioari buruzko otsailaren 6ko 1/2006 Legegintzako Foru Dekretuak 16. zenbakia gehitu zion 19/1992 Foru Legearen 37.Bat.2 artikuluari. Zenbaki berri horretan xedatzen da %7ko tasa murriztua aplikatu behar zaiola irrati eta telebista digitaleko zerbitzuak eman eta hartzeari. Horrelako eragiketak egiten dituzten entitateei finantza eragozpen handiak ez sortzeko, komenigarritzat jotzen da Zergaren Erregelamenduaren 20. artikuluko itzulketa prozedura berezia aplikatzea zerbitzu horiei.

Tributu Harmonizazioari buruzko maiatzaren 2ko 2/2006 Legegintzako Foru Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatu zuen, hainbanaketaren arauaren aplikazioa egokitzeko, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren sistema bateratuari buruzko Europako Zuzentaraua kontuan hartuz (gaur egun, 2006/EE Zuzentaraua, Kontseiluarena, 2006ko azaroaren 28koa), eta eragiketen prezioari lotu gabeko dirulaguntzak hartzeagatik kenkarirako eskubidea murrizten zuten muga guztiak kendu zituen Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legetik. Horren ondorioz, Zergaren Erregelamenduaren 19.1 eta 27.2 artikuluak legezko arau berriei egokitu beharra dago.

Tributu Harmonizazioari buruzko maiatzaren 2ko 2/2006 Legegintzako Foru Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatu zuen, ezgaitasuna edo minusbaliotasuna duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuaren kontzeptua behar bezala zehazteko, eta foru lege horren 37. artikuluko Bi.1.4 eta Bi.2 atalak aldatu zituen, mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten autoei dagozkien eragiketetan zerga murriztua aplikatzen ahal den kasuak zehaztuz. Legean egindako aldaketa horien ondorioz, erregelamenduzko baldintzak legezko arau berrietara egokitu behar dira.

Tributu Harmonizazioari buruzko abenduaren 10eko 3/2007 Legegintzako Foru Dekretuak, azkenik, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean araubide berezi berri bat ezarri du, entitate taldearena. Arauak berak dioenez, araubide berriaren alderdi batzuk erregelamendu bidez garatu behar dira. Horixe egiten da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduari gehitu zaizkion 50 bis eta 50 sexies bitarteko artikuluetan.

Hala, 50 bis artikuluan, araubide berezia aplikatu nahi duten entitateek Zerga Administrazioari egin behar dizkioten jakinarazpenen edukia arautzen da; besteak beste, araubide berezia hautatzeko hartu diren erabakiak, entitate taldearen osaera, eta kasu bakoitzean entitate taldearen araubide bereziaren norainokoa eta edukia eratzen dituzten aukerak eta ukoak.

Ondoren, 50 ter artikuluak araubide berezia aplikatzeko aurkeztu behar diren taldeko eta banakako aitorpen-likidazioen nondik norakoak zehazten ditu: aitorpen-likidazioen motak, aurkezteko epeak, banakako aitorpen-likidazioak ez aurkeztearen ondorioak, eta nola itzultzen den araubide orokorrera entitate taldearen araubide berezia aplikatzeari uzten zaionean.

Araubide berezia aplikatzen duten entitate taldekideen arteko eragiketek izan ditzaketen salbuespenei uko egiteko epeak, agiriak eta formazko betekizunak 50 quater artikuluan arautzen dira. Arauketa horretan subjektu pasiboen segurtasun juridikoa eta zergaren kudeaketa egokia uztartzeko ahalegina egin da.

Araubide bereziko betebehar formalak 50 quinquies artikuluan garatzen dira, berariazko aipamena eginez araubide bereziaren maila aurreratuaren oinarri den informazio analitikoko sistemari. Sistema horren bidez zehaztu behar da zein irizpide erabili diren talde barneko eragiketen zerga oinarriari eta eragiketa horiek osatzen duten aparteko sektoreari kostuak egozteko.

Azkenik, 50 sexies artikuluak lehengo arauak osatzen ditu entitate horiek kontrolatzeko prozedurari dagokionez. Bidezko arrazoirik gabeko etenaldiek eta Zerga Administrazioari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik gertatutako atzerapenek zer nolako eragina duten zehazten du, hain zuzen ere.

Beste aldaketa batzuk egiten dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 54. eta 55. artikuluetan. Luzatutako fakturen eta jasotako fakturen erregistro liburuen edukia manu horietan arautzen da hurrenez hurren, eta fakturen edukia, berriz, Fakturazio Betebeharrei buruzko Erregelamenduak arautzen du, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 6. artikuluan. Aldaketaren bidez liburuen eta fakturen edukien arteko koherentzia areagotu nahi da. Ezartzen da, zehazki, liburu horietan bereiz jaso behar direla fakturen luzatze datak eta fakturetan dokumentaturiko eragiketen datak, eragiketaren data eta fakturaren data bat bera ez direnean. Halaber, laburpen-idazpenen edukia eguneratzen da.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat etorriz proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko ekainaren bederatziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, hauxe

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretua aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuko agindu batzuk, ondoren aipatzen direnak, honelaxe geldituko dira idatzirik:

Bat.-17 bis artikulua.

"17 bis artikulua. %4ko zerga tasa murriztua.

Bat.-Zergari buruzko Foru Legearen 37. artikuluko Bi.1.6 ataleko bigarren paragrafoan zenbait etxebizitza-emateri buruz ezarritakoari dagokionez, hartzaileak sinatu eta subjektu pasiboari zuzendutako aitorpen idatziaren bidez egiaztatzen ahal dira ondoko inguruabar hauek: hartzaileak Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bategineko VII. tituluko III. kapituluan aurreikusitako araubide berezia edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen X. tituluko V. kapituluan aurreikusitakoa aplikatzeko eskubidea duela, eta ondorengo errentamendutik ateratako errentei aplikatzen ahal zaiela, hurrenez hurren, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuaren 54.1 artikuluak araubide arruntean ezarritako hobaria edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 109 quinquies artikuluko 1. zenbakian ezarritakoa. Hartzailea izanen da aitorpen idatzi horretan adierazitakoaren erantzulea.

Zergari buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusten diren inguruabarrak gertatuz gero, aipatu hartzailea tributu zorraren erantzule solidarioa izanen da, ezertan galarazi gabe, gainera, foru lege beraren 115.2.2 artikuluan xedatutakoa aplikatzea.

Bi.-1. Mugikortasun urriko pertsonak edo aulki gurpildunean dabiltzanak eramatzeko erabili ohidiren ibilgailuen emateetan, Europar Batasun barneko eskurapen eta inportazioetan, Zergari buruzko Foru Legearen 37. artikuluko Bi.1.4 ataleko bigarren paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, honako baldintzak betetzen badira:

1go. Gutxienez lau urte igaro izana baldintza berak betetzen zituen beste ibilgailu bat eskuratu zenetik.

Hala ere, baldintza hori ez da bete beharko aseguru entitateak ibilgailuaren erabateko ezbeharra gertatu dela ziurtatzen badu edo ibilgailuari behin betiko baja eman zaiola frogatzen bada.

2gn. Ibilgailua eskuratzen den egunetik lau urte igaro arte "inter vivos" egintzen bidez ez eskualdatzea.

2. Zergari buruzko Foru Legearen 37. artikuluko Bi.1.4 ataleko bigarren paragrafoan aurreikusitako zerga tasa aplikatu ahal izateko, Nafarroako Zerga Ogasunak eskubidea onartu behar du aldez aurretik. Eskuratzaileak eta ezgaitasuna duen pertsonak sinatutako eskabidea aurkeztu behar zaio horretarako. Eskubidea onartzen bada, eskabidea aurkeztu zen egunetik sortuko dira ondorioak.

Frogatu behar da ibilgailua ohikotasunez erabiliko dela ezgaitasunen bat izan eta aulki gurpildunean dabiltzan pertsonak edo mugikortasun urriko pertsonak eramateko. Besteak beste, frogatzeko bide hauek onartuko dira:

a) Ibilgailuaren titularra ezgaitasuna duen pertsona izatea.

b) Eskuratzailea ezgaitasuna duen pertsonaren ezkontidea izatea, edo ahaide zuzena edo albo ahaidea, hirugarren gradura artekoa, hau barne.

c) Eskuratzailea ezgaitasuna duen pertsonaren bikotekide egonkor gisa inskribaturik egotea, bizi diren autonomia erkidegoko ezkondu gabeko bikoteen erregistroan.

d) Eskuratzailea ezgaitasuna duen pertsonaren tutorea, legezko ordezkaria edo izatezko zaindaria izatea.

e) Eskuratzailea ezgaitasuna duen pertsonarekin bizi dela egiaztatzea, errolda agiriaren bidez, edo zerga helbidea hura bizi den etxebizitza berean duelako.

f) Pertsona juridiko batek eskuratzen badu ibilgailua, hark ezgaitasuna duten pertsonei laguntzen jardutea, edo bere plantillan ezgaitasunen bat duten langileak edukitzea, ibilgailua ohikotasunez erabiliko dutenak.

Ezgaitasuna edo mugikortasun urria frogatzeko, Foru Komunitateko Gizarte Gaietako zerbitzuek, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (Imserso) edo beste autonomia erkidego bateko organo eskudunak emandako ziurtagiria edo ebazpena aurkeztu behar da.

Honako hauek, betiere, %33ko edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonatzat hartuko dira:

a) Ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia onartua izateagatik Gizarte Segurantzako pentsioa jasotzen dutenak.

b) Lanerako ezintasun iraunkorragatik edo lanerako ezgaitasunagatik klase pasiboetako erretiro pentsioa dutenak.

c) Epaileak deklaratutako ezgaitasuna dutenak. Hauei %65eko ezgaitasuna aitortuko zaie, nahiz eta gradu horretaraino ez iritsi.

Honako hauek mugikortasun urriko pertsonatzat hartuko dira:

a) Itsuak edo ikusmen urrikoak eta, betiere, ONCE Espainiako Itsuen Erakundeko kide direla ziurtagiri egokiaren bidez frogatzen dutenak.

b) Toki korporazioek edo autonomia erkidegoek ezgaitasuna dutenei aparkatzeko ematen dizkieten txartelen titularrak.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 37. artikuluko Bi.1.4 atalean aipatzen diren ibilgailuen emateak egiten dituzten subjektu pasiboek, hots, aulki gurpildunean ibili ohi dire pertsonak edo mugikortasun urrikoak eramateko erabili ohi diren ibilgailuen emateak egiten dituztenek, zerga-tasa murriztua aplikatu ahal izanen dute baldin eta eskuratzaileak bere eskubidea frogatzen badu, Nafarroako Zerga Ogasunak hartutako erabakiaren egiaztagiriaren bidez. Agiri hori preskripzio epea amaitu arte gorde behar da."

Bi.-Aldatu egin da 19.1 artikuluko 4. atala:

"4. Zergari buruzko Foru Legearen 57. artikuluko 2. zenbakian aipatzen den behin-behineko kenkari portzentajea proposatzeko eskabidea; kenkari hori aplikagarria da enpresa edo lanbide jarduerak hasten direnean edo lehendik egiten ziren jardueretatik aparteko sektore berezia osatzen duten jarduerak hasten direnean, eta jarduera horiei lotutako ondasun edo zerbitzu emateak ohikotasunez hasi aurretik jasan edo ordaindu diren kuotei dagokienez.

Hasten diren jarduerei eta, kasua bada, lehendik egiten ziren jarduerei lotutako ondasun edo zerbitzu emate guztiak Zergari buruzko Foru Legearen 40. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako eragiketak badira, kenkarirako eskubidea sortzen dutenak, orduan ez da eskabiderik aurkeztu beharko. Horri dagokionez ez dira kontuan hartuko Zergari buruzko Foru Legearen 50. artikuluko 3. zenbakian aipatzen diren eragiketak.

Aipatutako jardueren hasiera Administrazioari jakinarazteko aitorpenarekin batera aurkeztu behar da 4. atal honetan aipatutako eskabidea."

Hiru.-20. artikuluko 1. zenbakiari n) letra gehitu zaio, eta 20. artikuluko 1. zenbaki horretako azken paragrafoaren testua aldatu da:

"n) Zergari buruzko Foru Legearen 37. artikuluko Bat.2.16 atalean aipatutako eragiketak.

Aurreko letretan aipatutako eragiketen ondorioz ordainketa aurreratuak egiten badira, eragiketa horiek ere artikulu honetan araututako itzulketarako eskubidea sortuko dute, urte naturalean benetan egindako esportazio, emate edo zerbitzu gisa."

Lau.-Kendu egin dira 27. artikuluko 2. zenbakiko azken bi paragrafoak.

Bost.-VIII. tituluari VII. kapitulu berria erantsi zaio, 50 bis, ter, quater, quinquies eta sexies artikuluek osatua. Hona hemen:

"VII. KAPITULUA

Entitate taldearen araubide berezia

50. bis artikulua. Zentsu-informazioa.

1. Entitate talde bateko kide izan eta Zergari buruzko Foru Legearen VIII. tituluko IX. kapituluan ezarritako araubide berezia aplikatu nahi duten enpresaburu edo profesionalek hala jakinarazi behar diote Nafarroako Zerga Ogasunari.

Entitate nagusiak eginen du jakinarazpen hori, abenduan, hurrengo urtean ondorioak izan ditzan, eta datu hauek emanen ditu:

a) Araubide berezia aplikatuko duten taldeko enpresaburu edo profesionalen identifikazioa.

b) Zergaren aplikazio lurraldeko egoiliar ez den entitate baten establezimendu iraunkor bat taldeko entitate nagusia bada, Zergaren aplikazio lurraldeko egoiliar ez den erakunde horren identifikazioa eman beharko da.

c) Entitateek araubide berezia aukeratzeko hartutako erabakien kopia.

d) Entitate nagusiak araubide berezia aplikatuko duten gainerako entitateetako bakoitzean zuzenean eta zeharka duen partaidetzaren portzentajea, eta partaidetzen eskuratze datak.

e) Entitate nagusiak eta mendeko entitate guztiek Zergari buruzko Foru Legearen 118 quinquies artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela dioen adierazpena.

f) Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies artikuluko Bost atalean ezarritako aukera egitea, kasua bada, eta horri uko egitea. Aukera hori egiteak Zergari buruzko Foru Legearen 108 octies artikuluko Bat eta Hiru ataletan xedatutakoa aplikatzea ekarriko du.

Nafarroako Zerga Ogasunak entitate taldeari emandako zenbakia jakinaraziko dio entitate nagusiari.

Araubide berezia aplikatzen duten taldeko entitateei eragiten dien aldaketaren bat gertatzen bada, entitate nagusiak horren jakinarazpena aurkeztu beharko du. Aldaketa gertatu den likidazio aldi bereko aitorpen-likidazioaren epean aurkeztu beharko da jakinarazpen hori.

2. Entitate talde bateko kide diren enpresaburu edo profesionalek, aurreko atalean xedatutakoarekin bat, araubide berezia aplikatzea aukeratzen badute, era berean Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies artikuluko Bost atalean xedatutakoa aplikatzea aukeratu ahal izanen dute. Aukera hori, betiere, entitate talde berekoak izan eta araubide berezia aplikatzen duten entitateen multzoari dagokio.

Aukera hori araubide berezia aplikatzeko aukerarekin batera egiten ahal da, edo aplikazio hori hasitakoan. Dena dela, abenduan jakinarazi behar da, hurrengo urtean ondorioak izan ditzan.

Aukerak urtebeteko indarraldia izanen du gutxienez, eta uko egiten ez bazaio berez luzatuko da. Ukoak urtebeteko indarraldia izanen du gutxienez, eta Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazpena bidaliz gauzatuko da. Uko hori eginda ere, entitate taldearen araubide berezia aplikatzen jarraitu ahal izanen da, Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies artikuluko Bost atalean xedatutakoa izan ezik, eta ezertan ukatu gabe 50 bis artikulu honetako 1. atalean xedatutakoa.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies artikuluko Bost ataleko aukera egiten duten entitateek foru lege beraren 49. artikuluko 2.1 ataleko hainbanaketaren erregela berezia aplikatzea aukeratu ahal izanen dute talde barneko eragiketen sektore bereziari dagokionez, ezertan ukatu gabe erregela hori nahitaez aplikatu beharra foru lege beraren 49. artikuluko 2.2 atalean ezarritako moduan.

Aukera hori banaka eginen dute entitateek, eta entitateok sektore berezi gehiago badituzte, aukera horrek ez ditu eragotziko gainerako sektore bereziei dagozkien aukerak.

Epe hauetan egin behar da aukera:

a) Oro har, abenduan, hurrengo urtetik aurrera ondorioak izan ditzan.

b) Enpresa edo lanbide jarduerak hasten badira, edo lehendik egiten ziren jardueretatik aparteko sektore berezia osatzen duten jarduerak hasten badira, jarduera horiei dagozkien ondasun edo zerbitzu emateak ohikotasunez hasten diren zergaldiko aitorpen-likidazioa aurkezteko epea amaitu arte.

Hainbanaketa bereziaren erregela aplikatzeko aukerak ondorioak sortuko ditu subjektu pasiboak ezeztatzen ez duen artean. Ezeztapen hori abenduan egin ahalko da, hurrengo urtetik aurrera ondorioak izan ditzan.

4. Urtero, abenduan, entitate nagusiak Nafarroako Zerga Ogasunari zerrenda baten bidez jakinarazi behar dio taldeko zein entitatek aplikatzen duten araubide berezia, eta aurreko urtetik aldaketaren bat izan dutenak identifikatuko ditu. Hala ere, abenduan bertan entitateren bat taldean sartu bada, berari buruzko informazioa hurrengo urteko urtarrilaren 20ra arte aurkeztu ahal izanen da.

Taldean sartzen diren entitateen kasuan, jakinarazpen horrekin batera, entitateok araubide berezia aukeratzeko hartutako erabakien kopia aurkeztuko da. Erabaki horiek araubide berezia aplikatu nahi den urte naturala hasi aurretik hartuak izan behar dute. Entitate sortu berri bat araubide berezia lehendik aplikatzen duen talde batean sartzen bada, ordea, nahikoa izanen da erabaki hori hartzea araubide berezia aplikatuz bakarka egiten den lehenbiziko aitorpen-likidazioa aurkezteko epea amaitu baino lehen. Halakoetan, aitorpen-likidazio horri dagokion likidazio aldiaren lehen egunetik hasita aplikatuko da araubide berezia.

5. Araubide bereziari uko egin nahi bazaio, jakinarazpena aurkeztuko zaio Nafarroako Zerga Ogasunari, abenduan, ukoak hurrengo urtetik aurrera ondorioak izan ditzan.

6. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariazko eredua onetsi ahal izanen du artikulu honetan gorago aipatu diren jakinarazpenak egiteko, eta aurkezteko modua, tokia eta epeak arautuko ditu.

50 ter artikulua. Aitorpen-likidazioak.

1. Entitate nagusiak aitorpen-likidazio orokorrak aurkeztuko ditu, behin araubide berezia aplikatzen duten entitateen banakako aitorpen-likidazioak aurkeztutakoan, entitate nagusiarena barne.

Banakako aitorpen-likidazioren bat epean aurkeztu gabe utzi arren, taldearen aitorpen-likidazio orokorra aurkeztu ahalko da, baina horrek ez ditu inola ere eragotziko banakako aitorpen-likidazio hori epean ez aurkezteagatik bidezkoak izan daitezkeen jarduketak.

2. Araubide berezitik kanpo gelditzen diren entitateek Zergaren araubide orokorra aplikatuko dute hori gertatzen den likidazio alditik aurrera. Banakako aitorpen-likidazioak aurkeztuko dituzte, hilero edo hiru hilean behin, beren eragiketen zenbatekoaren arabera, erregelamendu honen 62. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Batez ere, araubide berezitik kanpo gelditzearen ondorioak hiruhileko naturalaren hasierako egunean hasten ez badira eta baztertutako entitateak hiru hilean behin aurkeztu behar baditu bere aitorpen-likidazioak, entitate horrek hiru hilabeteko aitorpen-likidazio bat aurkeztu beharko du, hiruhileko naturala osatzeko geratzen zaion denboragatik.

Entitate taldearen araubide berezitik kanpo gelditzen den entitateak erregelamendu honen 20. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu, artikulu horretan arautzen den itzulketa prozedura berezia aukeratu ahalko du.

3. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak banakako aitorpen-likidazioaren eta aitorpen-likidazio orokorraren ereduak onetsiko ditu, araubide berezia aplikatzeko erabiliko direnak. Hileko likidazio aldiaren ondorengo hilaren lehenbiziko hogei egunetan aurkeztu beharko dira aitorpen-likidazio horiek.

Ekaineko, uztaileko eta abenduko aitorpen-likidazioak, ordea, hurrenez hurren abuztuaren 5era arte, irailaren 20ra arte eta urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahalko dira.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, bidezko arrazoi teknikoengatik, epea luzatu ahalko die bide telematikotik aurkezten diren aitorpenei.

50 quater artikulua. Salbuespenei uko egitea.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies artikuluko Bost atalean salbuespenei uko egiteko ahalmena ezartzen da. Ahalmen hori erabili ahalko da baldin eta aldez aurretik entitateak epean eta behar den moduan aukeratzen badu talde barneko eragiketetarako tratamendu berezia, manu berean aipatzen dena.

Ahalmen hori eragiketaz eragiketa erabiliko da, eta hurrengo atalean adierazten den eran dokumentatuko da.

Ahalmen hori erabiltzeko ez da beharrezkoa izanen ukoaren xede diren eragiketetako hartzailea jasandako kuotak kentzeko eskubidea duen enpresaburu edo profesionala izatea.

2. Uko egiteko, faktura bat luzatuko da eta bertan agertuko dira zergaren jasanarazpena, kasua bada, eta Zergari buruzko 108 sexies artikuluko Bost atalaren aipamena.

Faktura horrek maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Fakturazio Betebeharrei buruzko Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako baldintza guztiak beteko ditu, eta horri dagokionez ez da aplikagarria izanen artikulu bereko 7. atala.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 17.2 artikuluan xedatutakoa ere aplikagarria bada ukoaren xede diren eragiketetan, foru lege horren 108 sexies artikuluko Bost atalean ezarritako ahalmenak izanen du lehentasuna.

Halakoetan, salbuespenari egindako ukoa modu sinesgarrian jakinarazi behar zaio eskuratzaileari, ondasunak ematearekin batera edo aurretik. Modu sinesgarrian jakinarazitzat joko da baldin eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga berariaz jasanarazten bada eragiketengatik luzatzen den fakturan.

50 quinquies artikulua. Araubide bereziko betebehar formal berariazkoak.

1. Entitate taldeak Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies artikuluan xedatutakoa aplikatzea aukeratzen badu, entitate nagusiak informazio analitikoko sistema eduki beharko du. Horren edukia ondokoa izanen da:

a) Talde barneko eragiketetarako osorik edo zati batean, zuzenean edo zeharka erabili eta Zerga jasan edo ordaindu beharra ekarri duten ondasun eta zerbitzuen deskripzioa.

Zerrenda horretan sartuko dira hirugarrenei erositako ondasun eta zerbitzuak, eta bai hirugarrenei erosi ez zaizkienak ere, Zergaren kargapeko edozein eragiketarengatik jasan edo ordaindutako kuotak sorrarazi badituzte.

b) Zerga oinarriaren eta ondasun edo zerbitzu horiengatik jasan edo ordaindutako kuoten zenbatekoa. Egiaztagiriak gorde behar dira.

c) Ondasun eta zerbitzu horiengatik jasan edo ordaindutako kuotei kendutako kuoten zenbatekoa. Araubide berezia aplikatzen ari diren entitateetako bakoitzak erabilitako hainbanaketa erregela adieraziko da, orokorra edo berezia.

Inbertsio ondasunen kasuan, ondasun horiei dagozkien erregularizazioen zenbatekoa ere jarri behar da, halakorik egin bada, bai eta haien benetako erabilera noiz hasi den ere.

d) Ondasun eta zerbitzu horien kostua talde barneko eragiketen zerga oinarriari eta eragiketa horiek osatzen duten sektore bereziari egozteko erabilitako irizpideak. Irizpide horiek informazio sistemaren atal izanen den memoria batean zehaztu behar dira, eta kuantifikatu egin behar dira. Erabilitako magnitudeen egiaztagiri formalak gorde behar dira, halakorik bada, informazio sistemak iraun behar duen epea amaitu arte. Irizpide horiek, ahal den guztietan, aipatutako ondasun eta zerbitzuak talde barneko eragiketetan benetan nola erabili diren hartuko dute kontuan, ezertan eragotzi gabe beste edozein irizpide erabiltzeko aukera, adibidez, eragiketa horiek lehia libreko baldintzetan merkatuan izan ohi duten balioaren proportzioan egoztea, ondasun eta zerbitzuen benetako erabilera zehazterik ez dagoenean. Irizpide horiek Zerga Administrazioaren aurretiazko balorazioaren mende jarri ahalko dira. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aurretiazko balorazio hori garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emanen ditu.

2 Erregelamendu honen 50 quater artikuluko 2. atalean xedatutakoa eragotzi gabe, Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies artikuluko Bost atalean xedatutakoa aplikatzen duten entitateek taldearen barnean elkarren artean egiten dituzten eragiketak faktura bidez dokumentatu beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak onetsitako Fakturazio Betebeharrei buruzko Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako baldintza guztiak betez, eta horren 7. atalean xedatutakoa aplikatu gabe. Hala ere, eragiketa horien zerga oinarritzat, Zergari buruzko Foru Legearen 108 octies artikuluko Bat atalean xedatutakoa aplikatuz ateratzen dena eta foru lege beraren 26. eta 27. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz aterako litzatekeena, biak jarri beharko dira, eta kasu bakoitzari dagokiona identifikatuko da.

Faktura horiek sail berezi batean luzatuko dira eta bereiz kontsignatuko, kasua bada, luzatutako fakturen erregistro liburuan.

50 sexies artikulua. Kontrol prozedurak.

Zerga honen egiaztapenaren haritik taldeko edozein entitaterekin hasitako egiaztapen prozeduran etenaldi justifikatuak eta Zerga Administrazioari egozten ahal ez zaizkion atzerapenak gertatzen direnean, horiek eragina izanen dute entitate taldearen prozeduraren iraupen epean, betiere entitate nagusiak horren berri formala badu.

Ikuskapen prozeduraren iraupen epearen luzapenak, taldearentzat erabakirik eta entitate nagusiarekin formalizaturik, entitate talde osoarentzat sortuko ditu ondorioak."

Sei.-54. artikuluko 3. eta 4. atalak.

"3. Luzatutako fakturen erregistro liburuan banan-banan inskribatuko dira luzatutako fakturak edo ordezko agiriak, eta ondokoak ere agertuko dira: bakoitzaren zenbakia eta, halakorik egonez gero, saila; luzapen eguna, eta eragiketaren eguna, aurrekoa bera ez bada; hartzailearen izena eta deiturak, izen soziala edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia; eragiketaren zerga oinarria, Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluei jarraituz zehaztua; eta, halakorik denean, zerga tasa eta tributu kuota.

4. Aurreko atalak dioen moduan fakturak edo ordezko agiriak banan-banan inskribatu beharrean, laburpen-idazpenak egin ahalko dira. Laburpen-idazpenetan, egun berean eta zenbaki korrelatiboekin luzatu diren fakturen edo ordezko agirien luzapen data edo aldia, zerga oinarri osoa, zerga tasa eta kuota osoa jarriko dira, eta idazpenean dauden agirien hasierako eta amaierako zenbakiak ere bai. Laburpen-idazpenak egin ahal izateko, ondoko baldintza hauek guztiak bete behar dira aldi berean:

a) Luzatutako agirietan hartzailea identifikatzea derrigorrezkoa ez izatea, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Fakturazio Betebeharrei buruzko Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

b) Dokumentaturiko eragiketak hilabete natural berean egintzat jo behar izatea, erregelamendu bereko 9. artikuluan xedatutakoarekin bat.

c) Agirietan dokumentaturiko eragiketei zerga tasa bera aplikatu behar izatea.

Faktura batean zerga tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak daudenean, idazpen korrelatiboetan jartzen ahalko da faktura hori."

Zazpi.-55. artikuluko 4. eta 5. atalak.

"4. Jasotako fakturen erregistro liburuan inskribatuko dira, banan-banan, jasotako fakturak eta, halakorik bada, aduanako agiriak eta aurrean aipatutako gainerakoak. Datu hauek jarriko dira: agiriaren harrera zenbakia, luzapen data, eragiketaren data (luzapen data bera ez bada eta aipatu agirian hala ageri bada), agiria luzatu behar duenaren izen-deiturak, izen soziala edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluei jarraituz zehaztutako zerga oinarria eta, halakorik bada, zerga tasa eta tributu kuota.

Fakturak 2. ataleko bigarren paragrafoan aipatzen diren horietakoak izanez gero, hots, Europar Batasun barneko ondasun emateen fakturak izanez gero, ondasun horien eskurapenei dagozkien tributu kuotak kalkulatu eta fakturen idazpenetan jarri beharko dira.

5. Egun berean jaso diren faktura guztien laburpen-idazpena egiten ahalko da eta bertan jarriko dira hartzaileak jasotako fakturei ezarri dizkien hasierako eta amaierako zenbakiak (denak hornitzaile berak luzatu baditu), zerga oinarri guztien batura eta zerga kuota osoa, baldin eta eragiketen guztizko zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga sartu gabe, 6.000 euro baino gehiago ez bada, eta faktura bakoitzean ageri diren eragiketen zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga sartu gabe, 500 euro baino gehiago ez bada.

Faktura batean zerga tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak daudenean, idazpen korrelatiboetan jartzen ahalko da faktura hori."

Zortzi.-62. artikuluko 3. atala.

"3. Likidazio aldia hiruhileko naturala izanen da.

Ondoren aipatzen diren enpresaburu edo profesionalentzat, ordea, likidazio aldia hilabete naturala izanen da:

1. Aurreko urte naturalean 6.010.121,04 eurotik gorako eragiketak izan dituztenak. Eragiketen zenbatekoa Zergari buruzko Foru Legearen 66. artikuluan xedatutakoari jarraituz kalkulatu behar da.

1 bis. Zergari buruzko Foru Legearen 66. artikuluko 1. zenbakiko bigarren paragrafoan aipatzen diren enpresa edo lanbide ondare horietako bat osorik edo zati batean eskuratu dutenak, baldin eta aurreko urte naturalean egin dituzten eragiketak eta ondarearen eskualdatzaileak eskualdatutako ondarearekin epe berean eginen zituzkeenak batuz 6.010.121,04 eurotik gorako zenbatekoa ateratzen bada.

Atal honetan ezarritakoa eskualdaketa egiten den momentutik izanen da aplikagarria, eta eskualdaketa egiten den likidazio aldia amaitu eta biharamunetik sortuko ditu ondorioak.

Zergari buruzko Foru Legearen 66. artikuluko 1. zenbakiko bigarren paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, enpresa edo lanbide ondare bat osorik edo zati batean eskualdatu dela ulertuko da eskualdatzailearen jardueraren adar bat edo gehiago osatzen duten ondare elementuak eskualdatzen badira, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 133. artikuluan ezarritako moduan. Ez da kontuan hartuko Zergari buruzko Foru Legearen 7. artikuluko 1. atalean aurreikusitako zerga loturarik gabeko kasuren bat eskualdaketari aplikatzen ahal zaion ala ez.

2. Erregelamendu honen 20. artikuluan aipatuak, likidazio aldi bakoitzaren amaieran beren aldeko saldoaren itzulketa eskatzen ahal dutenak.

Subjektu pasiboei itzuli beharreko kuotarik ez dagoenean ere, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikagarria izanen da.

3. Zergari buruzko Foru Legearen VIII. tituluko XI. kapituluan arautzen den entitate taldearen araubide berezia aplikatzen dutenak."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

1. Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Foru dekretu honek indarra hartu eta hurrengo hilaren 1etik aurrera zerga sorrarazten duten eragiketei aplikatuko zaie artikulu bakarreko hirugarren atalean xedatutakoa.

3. Artikulu bakarreko seigarren eta zazpigarren ataletan xedatutakoa 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Iruñean, 2008ko ekainaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0809144