71. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Turismo arloko enpresa txiki eta ertainei laguntzak emateko deialdi publikoa, 2008. urtean Iruñeko turismoa sustatzea eta erakustazoka-jarduerak antolatzea xede dituzten jarduerak gauzatze aldera

Deialdi publiko honek publizitate, lehia, objektibotasun, berdintasun zein ez-diskriminazio, gardentasun, eraginkortasun eta eragimen printzipioak ditu oinarri, eta haren xedea turismo arloko elkarteei laguntzak norgehiagokako araubidean ematea da, 2008. urtean Iruñeko turismoa sustatzea xede duten jarduerak gauzatze aldera, betiere Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoa betez. Ordenantza hori 2005eko azaroaren 3ko osoko bilkuran onetsi zuen Udalbatzak, eta hartutako erabaki hura behin betiko bihurtu da, jendaurreko epean ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoarekin bat.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1.-Aurrekontua.

Turismo arloko enpresa txiki eta ertainei (ETE) 2008. urtean Iruñeko turismoa sustatzea xede duten jarduerak gauzatze aldera laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdi publiko honek 15.000 euro ditu izendaturik, gehienez ere, indarreko Aurrekontuko 50/75120/470000 kontusailaren kargura.

Diru-laguntza hauetarako izendatu den gehienezko zenbatekoa Deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

2.-Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua turismo arloko enpresa txiki eta ertainei diru-laguntzak ematea da, 2008. urtean Iruña turismoaren jomugatzat sustatzeko jarduketak eta erakustazoka-jarduerak egin ditzaten.

Iruñeko Udalak ematen dituen diru-laguntzen xede diren jarduerak ondoko tankerakoak izan daitezke:

2.1. Sustapen eta publizitate-kanpainak, Iruña produktu turistiko gisara nabarmenduta.

2.2. Produktuen sorrera, hau da, produktu berriak diseinatzeko gastuak. Produktu turistikoek pakete bat osatuko dute, non Iruñeak turismoaren jomuga gisara agertu behar baitu.

2.3. Jardunaldiak, lehiaketak, fam-trips-ak, bilera profesionalak, eta halako ekitaldiak egitea, betiere jarduera horien helburu nagusietako bat Iruña turismoaren jomugatzat sustatzea bada.

2.4. Erakustazoka-jarduerak Iruñeko Udalaren mugapean egitea. Erakustazoka-jardueren gai eta xede orokorrek bateragarri izan behar dute Kultura eta Turismo Alorrak eta deialdi honen oinarriek lortu nahi dituzten helburuekin.

Onuradunen betebeharrak:

-Diru-laguntza ematearen funtsa den jarduera egitea.

-Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

-Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere udal-agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

-Helburu berbera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea.

-Halako kontabilitate-sistema erabiltzea, ezen une orotan posible izanen baita entitatearen errealitate ekonomikoaren berri izatea.

-Jasotako funtsak zertan aplikatu diren egiaztatzen duten agiriak gordetzea.

-Behar bezalako publizitatea egitea, diru-laguntza jaso duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela jakitera emate aldera.

3.-Diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak betetzen dituzten eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen turismo arloko enpresa txiki eta ertainek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

3.1. Legearekin bat eraturik egotea, eskaera aurkeztu behar den datan.

3.2. Elkartearen egoitza nahiz zergetarakoa Iruñean edukitzea.

3.3. Eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte segurantzari buruzko betebeharrak.

3.4. Turismo arloko enpresa txiki eta ertainek Iruñeko Udalaren mugapean jardun behar dute. Deialdi honek eskaerak aurkezteko ezarritako epea noiz amaitu eta orduan, enpresek izena emana eduki beharko dute Nafarroako Turismo Erregistroan, betiere turismoko establezimendu, enpresa eta entitateei buruzko 190/2004 Foru Aginduarekin bat.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 7. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

4.-Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Kultura eta Turismo Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Batzordeburua: Kultura eta Turismo Alorreko Zinegotzi Delegatua.

Batzordekideak: -Kultura eta Turismo Alorreko Zuzendaria.

-Kultura eta Turismo Alorreko 2 teknikari.

Idazkaria: Kultura eta Turismo Alorreko administrari bat

Kultura eta Turismo Zinegotzi Delegatuari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

Batzordeak, gehienez ere, 30 egun balioduneko epean baloratuko ditu aurkeztu eskabideak, horiek aurkezteko ezarritako azken egunetik aitzina, eta txosten-proposamen arrazoitu bat emanen du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta.

5.-Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.

Eskaera aurkezteko interesa dutenek oinarri hauetako I. eranskinari atxikitako eskabide eredua bete beharko dute.

Eskabideak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Merkatuko kalea, 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kultura eta Turismo Alorra -Descalzos kalea, 72-2. solairua-; Garapen Iraunkorreko Alorra -San Saturnino kalea, 2-beheko solairua-; Herritarren Segurtasuneko Alorra -Iratxeko monasterioaren kalea, 2-beheko solairua-; Hirigintza eta Etxebizitza Alorra -Armada etorbidea, 2-5. solairua-; eta Lehendakaritza, Gizarte Ongizate eta Kirol, eta Hezkuntza eta Gazteria alorrak -Zapateria kalea, 40-beheko solairua-) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, Deialdi honen 7. oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aitzina, aurkeztu ez dituen agiriak aurkeztu edo egindako akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

6.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, ez da sei hilabetetik gorakoa izanen. Epe hori eskabidea bideratzeko organo eskudunaren erregistroan aurkeztu eta hortik aitzina kontatuko da.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7-Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztuko dira, betiere agiriok jatorrizkoak izan beharko dutela, edo, bestela, Udal Idazkaritzak, Alorreko Idazkaritzak edo notario batek konpultsatutako kopiak.

Eskatutako agiriak:

7.1. "Jarduera-orria" izeneko inprimakia, zeina deialdi honi II. Eranskin gisa erantsi baitzaio. Halako "Jarduera-orri" bat bete beharko da, diru-laguntzak jasotzeko aurkezten den jarduera bakoitzeko.

7.2. Egiaztagiriak, ondokoa frogatzeko: entitatea legeekin bat eraturik dagoela, entitateak egoitza eta zergetarako helbidea Iruñean dituela eta eskabidea zein datatan aurkeztu eta orduan entitatea legeekin bat eraturik dagoela.

7.3. Turismoko establezimendu, enpresa eta entitateen Nafarroako Turismo Erregistroan izena eman izanaren gaineko egiaztagiria, betiere 190/2004 Foru Aginduarekin bat.

7.4. Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du deialdi honetako diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek eguneratuak dituztela haien tributu-betebeharrak, Udal honekiko.

7.5. Aurreko urtean egindako jarduerei buruzko memoria eta haien gaineko ekonomia-balantzea, eta, horri erantsita, datuak egiaztatzeko agiriak.

7.6. Agiri edo aitorpen bat, non adieraziko baita zer merkataritza-harreman motak lotuko dituen entitatea eta laguntzaileak edo hornitzaileak, halako harremana beharrezko bada.

7.7. Finantzazio-plana, proposatutako jarduera bakoitzaren gainean.

7.8. Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.

7.9. Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta hura Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko (aitorpena egiteko eredua I. Eranskinean dago jasota).

Entitateek ez dituzte 7.2 atalean aipatu agiriak aurkeztu beharko, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu badituzte. Kasu horretan entitatearen ordezkariak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du, non egiaztatuko baitu ez dela inolako aldaketarik izan elkartearen estatutuetan, ezta horren ordezkaritzan ere; aurrekoa gorabehera, entitateak, legezko ordezkarien bidez, bere helburuei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien aldaketak oro jakinarazi eta egiaztatu beharko ditu, horiek eskaera aurkeztu ondoren gertatzen badira (aitorpena egiteko eredua I. Eranskinean dago jasota).

Halaber, eta horretarako arrazoirik izanez gero, hainbat agiriren ordez eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu ahalko du. Halako kasuetan, eta diru-laguntzak emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, aitorpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira Kultura eta Turismo Alorrean. Kultura eta Turismo Alorrak agiri horiek 10 eguneko epean aurkezteko galdatuko du.

8.-Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Aurkezten diren jarduerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan, eta horiei ondoren azaltzen diren puntu-kopuruak emanen zaizkie, betiere, guztira, 100 punturen gainean:

8.1. Aurreikusitako jarduketen edukia, kalitatea eta interes turistikoa (55 puntu). Atal honetan gutxienez 25 puntu lortu ezean, ez da eskatutako diru-laguntza emanen. Atal honetan bereziki baloratuko dira turismoa urtaroen arabera banatzeko joera hausten laguntzen duten proiektuak, bai eta hotelen goreneko okupazioa bilatzen dutenak, era askotakoago eskaintza eta produktu bereziak edo berriak sustatzen dutenak, eta ondokoekin zerikusia dutenak ere: turismo gastronomikoa, biltzar-turismoa, Donejakue bidea, Ziudadela eta Harresiak, Entzierroa, eta Parkeak eta Lorategiak.

Bereziki aintzat hartuko dira produktu berritzaileak eta originalak sortzea, Iruñeko kalitatezko eskaintza turistikoa handitzen laguntzen dutenak.

Halaber, ondoko alderdiak ere balioetsiko dira: Udalarekin sustapen-jardueretan lehenagotik elkarlanean aritu izana, Udalari zein argitalpenetarako laguntza eskatu eta horretan zenbat ale emanen diren argitara eta haien hedapena, elkarteek sektore turistikoan duten ordezkaritza-portzentajea eta ordezkatzen duten langileen kopurua.

Erakustazoka-jarduerei dagokienez, besteak beste, ondokoak hartuko dira kontuan:

-Kasuan kasuko erakustazokaren gaia bat etortzea Kultura eta Turismo Alorrak lortu nahi dituen helburuekin.

-Erakustazoka bertakoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa izatea.

-Okupatzen den azalera (m² -tan).

-Egindako edizio-kopurua, erakustazokaren finkatze-maila erakustazoka-programan, eta aldian-aldikotasuna.

-Erakustazokaren iraupena.

-Aurreikusi diren erakustokien eta bisitarien kopurua.

-Erakustazokaren jarduera-programa.

8.2. Proposatutako jardueren eragina, Iruña turismoaren jomuga gisa sustatzeko lehen zehaztu diren helburuak lortze aldera (35 puntu).

8.3. Entitateak jardunean daraman denbora, antzinatasuna, eta haren jardutearen jarraitutasuna (10 puntu).

Guztizko puntuazioaren %50 lortu ez dutenek ez dute inolaz ere laguntzarik jasoko.

9.-Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta ondoko datuak adieraziko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.

10.-Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

Berariaz, ondoko gastuak gelditzen dira deialdi honetatik at:

-Elkartearen kudeaketa- eta langileria-gastuak.

-Elkartearen funtzionamenduak eragindako beste hainbat gastu arrunt.

-Inbertsioak.

-Altzarietarako gastuak.

11.-Diru-laguntzaren xede diren jardueren finantzazioa.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, berez edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propioak gehituta, diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiagokoak badira, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez diru-laguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

Halaber, diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein baldintza aldatzen bada, aldatu egin daiteke, baita ere, diru-laguntza hori emateko ebazpena.

12.-Azpikontratazioa.

Diru-laguntzen xede diren jarduerak azpikontratatzen ahal dira, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 30. artikuluarekin bat.

13.-Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Iruñeko Udala ez beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin.

14.-Ordainketa.

Ordainketa aldi bakar batean egiten ahalko da, jarduerak oro bukatu eta gero, edo zatika, aldi bateko justifikazioen bidez, urtean zehar garatzen diren jardueren kasuan.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduntzat jotzen baditu diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek.

Halako kasu batean, Udalak bere kabuz kitatzen ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

15.-Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, frogatzeko kontu-emate erraztua aurkeztu beharko da, 887/2006 EDren 75. artikuluan ezarritakoarekin bat (38/2003 Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren erregelamendua).

Frogatzeko kontu-emate erraztua ondoko agiriek osatuko dute:

a) Diru-laguntzaren xede diren jarduerak egin izana egiaztatzen duen jarduketa-memoria.

b) Jarduerak eragindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, non ondokoak identifikatuko baitira: hartzekoduna, agiria, zenbatekoa, jaulkitze-data eta, jada ordaindua izanez gero, ordainketa-data.

c) Jarduera finantzatu duten beste diru-sarrerak edo diru-laguntzak xehe-mehe adierazita, horien zenbatekoa eta jatorria barne.

d) Halakorik balitz, aplikatu gabeko gerakinak eta horiei dagozkien berandutze-interesak ordaindu izanaren ordainketa-agiria.

Laginketa-teknikak erabilita, egoki jotako gastuen ziurtagiriak eskatuko dira, eta haien bidez diru-laguntzaren aplikazioa egokia izan den ala ez egiaztatuko da.

Jasotako diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, diruz lagundutako jarduera egin eta hortik aitzina, eta, edonola ere, 2008ko abenduaren 15era bitartekoa. Agiriak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Merkatuko kalea, 7-9) aurkeztu behar dira, edo, bestela, erregistro osagarrietako batean, zeinak oinarri hauen 5. klausulan aipatu baitira.

Gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu ezean, edo aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, halako moduz non ezin baita egiaztatu diruz lagundutako jarduera egin den ala ez, ondorioztatuko da jarduera ez dela egin, edo onuradunak galdu duela hori egiteko interesa, eta, horrenbestez, onuradun horrek galdu eginen du diru-laguntza.

16.-Aldaketak proiektuan.

Aurreikusi gabeko inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan. Kasu horretan, organo eskudunak onetsi beharko ditu, behin Kultura eta Turismo Alorrak horien gaineko balorazioa egin eta gero.

17.-Jarduera funts publikoen bidez finantzatu dela iragarri beharra.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

18.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza Udaleko zein organok gauzatu eta horri zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 19an. Paz Prieto Sáenz de Tejada, Kultura eta Turismo Zinegotzia.

I. ERANSKINA

Eskabide-eredua

Izen-deiturak: ............................................................... NAN/IFZ: ............................. Herria: ..................................... Kalea: ................. ..................................................... Posta kodea: ........................ Telefonoa: ................................... bere izenean edo ondokoa ordezkatuz (ezabatu ez dagokiona): Izen-deiturak: ....................................... ................................................................. NAN/IFZ: ...................... Herria: .......................................... Kalea: ........................................... Posta kodea: ................. Posta elektronikoa: ............................ Telefonoa: ............................. Faxa: .........................

Aurreko datuen jabeak ondokoa aurkezten du:

Eskaera, turismo arloko enpresa txiki eta ertainei laguntza emateko 2008. urteko deialdiari heltze aldera, 2008ko .............(a)ren ... (e)an Kultura eta Turismo Alorreko Zinegotzi Delegatuak emandako ebazpenean onetsitako oinarriekin bat (2008ko ... garren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, .............(a)ren .....(e)koa).

Eta, aipatu oinarri erregulatzaileetan aurreikusitakoarekin bat:

1. Oinarriotan galdatu bezala, ondoko agiriak aurkezten ditu:

-"Jarduera-orria" izeneko inprimakia (programa eta finantziazio-plana).

-Ziurtagiriak, ondokoa egiaztatzeko: entitatea legeekin bat eraturik dagoela, entitateak egoitza eta zergetarako helbidea Iruñean dituela eta eskabidea zein datatan aurkeztu eta orduan entitatea legeekin bat eraturik dagoela.

-Turismoko establezimendu, enpresa eta entitateen Nafarroako Turismo Erregistroan izena emana izatea, betiere 190/2004 Foru Aginduarekin bat.

-Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

-Aurreko urtean egindako jarduerei buruzko memoria eta haien gaineko ekonomia-balantzea.

-Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.

2. Adierazten du Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan jaso eta onuraduna izatea galarazten duten debeku bakar batek ere ez duela entitatea ukitzen.

3. Adierazten du ez dela aldaketarik izan ez estatutuetan ez entitatearen ordezkaritzan (halakorik dagokien kasuetarako).

4. Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera (Merkatuko kalea, 7-9. 31001 Iruña) eta erregistro osagarrietara joaz.

Iruñean, 200 (e)ko ...................(a)ren .....an.

II. ERANSKINA

Jarduera orria

(Orri bana bete, diru-laguntza jasotzeko aurkezten den jarduera bakoitzeko).

Entitate antolatzailea:

Jardueraren izenburua:

Jarduera noiz:

Jarduera non:

Jarduera nori zuzentzen zaio:

Jardueraren xedea:

Jardueraren programa zehatza (edukia, azpiegiturak eta abar):

Finantziazio-plana

GASTUAK:

KONTZEPTUA ZENBATEKOA

GASTUAK, GUZTIRA

DIRU-SARRERAK:

KONTZEPTUA ZENBATEKOA

DIRU-SARRERAK, GUZTIRA

Aurreikusitako defizita (Sarrerak (1) - Gastuak): ............. euro.

(1) Deialdi honetan eskaturiko diru-laguntza kontuan hartu gabe.

(Sinadura) (Data)

Datuen babesa.-Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen zaizu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Merkatuko kalea, 7-9, 31001, Iruña).

III. ERANSKINA

Justifikazio kontu-emate erraztua (oinarrien 15. klausula)

Justifikazio memoria.

1.-Entitate onuradunaren identifikazioa:

2.-Diru-laguntzaren xede diren jardueren izena:

3.-Diru-laguntzaren xede diren jardueren deskribapen laburra:

4.-Jardueren laburpena eta jardute-egutegia

JARDUERAK JARDUERAK NOIZ

5.-Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda, sailka:

6.-Laburpen ekonomikoa:

Datuen babesa.-Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen zaizu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Merkatuko kalea, 7-9, 31001, Iruña).

Iragarkiaren kodea: L0807968