7. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

SARTAGUDA

Deialdi murriztua, Sartagudako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua izateko lanpostu bat, D mailakoa, Udaleko E mailako funtzionarioen artean betetzeko, plantillan lanposturik gehitu gabe

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Sartagudako Udaleko D mailako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Estatutuko 15.6 artikuluaren babesean. Lanpostua oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez beteko da, Sartagudako Udaleko E mailako funtzionarioen artean.

1.2. Deialdi honetan izendatzen den izangaia, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, zerbitzu anitzetako enplegatua izanen da, D mailakoa, eta anarteraino zuen lanpostua besterik gabe amortizatuko da.

1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko D mailari dagozkion ordainsariak.

1.4. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen araubide juridikoa. Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.5. Lanpostua eskuratzen duenak egin beharreko egitekoak, bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira. Udal alor berari atxikita jarraituko du, berak zituen egitekoak eginez, horietan barne ehorzlearenak eta hilerriko arduradunarenak, maila berriaren ondoriozkoez gain, beraien artean, bere lanak horrela eskatzen duenean, edozein motatako ibilgailuak gidatzea, baita bereziak ere, eta eskatzen zaizkion guztiak, betiere bere maila administratiboari badagozkio.

1.6. Araudi aplikagarrian ezarrita dago lanaldiaren araubidea, baita opor, jaiegun eta gainerako eskubideen araubidea ere. Hala ere, lanaldia noiznahi alda dezakete administrazio organo eskudunek; betiere, zerbitzuaren beharren arabera.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Sartagudako Udaleko funtzionarioa izatea, E mailakoa.

b) Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako 1. mailako titulua edo baliokideren bat izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

c) Zerbitzu anitzetako lanpostu baterako izendatu izana.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, gutxienez.

2.2. Aipatu baldintzak deialdi honen zortzigarren oinarrian azaltzen diren epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte izangai hautatuek. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta hautapen prozedura osoan izendapenera arte bete beharko dira.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, eransten den ereduaren araberakoak, Sartagudako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean; edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean zehazten diren bideetako edozein erabiliz.

3.2. Izangaiek, eskabidearekin batera, seigarren oinarrian ezarritako merezimenduak lehiaketa fasean baloratuak izan daitezen, merezimendu horiek egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira, bestela aurkeztu gabetzat joko dira.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko. Horretarako Udaleko Erregistro Orokorrean idatziz aurkeztu beharko dute.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta halakorik balego, haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Sartagudako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Sartagudako Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: Isidoro Muneta González, Udaleko arkitekto aholkularia.

Ordezkoa: Jesús Carlos de Pérez Marrodán, industri ingeniari teknikoa.

Mahaikidea: Manuel María Moreno Villar, Sartagudako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Iñigo Pascual Ramos, Sartagudako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Angel Albéniz Zapata, Sartagudako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Carlos Martínez Montón, Sartagudako Udaleko langileen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Eva Palacios Jorge, Sartagudako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ana Huércanos Marco, Melidako Udaleko idazkaria.

5.2. Izangaiek epaimahaiko kideak ezesten ahalko dituzte, Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako modu eta baldintzetan.

Errefusatze, abstentzio edo bestelako zioak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bat gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, gutxienez kideen gehiengo osoa bilduta. Gehiengo hori jarduketa erabakigarri guztietarako eskatu ahal izanen da, erabakigarriak ez diren zainketa edo kontrol jarduketetarako kideek delegazioak egitea galarazi gabe.

Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

5.4. Epaimahaiak berak ebatziko ditu probetan suerta daitezkeen zalantza edo erreklamazioak, deialdiko baldintzei buruzkoak barne direla.

5.5. Epaimahaiak behar duen laguntza eta aholkularitza eska dezake, proben garapen, azterketa nahiz baloraziorako, hargatik ere galdu gabe erabakiak hartzeko esklusibitatea eta probak kalifikatzerakoan dagokion erantzukizuna.

6.-Lehiaketaldia.

6.1. Lehiaketaldian 30 puntu lortu ahalko dira gehienez eta ez da baztergarria izanen.

6.2. 3.2 atalari jarraikiz alegaturiko eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremoaren arabera puntuatuko dira:

Nafarroako administrazio publikoetan zerbitzu anitzetako enplegatu lanetan egindako zerbitzuengatik: 3 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 30 puntu.

6.3. Lehiaketaldia amaiturik, izangai bakoitzaren puntuazioa Sartagudako Udaleko iragarki oholean paratuko da jendaurrean. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

7. oinarria.-Oposizioaldia.

7.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, probak hasteko tokia, data eta ordua zehaztuko dira.

7.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa. Zerbitzu anitzetako enplegatuen eginkizunen gaineko galdera labur batzuk edo test modukoak erantzun beharko dira (igeltserotzaz, lorezaintzaz, erreminta nahiz lanabesen erabilpenaz eta mantentze-lanez eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten bestelako gaiez).

Gehienez ere, 30 puntu. Gutxienez, 15 puntu.

Epaimahaiak erabakiko du ariketaren iraupena, baina gehienez ere 2 ordukoa izanen da.

b) Bigarren ariketa. Hiru proba praktiko egin beharko dira:

1. Praktikoa, igeltserotzako lanekin eta iturgintzako instalazioak mantentzekoekin zerikusia duena. Probaren balioa, 0-20 puntu bitartean.

2. Praktikoa, arboletako eta lorezaintzako lanekin zerikusia duena. Probaren balioa, 0-20 puntu bitartean.

3. Praktikoa, eraikinetan mantentze lanak eta konponketa errazak egitearekin zerikusia duena. Probaren balioa, 0-20 puntu bitartean.

Ariketa hau egiteko bi ordu izanen dira, gehienez ere.

Puntuazioa, gehienez ere: 60 puntu. Puntuazioa, gutxienez ere: 30 puntu.

c) Buruz buruko elkarrizketa: aurreko proba gainditzen duten izangaiek buruz buruko elkarrizketa izanen dute epaimahaiarekin, lanaren ezaugarriei buruz. Proba honetan, gehienez ere 10 puntu lortu ahalko dira eta ez da baztergarria izanen.

Oposizioko puntuazioa 70 izanen da gehienez ere.

7.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, gainditu duten izangaien zerrenda ezarriko da, lortutako puntuazioarekin batera, Sartagudako Udaleko iragarki oholean.

7.4. Ez da nahitaezkoa proben data, ordu eta tokiak argitaratzea. Sartagudako Udaleko iragarkien oholean paratuko dira gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago eta hasierako proba baten jarraipena bada, hogeita lau ordu lehenago.

7.5. Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, etor daitezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.

8. Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Sartagudako Udaleko iragarki oholean eta azkeneko ariketa egin den tokian, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian nahiz oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

8.2. Proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman edo banakako jakinarazpena egin ondoko hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak Udaleko Erregistro Orokorrean deialdiko 2. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztuko ditu.

Zuzenbidean ezarritako bestelako frogabideak ere onartuko dira, eskatzen diren agiriak aurkezteko arrazoizko ezintasunik gertatuz gero.

Esandakoa betetzen ez bada epe horretan, ezin izanen da ez izendapenik egin ez egiazko kontrataziorik egin, horretarako eskubidea galduko baita.

Horrela gertatuz gero, izendapen proposamena puntuazio handiena lortu duten hurrengoengana zabalduko da, zenbat lanpostu eta horrenbesterengana.

9.-Izendapena.

Alkatetzak proposaturiko izangaia kontratatuko du, eskatutako baldintzak ezarritako moduan eta epean bete baditu.

10.-Kontratazioa.

Izendatuak hilabeteko epean sinatu beharko du kontratua, izendapena jakinarazten zaionetik aitzina, baita lanean berehala hasi ere.

Hala egiten ez badu, epe berean ezinbestekoren bat frogatu ezean, izendapenaren eskubide guztiak galduko ditu, 8.2 ataleko moduaren eta ondorioen arabera.

11.-Errekurtsoak.

Baldintza hauen onespenaren kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, edo bestela

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Sartagudan, 2007ko abenduaren 5ean.-Alkatea, José Ramón Martínez Benito.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................., adinez nagusia; NAN zenbakia: ............... jaioteguna:........................., jaioterria: ......... (..........), helbidea (herria, kalea, zenbakia, solairua): ............................ posta kodea: ..........., telefonoa: ............

Honako hau azaltzen dut:

Sartagudako Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatua izateko lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdi murriztuaren probetara onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

Sartagudako Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako enplegatua izateko lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdi murriztuaren probetara onartua izatea.

Sartagudan, ...............(e)ko..................aren .....(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0718739