71. ALDIZKARIA - 2008ko ekainaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

176/2008 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, 2008-2009 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena.

Ikusirik Arte Ikasketen Atalak eman duen aldeko txostena, 2008-2009 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onets daitezen.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2008-2009 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Arte Ikasketen Atalera igortzea, bai eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera ere, argitara daitezen.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 19an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2008-2009 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko jarraibideak

1.-Egutegia.

Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuei eta dantzako ikasketa ez-arautuei dagokien 2008-2009 ikasturteko eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

2. a) Eskolak irailaren 25ean hasiko dira. Eskolak ekainaren 12an bukatuko dira LOGSEko oinarrizko mailan, LOEren lanbide ikasketetan eta Dantzaren Berariazko Eskolan, eta maiatzaren 29an goi mailan.

b) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko zuzendariak beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honetako 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatzen baldin bada.

c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan azterketa bereziak, programazio lanak, departamentuetako bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

e) 2008-2009 ikasturtean musikako lanbide ikasketen seigarren kurtsoa egiten ari diren ikasleen ikasturtea, ebaluazioaren ondorioetarako, maiatzaren 25ean bukatuko da. Ikasturteko azken ebaluazioa eginik, irakasleek eskolak ematen segituko dute, bai ikasle interesdunei izan litzaketen probak prestatzen laguntzeko, bai kurtsoa gainditu ez duten ikasleei laguntzeko ere.

3. a) Eskola egunak 160 izanen dira, gutxienez, LOEk arautzen dituen musikako lanbide ikasketetan eta LOGSEk araututako musikako ikasketen oinarrizko mailan eta Dantzako Berariazko Eskolan, eta 150 eskola ordu, berriz, Musikako Goi Mailan, larunbatak alde batera utzita.

b) Ikasturtea ezin izanen da bukatu 160 edo 150 eskola egun egin gabe, kasuan-kasuan.

c) Egutegia berregokitu egin behar denean, lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola egunak errespetatuta.

d) Eskola egun horietan ezin izanen da nahikotasun probarik edo azken errekuperaziorik egin. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolaldia etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta ebaluazio bilerak edo klaustroak egiteko ere.

e) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egiteak ez du galaraziko ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzea.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako lan egutegi arruntean ere halakoak direnak: azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a, abenduaren 8a, martxoaren 19a eta maiatzaren 1a, bai eta herriko zaindariaren jaieguna eta hezkuntzako kasuan kasuko zaindariaren jaieguna ere.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, ikastetxeek horren ordezko beste egun bat aukeratu ahal izanen dute. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren jaiegunaren ordezkoa proposatuko dio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari.

c) Musika ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagokien zaindariaren jaieguna azaroaren 22a da. Dantza Eskolako ikasketei dagokien zaindariaren jaieguna dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egunean izanen da.

d) Ikastetxeak jarritako eskola egunez gainetikoak, aurreko ataletan jaiegun gisa finkatu ez direnak, eskola gabeko lanegunak izanen dira.

e) 2008rako lan egutegi arruntean martxoaren 19a laneguna bada, ikastetxeek berregokitu eginen dute beren egutegia, eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igorriko eguna ordezteko proposamena.

5. Eskola gabeko egun gehiago izan nahi dituzten ikastetxeek (gehienez bi, 4.d) baldintzan aipatzen direnei gehituta) ikasturtea bukatzeko egunak aldatu beharko dituzte, ikastetxe horrek ematen dituen ikasketetarako ezarri diren gutxieneko eskola egunak bermatzeko.

6. 150 edo 160 eskola egun errespetatzen badira, ikasketen arabera, ikastetxeetako zuzendariek 4. baldintzan aipatzen diren herrietako zaindarien egunak aldatzen ahalko dituzte.

7. 4. eta 5. baldintzetan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Sainduko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

8. Eguberrietako oporrak abenduaren 20an hasi eta urtarrilaren 7an bukatuko dira, biak barne.

9. Aste Sainduko oporrak apirilaren 9tik 19ra arte izanen dira, biak barne.

10. Musika ikasketak ematen dituzten ikastetxeak elkarren artean koordinatuko dira, egutegian proposatzen dituzten eskolarik gabeko egunak berberak izan daitezen, ahal dela, ikastetxe guztietan.

11. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.-Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko honela jokatuko da:

1. Ikastetxeetako zuzendariak 2008-2009 ikasturterako eskola egutegia prestatuko du eta, Eskola Kontseiluak onetsi ondoren, egutegiaren proposamena Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari igorriko dio. Horretarako azken eguna 2008ko ekainaren 7a izanen da.

2. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egutegiak onetsiko ditu, aztertu ondoren. 2008ko ekainaren 20a baino lehen jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetako egutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegiaren proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ofizioz esleituko dio.

4. Egutegiak, onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

Iragarkiaren kodea: F0808054