7. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

TUTERA

Deialdia, Tuterako Udaltzaingoko 10 lanpostu oposizioz betetzeko (Alkatetzak abenduaren 26ko 2280/2007 ebazpenaren bidez onetsitako oinarriak)

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Bere xedea Tuterako Udaltzaingoko 10 lanpostu oposizio bidez betetzea da, txanda hauetan banatuta:

a) 5 lanpostu, txanda irekian.

b) 5 lanpostu, txanda murriztuan edo igoerakoan.

Deialdiko lanpostuek 0505C00210 - 24 - 25 - 43 zenbakiak eta 0705C00248tik 253ra bitartekoak dituzte plantilla organikoan.

Izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, orduan txanda irekikoei gehituko zaie.

Era berean, igoera txandan oposizioa gainditu baina, lanpostu hutsen kopurua baino gehiago direlako, lanposturik gabe gelditzen direnek txanda irekiko lanpostu hutsetarako aukera izanen dute, txanda horretan aurkeztu direnekin lehia garbian, lortutako azken puntuazioari jarraituz.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren udaltzaingaiak Tuterako Udaleko funtzionario publiko bihurtuko dira; Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitako babesa izateko. Deialdi honen xedeko lanpostuak betetzeko izendatzen diren funtzionarioek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainontzeko xedapen gehigarriek jasotzen dituzten eskubide pasiboen eta osasun- zein gizarte-laguntzaren sisteman afiliatuta baldin badaude, bertan segitzeko aukera izanen dute edo Gizarte Segurantzakoan afiliatzeko.

1.3. Tuterako Udaleko langile finkoek, oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.4. Izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta gainerako araudian ezarritako eginkizun, eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, eta C mailan sailkatuko dira, aipatu araudian ezarritakoen artean.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Izendatuek beren destinoan bertan beharko dute bizi, eta horretarako, Tuterako udalerrian finkatuko dute helbidea.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte, gehienez ere.

c) Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 30.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honetan onartua izateko, nahikoa da eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea, halako moduz non, deialdi honetako 5.2.2 arauan aurreikusitako prestakuntza ikastaroa gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baino ez da izanen, hau da, C mailako funtzionario izendatzeko Polizia Kidegoan, eta ez du inoiz balioko eta ez da onartuko arlo akademiko, irakaskuntzako edo hezkuntzakoan, ezta maila horretako lanpostuak okupatzeko ere administraziotik kanpo.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Gizasemeek 1,70 metroko garaiera, bederen, eta emakumezkoek 1,65 metrokoa.

f) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe birgaitzeko onuraren aplikazioa, zigor eta administrazio arloko arauei jarraikiz.

g) B.T.P. eta A motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

Igoera txandako izangaiek, aipatu baldintzez gain, ondoko hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako:

h) Nafarroako edozein dministrazio publikotako langile finko izatea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea.

i) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

j) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua frogatzea.

Titulurik izan ezean, administrazio publikoetan onartutako zortzi urteko antzinatasuna frogatu beharko da.

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 44.2 artikuluan (urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 40.2 artikulua zena) xedatutakoaren arabera, Polizia horietako kideek igoera txandan hartzen ahal dute parte, baldin zortzi urtez eman badute zerbitzu, zeinek bere kidegoan, eta txanda horretan parte hartzeko gainerako baldintzak betetzen badituzte.

2.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako bete beharko dira aurreko baldintzak, g) letrakoa salbu, hori oinarrizko prestakuntzaren ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen denerako bete beharko baita, deialdi honen 5.2.2 oinarrian ezarritakoari jarraituz.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean beharko dira aurkeztu, edo Herri Administrazioen Araubide Juriodikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean arautzen diren bideetako bat erabilita, 30 egun naturaleko epean aurkeztu ere, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Aipatu eskabideak deialdi honen 4. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute oposizioan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Tuterako Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren bulegoan eskura daiteke (Vieja plaza, 1) edo Tuterako Escos Catalan, 1eko bulegoan, nahiz interneten, www.tudela.es webgunean.

3.2. Eskabidearekin batean, izangaiek 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna dutela egiaztatuko duen ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztuko dute.

Igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, aurrekoaz gain, 2.1. oinarriko h), i) eta j) ataletako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.-Oposizioaren nondik norakoa.

5.1. Oposizioa 2008ko martxoan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan finkatuko dira oposizioko ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Gainerako probetarako iragarkiak, azkeneko proba non egin, hantxe adieraziko da, baita Tuterako Udaletxeko eta Udaltzaingoaren egoitzako iragarki oholetan ere; betiere, proba egin baino 48 ordu lehenago.

5.2. Oposizioak aldi hauek izanen ditu:

5.2.1. Hautapen aldia, honako proba hauek izanen dituena:

A.-Altuera egiaztatzea:

Probei hasiera eman aurretik, 2.1.e) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen dela ziurtatzeko, izangaien altuera egiaztatuko da.

B.-Lehenbiziko proba.

1. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak eginen dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak antidoping kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Dagokion organo espezializatuak eginen ditu praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Horretarako, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2007ko ekainaren 12an emandako ebazpenaren eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, doping metodo eta manipulazioak (Estatuko 155. Aldizkari Ofizialean argitaratua, 2007ko ekainaren 29an), edo probak egiteko unean indarra duen ebazpenean heldu direnak. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan positibo ematen duten izangaiak.

C.-Bigarren proba.

Idatzizko ariketa hauek egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, 2. eranskinean heldu diren legeriaren arloko gaiei buruzko galderak erantzutea.

b) Proba objektiboan, 2. eranskinean heldu diren zientzien arloko gaiei buruzko galderak erantzutea.

c) Proba objektiboan, 2. eranskinean heldu diren hizkuntzaren arloko gaiei buruzko galderak erantzutea.

d) Proba praktikoa, Udaltzaingoari eta/edo Tuterako hiriaren geografiari buruzkoa.

Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

D.-Hirugarren proba.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira adierazitako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

5.2.2. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroak gutxienez ere sei hilabete iraunen du eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpeko Segurtasun Eskolak emanen du.

Ondorio horietarako, izangaiak gainditu badu deialdiak eskatu eta Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatutako ikastaroaren antzeko beste bat, aski izanen du Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaroa baliozkotzea; frogatzeko, ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da, interesdunak eskatuta eskuratuko dena. Hartan, ikastaroen edukiak berdinak edo baliokideak direla egiaztatuko da, baita baliozkotutako ikastaroetan ateratako notak ere.

Hautapen aldia bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du probak gaindituta ikastaroan behin-behinekoz onartzen diren izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta kopurua ez da deialdiko lanpostuena baino handiagoa izanen.

Prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiek egiaztatu beharko dute, onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamar egun naturaleko epean, 2.1 oinarriko a), b), c) eta f) baldintzak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean; orobat, oinarri bereko g) baldintza betetzen dutela oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartuak izan diren izangaien zerrenda argitara ematen den egunean; horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

-Jaiotze aktaren ziurtagiria, dagokien Erregistro Zibilak emana, edo nortasun agiriaren fotokopia egiaztatua.

-Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia egiaztatua.

-Deialdian eskatzen diren gidabaimenen fotokopia egiaztatua.

-Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatearen zinpeko aitorpena, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe birgaitzeko onuraren aplikazioa, zigor eta administrazio arloko arauei jarraikiz.

Epaimahaiak izangai horien osasun azterketa egiteko behar diren neurriak hartuko ditu, 3. eranskinean zehaztutakoaren arabera, haien gaitasun fisikoa frogatzeko. Bazterturik geldituko dira fakultatibo eskudunak sinatu txostenean "ez gai" deklaratzen diren izangaiak.

Aipatu tramiteak eginik, epaimahaiak argitara emanen du oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behinekotasunez onartutako izangairen batek eskatzen den dokumentazioa aurkeztua ez balu, edo azterketa medikoa gaindituko ez balu, behin betiko zerrendan gainditu duten izangaien artean puntuaziorik altuena lortu duen hurrengoak ordeztuko du; betiere, eskatzen den dokumentazioa aurkeztu eta azterketa medikoa gainditu ondoren.

Irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari (Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketa eta funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten du) eta gainerako xedapenei jarraituz arautuko da udaltzainendako oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Ikastaroa utziz gero, izangaia deialditik baztertuta geldituko da.

Ikastaroak iraun bitartean, izangaiak Tuterako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen dira eta C mailako oinarrizko ordainsaria jasoko dute, Tuterako Udaleko langile finkoek salbu, horiei 1.3 oinarrian ezarritakoa aplikatuko baitzaie.

Prestakuntza ikastaroa bukatuta, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren mendeko Segurtasun Eskolak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari.

6. oinarria.-Proben balorazioa.

6.1. Lehen probako ariketak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira, 1. eranskineko gutxienekoak gainditu edo ez. Bazterturik geldituko dira edozein ariketatan "gai" kalifikazioa eskuratzen ez duten izangaiak.

6.2. Hautapen aldiko bigarren probako ariketa bakoitza 0tik 25 puntu bitarte kalifikatuko da. Baztertuta geldituko dira, guztira, hau da, 4 ariketen emaitzen batuketa eginda, 50 puntu eskuratzen ez dutenak, baita ariketaren batean 0 puntu lortzen dutenak ere.

6.3. Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 10 puntu eskuratzen ez dutenak.

6.4. Oinarrizko prestakuntza ikastaroak 0tik 800 puntu bitarteko kalifikazioa izanen du. Baztertuta geldituko da ikastaroko arloren bat gainditzen ez duena, Segurtasun Eskolak ezarri arauen arabera.

6.5. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen aldiko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.

7. oinarria.-Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Luis Casado Oliver, Tuterako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: M.ª Isabel Echave Blanco, Herritarren Babeserako zinegotzi eskuordea.

Mahaikidea: José Angel Santamaría Suso, Tuterako Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Juan Cruz Ruiz Gómara, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.

Mahaikidea: Roncesvalles Jiménez de Miguel, pedagogoa. (Segurtasun Eskolak proposatutako teknikaria.)

Ordezkoa: Javier Moreno Gallego, Gorputz Hezkuntzako lizentziatua (Segurtasun Eskolak proposatutako teknikaria).

Mahaikidea: Cesar Pérez Lucas, Tuterako Udaleko udaltzaina (langileen ordezkaritzako organoek proposatu ordezkaria).

Ordezkoa: Eugenio Coloma Lavilla. (Langileen ordezkaritzako organoek proposatu ordezkaria).

Mahaikide idazkaria: Enrique Mateo Sanz jauna, Tuterako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Idazkaritzako erdi mailako teknikaria.

7.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.-Gainditzen dutenen zerrenda.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta izangai aprobatuen aldeko izendapen proposamena igorriko du.

9. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Tuterako Udaleko alkate udalburuak Tuterako udaltzain funtzionario izendatuko ditu aurreko atalean aipatu proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitarateko aginduko du.

9.2. Izendapena jakinarazi ondoren, izendatzen diren izangaiek zin egin edo hitz emanen dute Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo betetzeko dituztela, eta deialdia egin duen organoak finkatzen duen egunean hartuko dute karguaren jabetza.

9.3. Epe horretan zin egin edo hitz ematen ez dutenek, edo lanpostua hartzen ez dutenek, funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte, deialdia egin duen organoak aintzat hartzen dituen ezinbesteko kasuetan izan ezik.

10. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

1. ERANSKINA

Lehen probako ariketak

1.-Urean aritzeko gaitasunari buruzko testa (igeriketa).

Abiatzeko jarrera: zutik, igerilekuaren kanpo-ertzean. Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik ez beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nola egin: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora urpean eginen du igeri, bi metro, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino segituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Arestian aipatu tartera iristean berriz ere urpean eginen ditu bi metro, eta paretaraino segituko du gero.

Izangaiak baztertzeko arrazoiak:

a) Kortxoetan edo igerilekuaren ertzean pausatu edo haietaz baliatuz bultzada hartzea.

b) Igerilekuaren hondoan bultzada hartzea.

c) Kalez aldatzea.

d) Urpean igeri egiteko eremuan burua ur gainera ateratzea.

Kanporatuak geldituko dira, halaber, baliorik gabeko bi irteera egiten dituztenak (ateratzeko seinalea eman baino lehen).

Puntuazioa: egindako denbora kontuan hartuz.

-Gizonezkoak: 55" baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai. 55" edo gutxiago: gai.

-Emakumezkoak: 58" baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai. 58" edo gutxiago: gai.

Hamarrenak kontuan hartu gabe neurtuko da denbora.

2.-Erresistentzia proba: Course Navette-ren testa.

Izangaiek lasterka egin beharko dute, joan eta etorri, 20 metroko bide puska batean, magnetofoi bateko seinaleen bidez agintzen zaien erritmoan. Izangaiek, seinalea entzutean, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak soinua emanen du tarte erregularren arabera; probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa bilakatuko da.

Magnetofoiak markatzen duen erritmoari eustea da testaren xedea.

Ondokoak izanen dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaia gelditzen denean.

b) Izangaia bere kaletik ateratzen denean.

c) Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

d) Seinale akustikoa entzutean izangaiak marra zapaltzen ez badu hiru aldiz jarraian (seinalea entzuten denean, lineatik metro bateko tartea onartuko da).

Kalifikazioa: bide puska zenbat aldiz egiten den hartuko da kontuan. Izangaia gelditu aurretik grabazioan entzun den azken seinalera arte kontatuko da.

-Gizonezkoak: 10 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai. 10 edo gehiago: gai.

-Emakumezkoak: 8 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai. 8 edo gehiago: gai.

3.-Besoetako indarraren testa.

Abiatzeko jarrera: barratik zintzilik egonen da izangaia, besoak flexionatuta, esku ahurrak gibelera begira, zangoak luze-luze eta oinak lurra ukitzen ez dutela. Kokotsa barraren gainetik, barra eta eskuak ukitzeke. Eskuak hutsik, eskularrurik edo beste inolako lagungarririk gabe.

Nola egin: Eskatutako denboran gutxienez, hasierako jarrerari eustea da helburua. Izangaia hasierako posizioan modu egokian jarri bezain laster hasiko da martxan kronometroa. Ondokoak dira izangaiak kanporatzeko arrazoiak:

a) Izangaiak barra zein eskuak kokotsarekin ukitu edo kokotsa barra baino beherago jaisten badu.

b) Izangaiak zangoak biltzen baditu.

c) Izangaiak gorputza kulunkatzen badu.

Kalifikazioa: proba bukatutzat ematen den arte, izangai bakoitza hasierako posizioan egondako denboraren arabera, ondoko eskalari jarraituz:

-Gizonezkoak: 40" baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai. 40" edo gehiago: gai.

-Emakumezkoak: 25" baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai. 25" edo gehiago: gai.

Hamarrenak kontuan hartu gabe neurtuko da denbora.

4.-Gorako jauziaren testa.

Abiatzeko jarrera: zutik "Bosco System" plataformaren barrenean. Izangaiak besoak mugitu eta enborra eta belaunak flexionatu ahal ditu, baina ezin ditu oinak mugitu, ezta jauzi egin aurretik oinak osotara edo partzialki lurretik kendu ere.

Nola egin: izangaiak ahalik eta jauzi altuena egin behar du eta airean egon ahalik eta luzeen. Zutik erori behar du plataformaren barrenean, oreka galdu eta errebotatu gabe.

Jauzia baliogabetuko da honelakoetan:

a) Izangaia plataformatik kanpo erortzen bada, oin batekin edo biekin.

b) Izangaiak plataforma ukitzen duenean oinekin ez beste edozein gorputz-atalekin.

c) Izangaiak errebotatzen duenean plataformara erortzean.

Izangaiak nahi adina saio egiten ahalko ditu bi jauzi teknikoki baliagarri direnak lortu arte.

Kalifikazioa: jauzi egitean izangaiak airean irauten duen denboraren arabera, "Bosco System" plataformak neurtzen duen bezala, hots, zatikiak ehunenetan.

-Gizonezkoak: 0"57 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai. 0"57 edo gehiago: gai.

-Emakumezkoak: 0"47 baino gutxiago. Kalifikazioa: ez gai. 0"47 edo gehiago: gai.

Milarenak kontuan hartu gabe neurtuko da denbora.

5.-Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik, zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.

Nola egin: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago. Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean (A eta B ibilbideak grafikoan).

Zirkuituaren eskema:

Abiadura - zalutasuna (Barrow testa)

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Zutoin bat botatzea.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzea.

Kalifikazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kontuan hartuz horiek bukatzen direla izangaia irteera-marrara iristen denean.

-Gizonezkoak: 25"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai. 25"8 edo gutxiago: gai.

-Emakumezkoak: 27"8 baino gehiago. Kalifikazioa: ez gai. 27"8 edo gutxiago: gai.

Ehunenak kontuan hartu gabe neurtuko da denbora.

2. ERANSKINA

Bigarren probarako gai zerrenda

1.-Legeriaren arloko gai zerrenda:

1.-Europar Batasuna: sorrera eta bilakaera. Europar Batasuneko erakundeak: Europako Parlamentua, Kontseilua, Batzordea eta Justizia Auzitegia. Europako Kontseilua eta beste organo batzuk. Batasuneko zuzenbidea: haren iturburuak. Amsterdamgo Ituna: ideia orokorrak.

2.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubideak: Bermeak. Konstituzio Auzitegia. Erregearen eginkizunak Konstituzioaren arabera. Gorte Nagusiak. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera.

3.-1841eko abuztuaren 16ko Lege Itundua. Itunaren sorrera, negoziazioak eta ondorioak. Edukiaren azterketa. Itun izaera.

4.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestakuntza prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

5.-Nafarroako Foru Erakundeak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Parlamentuak Gobernua kontrolatzeko duen eginkizuna. Nafarroako Comptos Ganbera: izaera eta eginkizunak. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.

6.-Foru Komunitateko Administrazioaren organo nagusiak. Foru Komunitateko administrazioaren egitura organikoa. Erregelamenduzko xedapenen eta ebazpen administratiboen araubidea.

7.-Toki entitateak. Tipologia eta antolaketa. Toki erakundeen autonomia. Toki erakundeen eskumenak.

8.-Nafarroako Toki Entitateak. Nafarroako toki entitateen antolaketari eta administrazioari buruzko ideia orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia.

9.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileria. Funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratudunak: haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.

10.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Administrazio prozedura erkidearen faseak. Prozedura bereziak.

11.-Errekurtso administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

2.-Zientzien arloko gai zerrenda:

2.1. Mugimendua: mugimendu moten azterketa, problemak ebazteko aplikatua.

2.2. Indarrak, masarekin eta azelerazioarekin duten zerikusia. Indar unitateen erabilera.

2.3. Lana, potentzia, energia eta makinak. Problemetarako aplikazioa.

2.4. Beroaren azterketa eta makina termiko batzuetarako aplikazioak.

2.5. Elektrizitatea: motak, unitateak, zirkuitu baten osagaiak eta korronte elektrikoaren efektuak.

2.6. Materiaren egitura atomikoa eta molekularra.

2.7. Zatikiak. Eragiketetarako aplikazioak.

2.8. Proportzionaltasuna. Hiruko erregela bakun eta konposatua, ehuneko hainbat, banaketa proportzionala eta interes bakuna eta interes konposatua.

2.9. Nazioarteko neurri sistema.

2.10. Geometria: planoa, poligonoak. Ariketa praktikoak.

2.11. Geometria: espazioa, poliedroak, piramidea, konoa, esfera. Ariketa praktikoak.

3.-Hizkuntzen arloko gai zerrenda:

3.1. Izenaren, adjektiboaren eta aditzaren morfologia. Esaldi bakunaren sintaxia.

3.2. Esaldi konposatuaren sintaxia. Deskribapena: hainbat mota. Deskripzioaren objektibotasuna eta subjektibotasuna.

3.3. Ortografia.

3.4. Sinonimoak eta antonimoak.

3. ERANSKINA

Baztertze taula

1.-Altuera:

Gutxieneko altuera: 1,70 metro gizonezkoek, 1,65 emakumezkoek.

2.-Loditasuna:

Ondoko formula erabiliz ateratzen den pisu teorikoaren %15etik gorako loditasuna:

Pisu teorikoa = (taila cm-tan - 100) x 1,1.

3.-Behin-behinekoz bazterturik:

Ondoriorik izaten ahal duten eritasun edo lesio larriak, osasun azterketa egiten den momentuan aktibo direnak, poliziaren eginkizunak bete ahal izatea oztopatu edo galaraz dezaketenak. Kasu hauetan, eritasuna nolakoa den eta hautapen prozeduraren arabera, osasun azterketarako beste epe bat ematen ahal da.

4.-Behin betikoz bazterturik:

4.1. Begiak eta ikusmena.

4.1.1. Begi zolitasuna, zuzenketarik gabe ohikoa den ikusmenaren bi herenak baino txikiagoa bi begietan.

4.1.2. Keratomia erradiala.

4.1.3. Erretina erortzea.

4.1.4. Estrabismoa.

4.1.5. Hemianopsiak.

4.1.6. Diskromatopsiak.

4.1.7. Bestelako prozesu patologikoak, epaimahai medikoaren ustetan, begi zolitasunari nabarmenki traba egiten diotenak.

4.2. Belarria eta entzumena.

Belarri zolitasunari dagokionez, 35 dezibeletan 1.000 eta 3.000 hertzio bitarteko galera izatea edo 45 dezibeletan 4.000 hertziokoa.

4.3. Bestelako baztertzeak:

4.3.1. Ibiltze aparatua. Ibiltze aparatuaren akatsak, polizia lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak, edo lanpostuan aritzearen ondorioz, epaimahai medikoaren ustetan, areagotzen ahal direnak (gorputz-adarretako hezur patologia, artikulazio edo giharretan sorburu duten atzerapen edo funtzio mugapenak, bizkarrezurreko akatsak eta hezur, gihar edo artikulazioetako beste gaitz batzuk).

4.3.2. Digestio aparatua: epaimahai medikoaren ustetan lanpostuan aritzea galarazten duen digestio-gaitza.

4.3.3. Bihotz-hodietako aparatua. Edozerk eragindako hipertentsio arteriala; atsedenean hartutako zifrek ez dute presio sistolikoan 145 mm Hg-tik gorakoak izan behar, ezta presio diastolikoan 90 mm Hg-tik gorakoak ere; barize edo zain-gutxiegitasun periferikoa, baita epaimahai medikoaren iritziz lanpostuan aritzeko trabagarri izan daitekeen beste patologia edo bihotz-hodietako lesio guztiak ere.

4.3.4. Arnas-aparatua: bronkioetako asma, bronkopatia kroniko eragozlea, biriketako tuberkulosi aktiboa, eta bestelako gaitz patologikoak, polizia lanean aritzeko eragozle edo trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.5. Nerbio sistema: epilepsia, depresioa, migrainak, edozerk eragindako dardara, alkoholismoa, toxikomaniak eta bestelako gaitz patologikoak, polizia lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.6. Larruazala eta fanerak: psoriasia, ekzema, mugapen funtzionala sortzen duten orbainak eta bestelako gaitz patologikoak, polizia lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.

4.3.7. Bestelako gaitz patologikoak: diabetesa, aktibo dauden eritasun kutsakorrak, sexu bidezko gaitzak, gaitz inmunologiko sistemikoak, intoxikazio kronikoak, hemopatia larriak, sortzetiko malformazioak, psikosiak eta bestelako gaitz patologikoak, hain zuzen ere epaimahai medikoaren ustetan polizia lanetan aritzeko trabagarri izan daitezkeenak.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, N.A.N./nortasun agiria: ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............, jaioterria (udalerria, probintzia): ............., nazionalitatea: ................., egungo helbidea (kalea, zenbakia, eskailera, solairua): ............, posta kodea/herria: ......................, telefonoa: ............, sakelako telefonoa: ..................

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Inongo administrazio publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez baztertua izan ez naizela eta eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik ez nagoela.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskari honekin batera aurkezten dudala deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko egoera onean nagoela ziurtatzen duen egiaztagiri mediko ofiziala.

Eskatzen dut:

Tuterako Udaltzaingoko 10 lanpostu oposizioz betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an):

f Txanda irekia

f Igoera txanda

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzearen, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan azaltzen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Tuterako Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaiela. Erregistro Orokorrera jota (Vieja plaza, 1; 31500, Tutera) erabiltzen ahal dituzu fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

Tuteran, 20......(e)ko ..................aren ..........(e)an.

(Sinadura)

TUTERAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

Iragarkiaren kodea: L0719857