7. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

475/2007 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Mendabian abeltzaintza industrialdean, dolarean eta abeltegirako hornidura proiektua egiteko. Proiektua Jurramendiko Ur Mankomunitateak sustatu du.

2007ko irailaren 6an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N letran sartuta dagoenez, bidezkoa da Ingurumen ukipenetarako baimena ematea.

Foru dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2. artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Obretan bi hornikuntza adar eraikiko dira, alde batetik Mendabiako abeltzaintza industrialdea hornitzeko 1.971 metroko A adarra, aglomeratu asfaltiko zoladura azpikoa lehenengo zatian eta ondoren alorrak hartuko dituena, eta bestetik, dolare eta abeltegi isolatu bat hornitzeko 1.082 metroko B adarra, Mendabiako biltegian hasi eta "Pasada de los Zagurrianos edo de Las Viñas" izeneko abelbidetik eta zenbait olibondo eta mahasti lurzatitatik igaroko dena.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen Ukipenetarako Baimena ematea Mendabian abeltzaintza industrialdean, dolarean eta abeltegian hornidura proiektua egiteko. Proiektua Jurramendiko Ur Mankomunitateak sustatu du.

2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

-Zangak bete ondoren sobran gelditzen den lurra zabortegi baimendu batera eramanen da edo, bestela, lurzatian berean hedatuko, hoditeriaren zortasun eremuaren barrenean, azalerek fisiografikoki bat egin dezaten. Obrek ukitutako eremu guztiak, ez badira landu behar, erregularizatu eta eremu horretako haziekin erein beharko dira. Aglomeratu asfaltikozko hondarrak zabortegi baimendu batera eramanen dira.

-Obrak bukatu ondoren, eremua garbi-garbia utzi beharko da obraren hondakinik gabe.

-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak 2007ko abenduaren 12an Zagurrianos edo las Viñas PZV iraganbideko ukipenei buruz egindako txostenean jasotzen diren baldintzak bete beharko dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Ingurumen Zaintzara, Plangintza eta Laguntza Atalera, Mendizaintzara, Mendabiako Udalera eta Jurramendiko Mankomunitatera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abenduaren 27an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0719888