71. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

822/2008 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egin eta udal ebazpenaren aurreko txostena ematen duena, Castejongo "La Sarda III" legar hobia ustiatzeko proiektuari eta lehengoratzeko planari buruz. Sustatzailea Aridos Gamen, S.L. da.

Proiektu horren xedea La Sarda III izeneko legar hobia ustiatzea da.

Martxoaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duenak, bere eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar dela dio.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak 2006ko urtarrilaren 24an igorritako idazkiaren bidez, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen. Kontsulta egin zitzaien 21 entitateri eta horietatik 9k erantzun zuten. Kontsultatuen zerrenda eta eman zituzten erantzunen laburpenak I. eranskinean daude.

2006ko martxoaren 23an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak aurretiazko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zizkion, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zizkion.

Txosten honen II. eranskinean jaso dira proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanak. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako iragarki baten bidez (2006ko 99. zenbakia, abuztuaren 18koa) proiektua jendaurrean jarri zen, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren ondorioetarako. 2007ko otsailaren 27ko idazkiaren bidez Udalari jakinarazi zitzaion espedientea jendaurrean jartzeko tramitea bete behar zuela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako. Udalak hala egin zuen 2007ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, apirilaren 2an.

Jendaurreko bi aldi horietan alegazio bat jaso da, Tuterako Udalarena. Bertan La Sarda II eta La Sarda III legar hobiak aipatzen dira, esanez Tuterako udal mugapeko bideetan kamioien trafiko etengabea dagoela legarra ateratzen den tokietatik Aridos Gamen enpresak herrian duen lantegira.

2007ko ekainaren 11n, espediente osoa berrikusi eta gero, azken aldiz eskatu zen dokumentazio osagarria. Eskatu zen, zehazki, ustiategiaren eta AP-15 autobidearen arteko mugan dagoen bidean aldaketak egiteko eta zuzenketa neurrien kapitulua zuzentzeko, aurrekontua barne.

Akatsak zuzendurik, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez nire esku utzi dituen eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, adostasunezkoa, "La Sarda III" legar hobia ustiatzeko proiektuari eta lehengoratzeko planari buruz. Castejongo (Nafarroa) udal mugapean izanen da, eta Aridos Gamen, S.L.k sustatu du.

2. Ingurumen arloko legeria indarduna eta goiburuan aipatutako espedienteko agiri teknikoetan ezarritako baldintzak bete behar dira jarduera horretan, eta kontuan hartu, gainera, funtzionamenduari buruzko baldintza hauek bete behar direla:

-Lur mugimenduak hasi aurretik, eta landare lurreko geruza kentzen den bitartean, langile espezializatuek prospekzio arkeologikoa egin beharko dute ustiatzekoak diren lurretan, zerbitzu osagarrietan eta beharrezkoak diren azpiegituretan. Hori guztia Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2006ko urtarrilaren 30ean egindako txostenarekin bat.

-Legarra atera, eta horrekin loturiko beste edozein jarduketa, proiektuan proposaturiko lurzatietan soilik egiten ahalko da:

.Castejongo 5. poligonoko 234., 235., 239., 243., 244., 246., 248.-256., 258., 259., 264. eta 272.-274. lurzatietan.

Nolanahi ere, honako distantzia hauek mantendu beharko dira:

.AP-15 autobideko zelaigunearen kanpoko ertzetik 25 m-ko zerrenda utziko da ustiatu gabe. Era berean, bide hauen ertzetan 3 m zabaleko zerrenda bana ustiatu gabe utziko da: Camino del Ventorrillo eta Camino del Silvestre.

-Gehienez ere 1.616.945 m³ aterako dira, eta horretarako 17 urteko epea dago gehienez ere, lehengoratzeko denbora barne. Ez da inola ere 330 m-ko kotatik behera lan eginen, horixe izanen baita legar hobiko plazaren behereneko kota.

-Lurraren azaletik 40 cm-ko geruza kenduko da. Lur metak AP-15 autobiaren ondoko 25 metro zabaleko zortasun zerrendari jarraituz kokatuko dira, hartatik kanpora. Horrela, ustiapen fasean autobidetik ez da legar hobia ikusiko.

-Ukitutako lurzatien ustiapena amaitu ondoren, haien geomorfologia ahalik eta homogeneoena izanen da. Castejongo Udalarekin akordioa lortzen bada ukitutako bideen luzetarako profila aldatzeko, bideak ustiategiaren oinarrizko kotan berreginen dira, eta lurzatien artean hain zuzen ere bide horiek errespetatzeko proiektatu diren ezpondak kenduko dira. Hala eginez gero, indarrik gabe geldituko litzateke baldintza hauetako 2. atalean azaltzen den baldintza, ukitutako bideen kanpoko ertzetik 3 metroko zerrenda babestearena.

-Ingurumen eraginaren azterlanean proposatzen diren neurri eta jarduketetatik honako hauek nahitaezkoak dira:

.Tratamendu lantegitik legar hobira doan bidea asfaltatzea.

.Tambarriako sakanean lurrik eta bestelako materialik ez botatzea eta bertako landaredia (almendrondoak) zaintzea. Erreten horretan proiektaturiko babes-balizak jarriko dira.

.Amaierako ezponden malda 10H/1V izanen da gehienez ere.

.102 aleppo pinu (Pinus halepensis) landatuko dira autobidearen mugan, 408 metroko tartean. Pinuen garaiera 2 eta 2,5 m bitartekoa izanen da.

.Bi jarduketa eremuetarako proposaturiko lehengoratze faseak beteko dira.

.Drainatze sarea lehengoratuko da, Tambarriako sakanera isurtzen den azaleko uraren emaria ez aldatzeko, eta milazkak (Tamarix gallica) landatuko dira sakaneko 289 m-ko segurtasun eremuan, 5 metro zabaleko zerrenda batean, almendrondorik ez dagoen aldean.

.Landatu ondoko zainketak eta mantentze lanak landareen errotzea eta behin betiko ezarpena bermatzeko adina luzatuko dira, eta landaketaren ondoko 2 edo 3 ziklo begetatiboetan eginen dira, gutxienez ere. Sustatzailearen kargura izanen dira eta aurrekontuan beren kontusaila izanen dute.

-Zainketa plana. Ingurumen eraginaren azterlanean adierazitakoez gain, hona hemen beste zehaztapen batzuk:

.Tambarriako sakanaren inguruko erliebe aldaketek sakanak hartzen duen ur ekarpena aldatzen ez dutela egiaztatuko da.

.Hauts emisioa eta atmosferako hauts maila kontrolatuko dira. Horretarako, hondeatzeko eta materialak garraiatzeko makinek erabiltzen dituzten pistak eta sarbideak aldian behin ureztatuko dira.

.Urtero, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio Ingurumena Zaintzeko Planean jasotako jarraipen txostenak. Plan hori sustatzaileak urtez urte prestatzen duen lanen planean bilduko da. Bertan modu berezian kontrolatuko dira ustiapen lanen eta lehengoratze lanen aldiberekotasuna, proiektatutako bukaerako morfologiaren lorpena eta proposatutako landareztatze neurrien eraginkortasuna.

-Zaratak eta bibrazioak: ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15., 16. eta 18. artikuluek ezartzen dituzten funtzionamendu baldintzak eta zarata eta bibrazioen kontrako baldintzak bete beharko dira beti.

-Isurketak eta hondakin solidoak: udal ordenantzei eta indarra duen araudiari jarraituko zaie.

-Keak, gasak, lurrunak eta hautsak: Atmosfera Babesteari buruzko Legean, urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuan eta horrekin bat datorren araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

3. Legar hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Horretarako banku abala aurkeztuko da, edo bestela eskudiruzko fidantza, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 317.559 euro guztira, alegia, lehengoratze planaren aurrekontuko zenbatekoa, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera.

4. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea aipatu instalaziorako, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

5. Jarduera sailkaturako lizentzia eman aurretik, toki entitateak Ingurumen eraginaren adierazpen hau erabili behar du aurretiazko txosten gisa. Beraz, hemen ezarritako baldintzak Udalarentzat lotesleak dira.

6. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aurreikusten duen baimenari dagokionez, administrazio publikoak ez diren interesdunek ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

8. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari, Baimen Bulegoari, Ingurumen Zaintzari, Castejongo Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 25ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsultak

2006ko urtarrilaren 24an hasi zen aurretiazko kontsulten tramitea, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak eskatuta, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan (Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena) xedatutakoarekin bat.

Kontsulta egin zaienen zerrenda:

Castejongo Udala.

Tuterako Udala.

Corellako Udala.

Vianako Printzea Erakundea.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

Ebroko Ur Konfederazioa.

LAB (Langile Abertzaleen Batzordea).

UGT.

Nafarroako Unibertsitatea.

ELA (Eusko Langileen Alkartasuna).

Unión de Agricultores y Ganaderos.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna).

Gorosti NZE.

Gurelur.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

Nafarroako Ehiza Federazioa.

ADECANA Nafarroako Ehiztarien Elkartea.

CCOO.

Kontsulta egin zaien 21 erakundeetatik 9k erantzun dute. Hona hemen erantzunen laburpena:

Ebroko Ur Konfederazioa.

Uren Ikuskatzailetzako Ingurumena Kudeatzeko Arloak bere irizpenean honako hau adierazi du, besteak beste:

-Ustiapen eremutik isurtzen den ura behar bezala hustu behar da, babes arekek, beherako hodiek eta perimetroko arekek osatutako sistemaren bitartez, dekantazio putzuraino, biltegira bideratu baino lehen edo errekara zuzenean nahiz zehar bidez isuri baino lehen. Ura dekantatu eta biltzeko putzu horiek iragazgaitzak edo iragazgaiztuak izanen dira. Errekara isurketak egin behar badira, zuzenean nahiz zeharka, arroko erakundeak emandako baimen administratiboa aurkeztuko da.

-Legarra ateratzeko egiten diren zuloetan materialak bota ahal izanen dira, berriz erabili ezin direnak, ez-toxikoak, arriskurik gabeak.

-Ingurumen inbentarioa egiteko eta eraginak identifikatu eta baloratzeko jarraibideak ematen dira.

-Ur jabari publikotik eta horren zortasun eremutik kanpo eginen dira bideak. Bideek zeharkako drainatze egokia izanen dute.

-Makinak berrikusi behar dira, laneko istripuei eta erregai, olio edo bestelako substantzien jarioei aurrea hartzeko. Uretan izaten den eragina neurtzeko kalitate estandarren adierazleak erabiliko dira, urei buruz indarrean den araudiaren arabera.

-Prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu behar dira, hondeaketaren ondorioz maila piezometrikoa ez aldatzeko.

-Lurpeko urei dagokienez, proiektuaren eremuko plano hidrogeologikoa erantsiko da, baita aurretiazko faseei dagozkien lurpeko uren maila piezometrikoen mapa ere. Ingurumena Zaintzeko Planak lurpeko uren mailari eta kalitateari segimendua egitea barne hartuko du.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua

Zerbitzu horrek adierazi du ukitutako lurzorua nekazaritza edo abeltzaintza produkzio ertaineko lurzoru urbanizaezina dela eta kategoria horretako lurretan agregakinak ateratzeko jardueretarako baimena ematen ahal dela, araudiari jarraituz. Hala ere, txostenak AP-15 autobidearen hurbiltasunaz eta haren ertzetako lurzoruaren babesaz ohartarazten du. Era berean, bide publikoen alboetan hiru metroko zortasun zerrenda, kanpoko ertzetik neurtuta, ustiatu gabe utzi behar dela dio.

Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Zerbitzu horrek jakinarazi du jarduketaren eremuan eta inguruetan ez dagoela aztarnategirik eta, beraz, ondarearen aldetik ez dagoela eragozpenik baimena emateko. Hala ere, ustiapenari ekiten bazaio, katalogatu gabeko ondare arkeologikoa babestu eta aztertzeko neurriak hartu beharko dira, sustatzailearen kargura: landare lurra kentzeko lanen jarraipen arkeologikoa, bertatik bertara. Egitura edo aztarna arkeologikoren bat azaleratzen bada, mugatu eta balizatu eginen da, kalterik ez egiteko.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Habitaten Atalak ondokoa adierazi du:

-Ustiategiaren hego mugatik 650 metrora Agua Salada RN 34 natur erreserba dago eta Ingurumen eraginaren azterlanean natur gune babestu horren gaineko eraginak ebaluatu behar dira.

-Tambarria sakanaren gaineko eragina ebaluatu behar da.

-Estepako faunaren gaineko eragina ebaluatu behar da, batez ere ganga azpizuriaren, ganga azpibeltzaren eta atalarraren gainekoa. Beste espezie batzuk ere kontuan hartu behar dira, hala nola eper gorria, erbi iberiarra eta untxia.

-Inguruan eginen diren jarduketa guztien eragin metatuak aztertu behar dira.

-Lehengoratze planean ekintza eta aurrekontu egokiak jasoko dira ingurumen ondasun katalogatuak lehengoratzeko (landare eta animalia komunitateak, ehizarako espezieak).

Nafarroako Unibertsitatea.

-Ukitutako eremuaren muga kartografikoak berrikusteko eskatzen dute.

-Ustiapena amaitu ondoko lehengoratze planerako, profilak leuntzea proposatzen dute, geomorfologiaren eta paisaiaren egokitzapen hobea lortze aldera.

-Maila freatikoa ukitu eta putzu iraunkorrak sortzeko arriskuak aztertu behar dira, bai ustiapen fasean bai lehengoratze fasean eta ingurua bere kasa utzi ondoren.

Castejongo Udala.

-Jarduera egiteak sorrarazten dituen ezponda eta lubetak paisaian txertatzeko ahalik eta modurik egokienean tratatuko dira, eta, behar den bezala, arbolak eta zuhaixkak landatu.

-Enpresa berak Castejongo udalerrian legarra ateratzeko izan dituen beste kontzesio batzuetan baldintzak bete ote dituen aztertuko da, eta baldintza horiek bete behar direla gogoraraziko zaio.

Tuterako Udala.

Tuterako Udalak dioenez, Aridos Gamen S.A.k Tuterako 23. poligonoko 73. lurzatian daukan tratamendu lantegiraino materiala garraiatzeko, kamioiak Tutera-Castejon mugako bidetik edo N-232ko zerbitzu bidetik ibiliko dira, eta bide horiek ez daude horrelako trafikorako prestaturik. Beraz, neurri egokiak hartu behar dira, besteak beste bide horiek asfaltatzea.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

Departamentu horretako Zainketa Zerbitzuak zehaztapen hauek egin ditu:

-N-232tik legar hobirako sarbidean ez da norabide aldaketarik izanen. Debekaturik egonen da ezkerrera biratzea.

-Errepide horren eskuinaldean dezelerazio eta azelerazio erreiak eginen dira legar hobira sartu eta handik irteteko. 3,50 metro zabal izanen dira eta 1,50 metroko bazterbidea izanen dute.

-Legar hobirako sarbideak %4ko malda izanen du lehenbiziko 10 metroetan, eta aglomeratuzko zorua izanen du. Areken gaineko pasabideak eginen dira eta argiztapen egokia jarriko da.

-Legar hobiaren ustiapenean ez da ukituko AP-15eko zortasun eremua (25 metro, zelaigunearen kanpo ertzetik neurtuta). Legar hobiko materialak autobidean eraginik ez izateko neurri egokiak hartuko dira.

-N-232 errepidea bikoiztu ondoren, sarrera zerbitzu-bidetik izanen da.

-Ibilgailuei sarea jarriko zaie, materialak errepidera eror ez daitezen.

-Herri Lan Departamentuari legar hobia ustiatu eta lehengoratzeko behin betiko proiektua aurkeztuko zaio, hura gauzatu aurretik.

Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi du N-232 errepidea 1. tartean bikoizteko jarduketari ez diola ukipenik eragiten kontsultagai den jarduerak.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.

Zerbitzu horrek adierazi du legar ustiapenak ukitzen dituen lurzatiak nekazaritzako ekoizpen handikoak direla. Kalifikazio horren ondorioz, azaleko lur geruza kendu behar da legarra atera aurretik, ustiapena amaitutakoan lurzorua egokitu eta nekazaritzarako erabili ahal izateko. Bestalde, jakinarazi da ez dagoela aurreikusita Nafarroako Gobernuaren inolako nekazaritza jarduketarik egitea.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalak adierazi du proiektuaren ingurumen ukipenen balorazioan aintzat hartu behar dela paisaian izan daitekeen inpaktua, jarduera eremua AP-15 autobidetik hurbil dagoela kontuan hartuz. Inpakturik izanez gero, Ingurumen eraginaren azterlanak zuzenketa neurri nahikoak eta egokiak jasoko ditu, ondorio negatibo hori arintzeko. Gainera, aztertu egin behar da nolako ukipenak sortuko diren inguruko sistema hidrogeologikoan, Tambarriako sakanean eta, ondorioz, Agua Salada aintzirako natur erreserban.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

La Sarda III ustiapen eremua Castejongo udal mugapean dago, hirigunetik hegoaldera, 5,5 kilometrora. Castejongo 5. poligonoko 234., 235., 239., 243., 244., 246., 248.-256., 258., 259., 264. eta 272.-274. lurzatiak ustiatuko dira.

La Sarda III eremuan 323.389 m² ustiatuko dira, proiektuaren arabera. Ustiatuko den geruza 5 metro ingurukoa dela kontuan harturik, 1.616.945 m³ material aterako dira, eta urtean batez beste 90.000 m³ aterako direnez, ustiapen honek 17 urte inguru iraunen du.

Ustiapena sei fasetan eginen da. Legarra aire zabalean aterako da, ezponda eginda. Atzerakako hondeamakinak materiala erauziko du bankutik zuzenean, eta kamioietan kargatuko du, hurbileko tratamendu lantegira eraman dezaten.

Honelako ustiategietan ez dago hondakindegirik. Lur azaleko materialak lehengoratze lanetarako erabiltzen dira eta kalitate txarreko materialak zagor natural gisa saltzen dira eraikuntzako edo obra publikoetako betelanetarako.

Ez dago instalazioen edo bestelako azpiegituren beharrik. Barneko pistak erabiliko dira. Dagoeneko ustiatutako guneak lehengoratu ahala, pista horiek desagertu eginen dira. Lehendik dauden bideen sarea erabiliko da. Lantegirako bidea asfaltatua izanen da.

Ustiapena bukaturik, honelaxe geldituko da eremua: azalera lau samarra izanen da, lehorreko belarkien laborantzarakoa. Horretarako, aurretik metatutako landare lurra jarriko da. Ustiapena amaitu ondoren ezponden malda 10H/1V izanen da.

Aurkeztutako dokumentazioak, besteak beste, honako hauek hartzen ditu: ustiapen proiektua, Ingurumen eraginaren azterlana, uki daitekeen ingurunea lehengoratzeko plana (jarduketak eta egutegia barne) eta ingurumena zaintzeko plana.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanak ondokoak biltzen ditu: kokalekuaren eta haren ingurunearen deskribapena eta balorazioa; eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa; alternatiben azterketa; prebentzio eta zuzenketa neurriak, horien aurrekontua eta ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumen inbentarioa osoa eta nahikoa da. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena eman du, dagozkion zuzenketa neurriekin.

Hauek dira balio nabarmenenak, labur azaldurik:

Ebro ibaiaren terraza garai batean dago legar hobia, Ebro ibaia baino 35 bat metro gorago. Legar ustiategiaren inguru hurbilean, sare hidrologikoaren elementu azpimarragarria da Tambarriako erretena. Lurrazaleko gainerako ur ekarpenak oso txikiak dira.

"La Sarda III" izeneko legar ustiapenak uki ditzakeen lurrak zereal soroak, almendrondo sailak eta mahastiak dira.

Inguruko faunari dagokionez, gizakiak asko eragin du eremu horretan, AP-15 autobidea, N-232 errepidea, Lodosako ubidea, legar hobiak eta hormigoitze plantetako instalazioak, linea elektrikoak eta nekazaritza bideak, besteak beste, hurbil baititu. Hala ere badira estepako hegazti espezieak, esate baterako ganga azpibeltza, ganga azpizuria, txoriandre arrunta edo kalandria. Inguru hori ez dago fauna babesteko ezein eremuren barnean, baina bai estepako hegaztien eremu batean (Agua Salada - Planas - Montes de Cierzo).

Paisaia kalitate apalekoa da, homogeneoa delako eta gizakiaren eragin handia duelako.

Hauek dira hurbileneko natur guneak: Agua Salada aintzirako natur erreserba (RN 34), 1,2 km hegoaldera, eta Ebro ibaiko BILa, legar hobitik 5 km iparraldera.

Proiektuaren inguruan ez dago proiektuak uki dezakeen abelbiderik. PCA iraganbidea proiektuaren eremutik ipar-ekialdera dago, 300 bat metrora.

Ingurumenaren gaineko eraginen ebaluazioa egin da, proiektua bi fasetan zatituz: ustiapen fasea eta ustiapena utzi ondoko fasea. Ustiapen fasean identifikatu eta baloratu diren inpaktu nagusiak hurrengo lerroaldeetan azaltzen dira, laburbildurik:

Fase honek airearen kalitateari eraginen dio, batez ere legarra erauzi eta garraiatzeko lur mugimenduetan harrotuko den hautsaren ondorioz. Hurbileneko herrira (Castejón) 5,5 kilometroko distantzia dagoenez, eragin hori bateragarritzat jotzen da. Zarataren eragina ere bateragarritzat jotzen da, arrazoi beragatik.

Ustiapen eremuetan euria egiten duenean lurrazaletik isurtzen den urak partikulak eramanen ditu. Ur hori erreka eta sakanetara iritsiko da (Tambarriako erretena). Hala ere, inguruko geomorfologiaren eraginez, lurrazaleko ur isurketa oso txikia izanen da eta sortuko den inpaktua bateragarritzat jotzen da.

Makinen erabilera dela eta, badago urpeko ura kutsatzeko arriskua. Hala gertatuko balitz ere, eragina bateragarritzat jotzen da, proposatutako prebentzio neurriak kontuan harturik.

Lurzoruaren, landarediaren eta soroen gaineko ukipenak, berriz, 32 hektarea lur emankor okupatzearen ondorio izanen dira. Zereal soroak, mahastiak eta almendrondo sailak ukituko dira. Gaur egungo laboreak berriz ezarriko dira luze gabe. Alorren arteko mugetako espezieak ere bai.

Ustiapenak laborantza lurrak okupatuko ditu, eta ondorioz habitaten galera eraginen du. Animaliek elikatzeko eta ugaltzeko erabiltzen dituzte laborantza lur horiek. Ustiapena fasez fase eginen da eta lanek aurrera egin ahala lurrak lehengoratuko dira. Beraz, ez da inpaktuaren metaketa bortitzik izanen.

Ustiategitik Ebro ibaiko BILeko gune babestuetara eta hango ibarbaso babestuetara distantzia handia dagoenez, ez da haien gaineko eraginik sortuko, ezta hango faunarentzako eragozpenik ere. Ateratzen den materiala tratamendu lantegira garraiatzeko bidea iparralderantz eginen da, eremu babestu horietara hurbildu gabe.

Ustiapenak paisaiaren gaineko inpaktua sortuko du, 550 bat metrora dagoen Villa de Castejón hoteletik, N-232 errepide nazionaletik eta AP-15 autobidetik ikusiko baita. Ustiapena utzi ondoko fasean, eta ingurua lehengoratu ondoren, ez da ia batere zantzurik geratuko bertan izandako legar ustiategitik. Nolanahi ere, ezponden maldak aldatu eta gero paisaiaren gaineko inpaktua ez da handia izanen.

Ingurumenaren gaineko ukipena gutxitzeko zuzenketa neurriak hartuko dira, legar hobiaren ustiapena eta natur baliabideen babesa bateragarriak izan daitezen, ahal den neurrian: obraren zuinketa egokia, Tambarriako erretenaren inguruan balizak jartzea haren babesa bermatzeko, legar hobiaren inguruan makinak mantendu eta konpontzeko lanak eta gai arriskutsuen biltegiak debekatzea.

Lurraren azaleko 40 cm-ko geruza kendu eta gordeko da, lehengoratze lanetan erabiltzeko.

Bideak eta lurzati mugakideetako sarbideak ongi zainduko dira. N-232 errepiderako sarbidea asfaltatu eginen da, hautsaren kontrako neurri gisa.

Ukitutako lurrak lehengoratzeko plana egin da: gainazalak berdinduko dira inguruko erliebeari egokitzeko, landare lurra jarriko da eta lurrak laborantzarako prestatuko dira. Gainera, milazkak landatuko dira Tambarría erretenaren ondoan, gaur egun landaretzarik ez dagoen aldean, eta almendrondo sailetan dauden zuhaitzak mantenduko dira.

Jarraipen arkeologikoa eginen da landare lurra kentzeko fasean. Aztarna arkeologikoren bat agertuz gero, balizak jarri eta agintari eskudunei jakinaraziko zaie, behar diren zuzenketa neurriak hartzeko.

Ingurumena zaintzeko programari jarraituz, prebentzio eta zuzenketa neurriak hartuko dira, eraginak egiaztatu eta neurtu eginen dira, eta azterlanean iragarri gabeko beste eragin batzuk detektatuko dira. Horretarako, ura eta lurra ez kutsatzeko neurriak nola betetzen diren zaintzea proposatzen du. Lurreko geruzak behar bezala kentzen diren begiratuko da, eta Tambarria erretenean balizak nola jartzen diren zainduko da. Lehengoratze faseko landaketen ondoren landareen egoera zainduko da eta hutsuneak beteko dira.

Iragarkiaren kodea: F0807102